Abantoko Udalak hondakin organikoak jasotzeko bosgarren edukiontzia jartzeko erabakia hartu du. Bilboko Deustua auzoan bezala, edukiontzi marroiak izango dituzte Abantoko Gallarta auzoan. Eta deustuarrek bezala, izena eman beharko dute parte hartu gur...
Sailkatugabeak
Egoinen ‘Vita Etxea’, aitzindaria
Ez Espainian, ez Herrialde Katalanetan, Ez Galizian, Hego Euskal Herri osoan ere ez. Parekorik ez du inguruetan. Energia aldetik eraginkorra den lehenengo etxe eredua egin du Egoin enpresak: Vita Etxea. Lan horregatik, goreneko energia eraginkortasunaren Minergie ziurtagiria jaso dute enpresako ordezkariek Markos Schaub Suitzako kontsularen eskutik. Espainiako administraziopean ziurtagiri hori lortzen duen lehendabiziko enpresa da Egoin.
Eako Natxitua auzoan dagoen familia enpresa bat da. "Garapen iraunkorrarekin eta ingurumenarekin konprometitua" dagoen enpresa da, hain zuzen ere. Etxean baino gehiago, euren lana nazioartean askoz ezagunagoa dela azaldu du Peio Gorroño enpresako buruak.
Egoinek pentsatutakoa, proiektatutakoa eta eraikitakoa da Vita Etxea. Prozesu guztia beraiena izan da. Egin duten etxe hori da aitzindaria da. Jaso duten Minergie zigiluak energia eraginkortasunarekin eta ekologiarekin bat datozen printzipioetan oinarrituta eraikitako etxeak direla ziurtatzen du.
Etxe arrunt batekin alderatuta, Minergie zigilua duten eraikinek %60ko energia aurrezpena dakarte. Gainera, ziurtagiri horrek beste zenbait berme ere eskaintzen ditu. Argi naturalaren probetxu egokia, zaraten murrizketa, barneko airearen kutsadura eskasa, baliabideen erabilgarritasuna handitzea, produkzioaren eta prozesaketaren inpaktu minimoa, berreraikitzeko erreztasuna eta birziklapena eta hondakinen deuseztatzea, besteak beste, ziurtatuta daude eraikin hauetan. Minergie zigiluak eskatzen duen hori guztia aplikatu du Egoinek Vita Etxea egiteko orduan.
Bideak irekitzen
Etorkizuna horrelako etxeetan dagoela azaldu du Peio Gorroño Egoin enpresako buruak. Izan ere, 2020. urterako araudiak eraikin guztiak halakoak izatea eskatuko duela zehaztu du. Hala ere, Espainia horretan nahiko atzeratuta dagoela dio. "Gu ari gara merkatu hori bultzatzen, horretan aitzindariak gara; bidea urratzen ari garela esango nuke. Horrek bere arazoak ditu, baina baita gogobetetzeak ere".
Egoinen ere krisia nabaritzen dutela azaldu du Gorroñok, "nabarmen", gainera. "Hala ere, bizirik irauteko espirituarekin bizi gara enpresari jarraipena emateko asmoz eta itxaropentsu gaude", dio enpresa buruak. "Etorkizunari buruzko hainbat galdera egiten diogu geure buruari, baina tinko jarraitzen dugu, langileak gehituz eta urtero inbertsio berriak eginez. Inbertsio garrantzitsuenak krisi garaian egin ditugu", nabarmendu du. Izan ere, Egoinek zurarekiko maitasuna transmititzen du, egiten duen lanarekiko pasioa eta enpresa erantzukizuna. Etengabe ideia berritzaileak ditu Egoinek. Urte osoan lau edo bost produktu merkaturatzen dituztela jakinarazi du Gorroñok "eta gerora begira bide horri jarraitu behar diogu", esan du.
Irriz beteta, berritasunak dakartza aurten Olgetan-ek
2005tik, sortu zenez geroztik, ibilbide luzea egin du Olgetan proiektuak. Plateruena kafe-antzokiaren eta Berbaro elkartearen eskutik sortutako. Proiektu hori hobetzeko asmoari eutsita, berritasunak iragarri dituzte aurtengo ikasturterako. Batetik, lu...
