Sailkatugabeak

Formica enpresa erosteko aukera dagoela dio udalak

GALDAKAO. Formica enpresako zuzendaritzak Galdakaon duen planta ixteko asmoa duela iragarri zien langileei joan den uztailean. Hango alkateak, prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, ordea, baliteke inbertitzaile talde batek enpresa erosteko interesa iz...

“Osasunarentzat prebentzio baliabide bat da kontsumo gela”

Bederatzi urte bete ditu Bilbon droga kontsumitzeko jagondako gelak, Bailen kalean. Jagoba Zallo Munduko Medikuak elkarteko kideak (Lezama, 1960) gogorarazi du urteko egun guztietan dagoela zabalik, droga kontsumitzaileen beharrizanek ez dutelako jai egunik hartzen. Gela horrek ekarritako onurez egin du berba.

Bederatzi urteko ibilbidea eginda, azken urtean, 2011n, 968 erabiltzaile izan ditu Bilboko kontsumo gelak. Munduko Medikuak elkartekook zer diozue?

Hasteko, era horretako baliabide gutxi daude mundu osoan. Bilbokoa eredugarritzat daukate hainbatek; atzerritik ere asko etorri dira zelan funtzionatzen duen ikustera —Mexikotik, Frantziatik...—. Drogaren menpe daudenentzat ezinbesteko baliabidea dela iruditzen zaigu, haien osasuna hobetzeko. Guk ez dugu lan egiten haien kontsumoa gutxitzeko. Horretarako, badaude beste baliabide batzuk. Kontsumo hori kalean, modu arriskutsuan eta euren osasunerako modu kaltegarrian egin ez dezaten, modu egoki bat eskaintzen diegu.

Bide batez, burua berotzeko aprobetxatzen dugu, hau da, drogak uztearen onurez hitz egiten diegu. Bestalde, kalean bizi ohi direnez, egoera txarrean daudela ikusten badugu, laguntzen saiatzen gara. Hau da, kalteak edo zauriak edo bestelakoak sendatzeko ospitaleetara, osasun etxeetara-eta bideratzen ditugu.

Era berean, ikusi dugu gela horrek ez duela erakarri drogarekiko menpekotasuna duen pertsona gehiago. Kontsumoak bere horretan jarraitzen du; lehenago kontsumitzen zuten berberek jarraitzen dute kontsumitzen. Orain, ordea, bederatzi urte zaharrago dira pertsona horiek.

Zeintzuk dira haien beharrizan nagusiak?

Denetarikoak. Normalean, droga kontsumitzaile diren neurrian, nahikoa baztertuta ikusten dute euren burua. Eta hala daude: etxetik alde eginda, kale gorrian bizi dira, eta dauzkaten gizarte laguntzak, batez ere, droga erosteko erabiltzen dituzte, euren lehentasuna horixe delako... Guk hemen ez diegu drogarik eskaintzen, leku bat baizik.

Jende askok ez du ulertuko, beharbada, gela horren funtzioa. Zelan azaldu dituen onurak?

Leku osasungarri bat eskaintzen diegu horren beharrizana daukatenei. Guk ez dugu ondo ikusten, ezta erabiltzaileek eurek ere, kalean kontsumitzea, San Frantziskotik eta Bilboko itsasadarrera bitartean dauden eskaileretan eta beste leku batzuetan. Beraz, leku bat eskaintzen diegu.

Menpekotasuna dutenak gaixotzat dauzkagu eta gaixo horiek gaixoago bihur ez daitezen lan egiten dugu. Lehenago xiringak, esaterako, batak bestearenak erabiltzen zituzten. Haietako batek gaixotasun kutsakorren bat izanez gero, beraz, talde osoa kutsatzen zen. Gaur egun, hori ez da horrenbeste gertatzen. Xiringa aldaketaren programaren eta gure kontsumo gelaren bitartez lortu da hori.

Aitzindaria eta erreferentea da Bilboko kontsumo gela. Nondik sortu zen proiektua?

Estatuan aitzindaria izan zen. Nondik sortu zen? Egoera aztertuta, kanpora begiratu zen ea horrelakoetarako zein konponbide egon zitekeen. Genevan zabaldu zen era horretako lehenengo proiektua. Hura aztertuta, gurean ere era horretako bat ona izan zitekeela pentsatu zen.

Hasiera batean, auzokoek kontrako jarrera agertu zuten. Hori guztia gainditu dela esan daiteke.

Hasiera gogorra izan zen.

