BAKIO. Bizkaiko Ur Partzuergoak Bakion egindako azken kobraketan hainbat akats egon dira. Hanka sartzeoi lotuta ia 170 kexa izan direla adierazi du Bilduren udal taldeak. Ur Partzuergoak onartu du akatsa, eta erabiltzaileei dirua berehala itzuliko die...
Sailkatugabeak
“Norberak hartu behar du bere ingurua zaintzeko ardura”
Bilboko Errekaldeko auzo mugimenduaren 50 urteko ibilbide osoa gogorarazteko ekitaldiz betetako astea dute auzoan. Duintasunaren aldeko borroka gisa aurkeztu dute euren historia, eta horren zergatiak gogora ekarri ditu Fernando Arevalo Moralek (Bilbo, 1977), Errekaldeberriz elkarteko kideak.
Zer zabaldu gura duzue Errekaldeko bizilagunen 50 urteko borroka gogora ekartzeko astearen bidez?
Jardunaldi hauen helburua da gogora ekartzea duela 50 urte herritarrek mobilizatzeari eta borrokatzeari ekin ziotela gaur egun oinarrizkotzat jotzen ditugun gauzak lortzeko. Euren interesen alde mobilizatzeari ekin zioten, duina zelako.
Zelan sortu zen mugimendu hori?
Hasierako mugimendua nik ez nuen ezagutu. Gauza oro hasten diren bezala hasiko zen: herritarrak jabetzen dira beharrizanak dituztela, hitz egiten hasten dira, apurka antolatzen eta euren ustez bidezkoa denaren alde borrokan. Beharrizan kontua izan zen guztia: semaforoak eskatu zirenean, kaleetan zoladurak jartzeko eskaera egin zutenean...
Garai hartan zeuden beharrizanek sortutako mugimendua da; gaur egun ere baditugu beharrizanak, ordea. Bideak asfaltatua egon arren edo estolderia bukatuta, badago zer hobetu. Gauzak eraikitzeaz gain, gizatasuna ere beharrezkoa da. Jendeari galdetu ere egin gabe zelan nahi dituzten edota zelakoak izan beharko luketen eraikitzen da.
1964an Europako lehenengoetariko familien elkartea sortu zen auzoan. Aitzindariak zineten Euskal Herrian.
Hala da, bai. Historia apur bat ezagutzen hasten zaren arte ez zara jabetzen zenbateko balioa izan zuen elkarteak. Harro gaude, munduan dauden mugimendu guztiak ikusi eta estatuan era honetako lehenengo elkartea gurea izan dela jakinda.
Anekdota moduan, garai hartan Errekalde basaz beteta zegoen. Kamioi asko zebiltzan orduan handik, eta auzotarrei otu zitzaien kamioilari bakoitzari banderatxo bat ematea mezu honen antzeko zerbait idatzita: "Errekalde, basaz betetako auzoa". Arazoa globalizatzeko modu bat izan zen, Internetek egiten duen bezala, globalizatu eta arazoaren berri zabaltzeko.
Emakumeek zeregin garrantzitsua izan dute mugimendu horretan, eta lan hori aintzatetsi egin diezue, historiaren pasarte askotan gertatu ez den bezala.
Historia aztertuz gero, gizonezkoaren eginkizuna aldarrikatzen du oro har. Gure kasuan, ordea, seme-alaben hezkuntzaz eta ongizateaz arduratu direnak emakumeak izan dira beti. Emakumeen lan hori aldarrikatu nahi dugu, andreek egiten zuten esfortzu guztia. Etxeko lanak egin eta seme-alabak hezteaz gain, seme-alaben ongizatearen alde mobilizatzen ziren. Ez ziren garai hartako klixeek finkatzen zuten moduko emakumeak.
Emakumeen elkarte bat sortu zuten, kontuan hartuta garai hartan andreenganako jarrera zein zen gizartean. Kalera atera eta bizilagun guztiak mobilizatzeko adorea izan zuten euren seme-alabak eskolara joan zitezen, 6 urtera arte barrakoietan ikasten egon ordez.