Foru aldundiari helegitea jarri dio Usansolo Herriak
Usansolok herri izaera lortu nahi du. Urte askotako borroka du, etaahalegin horretan ez du amore emateko asmorik. Hori dela eta, joan den ostiralean administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri zuen Usansolo Herria plataformak Bizkaiko Foru Aldundiak...
2013rako Sabino Aranako bidea eraisteko diru saila eskatu dute Bilduk eta PSEk
Datorren urteko aurrekontuetan, Bilbora Sabino Aranatik sartzeko dagoen biaduktoa eraisteko diru sail bat gordetzeko eskatu dute Bilduk eta PSE-EEk. Bi alderdiok elkarrekin arauz besteko proposamen bat aurkeztu dute Bizkaiko Batzar Nagusietan.
Koalizio abertzaleak eta PSE-EEko ordezkariek gogora ekarri dute zubibide hori eraisteko promesa egin zuela Bizkaiko Foru Aldundiak aspaldi. Hirigunean "denetariko zerbitzuak eta erosotasunak" dituzten bitartean, auzoak "utzita" eta "beharrizanak betetzeko dirua sobran noiz egongo den zain" daudela azaldu dute, gainera.
Joan den ekainean Itziar Garamendi Garraio foru ahaldunak egin zituen adierazpenek hautsak harrotu zituzten Basurtun: zubibidea eraisteko proiekturik eta baliabide ekonomikorik ez zegoela iragarri zuen. Auzotarrek ez dute amore emateko asmorik, baina kezkatuta daude.
Degradazioaren beldur
Auzotarrek argi daukate Sabino Aranako sarreraren ordez San Mamesekoa martxan jarri eta biaduktoa zirkulaziorik gabe geratzen denean —apiril aldera, foru aldundiak iragarri duenez— "inguru horrek izango duen degradazioak" eragin handiena beraiengan izango duela. Basurtuko Auzokoen Elkartearen bileretan hori izan ohi da gehienen kexa. Francisco Javier Muñoz elkarteko presidenteak azaldu duenez, "zirkulaziorik ez duen zubibide bat zer bihur daiteke? Erabat degradatuko da".
Beraz, auzokoen elkarteak abuztuan batzarrak egiten hasi ziren PSE-EE, Bildu eta PPrekin, eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiarekin batzar bat egiteko eskaera egin zuten. Bilbaoren erantzunik jaso ez dutela ikusita, beste eskutitz bat bidali dute. Egun batzuetako tartea utziko diote, eta erantzunik jaso ezean, manifestazioak egingo dituzte.
"Helburua? Duela 15-20 urte foru aldundiak berak agindutakoa betetzea". Izan ere, Muñozen arabera, "autobideko sarrera hori, kutsadura eta zirkulazio eta zarata handia eragiteaz gain, oso garrantzitsua den eremu bat leheneratzea eragozten duen hirigintzako trintxera bat da. Bilboko etorbiderik garrantzitsuena da".
Udala ere era horretako espazioak leheneratzeko prozesuan murgilduta dagoela ekarri du gogora Muñozek. "Aldundian eta udalean alderdi bera egon arren, udalak badaki zubibidea eraitsi beste konponbiderik ez duela". Gogorarazi duenez, gainera, "hiria inbaditzen duen munstrotzat" jo izan dute erakunde biek biaduktoa. Foru aldundiaren postura kritikatu du: "Itxuraz, ahaztu egin ditu agindutako guztiak eta kasu batzuetan, iraingarriak ere badiren gauzak esan dizkigu. Besteak beste, arazo estetiko bat baino ez dela, eta ez dutela horretan dirurik gastatuko".
Eurak hainbat proposamen dituzte Basurtuko inguru hori biziberritzeko: lur azpiko aparkaleku bat, liburutegi bat, parkea... Eta udalari aurkeztu dizkiote proposamenok.
“Maila duina izan arren, hanka sartzeko beldur naiz”
Euskaldun berritzat dauka bere burua Alicia Martinez Dominguez bilbotarrak, nahiz eta dagoeneko urte batzuk igaro diren euskara ikasi zuenetik. "Bilbon jaio nintzen arren, Kantabrian [Espainia] bizi izan naiz ia beti, eta itzuli nintzenean euskara ika...
