Sailkatugabeak

Karrantzan orain alkate Palacio da, Martin kargurik gabe laga ostean

Iragarrita zegoen bezala, Karrantza Zabala eta Bildu koalizioak elkarrekin adostu eta mozio bat bozkatu zuten joan den eguaztenean, eta, aurrerantzean, Raul Palacio —Karrantza Zabala taldekoa— izango da alkate berria. EAJko Jose Maria Martinek zuen orain arte kargu hori, baina, oposizioak EAJren taldeak baino zinegotzi bat gehiago izanik, mozioa aurrera atera zen.

Oposizioko alderdiek alkateari "dekretu bidez" jardutea leporatu diote. Horrez gain, mozioa aurkeztu zuten egunean azaldu zuten udalak egindako "oso kudeaketa txarraren" adibiderik argiena Karrantzako minda planta dela.

EAJk, berriz, Karrantza Zabala alderdiaren "botere nahia" salatu du. Nahi hori herriaren "interes orokorraren gainetik" jartzea leporatu dio, eta Jose Maria Martin Iparragirre alkate jeltzaleari babesa agertu dio. Minda plantaren aurka egin dizkieten salaketei dagokienez, Karrantza Zabalak "proiektu gakoen aurka darabilen politika ezkutatzeko kezko hezi bat" baino ez direla deritzo EAJk.

Bilduk, bestalde, ezeztatu egin du komunikabideetan Karrantzako euren zinegotziari buruz agertutako informazioa. Zabaldutako zurrumurruen arabera, Bilduk baimena kendu behar zion EAJren aurkako zentsura mozioa babestu duen zinegotziari. Bilduk Karrantzan duen zinegotziak "koalizioaren babes osoa" duela adierazi dute. Hango Bilduren erabakiak herrialdean bultzatu diren egitasmoekin koherenteak direla diote.

“Arraina zirri-zarra ibilian hasten denean apurtzen da sare gehien”

Ume-umetatik portura joan-etorrian ikusi dute ondarrutarrek Maite Burgoa San Severino (Ondarroa, 1953). 33 urte zeuzkanetik sareak konpontzen ditu, eguna joan eta eguna etorri. Lan gogorra izanda ere, maite ditu arrantza sektoreagaz lotuta dauden ofizioak. Izaera handiko emakumea dela igarri-igarria da beragaz berba egitean.

Bost saregile daude gaur egun Ondarroako portuan, eta premia dagoenean beste bi lagunen laguntza edukitzen dute. Bat edo bat gaixotzen bada, esku biren falta segituan igartzen den horietakoa da euren ogibidea. "Guztiek egiten dute falta".

Saregile eta Kai Neskatilen Euskadiko Elkartean daude sartuta orain dela bost bat urtetik, Hondarrabitik hasi eta Bermeora arte, eta lortu dituzten gauza guztiak elkartearen bitartez egin dira. Ordura arte, inork ez zien jaramonik egiten, Burgoak esan duenez.

Azken lorpena: moilan aterpea eskainiko dien 72 metro koadroko etxetxoa. Arrantzaleei ateak txikiegiak irizten zaizkie, baina "ibiliak emango du erakutsia". Aterpean egongo dira, eta hori da garrantzitsuena, haizeari aurre egin beharrik barik. Euriari aurre egin behar barik. Eguzkiari aurre egin behar barik.

Gure Argia izan zen etxean eduki zuten azken txalupa. Hantxe hasi zen Burgoa 16 bat urtegaz. Aitak ez zekien gazteleraz, eta estamentu askotara joan behar izaten zuen. Hori horrela, itzultzaile lanak egin eta txalupa egiteko prozesu guztian lagundu zion.

18-20 urtegaz konpondu zituen estreinako sareak. Amak egiten zuen aurretik, eta, hari laguntzeko, lanetik kentzeagatik hasi zen ofizioan. Gehienak horrela hasi zirela dio Burgoak, familiak txalupa eduki eta etxekoei laguntzeagatik. Hori ez eze, edozer egiteko prest egon da beti: mariñelen partillak, neskatilatzea, arrantza, denetarik egin izan du, etxean lan guztiak egiten diren moduan. Horrelantxerik.

