Sailkatugabeak

Karrantzan zentsura mozioa aurkeztu dute

Karrantzako Udalari (EAJ) "dekretu bidez" jardutea leporatu diote oposizioko alderdiek. Bildu eta Karrantza Zabalaren arabera, "EAJk ez du onartu" azken udal hauteskundeen ostean gutxiengoan gobernatzera eraman duen egoera. "Egoera berri horretan, opo...

MAZARREDOKO ATERPETXEA, ZABALIK

Eguaztenean ireki zituen ateak Bilboko Udalak Mazarredon duen etxerik bakoentzako aterpetxeak. Datorren urteko apirilera bitartean egongo da zabalik. 50 lagunentzako lekua dauka, eta hotzaldi gogorretan beste 50 lagun ere har ditzake. Iaz, 396 pertson...

Etxe kaleratuei Elizaren etxeak uztea proposatu du Bizkaiko Abadeen Foroak

Bizkaiko Abadeen Foroak etxetik kaleratu dituzten familiei Elizak hutsik dituen etxebizitzak utzi nahi dizkie. Mario Izeta Bilboko gotzainari igorritako gutun ireki baten bitartez egin du eskaera elkarteak; 2010ean sortu zuten, eta 60 apaiz inguru biltzen ditu.

Hasteko, "hutsik dauden, hustu litezkeen edo pertsona batzuei bigarren etxebizitza gisa alokatuta dauden abadetxeen zerrenda" egiteko eskaera egin diote. Lan hori "epe laburrean" egin beharrekoa dela deritzote, gainera. Etxe horiek euren etxebizitzatik kaleratu dituzten familia batzuei "berehala" erabili ahal izateko eskaintzea nahi dute.

Proposatutako jarduera martxan jarri ostean, Elizako beste erakundeei —erlijioso zein laikoei— egitasmo horrekin bat egiteko deia egitea galdegin diote Izetari. Azkenik, etxebizitza kopuru handi bat betetzen hasi dela baiezta daitekeenean, "bigarren etxebizitza edo etxeak hutsik dauzkaten pertsonei ere egitasmo horrekin bat egiteko" deia eiteko proposamena egin dute.

Bilboko Elizbarrutiak, modu horretan, etxe kaleratzeen arazoari irtenbide bat ematen laguntzen duela deritzo foroak, "behin-behinekoa, behintzat". Horrez gain, beharrezkotzat jo dute krisi ekonomikoa bultzatu duten arrazoiak salatzea ere.

Etxe kaleratzeak krisi horren ondoriorik larrienak direla deritzo Bizkaiko Abadeen Foroak. Eta egoera hori are larriago bihurtu dela adierazi dute azkenaldian gertatutako suizidioak gogora ekarrita.

Etxe duin baten alde

Hainbat gizarte eragilek manifestazioa iragarri dute biharko Bilbon, herritar orok etxebizitza duin bat izateko duen eskubidea aldarrikatzeko. Horrez gain, etxe kaleratze guztiak behin betiko bertan behera uzteko eskatuko dute. Etxebizitza Publikoaren Institutu baten sorreraren beharra ere aipatu dute deialdia egin duten taldeek, besteak beste, ELAk eta LABek. 17:30ean aterako da manifestazioa, Jesusen Bihotza plazatik.

Foru aldundiko sailek %10,3 gutxiago izango dute 2013an gastatzeko

Bizkaiko Foru Ogasunak datorren urtean 6.220,6 milioi batuko dituela aurreikusi du. "2006ko mailara itzuliko gara", azaldu du Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak. Diru kopuru horrekin 2013ko Bizkaiko aurrekontu orokorrak osatu dituzte: ia 4 milioi EAEko finantza egiturarako, 406 milioi kupo bidez Espainiari ordaintzeko —aurten baino ia %81,2 gehiago—, 743 milioi Udalkutxarako eta beste zazpi Bizkaiko Batzar Nagusietarako. 1.435 milioi geratuko zaizkio, bada, Bizkaiko Foru Aldundiari, eta horietatik ia herena langileen gastuetarako eta zorra amortizatu zein interesak ordaintzeko izango da. Hala, foru aldundiko zortzi sailek 1.000 milioi eskas izango dituzte; aurten baino %10,3 gutxiago.

Bilbaoren esanetan, "aurrekontu gogorrak, doituak baina posible bakarrak dira" atzo aurkeztu zituenak. Ahaldun guztiek babestuta agertu zen prentsa aurrera. "Pertsonen bizi-kalitatea bermatzea, enplegua sortzea eta inbertsioen bidez ekonomia suspertzea da gure lehentasuna".