“Kanpaina bati izena eta aurpegia jarrita errazagoa da jendeak arazoa ulertzea”
Senide bat larri gaixo egotea oso egoera latza da, eta gaixotasun horri aurre egiteko tratamendua Euskal Herritik kanpo eta ospitale pribatu batean hartu beharrak izugarrizko kostu ekonomikoa gehitzen dio. Unax Cañibanoren familiak ongi ezagutzen du egoera hori. Bihotzeko gaitz batekin jaio zen gaur egun zortzi urte dituen gaztetxoa. Bostongo (AEB) Children's Hospitalera eraman behar izan dute ebakuntza arriskutsu bat egiteko. Gastuei aurre egiteko, hainbat jarduera antolatu behar izan dituzte, Aitor Cañibano (Bilbo, 1974) Unaxen osabak azaldu duenez.
Ebakuntzaren ostean, zer moduz dago Unax?
Dena ondo atera da, eta orain zain gaude. Une honetan, ebakuntza osteko prozesuan dago. Oso lasai egon behar du.
Zer ekarri dio egunerokotasunean bihotzeko gaitz horrek?
Jaio eta lehenengo urtebete eta erdia ospitalean eman zuen. Arnasa hartzeko arazo handiak ditu, eguna oso nekatuta bukatzen du, ezin du inolako kirolik egin. Ikastetxean ere laguntzaile batekin egon behar du. Azken finean, ezinezkoa du bizitza normala egitea. Beti egon behar du norbaitek harekin. Jateko orduan ere arazoak ditu.
Zergatik jo zenuten Bostonera?
Gurutzetan ibili ginen hasieran. Geroago, Madrilgo La Paz ospitalera joan ginen, baita Parisera ere. Arazoa zen Bostonen egin dioten ebakuntza egiterik ez zutela hemengo zirujauek. Hara joan behar genuen ezinbestean.
Jaio zen unean bertan medikuek esan ziguten oso bizitza laburra izango zuela: gehienez, hiru urte. Baina gu beti ibili gara beste aukera batzuk bilatzen, batarekin eta bestearekin hitz egiten... Eta ospitale honetan era honetako ebakuntzak eginak zituztela jakin genuen.
Ebakuntza ondo atera da. Eta orain zer?
Ebakuntza osteko eta suspertzeko tarte gogorra dauka aurretik orain. Bi hilabete inguru egin behar ditu han, indarberritzeko. Hona datorrenean, esan digutenez, ondo egongo da; azterketa medikoak besterik ez ditu egin beharko, aldiro, Gurutzetan. Badirudi, baina, bizitza normal antzekoa egin ahal izango duela.
Zer dakarkio era horretako prozesu batek familiari?
Unaxen egoerari dagokionez, guretzat oso gogorra izan da. Zortzi urtean, oso gauza gutxi egiteko aukera izan du, beti egon behar izan dugu harekin, hura zaintzen... Horrez gain, bagenekien egun bakoitza haren azken eguna izan zitekeela. Oso gogorra izan da. Egunero eta une oro haren gainean egon behar izan dugu; batez ere, aitak. Beste gauzak alde batera utzi behar izan ditu sarri, lana barne.
Bostonera joateko dirua ateratzeko prozesuari dagokionez ere, zaila izan da. Mundu osoari kontatu behar izan diogu aukera hau zegoela baina ez geneukala dirurik ezta diru hori lortzeko aukerarik ere. Gero, jendearen erantzuna izugarria izan dela ikustea oso polita izan da. Ahalegin oso handia egin behar izan dugu.
Lana alde batera utzi behar izatea, nekea, desgastea... Zelan egiten zaio aurre guzti horri?
Anaiak nirekin lan egiten du, eta Unax jaio zenetik bolada luzeak egin ditu lanik egin gabe. Izan ere, umeak krisialdiak izan dituenean, harekin egon behar izan du ospitalean. Sendagaiak eta bestelakoak ere oso garestiak izan dira. Azkenean, etxea saldu egin behar izan zuen prozesu hau guztia ordaintzeko. Azken ebakuntzaz gain, gauza asko egon dira, eta oso gogorra izan da honaino iristea. Gainera, Unax gaizki zegoela ikusita, oso gogorra izan da.