Ordundik, itsasoari lotuta bizi da, errotik lotuta bizi ere. Ordutegi barik, denbora guztian herriari lotuta, itsasora begira.

Itsasora ere joan zen behin baino gehiagotan, Gure Argia egin eta segituan. "Pentsa baino beranduago amaitu zuten ontzia, eta mariñelak, ordurako, beste txalupa batzuetan sartuta zeuden. Iraila zen. Lehen irteera bietan helizeak harrapatuta etorri zen Gure Argia". Aitari esku bat botatzera joan zen orduan ere. Denetarik egin zuen: arraina kaxetan ipini, zubian egon, sareak konpondu...

Lan fisikoak dira arrantzaren sektoreari lotutakoak. Emakumeek egiten dituzte lan asko eta asko. Eta beti daude kanpoan, babesik barik, moilan. Eguraldia edozelakoa dela, kanpoan. "Emakumeak Ondarroan, portuan, astoak modura egin izan du beharra. Andre gogorrak izan dira, aurrera egitekoak. Isilik egin izan dute lan, gizonen atzean".

Eskertzeko aitorpena

Portuko biribilgunean monumentua ipini zutenean, asko poztu zen Burgoa, lehengo emakumeek egindako lana aitortzeko delako. Izan ere, oso gogoan dauka sasoi bateko emakumeek egiten zuten beharra. "Txiki-txikia nintzenean, 7 urtegaz-eta, han egoten ziren andreak portuan. Izotz fabrikaren parean, patio antzeko bat zegoen, eta hantxe ibiltzen ziren sareak konpontzen, aterpe barik. Amagaz joaten nintzen, eurei txokolatea-eta eroatera", gogoratu du.

Gure Argia saldu zenean sartu zen buru-belarri saregileen munduan. 33 bat urte zeuzkan. "Dena lagatzea" pentsatu zuen orduan, portuari lotutako guztia laga eta beste bide batetik joatea. Gizonaren partetik, baina, Lau Anaiak itsasontzia zeukaten. Jarraitzea erabaki zuen, eta gaur arte.

Erretiroaz galdetuta, 67 urtera arte lan egin beharrak kezka eragiten dio. "Ez dakit zelan amaituko dugun holako lanagaz".

Ongi Etorri eta Lau Anaiak herriko baxurako itsasontzientzat egiten dute lana sare konpontzaileek, eurek daukate lehentasuna. Gero, gainerako lan guztia kanpotarrentzat egiten dute: "Kantabriarrentzat asko, santoñar eta laredotarrentzat urte sasoi honetan. Berdel eta antxoa sasoian, Galizia, Asturias eta Kantabriako pilo bat txaluparentzat".

Telefonoz jasotzen dute beharrerako abisua. "Beti egon behar dugu lanerako prest, beti gaude sakelako telefonoak noiz joko". Beti lotuta, laneko ordutegirik barik. Holantxerik joaten zaizkie orduak. Antxoa sasoian, berdel sasoian, sarri 12:00ak aldera sartzen dira txalupak. Ezin dute, hortaz, eguna antolatu. Kontrara, egunerokotasuna lanaren arabera moldatu behar dute.

Eskuz egiteko lana

Sareek normalean konponketa handiak behar izaten dituzte, eta beti ez dira etortzen berdin apurtuta: batzuetan zuzen, besteetan alderdika, apurketa zegaz egin den, horren arabera konpondu behar da, zatia ondo garbitu eta paino ahalik eta gutxien gastatuta.

Painua sare zatiari esaten diote. Piezak fabrikatik datozenean metro askokoak izaten dira, 800 bat metroko luzerakoak, 1.800 bat mailakoak, portuan ikusten diren handi horiek. Lan fina da saregileek egin behar dutena. Eta mekanizatzeko ahaleginen bat edo beste egin izan bada ere, eskuz egitekoa da.

Ibilian apurtzen dira gehien sareak, Burgoak azaldu duenez. Neguan, esate baterako, mugimendu handirik ez dute ibiltzen itsasontziek. Mugimendu handiak hasten direnean, "antxoa eta berdela zirri-zarra hasten direnean", orduantxe izaten dira apurketa gehien. "Arraina badago eta badabil, orduantxe izaten dira gorabeherak".