Bai. Hala ere, esan beharrean edonoren gainetik gure proiektua aurrera aterako genuela, egin genuena izan zen auzokoekin berba egin, udal taldeekin berba egin, erakutsi zein izango zen proiektua, euren konpromisoa gureganatu, auzokideak gonbidatu Genevako esperientzia ezagutzera mesedegarria izango zela ikus zezaten... Eta, gaur egun, nire ustez, auzotarrek ondo ikusten dute. Izan ere, orain ez dute inor aurkitzen euren etxeko atarian, sarreran edo eskaileretan xiringa bat besoan sartuta. Horrelakoetarako aukerak amaitu egin dira.

Egon badaude eta teknikariak ibiltzen dira auzoan barrena begiratzen zer-nolako kontsumoa dagoen eta nortzuk dabiltzan... Eta jendea erakartzen saiatzen dira.

Garrantzitsua deritzogu auzokoak gustura egoteari. Eta garrantzitsua da azpimarratzea kontsumoak ez duela gora egin. Esaterako, Aste Nagusian jende gehiago etortzen zen lehen. Aurten, ez dugu horrelakorik ikusi. Urteko egun guztietan zabalik egotea ezinbestekoa da. Prebentziorako baliabide bat da gurea; ez drogazaletasunarentzat, osasunarentzat baizik.

Erabiltzailea halakoa izan da, nagusiki: 35-44 urte arteko gizonezkoa, droga injektatzen, erretzen edo esnifatzen hamabost urte daramatzana. Ezaugarri horiek, gaur egun, iraganeko kontua dira?

Bai, sintetikoak kontsumitzen dira gehiago gaur egun. Eta etorkin gazteek, esaterako, asko kontsumitzen dute itsasgarria esnifatuta. Hala ere, guk era horretako kontsumoak ez ditugu horrenbeste kontrolatzen. Guregana datozenak edo xiringa bitartez injektatzera datoz, edo esnifatzera.

Nabaritu duzue, baina, erabiltzaileak aspaldi heroina eta kokaina kontsumitzen hasitakoak direla?

Bai, oro har hori da. Gehienak gurekin hasitakoak dira. Berriak ere sartzen dira, edo batzuk desagertu egiten dira, utzi egin diotelako, hil egin direlako edo gutxi-tu egin delako kontsumo mota hori.

Esnifatzeko joera gero eta handiagoa zegoela ikusi genuen une batean, xiringa bitartez drogatzekoa baino gehiago. Horregatik jarri genuen horretarako gela bat ere.

Gazteak drogek eragiten dituzten kalteez kontzientzia hartzea ez da lortu oraindik. Zerk huts egin du lan horretan?

Heziketak, nire ustez. Irakatsi egin behar dira kontsumoaren kalteak. Erakundeek egin dituzte hainbat kanpaina. Heziketa hori, dena den, ez da eskoletan bakarrik egin behar; etxeetan egitea ere garrantzitsua da: Umearen zentzua, etxean entzuna dio esaera zaharrak.

Era horretako beste gelaren bat zabaltzeko beharrizana ikusten duzue?

Egon ziren eskaerak Barakaldo inguruan. Kalean kontsumitzen bada, bai, beharrezkoa ikusten dugu. Kontua da noraino hedatu behar duen era horretako sare batek. Erakundeei dagokien lana da hau. Guk ez dugu hau egiten ibili eta zabaldu nahi. Gure erakundearen leloa da desagertzeko sortu garela. Hau da, baliabide hau erakundeek oso-osoan euren gain hartuko balute, gu pozik.

Beste leku batzuetan egin behar den? Ba, bai. Zenbatentzat egin beharko litzatekeen, non kokatu beharko litzatekeen Barakaldoren moduko leku batean... Neurtu egin beharko litzateke, non, zenbatentzat, daukan kostuak emaitza emango lukeen ala ez... Ez da gauza erraza.

Zuen gelan zenbatentzako lekua dago?

Txandaka etortzen dira erabiltzaileak. Kontsumorako leku bi daude. Bietan seinaka sar daitezke. Datuak hartzen zaizkie datozen erabiltzaileei; galdetu egiten diegu non erosi duten droga. Zerbait jan duten galdetzen zaie eta eskaini egiten diegu jana eta edana. Itxaroten egon behar izaten dutenez lekua libratu arte, jana eskainita, gizarte langileek galdetu egiten diete zer moduz dabiltzan, ezertara behartu gabe... Gero, zenbaki bat ematen diegu eta zenbaki horrekin, ordenan gelara sartzen dira.

Administrazioek behar beste laguntzen diete era honetako proiektuei?