Kolperik latzena Ingurumen eta Kultura sailek hartuko dute. Biek aurtengoaren aldean %25,8ko beherakada sufrituko dute. Hala ere, Bilbaok Kultura Sailekoa honela justifikatu du: "Aurtengo diru sorta handiagoa izan da Euskalduna jauregia handitzeko lanengatik ordaindu beharrekoa ere barnean zegoelako. Beraz, aurtengo aurrekontuari hori kenduz gero, Kultura Sailak izango duen benetako beherakada %11,50ekoa izango da".

Gizarte Ekintza Sailak jasoko du zortzi sailek duten aurrekontu erabilgarritik %43,5. Hor ere bada jaitsiera: %2,7, hain zuzen. Besteak beste, Adineko adinekoentzako bidaia programa bertan behera geratuko da 2013an. Lankidetzarako eta aukera berdintasunerako programen aurrekontua ere %45 txikituko dute. Azkenik, lehen mailako menpekotasuna dutenentzako laguntzetan ere aldaketa iragarri du. Berez, Espainiako Gobernuak ordaintzen zuen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak banatu. Mariano Raxoi presidenteak bertan behera utzi zuen laguntza hori, behin-behinean. Aurten, Bizkaiko Foru Aldundia egin da horien kargu ere. Datorren urtean, ordea, ez du halako asmorik. "Bigarren eta hirugarren mailako menpekotasuna dutenek berdin jasotzen jarraituko dute".

Ondare zerga berritua

Asteon ondarearen gaineko zerga berriaren aurreproiektua ere aurkeztu du Bilbaok berak, herenegun egindako agerraldian. Azken bi urteetakoa urte bukaeran iraungiko da. 2013an indarrean sartu beharko lukeen zerga berriaren bitartez 75 milioi euro biltzea aurreikusi dute; aurten baino 20 milioi gehiago, hain zuzen ere. 7.500 zergadunen ekarpenak jasoko dituzte ondarearen gaineko zergaren bitartez, aurten baino 2.000 herritar gehiagorenak. 800.000 eurotik beherako ondasunak zerga horretatik salbuetsita geratzen dira, eta diru sarrera handienak dituzten zergadunentzat, gehienezko %2ko tarifa ezarri dute. Bilbaok esan zuen aberastasun gehien dutenek Gipuzkoan ordaindu beharko luketen baino gehiago ordainduko dutela Bizkaian. "Propaganda ofizialak bestela dioen arren, aberatsenek gutxiago ordainduko dute Gipuzkoan", esan zuen, Bilduri aipamen eginez. Ohiko etxebizitzari dagokionez, bestalde, 400.000 eurotik beherakoak salbuetsita daude. PFEZ eta ondarearen gaineko zergaren aitorpena batera egiteko muga, bestalde, %60tik %65era igaroko da.

Bilduk begi onez ikusi du EAJren aurreproiektua. "Jeltzaleek diskurtsoa aldatu dute; politika orokorreko bilkuran gure progresibitate fiskala demagogikotzat jo zuten", gogoratu dute.

Herdoilduta jarraituko du

Urte hasieran polemika piztu zuen proiektu bat bertan behera geratu da: Abadiñoko Atxarte eta Atxa Txikiko harrobiak berreskuratzeko Adifek —Espainiako trenbide azpiegiturak kudeatzeko enpresa—egindako proiektua ez da gauzatuko. AHTaren hondakin lurrekin harrobiak betetzeko plana "baztertuta" dagoela adierazi du Abadiñoko alkate Jose Luis Navarrok (Abadiñoko Independenteak).

Hortaz, oraingoz, harrobiak bere horretan mantenduko dira. Navarrok esan du ez duela "bakarrik" proiektuarekin aurrera jarraituko. Haren ustez, aukera paregabea zen harrobiak lehengoratzeko: "Gure alderdiaren ustez, proiektu egokia zen; dirurik gastatu gabe harrobiak berreskuratzeko aukera galdu dugu".

Abadiñoko alkateak azpimarratu du proiektua harrobiak "berreskuratzeko" zela, eta ez abiadura handiko trenaren lanen hondakinentzat zabortegia egiteko. Hain zuzen ere, horixe izan zen polemikaren arrazoietako bat; Adifek aurkezturiko proiektuaren interesak benetan zein ziren argi ez egotea, alegia.