Hori horrela, otsail erditik ekainaren erdira arteko hilabeteak dira lan handienekoak. Ekainaren amaieran, hegaluzetarako hasten dira prestatzen arrantzaleak. Eta hori sasoi lasaiagoa da, sarea haztegietarako karnata egiteko baino ez dute erabiltzen eta.

Ondarroako saregileek 60 urteren bueltan dauzkate. Eta argi daukate: "Ondarroako portua, etorkizunean lehiakorra izan behar badu, beti egingo dute falta saregileek". Zerbitzua bermatu beharko da, itsasontziak Ondarroako portura etortzea nahi bada.

Eta portua atzean laga eta bere etxeko epelera sartzen den egunean, beragaz amaituko da ofizioa. Alabek beste bide bat hartu dute, itsasotik apartekoa. "Bakoitzak gustatzen zaiona egin behar du", onartu du Burgoak.

Arratiak bosgarren edukiontzia jarriko du urtarrilean

Arratiako Udalen Mankomunitateak prestatu gabeko hondakin organikoak biltzeko edukiontzi marroia jartzea erabaki du. Arantzazun, Areatzan, Bedian, Diman, Igorren, Lemoan, Ubiden eta Zeanurin egongo dira, gainontzeko edukiontzien ondoan. Osotara, 80 iz...

Bukatu da Bilboko Portuko garraiolarien greba

Bilboko Portuko garraiolari autonomoek duela hiru aste pasatxo abiatu zuten greba bertan behera uzteko erabakia hartu zuten joan den martitzenean. Kamioilariek zerbitzua ematen dieten enpresek hilabeteren buruan sektore horretako lan baldintzak arautu...

Abade etxeen %30 daude herritarren esku

Elizbarrutiaren Egunaren harira, Mario Izeta Bilboko gotzainak Elizbarrutiko diru kontuen berri eman du. Bizkaiko Abadeen Foroari erantzunez, abade etxeen egoera azaldu du. 460 dira. Horietatik herenak "behartsuenen esku utzita daude", 82 "errenta bax...

Baietz hamabi orduz euskaraz bizi

Basaurin bizi diren euskal hiztunek eguneroko bizimoduan euren hizkuntzan berba egiteko aukerarik ez dutela ikusita, elkartu eta egun batez euskarari merezi duen lekua emateko Basaurin Be Bagara ekimena antolatu dute erronka batekin: Baietz 12 orduz euskaraz egitea lortu. Datorren asteko domekan ikusiko du argia asteetan hainbat elkarte eta kolektibotako euskaltzaleek landu duten jaialdiak. Abenduaren 2an, Euskararen Egunaren bezperan, hamabi orduz —08:00etan hasi eta 20:00etara bitartean— hainbat jarduera izango dira, betiere, euskaraz. Euskal hiztunen topagunea Euskararen herri krossa bihurtuko da, beraz, Basauriko Solobarria plazan.

"Euskaldun kopuruari dagokionez, asko garela jabetu ginen, Euskarabila elkarteak eta hainbat euskaltzalek Topagunearen laguntzarekin egindako azterketa baten bitartez, baina, oso sakabanatuta geundela", azaldu du Karmele Albisu elkarte horretako eta Basaurin Be Bagara ekimeneko kideak. "Beraz, jaialdia aitzakia bat zen arlo askotan gabiltzan euskaldunon arteko topagune bat osatzeko eta elkar ezagutzeko", adierazi du.

"Basaurin ez daukagu euskaraz bizitzeko aukerarik; elkartuta bageunde eta elkar ezagutuko bagenu, gehitu egingo lirateke aukera horiek", iritzi dio. "Horregatik bota genuen erronka hori: Egun oso batean ea gai garen edozein motatako jarduerak euskaraz gauzatzeko".

Abenduaren 2ko egun hori abiapuntua besterik ez izatea dute helburu Basaurin Be Bagara ekimeneko antolatzaileek, euskararen sugarra piztuko duen txinparta, hain zuzen.