Eta Unaxentzat berarentzat?
Harentzat ere bai. Oso gogorra zitzaion beste umeak futbolean ikustea, oso gauza arruntak egiten. Eta hark ezin zuen horrelakorik egin. Bestalde, oso ume alaia da, beti dago barrezka.
Esan bezala, izugarrizko mobilizazio soziala lortu duzue. Era horretako mobilizaziorik ezean, zer geratzen zaio zuen moduko familia bati prozesu horri aurre egiteko?
Beharbada, bost edo hamar urte lehenago beste egoera batean egongo ginateke, eta bankuen aldetik maileguak lortzea ere errazagoa zen. Gaur egun, ordea, oso zaila izan da dirua lortzea. Mugimendu honi lagunekin eta familiarekin ekin genion. Laguntza hau guztia izan ezean, ordea, ezinezkoa izango zitzaigun.
Eta ebakuntza hori Euskal Herrian edo Madrilen egitera ausartzeak arrisku asko zituen, operazio horretarako nahikoa esperientziarik ez daukatelako. Antzeko kasu batzuk egon dira, baina oso gaizki atera dira. Ez geneukan beste aukerarik.
Familia asko egongo dira gaixotasun larrien kasuekin. Zelan bidera dezakete lana zuek heldu zareten lekuraino iristeko?
Guk beti izan dugu argi kanpaina sozialari aurpegi bat eta izen bat ipini behar genizkiola. Mugimendu orokorrak zailak dira jendeak parte har dezan, eta izena eta aurpegia jarrita errazagoa da arazo bat ulertzea. Bestalde, hamabost pertsonak osatutako batzorde antzeko bat hasi ginen lanean, eta lan guztiak hainbat arlotan banatu genituen. Lagunak dira guztiak, baina ondo prestatutakoak ere bai.
Azkenik, gauzak ondo egin baditugu ere, oso zorte handia izan dugu. Une egokian hor ari ginen gu zerbait egiten.
Ekitaldiz betetako agenda bat daukazue aurretik. Zelan doa gastuen ordainketa?
Ebakuntzak bi atal ditu: ebakuntza bera —90.000 euro— eta ebakuntza ostekoa. Azken hori ezin dugu kalkulatu, behar duen denboraren araberakoa baita. 150.000 eta 200.000 arteko kopurua izango da. Uste dugu nahiko ondo ibiliko garela guztia ordaintzeko. Oraingoz, oso ondo doa prozesu guztia. Enkante bat zabalik dago interneten, E-bay webgunean. Beste astebete edo astebete eta erdiz egongo da zabalik. Gure web orritik —unaxdecorazon.com—, Facebooketik eta Twitterretik sar daiteke enkantera. Pertsona ospetsu ugarik emandako 50 artikulu inguru daude enkantean.
Zeintzuk dira hurrengo jarduerak?
Urriaren 17an, jai solidario bat egingo dugu Artaza jauregian, Leioan. Sukaldari ospetsuak egongo dira bertan: Martin Berasategi, Eneko Atxa eta Fernando Canales, besteak beste. Afari berezia izango da, musika zuzenean, DJak, ezustekoak... Enkantea eta jai hau eginda, behar dugun dirua lortuko dugula espero dugu. Eta, urriaren 27an, azken festa bat egingo dugu Leioa herriari eta lagundu diguten guztiei eskerrak emateko, Txomin Aresti ikastetxean. Espero dugu ordurako Unax hemen egotea eta bere ongietorri festa izatea.
Mahasti loratuak, batzeko zain
Berrehun mila kilo. Kopuru hori da Morgako Talleri upategikoek datorren denboraldiari begira ekoitzi gura dutena. Alegia, egunotan mahatsa batzeari ekin eta iaz bildutako zenbatekoa —120.000 kilo inguru— areagotzea izango da aurrerantzean haien beharra.
