Sailkatugabeak

Bilboko aurrekontuak 2006koen parekoak izango dira datorren urtean

Bilboko kontu publikoek ere antzemango dute krisia datorren urtean. 454,8 milioi euroko aurrekontuen proiektua eratu du 2013rako udalak. %3,68 murriztuko dira kontuok aurtengoekin alderatuta —17,4 milioi euro gutxiago—, Iñaki Azkunaren gobernuak proposatutakoa onartzen bada. Eta hala egingo dute datorren azaroaren 30ean, EAJk gehiengo osoa baitu udalean. Beraz, aurrekontuak duela sei urtekoen parera murriztuko dira — 442,4 milioikoak izan ziren 2006an—.

Joan den astelehenean aurkeztu zuen proiektua Iñaki Azkunak. Gogorarazi duenez, krisi ekonomikoak bere horretan dirau. Lan eta kapital errenten galeren ondorioz, administrazio publikoen sarrerak murriztu egin direla azaldu zuen. Hori dela eta, udalak "egoera negatiboei" aurre egin beharko diela adierazi zuen.

Azkunak dioenez, "herritarren bizitza kalitatea eta zerbitzuak bermatzea" dute helburu. Horrez gain, "pobreziaren aurkako planei lehentasuna eman" nahi diete, "Bilboko jarduerei eta dinamismoari eutsi, auzoen arteko oreka planei lehentasuna eman, jarduerak suspertzeko neurrien aldeko apustuak egin, Bilbo hiri bizi eta erakargarri bihurtu eta zorroztasun ekonomikorako politikari eutsi".

Besteak beste, Kultura eta Hezkuntza Sailerako 32,9 milioi euro baliatuko dituztela iragarri dute —aurten baino %5,94 gehiago—; Euskara, Gazteria eta Kirolerako, 12,2 milioi euro —%15,55 gutxiago—; Berdintasuna, Lankidetza eta Hiritarrak Sailerako 3,5 milioi aurreikusi dituzte —%29,05 gutxiago—.

Bestalde, lau milioi euroko zorra hartzeko asmoa du udalak, hiriburuarentzat estrategikotzat jo duten proiektu bati ekiteko: Deustuko kanala zabaldu eta Zorrotzaurre eremua irla bihurtzeko, hain zuzen ere.

Oposizioaren kritika

Bildu koalizioak kritikatu egin du udalak aurkeztutako proiektua. Txema Azkuenaga bozeramailearen esanetan, aurrekontuetan "hiriburu erdialdeko inbertsioak eta gastuak nagusi dira, auzoen kalterako". Horrez gain, kontuetan Gizarte Ekintzarako eta "pertsonei eta haien beharrizanei erantzuteko" diru sailek lehentasuna izan dezaten eskatu du.

Aurrekontuen proiektua herritarren parte hartzerik gabe eratu dela salatu du, gainera, Bilduk. Oposizioko alderdien parte hartzea garrantzitsutzat jo du.

Bestalde, Iñaki Azkunari "murrizketen alkatea" izatea leporatu dio PPk. Cristina Ruiz bozeramailearen esanetan, "iragarritako aurrekontu batzuen kronika dugu aurrez aurre". Alkateak, aurrerantzean diru gutxiagorekin gauza gehiago egin beharko ditu; hala iritzi dio.

Okeluri parkeari, Brontzezko Zabua saria

GIZARTEA. Barakaldoko Okeluri parkeari Brontzezko Zabua saria eman diote. Datorren martitzenean jasoko du saria Tontxu Rodriguez bertako alkateak, Zaragozan (Espainia). Hainbat belaunalditako jendearentzako jokoen gunea dela-eta eman diote saria. 215 ...

Abade egoskorra eta gurutze egoskorragoa

Zeanuriko abade zen Juan Bartolome Alzibarren burugogorkeriari eskertu behar diogu Gorbeiako gurutzea", gogora ekarri du Iñaki Garcia-Ubidek. Leon XIII.a aita santuak munduko mendi garaienetan gurutzea jartzeko agindua eman zuen, mende aldaketarekin batera, "fedea ospatzeko". Alzibarrek, Gorbeia ezin zela gutxiago izan pentsatu, eta mendi batean dagoen munduko gurutzerik handiena eraikitzeko proiektua abiarazi zuen. Etzidamu 111 urte beteko dira zutik jarri zutenetik.

Gaur egun dagoena hirugarren gurutzea da. Aurreneko biak haizeak bota zituen. Garcia-Ubidek Gorbeiako gurutzearen kondaira izeneko argitalpenean dauka jasota burdinazko hiru egitura horien historia. "Gurutzearen biografoa naiz", dio umorez. Lehenengoak 33 metro eta 33 zentimetroko garaiera zeukan. "33, noski, Jesukristoren adina gurutziltzatu zutenean". Diru gutxirekin (50.000 pezeta) eta hiru hilabeteko epean egin zuten, hiru beharginek. Barakaldoko alkate zen Serapio Goikoetxearen tailerrean eraiki zuten. Diseinua Castro Zabala arkitekto elorrioarrarena izan zen; "garai hartan elitearen artean modan zegoen diseinatzailea". Handik, trenez Izarraraino garraiatu eta hortik gurdietan Zarateko bizilagunek igo zuten goraino hamalau orduko bidaian. 1901eko azaroaren 12an jarri zuten gurutzea tontorrean. "Baina aitzindariak zirenez, ez zekiten nola finkatu behar zen lurrean. Eskerrak negua berandu etorri zen urte hartan. Lehen haizeteak bota zuen. Besoak ez zeuden lurrera lotuta", azaldu du Garcia-Ubidek.