Borrokalari horien guztien artean, Begoña Linazaren lana nabarmendu nahi duzue. Zergatik?
Hura izan zelako eskolen aldeko elkarteko lehenengo presidentea; aitzindarietako bat, beraz. Aurpegia eman zuen, eta guztiak konbentzitzen saiatu zen aldarrikapenekin bat egin zezaten. Betiere beharrezkoa da aurpegia emango duen pertsona bat. Lehen esan bezala, beti pentsatzen da gizonak direla gauzak sustatzen dituztenak. Gurean, ordea, bere seme-alaben eta auzoaren alde aurpegia eman zuen lehena emakume bat izan zen. Begoñari berari omenaldia egiteko proposamena egin genionean, hunkitu egin zen, eta oso pozik dago.
Zelan hartu dituzue aldarrikapen guztiak, eta nola bideratu dituzue ahalegin guztiak horrenbeste urtetan?
Auzoaren berezitasuna dela uste dut nik. Auzoa eraikitzen hasi zirenean, hiritik erabat bereizita zegoen. Ghetto antzekoa sortzea eragiten du horrek. Azkenean, auzoan bizi den jendea lekuaz eta bizimoduaz kezkatzen hasi eta bizi-baldintzak hobetzeko lanean hasten da. Erakundeek beharrezko arreta jartzen ez dutenean, elkarrekin lan egin eta gauzak hobetzeko aurre egitea beste erremediorik ez daukazu. Ideia hori urterik urte zabaldu da; Errekaldeko bizilagunen artean geratu den marka bat da.
Hemendik hainbat elkarte sortzen dira, gainera, hobetzeko gauza asko daudela uste duten pertsonek bultzatuta. Mugimendu horrek eragiten du irautea. Auzotarrek laguntzeko borondate hori beharrizan bat da; ez da beharrezkoa tartean dirua egotea, gauzak egiteko borondatea baizik. Horrek adiskidetasuna sortzen du, eta elkartzeko gune bihurtu. Elkarbizitzak ematen du jarraitzeko modua. Izan ere, erakundeen esku uzten baduzu guztia, ez zara jabetzen zeuk hartu behar duzula zure ingurua zaintzeko ardura.
Elkarlan eta auzolanaren adibide garbi bat Kukutza gaztetxea izan zen. Urtebete da bota zutenetik. Zelan eroan du auzoak falta hori?
Batzuk pozik egongo dira. Hala ere, nabaria da falta. Dagoeneko ez daukagu jarduerak egiteko lekurik. Kulturari dagokionez, asko galdu da. Kontzertu eta antzezlan ugari ikusi ditut nik han. Herritarrek hainbat jarduera egiten zituzten han. Proiektuak bai baina lokalik ez zeukaten herritarrek leku hori galdu dute. Esaterako, amaz osatutako talde bati udalak ez zion lokalik uzten, eta gaztetxean izan zuten lekua. Erreferente kultural gisa galtzeaz gain, gaztetxe inguruko taberna eta supermerkatuetan ere nabaritzen da. Galera ekonomikoa ere izan da.
Auzoak erakundeei dagozkien funtzioak bere gain hartu behar izan al ditu sarri?
Baietz uste dut. Duela 50 urte mugimendua hasi zenean, bistakoa da baietz. Duela 20-30 urte, erakundeak aldatu egin ziren, eta auzoaren azpiegiturarekin gehiago arduratzen hasi ziren. Gaur egun, oraindik lan hori hartu behar dugu. Izan ere, auzo baten beharrizanen alde lanean ari den agintari batek aztertu egin beharko luke giroa, zerk kezkatzen dituen herritarrak... eta ez udaletxe barruan gelditu.
Errekalde deserosoa al da Bilborentzat?