"Hasieratik ikusi genuen AHTaren hondakinen hondakindegi bat egiteko proiektua zela", esan du Aitor Azueta Bilduko zinegotziak. Haren ustez, berreskuratze moduan "saldu" nahi izan zuten proiektua. Hori ez dela modua nabarmendu du Azuetak: "Ez da normala enpresa batek harrobiak berreskuratzeko proiektu bat aurkeztea".

Ildo beretik mintzo da Eneko Etxebarria zinegotzi jeltzalea: "Gure ustez, ez da izan harrobiak berreskuratzeko proiektua; Adifen nahiak betetzeko proiektua baizik". Abadiñoko "herriaren interesei erantzuten dien proiektua izan beharrean enpresa jakin baten interesen mendeko proiektua" dela argi dute.

Halaber, eztabaida piztu zuen Ingurumenaren Eraginerako Azterketak ere. Abadiñoko Udalak Eusko Jaurlaritzari Adifen proiektua aurkeztu zionean, Jaurlaritzak esan zuen ez zela beharrezkoa azterketa hori egitea. Eragina "gutxienekoa" izango zela argudiatuz hartu zuen erabakia gobernuak.

Alabaina, erabakiak hautsak harrotu zituen. Izan ere, Urkiolako Parke Naturalaren barruan daude harrobiak. Oposizioko alderdiek ez ezik, Bizkaiko Foru Aldundiak ere adierazi zuen ezinbestekoa zela Ingurugiroaren Eraginerako Azterketa egitea.

Alkateak dio "ingurura egokitutako" proiektua zela. Azaldu du, Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko onespena zuenez, ez zuela uste Urkiolako Parke Naturalari kalterik egingo zionik.

Auzokoekin berba egin ez izana ere gaitzetsi du oposizioak. Etxebarriak dioenez, Mendiolako auzotarrekin ez da hartu-emanik egon; ez zaie informaziorik eman. Gogoratu du beraiek jasan zituztela ustiapenaren ondorioak eta, orain, zerbait egiteko asmoa badago zentzuzkoa dela haiekin berba egitea.

Harrobien etorkizuna

1990eko hamarkada erdialdean amaitu zen harrobietako jarduna. Ordutik, makinaria zaharra bertan dago. Herdoilduta daude kamioiak, eta askoren lekuan gurpilak baino ez dira geratzen. Garai bateko jardunaren lekuko isilak balira bezala.

Abadiñoko Bilduk eta EAJk uste dute Atxarte lehengoratzea alkateak uste duen baino diru gutxiagorekin egin litekeela. Diotenez, irtenbiderik merkeena eta egokiena harrobia txukuntzea da. Ustiatzen zuen enpresak eginiko hormak bota eta makineria eta burdineria guztia ateratzea proposatzen dute, gero ingurua garbitzeko.

Azuetaren arabera, urtero berreskurapenerako diru kantitate jakin bat utzita, arazoa konpon liteke, baina, haren ustez, ez dago horretarako borondaterik. "Alkateak dio 3 milioi euro behar direla berreskuratzeko; gure ustez, ez litzateke 200.000 eurora helduko".

Etxeberriarentzat ere ez da beharrezkoa dirutza gastatzea harrobiak lehengoratzeko. Gainera, bi zatitan egin daitekeela dio: hasieran dena atondu, eta, beranduago, zuloak bete. "Baina zuloak soilik, ez Adifen proiektuan zehazten zen moduan dena bete".

Gaur-gaurkoz, harrobien geroa zalantzan dago. Etorkizunak argituko du Atxarte eta Atxa Txiki harrobien patua. Hogei urtez abandonaturik egon den eremuan gizakiak utzitako arrastoa desagertuko da noizbait. Orduan, haitzetako kolore grisa bakarrik nabarmenduko da; makineriaren herdoil kolorerik gabe.

Deslokalizazioen ehunka biktima

Elkarren ondoan daude Galdakao eta Basauri. Nerbioi eta Ibaizabal ibaien ertzetan, industrialde garrantzitsua dute biek ala biek. Eskualde horretan, baina, langabeziak gogor jo du azken hilabete eta asteetan. Aurrena, Sidenorrek enplegua erregulatzeko txostena aurkeztu zuen, eta bi txandatan etenaldiak egin zituen, joan diren abenduan eta otsailean, Etxebarri eta Sestaoko lantegietan. Etxebarrikoan, adibidez, 700 behargin geratu ziren etxean. Hurrena, Formicak Galdakaon duen lantegirako beste txosten bat aurkeztu zuen zuzendaritzak: 169 kaleratze. Azkena Bridgestone izan da: 216 behargin kaleratzeko asmoa agertu du zuzendaritzak, aurtengo lehen seihilekoan izan dituzten irabaziak iazko epe berberean baino %39 handiagoak izan diren arren. Horietatik 184 Basauriko lantegiko beharginak izango dira, eta beste 32ak, Usansolokoak (Galdakao). Kaleratzeak abenduaren 15etik urtarrilaren 15era egingo lirateke.