Herritarrentzat eta sustatzaileentzat kolpe latza izan zela dio. Baina beharrean jarri eta laster konpondu zituzten burdinazko hondakin haiek, tailer berberetan. 1903ko urriaren 1erako zutik zegoen berriz ere. Orduan ere loturak ez ziren behar bezala egin. 1906ko neguko lehen hotzaldiek zuri-zuri jarri zuten gurutzea. "Burdinean pilatzen den izotz horrek izugarri handitzen du egituraren pisua. Gorbeian haizeak zakar jotzen du. Beraz, haize oihal baten moduan mugitzen du, erraz-erraz". 22 hilabete baino ez zuen iraun zutik.

Garcia-Ubidek dio hortik aurrera isiltasuna nagusitu zela gurutzearen inguruan. "Ez dago daturik. Ez dakigu noiz jarri zuten gaur egun dagoena, zenbat kostatu zen... Ezer ez. Badakigu, ordea, gaur egunera arte iritsi den hau Zorrotzako tailerretan egin zela, Bilbon". Aurreko esperientzia ikusirik, gurutzearen egitura ia erdira murriztea erabaki zuten. Hala, zutik dagoen gurutzeak 17 metro ditu. "1909an aurkitu dugu lehen aipua. Egunkarian agertu zen korrikalari batzuk Gorbeiako gurutzera iritsi zirela. Beraz, ordurako jarrita zegoen".

Gasteizko mendi talde batek 106 mendiren kokagunea erakusten duen orientazio mahaia jarri zuen gurutzearen alboan, 1931n. 1963an, Baskonia mendi taldeak Begoñako Ama Birjinaren irudia kokatu zuen egituraren oinetan. Asko igotzen dira urtero Gorbeiara. Urteberri egunean 3.500 eta 4.000 lagun artean igotzen dira. Garcia-Ubidek dio Frankismo bukaerako ohitura dela. "Jendeak ikurrina jasotzeko beharra zuen, eta mendira jotzen zuen, behean begi gehiegi zeudelako". San Ignazio egunez, 5.000tik gora mendizale igotzen dira. Gurutzea bisitatu ostean, errotuta dago meza entzuteko ohitura; Bizkaiko 500 baselizen artean txikiena da, baina garaiera handienean dago. Astelehenean ere hainbat lagun igoko da, Arratia osotik. Goizean abiatzen dira, eta gurutzearen aldamenean mokadutxoa jaten dute.

Garcia-Ubideren esanetan, Gorbeiak eta haren gurutzeak zerbait berezia dute. "Euskal Herrian mendi garaiagoak baditugu. Asko dira mendizaleen jomuga: Aizkorri, Larrun, Hiru Erregeen Mahaia. Baina bakar batek ere ez du hainbeste mendizale erakartzen". Gurasoengandik seme-alabengana igaro den esangura berezia dauka Gorbeiak, "soziologoek aztertu beharrekoa".

Hiru foru errepide hobetzeko, 315.000 euro

GIZARTEA. Etxebarria, Turtzioz eta Munitibar udalerrietatik igarotzen diren hiru errepidetako segurtasuna hobetzeko, 315.000 euro inbertituko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Herri horietako udalekin hitzarmen batzuk sinatu dituzte. Bidegurutze batean la...

Merkatari txikientzako laguntzen aldeko aldarria

EKONOMIA. Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioak adierazi du "premiazkoa" dela sektore hori dinamizatuko duen plan bat. Merkatariek duten egoera "katastrofikoa, dramatikoa eta jasangaitza" dela azaldu du konfederazioak. Adierazi dute ...

Menpekotasun arloko laguntzak, sei hilean ebatzita

Menpekotasuna duten pertsonen laguntza eskaerak bi hilabetean ebaluatzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, eta espedienteak sei hilabetean ebazten ditu. Hala baieztatu du Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako ahaldunak. Joan den eguaztenean agertu zen Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordean, PSE-EEk eskatuta, aurreko legegintzaldian menpekotasuna edo ezgaitasunen bat duten pertsonen egoerari eta beharrizanei dagokienez onartutako ondorioak eta gomendioak zertan dauden azaltzeko.

Zerbitzuari esker udaletara iritsitako eskaerei dagokien koordinazioan izandako hobekuntzak ere aipatu zituen —112 udalerritik 101ean dago indarrean—. Eguneko zentroen ordutegiak malgutzeko lan handia egin dutela ere adierazi du. Zainduz programak zaintzaileen beharrizanen %90 asetzen dituela ere azaldu du, eta gogora ekarri ditu etxebizitzak egokitzeko Gizatek programaren bitartez eskaintzen dituzten laguntzak.

Bilduk, bestalde, ez-arauzko proposamena eraman du batzordera pertsona berberak zerbitzuak eta prestazioak, biak jasotzeko aukera izan dezan. Gaur egun diru laguntzak jasotzen dituztenek ez dute eguneko zentroetara jo edo etxean laguntza jasotzeko aukerarik. Bateragarritasun hori Araba eta Gipuzkoan gertatzen dela dio koalizioak.

EAJk eta PPk, ordea, atzera bota dute proposamena, alor hori Eusko Jaurlaritzak arautuko duelako. PSE-EEk babestu egin du, aurrekontuak aurkeztu orduko hori planteatzeko "une egokia" dela iritzita. Proposamena atzera botatzeko emandako eskumenen argudioa ez du onartu Bilduk, eskatutako aldaketak egiteko eragozpenik ez dagoela arrazoituta.