Baietz esango nuke. Batez ere, zirikatu egiten ditugulako, eta, enbarazu egiten duzunean, deserosoa zara. Erdigunekoek ez dute kezkatu behar, ondo zaintzen dutelako. Hemen, ordea, gauzak eskatu, eta egingo dituztela erantzuten dizute. Eta ekin eta ekin egin behar izaten dugu. Deseroso izateari dagokionez, Bilboko plano turistiko bat hartu nuen lehengoan, zabaldu, eta bitxia iruditu zitzaidan Zorrotza, Txurdinaga, autobidetik Peñascalerako ingurua, Errekalde eta Pagasarri ageri ere ez zirela egiten. Argi dago zeintzuk diren Bilboko Udalaren lehentasunak.
Kultur jarduerak eta eskulturak, esaterako, non dauden ikustea baino ez dago. Gaztetxeak beharrizan hori ikusi eta betetzeko helburua izan zuen. Erakundeek, ordea, hori guztia ezin zutela kontrolatu ikusi, eta geldiarazi egin zuten.
Aurrekontua %198 handituta eta herena eraikita, bertan behera
Karrantzako abeltzainen etxaldeetan gehiegizko minda sortzen zela eta, konponbide modura sortu zen minda plantaren egitasmoa, 2000. urtean. Hainbat arazo izan zituen hasieratik, baina azkenean, 2009. urtean, eraikitze lanei ekin zieten. Hasieran, 13 m...
Minda plantan instituzioen kontrola falta izan dela dio Herri Kontuen Euskal Epaitegiak
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren ustez, Karrantzan eraikitzen hasi ziren minda plantaren auzian "ez da nahikoa izan" administrazio publikoek egin duten kontrola. Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Karrantzako Udala dir...
Teknologiaren bidean emakumeen eskutik
Historian zehar gizonen asmakizunak balira bezala agertu dira hainbat tresna. Benetan, ordea, emakumeak zeuden asmakizun edo ikerketa horien atzean. Ezinezkoa zitzaien, baina, euren lana berea zela zabaltzea, emakume izateagatik soilik. Hala ere, garr...
Oposizioak “autokritika falta” egotzi dio EAJri
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren berbek Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politiko guztien erantzuna jaso dute. Oposizioak, oro har, "autokritika falta" egotzi dio. Bilbaoren hitzak babestu dituen bakarra talde jeltzalea izan da.
Talde jeltzalearen bozeramailea
"Proposamen zehatzak egin ditu, eta elkarlanerako deia egin die gainontzekoei"
Gustatu zaio Unai Rementeria Batzar Nagusietako bozeramaile jeltzaleari ahaldun nagusiak esandakoa. Egokitzat jo ditu haren berbak: "Solidaritatea, gizarte kohesioa, krisi ekonomikoa gainditzeko bidea eta autogobernua izan ditu ardatz, bizkaitarren kezkei erantzunez". Rementeriaren irudiko, Bilbao da konponbideak bilatzen ahalegintzen den bakarra: "Zerga sistemari eta bestelako gaiei buruzko proposamen zehatzak egin ditu, eta elkarlanerako deia egin die gainontzeko talde politikoei".
Bilduren bozeramailea
"Ez da egia aldundiak gizarte laguntzen arloan murrizketarik egiten ez duenik"
"Errealitatetik kanpokoak" eta "autokritika gabeak": halakoak iruditu zaizkio Bilduko Irune Sotori Bilbaoren berbak. Gogora ekarri du zerga iruzurraren eta zerga sistemaren inguruan Bilduk aspaldi egin zituela proposamenak, eta EAJk beti atzera bota izan dituela. Gainera, ahaldun nagusiak datuak ezkutatu dituela salatu du: "Ez da egia foru aldundiak gizarte laguntzen arloan ez duela murrizketarik egiten.
Alderdi popularraren bozeramailea
"Agortutako 30 urteko kudeaketa eredu baten inertziak agerian geratu dira"
Esther Martinez bozeramaile popularraren ustetan, "Bilbaok ez du ekarpenik egin; %8ko zuloa eragin duenez, zergak igo behar dizkigula baino ez du esan". Gainera, "lelo zaharkituak" erabili dituela eta "bere hanka sartzeak ezkutatzen saiatu" dela iruditzen zaio. "Dagoeneko agortuta dagoen 30 urteko kudeaketa eredu baten inertziak agerian geratu dira", ohartarazi du.