Basaurik 42.017 biztanle ditu erroldan, eta 3.881 langabe urriko datuen arabera. 2010ean, 1.900 ziren. Galdakoztarrak, berriz, 29.049 dira; horietatik 2.177k ez zuen beharrik urrian. Duela bi urte, 1.200 lagunek osatzen zuten langabeen taldea. Eta gorakadak ez dauka etenik. Joan den hilean, langabeziak %3,11 egin zuen gora Basaurin. Galdakaon, berriz, %4,11.

Ezinegona eta haserrea nagusi dira herri bietan. Bridgestonek hartutako erabakia ez dute ulertzen. Zuzendaritzaren esanetan, azken urteetan pneumatikoen eskaerak izan duen beherakadak behartu ditu erabaki hori hartzera. Bizkaiko bi lantegi horietan eta Espainiako beste bitan kaleratzeak aurreikusi dituzten, baina Hungariako lantegian 267 milioi euroko inbertsioa egitea erabaki dute. Zertarako? Ekoizpen gaitasuna hirukoizteko. Sindikatuek argi ikusten dute koherentzia falta: "Eskaera gutxi bada; zertarako hirukoiztu behar da Hungariako ekoizpena?", hausnartu du UGT sindikatuak. Haien ustetan, galdera horren erantzuna argia da. Enpresak kostuak merkatzea baino ez du buruan, eta hori errazagoa du ekialdeko eskulan merkearekin.

Langile batzordeak deituta, beharginak gaur dira elkartzekoak Basauriko lantegian. Datozen egunetan zer egin erabaki behar dute, haserrea nola agertu. Enpresak hitzeman die ez dutela lantegirik itxiko, denei eutsiko dietela. Baina beharginek ez dute gura enplegua desegiterik. Sindikatuetako batzuek, egungo lantaldeari osorik eusteko eskatzen dute; besteak, kaleratzeak ahalik eta gutxien izatearekin konformatzen dira.

Beharginak, gainera, ez daude oso pozik sindikatuok egiten duten lanarekin. Herenegun, 300 behargin inguruk elkarretaratzea egin zuten, ez daudelako ados negoziazioak langile batzordearen eta enpresaren artekoak izatearekin. Esan dute erabakiak beharginen batzarraren oniritzia behar duela. Beharginen %33k eskatu beharko lukete batzarra, egin ahal izateko.

Beste proiektuei ateak itxi

Formicako auzia ere deslokalizazioarekin lotu dute denek. Galdakaoko Tokiko Garapen zinegotzi Fernando Eizagirrek argi dauka: "Kasu nabarmena da; ez daukagu zalantzarik. Ikusiko dugu zer plan dituen Valentziako [Herrialde Katalanak] lantegirako, baina esango nuke ekoizpen osoa hara eraman gura dutela". Langile batzordeak asteon salatu du enplegua erregulatzeko txostena EAEko Auzitegi Nagusian. Beharginek protesta itxialdia hasi zutenetik 59 egun beteko dira gaur. Sindikatuek salatu dutenez, enpresak eginak ditu kaleratze gehienak.

Martitzenean elkartu zen Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia Batzordea. Imanol Pradales Ekonomia Sustapenerako foru ahaldunak egin zuen berba. Haren esanetan, Zelanda Berriko Fletcher Building multinazionalak —Formicaren jabeak— uko egin zion Euskal Herriko inbertitzaile batzuk laguntzeari lantegiari eusteko. Inbestitzaile horiek proiektu berri bat zuten lantegi horretarako, baina martxan jartzeko, Formicaren jabeen oniritzia behar zuten, eta ez zieten eman gura izan. Pradalesek azaldu du uztailean Eusko Jaurlaritzako, foru aldundiko eta Galdakaoko Udaleko ordezkariak jabeekin berba egitera joan zirela, eta ekoizpenari eusteko jaso zitzaketen diru laguntzak zein ziren azaldu zitzaiela. "Baina alferrikakoa izan zen".