Sailkatugabeak

Ehun tona elikagai biltzeko erronka gaur eta bihar

Bizkaiko Elikagaien Bankuak 3.061 tona elikagai banatu zituen iaz, 2010ean baino %18 gehiago. Orain lau urte, 17.000 bizkaitarri lagundu zieten, eta, gaur egun, 28.000ri lagundu diete. Krisia gero eta latzagoa da, eta gero eta elikagai gehiago behar d...

Udalkutxa bidez ordaindu gura du Bilduk udal zorra

BAKIO. Bizkaiko Foru Aldundiak Bakioko Udalaren (EAJ) defizita Kutxabanki 5 milioiko mailegua eskatuta konpondu gura izatea salatu du Bilduk. Koalizioaren ustez, epe laburrerako konponbidea da hori. Udalkutxak udalak behar duen dirua aurreratzea propo...

“Medikuntza, Odontologia eta Erizaintza Fakultateak Bilbon behar luke 2017an”

Carmelo Garitaonandia (Bilbo, 1949) EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordea da, eta abenduaren 4ko hauteskundeetan Iñaki Goirizelaiaren taldean aurkeztuko da, kargu berbera betetzeko. Errektore taldeko beteranoenaren gisa aurkeztu du bere burua. Horrek administrazio eta kudeaketa alorrean esperientzia handia eman diola dio.

Bada uste duenik hauteskundeetan hautagai bakarra egonik ez dagoela bozketarako arrazoi ugari. Zer deritzozu zuk?

Hala da. Hautagai gehiago egoteak bozkatzeko gogoa sustatzen du. Jendeak bataren eta bestearen programen berri izan nahi du, hautagaiak ere motibatzen ditu, baita gizartea bera ere, komunikabideak, iritzi publikoa... Askoz interes handiagoa pizten du kanpainak. Halere, askok ez dakite botoen herenak behar direla errektore taldea ateratzeko.

Uste dut abstentzio maila altua izango dela. Espero dut, baina, babesa emango diguten boto asko egotea. Oinarrizkoa litzateke EHUko errektoreak babes handia izatea, erakundeekin ordezkaritza adierazgarri bat izanik hitz egin ahal izateko; batez ere, Eusko Jaurlaritzarekin.

Ikasleen kezka nagusietako bat da unibertsitateak ez dituela behar bezala prestatzen lan mundurako. Zein neurri hartuko dituzue?

Inkestak egiten ditugu gure lizentziadunen jarraipena egiteko, lan merkatuan hiru urte bete ostean. Azken hiru urteetan, integrazio maila %90ekoa izan da, lehenengo sei hiletan. Lan baldintzei dagokienez ere, egokiak zirela ebatzi dugu. Baliteke datorren urtean emaitzak askoz ere txarragoak izatea, kontuan hartuta krisia 2008an hasi zela.

Guk esfortzua egiten dugu. Doktoretza aurreko bekak ditugu, ikerketa prozesuei jarraipena emateko. Atzerriko enpresetan lan egiteko bekak ditugu. Lanari ekiteko programak eta enpresa-mintegiak ere baditugu; Bizkaian hiru. Unibertsitateko Orientazio Zerbitzua eta enplegu gunea ditugu Bilbon eta Leioan...

Argi daukagu hezkuntzan eta ikerketan inbertitzeak garestia badirudi ere ez inbertitzea are garestiagoa dela. Ikusi dugu ladreiluak ez garamatzala inora. Gure gazteak hobeto prestatzeko lanetan eta ikerketa, transferentzia eta berrikuntzan inbertitzen dugun guztiak etorkizuneko gizartea eratuko dute.

Non dago gakoa?

Ikerketan, berrikuntzan, patenteetan, ezagutzaren transferentzian... Baita egiten ari garen apustuetan ere, besteak beste, Leioako Parke Zientifikoan: Plataforma Zientifikoarekin, Animalia Bioteknologia Zentroarekin, Biofisika Institutuarekin, animaliategia handitzearekin, martxorako martxan egongo den Titan mikroskopioarekin...