Talde sozialistaren bozeramailea
"Ondo etorri zerga politika berrikusi eta aldatu behar dela uste dugunon taldera"
Ahaldun nagusia bere buruarekin "oso adeitsua" izan dela iruditzen zaio Iñaki Egaña sozialistari. "Mamirik gabeko proposamenak" egin izana leporatu dio, gainera. Ohartarazi dio ez diotela edozer onartuko ere murrizketak egitera doanean. Ironiaz, honako hau ere bota dio: "Ondo etorri zerga politika berrikusi eta aldatu behar dela diogunon taldera".
“Gerrikoa estutzen jarraitu behar dugu”
Urteroko adierazpen orokorra egin du Bizkaiko ahaldun nagusiak asteon, Batzar Nagusiek Gernika-Lumoko batzar etxean eguaztenean egindako osoko bilkuran. Jose Luis Bilbaok ez du albiste onik izan bizkaitarrentzat: "Bizkaiak gerrikoa estutzen jarraitu b...
Portu Zuzendaritzak hartu du Bermeoko kirol portuaren kudeaketa
Bermeoko kirol portuaren erabiltzaileei gehiegi kobratutako dirua itzultzeko zigorra ipini dio Espainiako Auzitegi Gorenak Euskadiko Kirol Portuak sozietate publikoari (EKP), eta horrek ondorioak eragin ditu portu zaharraren kudeaketan. Eusko Jaurlari...
“Pertsonaiek kokapena behar dute; zergatik ez euskalduna?”
Aitor Zulueta (Bermeo, 1966) kultura germanikoak mirestera iritsi da Ipar Europatik egindako hainbat bidaiaren ostean. Ondorioz, XI. mendeko bikingoen abenturak hartu ditu oinarritzat bere lehen nobela osatzeko. Fikzioa eta benetako gertakizunak lotzen ditu Zuluetak La Hermandad del Atlantico (Atlantikoko Anaidia) eleberrian, baina, izatez, bere ikasketek ez dute ez itsasoarekin ez historiarekin loturarik.
Idazlearen esanetan, "kasualitatea da" zientzia geologikoetan lizentziatu den pertsona batek abentura liburu bat idazten bukatzea. "Gauza bat da zer ikasi dudan eta non lan egiten dudan, eta beste bat nobela hau", azaldu du. "Hainbat gauza lotu ditut nire zaletasun batekin, idaztearekin". Eta, agian, bermeotar izateak eraman du aurreneko lanean itsasoari begira jartzera.
Testua osatzeko lehen ideia Oslon bururatu zitzaiola ekarri du gogora: "Bikingoen arrantzari eta nabigazioari buruzko museo batean, drakkar handi bat eta bidaien inguruko informazioa ikusi nuen". Horrek, eta Norvegian egindako egonaldian topatutako "beste zenbait gauza interesgarrik" sortu zioten istorio bat idazteko irrika. Hala ere, eleberri bat idazteko gogoa betidanik izan du.
Urte eta erdi kostatu zitzaion testua bukatzea, eta beste urtebete eman zuen zuzenketa lanetan. Liburuko protagonista nagusia, Eneco de Baigorri, Vermeliokoa da; bermeotarra, Zulueta legez. Dena den, ez du pertsonaiaren bidez bere nortasunaren aspekturik islatu nahi izan. "Ez zen nire asmoa. Idazten duzunean, askotan, zure bizitzako gertakizunak hartzen dituzu, edo zure gertuko pertsonei gertatutako kontuak".