Aurreko urteekin alderatuz, mahastiak lehenago loratu dira aurton; izan ere, 2012ko udaberria lehorra eta eguzkitsua izan da. Horren ondorioz, mahats-batzeagaz ere ohi baino goizago hasiko dira, beste hainbaten artean, Talleri upategiko ekoizleak. Egunotan hasiko dira behar horretan horiek, mahatsaren heldutasuna aztertu ostean. Bizkaiko mahastiak, oro har, bor-borrean dabiltza. Posible da, hala ere, lehorteak eraginda mahats ale horietatik muztio gutxiago ateratzea. Kalitatea, baina, primerakoa izango dela pentsatzen dute txakolin ekoizle guztiek.
Talleriko kide diren ekoizleak lehenengo mune mahatsa batzen hasiko dira, eta, ostean, hondarrabi motako mahatsa batzeari ekingo diote. Izan ere, mahats mota bakoitzak bere berezitasunak eta bere denbora behar izaten du heldutasun puntu egokira iritsi ahal izateko.
Morgako upategiko ekoizle eta idazkari Agustin Olazabalagak azaldu legez, uda oso irregularra izan da igarotakoa: orain euria, orain eguzkia. Baina, batez ere, aro lehorra eta beroa. Oro har, udaberri eta uda ona izan da Euskal Herriko enologoentzat. Horregatik, uzta ona izatea espero dute. Eguraldiak zerikusi handia du ekoizpenean, Olazabalagak aipatu legez. "Euria egiten duenean, eguzkia ateratzea nahi izaten dugu, bestela fruitua ez delako behar bezala heltzen. Eta eguzkia dagoenean, ostera, euria gura izaten dugu, bestela muztio gutxi ematen duelako mahatsak. Beti gura dugu ez daukaguna, inoiz ez gara konforme egoten".
Iazkoa ere halakoxea izan zen, Olazabalagaren gogoratu duenez; bai kalitate aldetik eta baita kantitate aldetik ere. "Urterik aberatsena" bezala deskribatu du iazkoa. Dena den, egoera sozio-ekonomikoaren ilunak ezinegona eragiten du, ez baitago argi zer gerta daitekeen.
2011ko urrian hasi ziren mahatsa landatzen Tallerin,baina inaugurazio ofiziala aurten egin dute. Baikor agertu da Olazabalaga bera urte honetako bilakaera ikusita. "Merkatura atera garen lehen urtea izan da, eta balorazio positiboa egiten dugu; izan ere, jendeak gustura hartu du gure produktua. Gainera, egoera eta marka berri bat dela kontuan hartuta, salmenta bikainak izan ditugula esan dezakegu", azaldu du upategiko ekoizleak.
Kalitate onekoa
Aurten batutakoa esportatzea da upategiko ekoizleen asmoa. Izan ere, "ez dago ia merkaturik hemen". Upategi eta txakolin marka asko dago; euren artean banatuta daukate Euskal Herriko salerosketa. Hala, etxeko merkatuak gehiagorako ematen ez duela iritzita, irtenbidea kanpoan saltzen saiatzea dela uste izan dute, eta horretan saiatuko dira.
Aurtengo txakolin eta ardoak kalitate onekoak izatea espero dute. Dena den, datozen aste bietako egoera nolakoa den ikusi beharko dute; ea mahatsen heldutasunak nola bukatzen duen. Aipatu bezala, urtebete inguru darama Morgako Talleri upategiak martxan. Bakoitzak bere upategia izatea ez zela errentagarria ikusirik, Busturialdeko eta Txorierriko hamasei txakolin ekoizle elkartu eta Morgan eraikitako Bizkaiko txakolindegi handiena da. Gutxi gora-behera, 22,5 hektarea inguru ditu han eta hemen banatuta, eta elkarrekin Morgako upategietan, sei ardo mota ekoizten dituzte. Urtebete honetan dagoeneko lan onaren uzta jasotzen hasi dira: sari bi jaso dituzte. Hain zuzen ere, Vienan (Austria) eta Muskizen jaso dituzte aipatu sariak, txakolin zuriagaz eta ardo gorriagaz, hurrenez hurren.
