Sailkatugabeak

Elkarrizketaren aldarrikapena

Gizagune fundazioak eta Portugaleteko Udalak Trazando el diálogo. Herramientas esenciales para el cambio social argitalpena eta bideoa aurkeztu dituzte; bizikidetza eta elkarrizketari buruz gogoeta egiteko lana da. "Mota ezberdineko gatazkak konpontzeko hainbat metodologia jorratu ditugu argitalpenean", azaldu dute.

Gizagune fundazioa gatazkak eraldatzeko eta bizikidetza eta elkarrizketa sustatzeko sortu zen, eta horren inguruan egiten du behar. Hori horrela, elkarbizitzarako elkarrizketak duen garrantzia nabarmentzen dute lan honetan, eta elkarrizketa bultzatzeko "lanabes kaxa" gisa definitzen da.

Jatorrian Hegoafrikan argitaratu zen gida hau, apartheid-etik demokraziarako trantsizioan, eta geroztik hasitako prozesuak islatzeko asmoz. Nelson Mandelaren Oroimenaren eta Elkarrizketaren Fundazioak elkarrizketa berreskuratzea eta bultzatzea indartu du, batetik, eta, bestetik, kultura demokratiko parte hartzailea eraikitzea izan zuen helburu. 2008ko argitalpen hori eredu hartu, eta gaztelaniara itzuli dute Gizaguneko kideek.

Argitalpenari irudia jarriz

Argitalpenarekin batera, elkarrizketa jorratzen duen bideo bat filmatu dute. Bertan, elkarrizketa hitzak zer pentsarazten dien azaltzen dute hainbat lagunek. Euskal Herriko politika, kirol, arte zein kultura arloko pertsona esanguratsuak dira. Besteak beste, Asier Hormaza aktorea, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Jon Maia bertsolaria, Toti Martinez de Lezea idazlea eta Martin Fiz atleta daude tartean.

Euskal Herriko hainbat udalerritan aurkezten ari da Gizagune fundazioa lan hau. Astelehenean, argitalpena eta bideoa jendaurrean aurkeztu zituzten Portugaleteko Santa Klara kultur etxean; ostean, hizketaldia izan zuten. Argitalpena fundazioaren webgunean dago salgai, eta, oraingoz, euskarri digitalean baino ez dago eskuragarri.

Metodologia ezberdinak ikertzea, programa espezifikoak garatzea eta gizartea gai honen inguruan trebatu eta sentsibilizatzea dira Gizagunek lortu nahi dituen helburuak. Fundazioak gizarte osora heltzeko nahia du, eurek eskaintzen dituzten metodoen bitartez, jendea gatazken kudeaketari buruz informatuta egon dadin.

Gizagune fundazioko kideak jakintza alor ezberdinetatik datozen arren, proiektu komuna daukate esku artean. Izan ere, gatazken kudeaketa eta elkarbizitzaren sustapenaren gaineko masterra sortu dute, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin elkarlanean.

Karrantzako minda plantaren aferan aldundiak ez diela funts publikoei kalterik egin ebatzi dute

Espainiako Kontuen Epaitegiaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak ez zien inongo kalterik egin funts publikoei Karrantzan mindak tratatzeko instalazioa eraikitzeko proiekturako bi milioi euroko diru laguntza onartu eta ordaintzeagatik. Hala iragarri du Irene Pardo Nekazaritza foru ahaldunak, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ingurumen eta Nekazaritza Batzordearen aurrean egin duen agerraldian.

Pardoren esanetan, "ez da sortu inolako kontabilitate erantzukizunik, funts publikoei ez baitie ekarri ez eraginik, ezta kalterik ere. Hala esan du epaitegiak, gainera". Horrez gain, Nekazaritza Sailak azaldu du emandako bi milioi euroko diru laguntzak bueltatzeko eskaera egin duela. Horretarako, 5/2005 foru arauaren 33.1.b artikuluaren babesa duela deritzo foru ahaldunak, "proiektuaren helburuaren atal bat edo berau oso-osorik gauzatu ezean aukera hori jasotzen duelako".

