Sailkatugabeak

“Beti egon gara, baina ez ‘idazle’ hitzaren ezaugarri guztiekin”

Urrian hasiko du Skolastikak ikasturte berria. Mundu zabalean orain zein lehen andreek sortu duten literatura izango dute hizpide hainbat ikastarotan. Foru liburutegian, gainera, Emakumeak eta literatura tailer sortaren barruan, Literatura Mestizajea Europan izeneko ikastaroa zuzentzen hasi da asteon Skolastikako arduradun Josune Muñoz. Martitzenero egingo dute, urtea bukatu bitartean. Aurreneko egunean erantzun die Bizkaiko Hitza-ren galderei, ikasleak iritsi aurretik.

Zer landuko duzue martitzeneroko ikastaro honetan?

Helburu nagusia beste kultura batzuetatik etorri diren emakumeen lan literarioa ezagutzera ematea da. Islametik hasita, Afrika eta Asiako andreen literatura landuko dugu. Guk metodologia teoriko-praktikoa erabiltzen dugu. Ezinbestekoa da aurretik ezagupen tekniko kritikoak ematea, gero praktiketara jotzeko. Lehenengo, idazle hauek ezagutu eta, ondoren, haien liburuetara jo. Lanak era guztietakoak dira: eleberriak, saiakerak, poesia liburuak eta azkenaldiko komiki interesgarri horiek.

Hona datorrenak badauka beste kulturetako andreek sortzen duten literaturaren ezagutzarik?

Foru liburutegian aurretik ikastaro gehiago eman dira, eta baliteke tailer honetako batzuek horietan parte hartu izan eta dagoeneko gutxieneko ezagutza bat izatea. Hala ere, gehienentzat guztiz ezezaguna da hau guztia.

Andrazkoek sortutako literatura ezagutzera ematen bederatzi urte beteko dituzue aurten Skolastikan.

Literatur zerbitzuak eskaintzen dituen Bilboko enpresa bat gara. Zerbitzu horien barruan, hainbat ikastaro egiten dira. Oro har, emakumea eta literatura ditugu ardatza. Liburu aurkezpenak ere egiten ditugu. Uste dugu literatura tresna baliagarria dela emakumeek egiten dutena erakusteko. Hain zuzen, horregatik, literaturaz gain, emakumeek sortutako kultura osotasunean lantzen ere saiatzen gara. Badugu emakumeen artelan bilduma bat, maileguan uzteko. Erakusketak ere antolatzen ditugu. Kultur erakusleiho bat gara.

Literatura horren eta gizonenaren artean alde nabarmena dago?

Emakumeek gehiago jorratu dute ahozkotasuna. Horregatik, ezinbestekoa da haiek egindakoa arakatzeko ahozkotasunera jotzea. Gero, emakumeen egoera ezberdina da gizonezkoenarekin konparatuz gero, eta andre idazleak hori kontatzen ahalegintzen dira. Literatura elkartasunerako tresna gisa edo salaketak egiteko erabiltzen dute. Zapi baten azpian dagoen mundua azaleratzeko baliatzen dute. Sozialagoa dela esango nuke. Baina, oro har, denetariko gaiak lantzen dituzte.

Gaietan ez ezik, idazteko moduan ere badago alderik?

Aldea genero literarioen arabera ikusten da. Autobiografia asko idazten dute, adibidez, eta gizonezkoen ni hori emakumeek gu bihurtzen dute. Poesia ere intimista izaten da. Hala ere, ezberdintasuna ez dator estilotik, gaietan baizik: pertsonaiak sortzeko era, ikuspuntua, narratzailea...

Mendebaldeko emakume idazleek bezala, beste kulturetan ere emakumeek denentzat idazten dute edo emakumeentzako literatura da? Uste hori badago.

Printzipioz, gizakiok gizakientzat idazten dugu. Denok gura dugu idazten duguna ahalik eta jende gehienarengana iristea. Batzuetan, bai, igartzen da kanporako idatzitako zerbait dela, badakitelako hemen bestela ez dela ulertuko zer dioten. Baina ez da inondik inora emakumeentzat sortutako materiala. Hori topikoa da.

Euren kulturara begira idazten dute edo unibertsalak dira?

Demagun emakume irandar bat, iraultza islamikoaren garaian erbesteratu dena. Bere kulturatik kanpo idatzi du. Batzuetan, herrian geratu direnentzat idazten dute, jakinda seguruenik ezingo dutela irakurri, zentsuragatik. Beste batzuetan, gainontzekoontzat idazten dute, euren herriko egoera salatzeko. Erbesteko literaturak garrantzi itzela dauka.

Aurten, Emakumeak eta Euskal Literatura mintegiari helduko diozue berriz.

Azkenaldian euskal literaturan emakumeok asko garen kontuaz eztabaidatu da. Hori aztertu gura dugu, zenbat garen eta zenbateko pisua dugun. Antzinako ahozko literaturaren garaitik dago emakumea, eta, ordutik errepasoa eginda, egungo egoera zein den ikusiko dugu.

Zure irudipena zein da?

Egia da halako egoerarik ez dela sekula izan, eta pozik nago. Hiru emakume belaunaldi ari dira euskaraz literatura egiten aldi berean. Ikusiko dugu horrek zer berritasun eta freskotasun dakarren. Inoiz ez dugu horrenbesteko parte hartzerik izan, baina puztu egin dela esango nuke: diskurtsoan handitu egin da gure parte hartzea, benetan dugunarekiko. Betitik oso presentzia eskasa izan dugu. Orain hobetu da, baina ez dioten beste. Beti egon gara, zelan ez! Baina ez idazle hitzaren atzean kokatzen diren ezaugarri guztiekin.