Behar bestean? Egia esan, guk ez daukagu kexa handirik. Beti izan dugu laguntza. Gainerakoan, zelan eutsiko genioke era honetako proiektu garesti bati? Bizkaiko Foru Aldundiak, batez ere, babes handia erakutsi digu. Eusko Jaurlaritzaren aldetik ere laguntza izan dugu. Eta Bilboko Udalak ere laguntzen digu, neurri batean. Noizean behin, baita Europako Batasunak ere.

150 herri kirolari lehiatuko dira bihar Getxon

GETXO. Bihar jokatuko da Herri Kirolen 24. Nazioarteko Txapelketa. Aurten, Getxo aukeratu dute lehiarako plaza. Algortan izango dira norgehiagokak, arratsaldez. Udalak iragarri du orotara Euskal Herriko zazpi herrialde historikoetako 150 kirolarik par...

Bilboko udal zergak %2,5 igoko dituzte 2013an, bigarren urtez jarraian

Bilboko Udalak %2,5 igoko ditu hiriburuko zergak datorren urtetik aurrera. Bigarren urtez jarraian ezarriko du, beraz, udalak igoera hori. Iñaki Azkuna buru duen administrazioak azaldu duenez, "zergen eguneratze bigun baten" alde egin dute, "egungo egoera ekonomiko larriaren ondorioz zergak biltzeko gero eta behar handiagoak izan arren".

Batez besteko horren gainetik garestituko diren zenbait zerbitzu ere badaude, hala ere. Hain zuzen, udal garabiak ibilgailuak jasotzeko zerbitzua %10 gares-tituko da. Udal gainbalioaren tasa %14,38 igoko da, Bizkaiko gainerako udalerrietara eta Donostiak eta Gasteizek duten mailara egokitzeko. Musika irakaskuntzako zerbitzuei dagokienez,%8,20 igoko dira prezioak, gainontzeko udalerrien parean jartzeko.

Era berean, hileta zerbitzuengatik ordaintzen diren tasetarako %4,5eko igoera erabaki du udalak, tarifak merkatuko prezioetara egokitzeko. Igoera horrek, ordea, nagusiki sektoreko enpresei eragingo diela azaldu dute.

Kultur eskaintzan eta kiroldegietako zerbitzuetan ere eragina izango du neurriak, hein handi batean BEZaren igoerak eraginda. Adibidez, kirol eta kultura arloei dagokien BEZa %8tik %21era igo du Espainiako Gobernuak. Hala, sarrerak eta tasak igo dituzte Bilbao Kirolak, Arriaga antzokiak eta Alondegiaren pareko erakundeek .

Aurresku dantzari onenaren bila

LEIOA. Bizkaiko Aurresku Dantzarien 52. Lehiaketa egingo dute bihar Leioan. Ondiz auzoan izango da, ohi bezala, txapelketa, 19:00etan, probalekuan. 16 urtetik azpikoen eta hortik gorakoen artean banatuko dute lehiaketa.

Denak errealista, denak ezberdinak

Sortzaileentzat erakusleiho izan eta herritarrentzat gozagarri: bi helburu horiekin Bosteko 2012 artelan plastikoen erakusketa ibiltariak bere bideari ekin dio asteon Basauriko Ariz dorretxeko aretoan. Iñaki Bilbao bilbotarraren eta Lourdes Vicente eta Juan Sagastizabal gasteiztarren lanek osatzen dute. Hirurek ere errealismoari lotutako margolanak egiten dituzte, bakoitzak bere estiloan. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Bizkaiko hainbat udalek antolatzen duten egitasmo honek 15. urtea du honakoa. Aurtengo honetan, Basaurirekin batera, Arrigorriagak, Getxok eta Leioak ere parte hartu dute, eta lau herriotan egongo da ikusteko aukera.

Gaur egun izen handiko artista diren askok erakutsi dituzte euren lanak 1998tik hona Bostekoa ekimenean. Mari Puri Herrero, Koldobika Jauregi, Dora Salazar, Zumeta eta Nestor Basterretxea nabarmendu ditu Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura ahaldunak, beste batzuen artean. "Erakusketak, beraz, artistak ezagutarazteko tresna moduan, sormena zabaltzeko erakustoki gisa bere lana betetzen du. Gure txikitasunetik gure ekarpena egin diogu Euskal Herriko sorkuntza plastikoari". Orotara, 56 artistaren lanak ikusi ahal izan dira urteotan. Hasieran, bost margolarik eta beste horrenbeste herrik parte hartzen zuten. Azken urteetan, artista gutxiago eta bakoitzaren lan gehiago erakusteko hautua egin du foru aldundiko Kultura Sailak.