2007tik bueltaka

Pardok Karrantzako minda plantarekin gertatutakoa ekarri du gogora eguazteneko agerraldian. 2007ko otsailaren 19an Eusko Jaurlaritzak, Karrantza Haraneko Nekazari Elkartuak izeneko elkarte kooperatiboak, Karrantzako Minda S. L. enpresak eta Bizkaiko Foru Aldundiak haraneko hondakin organikoak kudeatu, tratatu eta baloratzeko eta bertako ingurumena leheneratzeko asmoen protokoloa sinatu zuten, herri horretako abereen gorotzen arazoari irtenbide bat emateko asmoz.

Diputatuak zehaztu duenez, Nekazaritza Sailak konpromiso bakarra hartu zuen. Hain justu, aurrekontuan bi milioi euro jarriko zituen udalerrian mindak tratatzeko instalazioa eraikitzeko proiektuaren formula babesteko. Pardoren esanetan, Nekazaritza Batzordeak berak eskatu zion sailari laguntzak emateko izapideak arindu zitzala, premiazkoa zela argudiatuta. Horren aurrean, Nekazaritza Sailak 2008ko abenduaren 8ko Gobernu Kontseiluari proposatu zion bi milioi euroko diru laguntza ematea.

Bi urtean, foru aldundiko Gobernu Kontseiluak erabakitakoaren arabera ordaindu ziren diru laguntzak, Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren. Pardok adierazi du Nekazaritza Sailak, Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuaren bitartez, laguntzaren jarraipena egin zuela. Diru laguntza emateko eta ordaintzeko erabakiaren baldintzak betetzen zirela ondorioztatu zuen organu horrek.

Foru aginduan ezarritakoaren eta Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuak egindako azterketaren arabera, egiaztatu da diruz lagundutako inbertsioak gauzatzeko erritmoak ez zuela bermatzen diru laguntzaren helburua beteko zenik. Horrexegatik tramitatu da, orain, laguntzok itzultzeko espedientea.

Bildu eta PP alderdiek eskatuta egin du agerraldia Pardok. Diru laguntzok berreskuratzeko ekin eta ekin egin behar duela adierazi dio foru aldundiari PPko Arturo Aldekoak, eta gehitu du Karrantzan gertatutakoa ezin daitekeela errepikatu.

Bilduk, bestalde, erantzukizuna leporatu dio foru aldundiari. Zenbait pertsona eta enpresaren poltsikoak aberasten lagundu duela leporatu dio Aitor Torrek foru gobernuari. "Kudeaketa txarrak doan ateratzera ohitu gara", esan du. PSEko bozeramaile Iñaki Egañaren ustez, "eskandalua da" minda plantaren eraikuntzaren gaineko kontrola pertsona bakar baten eskuetan utzi izana.

Premioumfest, aukerako produktuen festa, azaroan

BILBO. Premioumfest festaren agertoki bihurtuko da Bilbo azaroan. Hain zuzen, aukerako produktuen nazioarteko industriaren jaialdia egingo dute han azaroaren 8tik 10era bitartean. Hainbat tailer eta pasarela izango dira jaialdian parte hartuko duten 5...

Landa mundu bizi baten aldeko foroa asteburuan

GERNIKA-LUMO. Landa mundu bizi baten aldeko VIII. foroa egingo dute gaur hasi eta domekara bitartean, Gernika-Lumon. Plataforma Ruralek antolatu du foroa, Bizkaiko EHNE sindikatuaren laguntzarekin. Nekazaritza munduko hainbat mugimendu sozialetako ehu...

Unibertsitateko bi gela berritarako, 291.000 euro

GIZARTEA. Bizkaiko Foru Aldundiak 291.000 euroko diru laguntza emango dio EHUri 2015era bitartean makina-erreminta eta espazioko teknologiara bideratutako bi gela garatzeko. Aldundiaren arabera, makina-erremintaren sektoreak ekoizpenean eragin handia ...