Mobilizazio handia eragin du herrian jaialdiak. Hainbat elkarte, eragile, taberna, merkatari, kolektibo eta norbanakok hartuko dute parte, modu batean edo bestean, euskararen aldeko topagunean. "Egitarauari erreparatuta, badirudi elkarte gutxi batzuk baino ez daudela, baina bazkaria prestatzeko, orduro izango diren abesti saioetan eta hainbat jardueratan parte hartze handia izango da", argitu du.

Izan ere, egitarau zabalaz gain, berezitasunak ere badaude. Besteak beste, bideo batean euskaldunen atxikimenduak jaso dituzte: Neu be banaz, eta zu? leloa abiapuntu modura hartuta, hainbat herritarrek atxikimendua eman diote ekimenari.

Horrez gain, Dangiliske folk taldeak Basaurin be bagara abestia sortu du, propio, egun horretarako. Kanta hori orduro interpretatuko dute kultur talde, eragile eta bestelakoetako kideek oholtza gainean. Interpretazio horiek eurak ere ekimenarekin bat egiten dutela azaleraziko dute. Kirol elkarteak, eragile sozialak —sindikatuak, auzo elkarteak...—, emakumeen mugimenduaren alorrekoak, merkatariak... Denetarikoak igoko dira oholtzara.

'Flashmob'-a, gaur

Antzart dantza taldeak, berriz, flashmob bat prestatu du. Entsegu orokorra gaur bertan egingo dute, 18:00etan, Solobarria plazan. Ondoren, ekimenaren aurkezpena egingo dute Bolintxu euskaltegian.

Bestalde, Artunduaga atletismo taldeak antolatuta, 12:00etan hasita, ordu erdiro talde bat aterako da korrika kirol elkartekoek prestatu duten zirkuitu baten barruan. Talde bakoitzak letra bana eramango du. Guztira, hamasei korrikaldi egingo dituzte, 20:00etara bitartean. Aurreikusitako erronka betetzen bada, 20:00etan Solobarria plazan prestatutako eremu batean Basaurin Be Bagara irakurri ahalko da taldeek batak bestearen atzetik eramandako letrekin eratuta.

San Faustin entzierroa

Euskaraz bizitzeko euskarazko egunkari baten garrantzia berebizikoa dela jabetuta, BERRIA egunkariaren aldeko entzierroa antolatu dute, bestalde, San Faustin taldeko kideek. Santuari ez diote kanturik egingo. Egunkariari berari kantatuko diote entzierroa abiatu aurretik, Bizkaiko Hitza astekariaren ale bat eskuan hartuta, berau korrituko dutenek. Horretarako propio beste abesti bat prestatu dute. Egun osoan zehar musika euskalduna jarrita izango dute, gainera, herriko hainbat tabernak.

Jaialdi guztiko jarduera guztiak auzolanean prestatutakoak dira, baina udalaren babesa ere izan dute. Horri deritzote biderik egokiena: "Aproposa da euskaldunen artean ezagutza hori bermatzeko eta euskaldunak ez direnen begietan ere euskaldunak beste modu batean ikusteko. Ondo pasatzen dugu, denetarik egin dezakegu, eta, egun horretan, euskalduna ez dena ohartuko da euskaraz baleki, hobeto aprobetxatuko lukeela egun hori", azaldu du egitasmoko kide Ludi Viguerak.

Jaialdiaren bukaera aldean ekitaldiaren balorazioa egingo dute antolatzaileek. Eurak ere ezagutzen ez duten ezustekoren bat edo beste izango dela iragarri dute, gainera.

Aurreiritziak alboratzeko bidaia bat

Nazioarteko agenda politikoan Iranen programa nuklearra gori-gori dagoen gaia da. Mendebaldeko herrialdeetako komunikabideek egunero egiten dute berba pertsiarren lurraldeaz, eta Iñigo Azkona (Bilbo) eta Pablo Gonzalez (Nabarniz) kazetari bizkaitarrek hurbiletik ezagutu gura izan dute munduko lekurik gatazkatsuenetako bat den hura. Azkonak azaldu duenez, "ezusteko edarra" hartu zuten Iranera heldutakoan, herriaren benetako izaera komunikabideek erakusten dutenaren oso desberdina baita. "Diskurtso ofizialaren azpian ezkutatzen dena ezagutzeko aukera izan genuen", dio.