Segurtasun neurri gehiago eskatu dituzte eskolarako

ZARATAMO. Zaratamoko eskolara doazen haurren gurasoek segurtasun neurri eta zaindari gehiago eskatu dituzte. Izan ere, ekainean eskola egokitzeko hasi behar zituzten lanak abuztuan hasi dituzte, eta salatu dute iltzeak, ibilgailuak eta arriskua sor de...

AHTrako Urzelai tunelaren indusketa bukatu dute

IURRETA. AHTren proiektuaren barruan Durango-Zornotza tartean sartuta dagoen Urzelaiko tunelaren indusketa lanak bukatu ditu Adif konpainiak. Iurretan dago tunel hori, eta 695,9 metro da luze. Durangotik Zornotzarainoko 4,6 kilometroko zatian hiru tu...

Kaleko musikariak Leioan, Erandion eta Basaurin

KULTURA. Musikale Kaleko Musikarien XII. Nazioarteko Topaketak egingo dituzte barikutik domekara bitartean Basaurin, Erandion eta Leioan. 11 taldek parte hartuko dute topaketotan. Italiatik, Euskal Herritik, Herrialde Katalanetatik, Kantabriatik (Espa...

OIHAL ZURI-URDINA, ATERKI ARTEAN

Bizkaira etorriko zela gauza jakina zen, baina ez zegoen argi Ezkerraldera edo Busturialdera ekarriko zuten. Urdaibai gogor borrokatu zen arren, azkenean Kaikuk denboraldi bikaina biribildu eta seigarrenez Sestaora ekarri zuen iragan domekan Kontxako ...

Etxekoak jaun eta jabe

Aurreikuspenak hautsi, eta irabazi egin dute Bizkaiko kirolariek joan den zapatuan Getxoko Algorta auzoan izan zen Zazpi Herrialdeetako Herri Kirol Txapelketan. Aditu eta zale gehienen ustetan, Nafarroa eta Gipuzkoa ziren faboritoak, baina etxeko taldeak eskuratu du txapela, hamar kiroletatik lautan garaile suertatuta. Orotara, 50 puntu lortu zituzten; 46 eskuratu zituzten nafarrek, eta 37 gipuzkoarrek.

Lapurdiko ordezkariek ere ezustekoa eman zuten; azken urteetako hobekuntza agerian utzi zuten. Hirugarren geratzeko zorian egon ziren, probaz proba erakutsitako maila onari esker, baina azkenean Gipuzkoa jarri zitzaien aurretik, bi puntu eskasen aldearekin. Lapurtarren atzetik Araba (24 puntu) eta Nafarroa Beherea (13 puntu) geratu ziren, hurrenez hurren. Zuberoak ez zuen ordezkaririk izan.

Lokotx biltzea izan zen aurreneko kirola. Oso ondo aritu ziren nafarrak zeregin horretan. Fernando Etxegarairi esker, irabazi egin zuten. Gipuzkoarrak geratu ziren bigarren, eta bizkaitarrak hirugarren. Txapela lortzeko bigarren hautagaiak, Gipuzkoak, txinga proban eskuratu zuen aurreneko garaipena, Juanjo Agirregabiriaren bizkortasuna tarteko.

Horra artean, bada, lehia espero bezala zihoan: Nafarroa eta Gipuzkoa garaipen banarekin. Hirugarrenean agertu zen Bizkaia, eta kolpean hiru aldiz irabazi zuen segidan, ikusle guztiak zur eta lur utzita. Jon Lapazaranek lasto altxatzen irabazi zuen, eta haren anaia Joxek, ingudearekin. Lastoetan bigarren geratu zen ordezkari lapurtarra, horrek ere aurreikuspenak hautsiz; ingudearen proban, berriz, Nafarroarentzat izan zen bigarren postua. Hirugarren garaipena orga jokoan eskuratu zuen Bizkaiak; Perezek irabazi zuen.

Lan onaren emaitza

Bosgarren proba iritsi zenean, harri-jasotzaileena, hiru proba irabaziak zituen Bizkaiak, eta bana Nafarroak eta Gipuzkoak. Oraindik ez zeukaten dena galduta. Gipuzkoarrek, bada, harri-jasotzean duten maila erakutsi behar izan zuten; baita lortu ere, Aimar Irigoienen garaipenarekin. Bigarren egin zuen Bizkaiak, eta hirugarren Gipuzkoak.

Lapurdi, oro har, maila ona erakusten ibili zen. Eta seigarren proban eskuratu zuen arratsaldeko lehen garaipena, etxera eramango zuten bakarra. Ezpeletako Ñapurrak taldeak irabazi zuen, bada, sokatiran.

Trontzan ez zen ezustekorik egon. Aurreko zapatuan Euskal Herriko txapela jantzi zuten Barberena anaiek, eta oraingoan ere euren nagusitasuna agerian utzi zuten: Nafarroa, aurrena; Bizkaia, bigarren. Azken ezustekoa aizkolariek eman zuten: Aitzol Atutxa bizkaitarrak irabazi zuen. Zaku lasterketan, azkenik, Martin, Santamaria eta Aizkorbe nafarrak izan ziren, zalantzarik barik, denetan onenak.