Eneco bizkaitarra izanda ere, idazleak ukatzen du La Hermandad del Atlantico "eleberri euskalduna" denik. "Egia esan, niretzako ez da euskal kostunbrismotik sortu: gure inguruan, Europako edozein herritan edo Amerikan bizi den irakurle batentzako interesgarria izan daiteke". Horren haritik, "istorioetako protagonistei kokapen bat eta iragan bat" eman behar zaiela argudiatu du. "Zergatik ez zen, bada, euskalduna izango, nik hobeto ezagutzen dudan herria izanda? Joyceren liburuak dublindarrei buruzkoak izan arren, unibertsalak dira".
Dena den, itsasoa da liburuko pertsonaien eta euren herrien arteko lotura. "Ipar Atlantikoa: Hori da pertsonaien herrialdea". Haurtzaroan Julio Verne edota Robert Louis Stevensonen liburuak irakurtzen zituen Zuluetak, eta idazle horien eragina nabarmena da bere nobelan. "Horiez gain, heldutan irakurri ditudan beste batzuk ere eragin dute, [Joseph] Conradek, esaterako".
Historiatik abenturara
Erreferentzia literario horiekin, abenturak eta bidaiak uztartzen dituen eleberria idaztea urrats naturala izan zitekeela iruditu daiteke, baina nobela historiko bat izateko asmoarekin sortu zuen lan hau. "Amaitu nuenean, eskulana utzi nien zenbait laguni, haien iritzia jasotzeko eta aldaketak egiteko. Gehienek abentura nobela bat zela esaten zidaten". Orain, jendeak zeri buruzkoa den galdetzen dionean, Zuluetak abentura nobela dela erantzuten du. Fikzioa eta historia uztartzen ditu, bakoitzak bere lekua du.
Idazlearen esanetan, protagonistak Amerikara heltzen diren pasartea da errealitatearekin lotura dutenen artean garrantzitsuena. "Leifur Eirikson benetan heldu zen Amerikara XI. mendean,baina liburuan taldea osatzen duten beste batzuk fikzioko pertsonaiak dira, istorioari bizitasuna emateko sortutakoak".
Bikingoek Amerikara egindako bidaien inguruan ikertzen hasi ostean, galdera bat burura etorri zitzaion: "Zergatik ez ziren bertan geratu?". Eleberriak misterio horren inguruko gakoak ematen dituela azpimarratu du: "Sarritan pentsatzen dugu hori egiteko zer edo zer handia gertatu beharko zitekeela, inbasio bat-edo. Nire ustez, maitasuna edo iskanbila bat nahikoa izan zitekeen. Eurek ez zuten Amerikaren handitasunaren ikuspegirik". XI. mendean kokatutako kontakizunaz gain, gaur eguneko istorio paralelo batek osatzen du nobela. Azken hori "liburuari erritmoa emateko" sortu zuela dio.
Bestalde, Eneco de Baigorri eta XXI. mendeko kontakizunaren protagonista nagusi den Holger Boenischen istorioek "amaiera irekia" dutela jakinarazi du Zuluetak. Haatik, oraingoz ez du La Hermandad del Atlantico-ren bigarren zatirik idatziko. Izan ere, beste proiektu batzuk abiarazi ditu jadanik. "Nire bigarren liburua bukatuta dago dagoeneko, eta ez du zerikusirik aurrekoarekin. Confusión (Nahastea) izena du, eta oso kritikoa da gaur egungo jendearen kezkekin". Horrenbestez, liburu berria "bizitzari buruzko hausnarketa kritiko bat" izango dela iragarri du. Gaur-gaurkoz, Zuluetak ez daki bere bigarren eleberria noiz argitaratuko den. Hirugarren libururako ideiak jorratzen hasita dago; antza denez, folio zuriaren sindromeak ez dio beldurrik ematen bermeotarrari, eta idazteko gaiak ez zaizkio falta.
Bihotzeko espezialitate guztiak, unitate bakarrean
BARAKALDO. Bihotzeko edozein gaitz duten pazienteak artatzeko unitate bakarra sortu dute Barakaldon, Gurutzetako ospitalean. Orain artean ospitaleko hainbat ataletan banatuta zeuden espezialitateak, baina orain laugarren solairuan jarri dituzte, elk...