Irango Gobernuaren eta herriaren artean alde handia igarri zuten kazetariek. Gobernuaren neurriak oso zorrotzak dira, baina herritarrek bizimodu normal bat daramate estatuaren neurriak alboratuta. "Kapitalismoaren kontrako diskurtso baten bila joan ginen, baina ez dugu aurkitu erregimenaren alde berba egin duen pertsonarik", azaldu du Azkonak. Hala, harrituta bueltatu dira etxera, inguru gatazkatsu batera zihoazela uste zuten eta.

Ormuzko itsasartera joan zirenean ere, biztanleak oso lasai bizi direla ikusi zuten. Lantzean behin AEBetako ontziak ibiltzen dira handik, baina herritar arruntek ez diete jaramonik egiten maniobra militarrei.

Euskal Herrian bezala gertatzen da kazetari bilbotarraren ustez. "Komunikabideetan egunero agertzen ziren gatazka irudiak, eta kanpotarrek arriskutsu zela pentsatzen zuten. Ikaragarria da komunikabideek izan dezaketen eragina", dio.

Kazetari bilbotarrak dioenez, irandarrak aiatolen erregimenaren kontra daude, baina beldur handia dute estatuak errepresioaren bidea hartuko duela baitakite. Hala, oraingoz behintzat, ez dute estatuari aurre egiteko modurik, iraultza ez baita aukera bat Pertsiako biztanleentzat.

"Irandarren ustez, petrolioaren jabeek kontrolatzen dute lurraldea, herritarren beharrizanei erreparatu barik. Mendebaldeko herriek ezarritako isunek hango ekonomiari eragin diote dagoeneko, eta bizi-baldintzak okertu egin dira; agintariek, berriz, programa nuklearra sustatzen dute", adierazi du.

Emakumeen artean, esaterako, zapiagatik igar daiteke nortzuk dauden erregimen zorrotzaren kontra. Gobernu ildoaren alde daudenak aurpegia estalita doaz, baina gutxiengoa direla dio Azkonak. Izan ere, emakume gehienek zapi txikia daramate, eta aurpegia agerian. "Bitxikeria dirudi, baina erregimenaren kontra egiteko modua zirudien".

Bidaian ezagutu zituzten irandarrak oso atseginak izan ziren, eta, gainera, zenbaiten bizimodua gertutik ezagutzeko aukera izan zuten kazetariek. Gau batean, hango familia bategaz afaltzeko aukera izan zuten, eta ederto pasatu. "Esperientzia oso positiboa izan da, eta gomendatzeko moduko bidaia bat da".

Azkonak dioenez, biztanle gehienek badakite Iranek fama txarra duela atzerrian, eta, horrenbestez, harritu egin ziren bizkaitarrak turismoa egiten zebiltzala jakitean. Badaezpada, ez zuten esan kazetariak direla, baina, Azkonak argitu duenez, lan egiteko aukera ere izan zuten, guztia baitzen berria.

Errefuxiatuen gunean

Bidaiari bi hauen helburua Iran ezagutzea zen, baina hara heldu aurretik Turkian eta Kurdistanen ere ibili ziren. Hain zuzen, Ankaran hasi zuten bidaia, bertan Trans Asian tren famatua hartuta. Xede nagusia Teheranera trenez joatea zen hasieran, baina, ondo pentsatu ostean, Kurdistango Van herrian geratu ziren lehenengo.

Vanek lurrikara gogor bat jasan zuen duela urtebete, eta kazetariek hango herritarren bizi-baldintzak hurbiletik ikusteko aukera izan zuten. Azkonak nabarmendu duenez, "duela urtebete bezala daude". Herria guztiz suntsituta dagoela dio, baina Vaneko alkateak azaldu zienez, ez dute dirurik ingurua berreraikitzeko. Turkiako Gobernuak ez die batere laguntzen, eta, horrenbestez, errefuxiatu guneetan egoera larrian bizi dira.

Trenbideak, esaterako, oso txarrak dira, Azkonak dioenez. "Trenak orduko 20 kilometroko abiadura har zezakeen bakarrik".