Urriaren 3ra arte egongo da Ariz dorretxean, urriaren 4tik azaroaren 4ra Leioako Kultur Leioa kultur etxean, azaroaren 6tik 30ra Arrigorriagako udal kultur aretoan eta abenduaren 4tik 30era Getxoko Torrene erakusketa aretoan. Hona hiru artistetako bakoitzak erakusketarako aukeratu dituen lanen inguruan egindako hausnarketa.

Juan Sagastizabal

Ñabardura txikien zale

Juan Sagastizabal gasteiztarrak (Eibar, Gipuzkoa, 1952) aspaldion naturan aurkitzen du inspirazio iturria. "Erakusketara tamaina handiko lanak eta azken urteetan egindakoa ekartzeko eskatu ziguten, eta nik orain naturari erreparatzen diot", azaldu du. Bere burua errealismoan kokatzen du, erakusketako kide dituen bi margolariekin batera. "Baina hirurok ezberdinak gara, errealismoa konplexua baita. Izan ere, errealitatea islatzen saiatzen gara, baina ez dago errealitate bakar bat. Beraz, errealismo bakar bat ere ezin egon".

Naturan, ordea, ez dio erreparatzen handitasunari, ñabardura txikiek gehiago erakartzen dute Sagastizabalen arreta. Gasteizen aurkitzen duen natura islatzen saiatzen da: loreak, intsektuak... ederra iruditzen zaion edozer. "Edozein bisitarirentzat ezaguna izango da nire lanetan ikusten duena,Gasteizen nik aurkitzen dudana, Bizkaiko edozein lekutan ere bai baitago".

Lourdes Vicente

Landareen morfologia

Botanika izugarri gustatzen zaio Lourdes Vicente (Salamanca, Espainia, 1959) gasteiztarrari. Horregatik bere lan guztietan landareak ageri dira. Bizi-biziak, loredunak edo zimeltzen hasita: edozelan gustatzen zaizkio. "Ñabardurak zerbait handi, monumentu gisakoak bihurtzen ditudala pentsatzea gustatzen zait. Nire lan bat hartuz gero, landare handi bat ikusiko dugu; baina, berez, oso txikia zen. Naturak baditu gerturatu ezean sumatu ezin diren forma eta egitura txikiak. Horiei merezi duten handitasuna ematen ahalegintzen naiz. Izan ere, landareen morfologiak izugarri erakartzen nau".

Iñaki Bilbao

Propagandarako tresna

Artea ez zaio edertasuna adierazteko interesatzen Iñaki Bilbao bizkaitarrari (Bilbo, 1956); harentzat mezuak zabaltzeko bitarteko ezin hobea da. "Gauzak politak margotzearekin batera, auzi baten inguruan arreta erakartzeko balio behar dit. Berba batean esanda, propagandarako". Azken aldian desagertzear dauden elementuak berreskuratzen saiatu da: besteak beste, grabatuta dagoen musika, esne behiak eta Ezkerraldeko industria paisaiak erakutsiko ditu Bosteko 2012-n.

PREKARIETATEAK LOTUTA

MegaPark merkataritza gunean lanean ari diren beharginek euren lan egoera salatu zuten herenegun. Bertako enpresek irabazi handiak dituzten arren hainbat langile kaleratu dituztela salatu dute. Baita oso soldata txikiak dituztela eta askori astean hog...

Meskita bat jartzeko baimena eman du udalak

PORTUGALETE. Meskita bat zabalduko dute, lehenengoz, Portugaleten. Udalak datorren astean emango du horretarako baimena. Mugakoa kalean kokatuko dute, Yolanda eraikinean. Zenbait herritarrek alegazioak aurkeztu dituzte, baina udal taldeak atzera bota ...

Sopuertan Lehen Hezkuntza ezartzeko eskatu dute

Astelehenean hasiko dute ikasturtea Sopuertan, beste hainbat lekutan bezala. Zenbait ume, baina, ikasgela batera eramango dituzten arren, ez daude eskolan matrikulatuta. Gurasoak egingo dira haien kargu, ahal dela irakasleren baten laguntza lortuta.Sa...

Turismoa izan da krisiari aurre egin dion bakarra

BILBO. Egoera ekonomikoari buruz Bilboko Udalak hiru hilean behin egiten duen txostenaren arabera, turismoa da datu positiboak izan dituen sektore bakarra. Gainerakoetan adierazleak negatiboak izan dira (besteak beste, merkataritza, enplegua, enpresak...