"Oso garrantzitsuak" dira aipatutako bi sariak, Olazabalagaren ustez. "Ospe handia ematen diote egindako lanari. Kanpoan ezagutzera emateko aukera aparta emango digu", nabarmendu du. Hori dela eta, "oso pozik" agertu dira ekoizleak jasotako sarien aurrean. Gaur egun, berton ez ezik, atzerrian sari bat irabaztea oso garrantzitsua dela dio. Hala,Olazabalagak dioenez, produktua esportatzerako orduan, jasotako sari horien berri eman diezaiekezu balizko ekoizle berriei. Bestalde, bertoko azoka batean irabaztea ere oso garrantzitsua dela deritzo.
Autobus baten faltan, ordutegia hankaz gora
Mungia aldean CAV Compañia de Autobuses Vascongados enpresak kudeatzen du Bizkaibusen autobus zerbitzua. Irailaren 10ean, neguko ordutegia hastearekin batera, hiru gidariri ez zieten berritu kontratua, eta ibilgailu bat kendu dute. Ondorioz, bi linea batu egin dituzte, eta harrezkero Mungia eta Bilbo arteko zerbitzua hankaz gora dabil. "Orduak ez dira betetzen, gidariak ezin iritsita gabiltza", azaldu du Javier Agirrek.
Mungia eta Bilbo arteko lineako gidaria da Agirre, eta baita enpresako ELA sindikatuaren ordezkaria ere. Herria hiriburuarekin lotzen dituen bi linea daudela azaldu du: 3516 eta 3517. Aurrenekoa zuzenean doa autobidetik; bigarrena Txorierritik igarotzen da, herriz herri. "Orain arte, zuzeneko linean hiru ibilgailu genituen, eta bestean, bost. Orain, berriz, bi lineak batu dituzte, eta guztira zazpi ibilgailu ditugu".
Eta modu honetara azaldu du euren egitekoa: Mungiatik Txorierri zeharkatu duen 3516 linean hasten dute ibilbidea. Bilbon 3517a hartu eta zuzenean doaz Mungiara. Txorierritik bueltan egiten dute Bilborako bidea. Hala ibiltzen dira lineak txandakatuz. Eta, tarteka, 3517 linea Berreagamendi urbanizaziotik igarotzen denean, are denbora gehiago behar izaten dute Bilbo eta Mungia arteko ibilbidea osatzeko.
"Baliabide gutxiago ditugu, baina ordutegiak mantendu dituzte. Arazoa, honako hau da: 3417 linearen ibilbidea osatzeko, 50 minutu baino ez ditugu. 08:10ean irteten bagara Bilbon, 09:00etan Mungiatik abiatu behar dugu bueltan. Baina, berez, 09:05 edo 09:10ean iristen gara Mungiara. Han, lineaz aldatu eta jendea igotzen denerako, ia 09:15 ere badira. Autobusak 09:00etan irten behar zuen Mungiatik".
Gidariak estresak jota ibiltzen direla dio, beti presaka berez betetzea ezinezkoa zaien ordutegia betetzeko ahaleginean. Eta erabiltzaileak, haserre. Mungiak Bilborako autobusak ordu laurdenero dituela gogoratu du Agirrek. "Eta beti oso puntualak izan gara. Orain, baina, askotan ordu puntuetako autobusa, laurdenekoarekin batera abiatzen da Mungiatik, Bermeotik edo Bakiotik datorrenarekin. Beraz, jadanik autobusak ez daude ordu laurdenero, eta erabiltzaileek 20 minututik gora egin behar izaten dute geltokian zain. Guk entzun behar izaten ditugu haserreak".
Eguraldi txarra hasten denean eta zirkulazio arazoak sortzen direnean are okerrago ibiliko direla iragarri du Agirrek. Erabiltzaileei kexatzeko deia egin die, baina gidariei barik, Bizkaiko Foru Aldundira deituta edo erreklamazio orriak eskatuta. Bitartean, CAVeko langile batzordeak enpresarekin bilera bat egitea eskatu du. Oraindik ez dute erantzunik jaso. "Arduradunarekin hitz egin nuen lehengoan, eta esan zidan badabilela konponbide bila".
Edozertaz, baina euskaraz
Helburua ez da izan euskarari buruz berba egitea, edozein gairi buruz euskaraz aritzea baizik. Asmo horrekin, 1.200 lagun inguru elkartu ziren martitzenean Bilboko Alondegiko sarreran. Euskaldunak, ikasten ari direnak zein aspalditik dakitenak, elkarr...