Partikula azeleragailuaren afera zertan den ere ez dakigu. 180 milioi euro behar zituen. Erdia Jaurlaritzak jarri behar zuen, eta bestea, Espainiako Gobernuak. Azken horren aurrekontuetan, baina, ez dute diru sailik aurreikusi. Gu ezin izango gara langileei dagokienez garapen bidean dauden herrialdeekin lehiatu, eta berrikuntza arloan ezinbestekoa da lehiatzea.

Beste alde batetik, Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Eskola Barakaldotik ateratzea ez dute oso begi onez ikusi bertan. Eta eskola zegoen eremuak berak, gutxienez, hezkuntza izaerari eustea gura dute. Zein asmo duzue?

Hasiera batean, unibertsitate ikasleentzako egoitza bat egiteko ideia neukan, eta eurak ere ondo iritzi zioten. Zein da arazoa? Hasteko, 14 milioi euroko inbertsioa behar du. Jaurlaritzarekin adosten den inbertsio plana 2017ra arte itxita dago. Beraz, Jaurlaritza berriak 14 milioi euro ematea oso zaila izango da. Bestetik, azterketa bat egin genuen ikasleen artean egoitza bat non gurako luketen jakiteko. %54k Bilbon nahi zuten, San Mamesen; %25ek, Leioan; %6k, Barakaldon, eta %5ek, Bilbon, baina Zorrotzaurren. Era horretako inbertsio bat egin behar bada, eta galdetutakoen %6k baino ez badute egoitza hori Barakaldon nahi, bideraezina da.

Bestalde, iazko ikasturtean Fisioterapia gradua sortu zen, eta Jaurlaritzak aurten Medikuntzako kopuru mugatua igo digu. Presio handia eragin du horrek osasun eta medikuntza alorretako graduetan. Horregatik planteatu genuen Erizaintza bideratzea Barakaldora. Azkenean, baliteke Fisioterapia eraman behar izatea. Aukera desberdinak aztertzen ari gara. Dena den, Jaurlaritzarekin adostuta daukagun Unibertsitate Planak aurrera egitea da gure asmoa. Beraz, 2017an Medikuntza, Odontologia eta Erizaintza Fakultatea eta Fisioterapia gradua Bilbon egon beharko lirateke.

Irailean martxan jarri zenituzten Industria Ingeniaritza Teknikoko eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko eskola berriak, lehen Bilboko Erakustazoka zegoen lekuan. Zein onura dakartza leku aldaketa horrek?

Casillako eskola oso hondatuta zegoela kontuan hartu behar da. Bestalde, polo teknologiko bat sortu dugu. Bertan, sinergiak sortuko dira hiru ingeniaritza eskolen artean —administratiboak, akademikoak eta irakaskuntza eta ikerketaren alorrekoak—, eta ingeniaritza gradu guztiak berregituratu ahal izango dira.

Dagoeneko behar bezala funtzionatzen dute instalazio berri horiek?

Guztiok nahi izango genukeen gauzak bikain zeudela hastea. Hala ere, eraikitze lanetan aurreikusi ezinezko gauzak gertatu ziren. Lanek uda aurretik bukatuta behar zuten, baina obra irailaren 17an entregatu ziguten, eta hil horren 24an hasi zen ikasturtea. Sarri esan dut ikusi nahiko nukeela zein enpresa pribatu den gai eraikinaren obra bat bukatuta eman eta zazpi egun geroago martxan hasteko.

Zeintzuk dira zuen lantaldeak berehala landu nahi dituen alorrak?

Batetik, Leioako campusaren berregituratzea amaitu. Liburutegiaren eraikina garrantzitsua da: Kafetegi berri bat jarriko dugu. Supermerkatu eta autoeskola bat nahi ditugu. Arte Ederren anpliazioa ere amaitu nahi dugu, baita errektoretzaren sarreraren erreforma ere. Inbertsioen planean sartutako beste bi alor Medikuntza fakultatea Basurtura eramatea eta Leioako ekialdeko aparkalekua eta autobus geltokia amaitzea dira.

Ikasleen Kontseiluekin batera, bestalde, ikasle etxeen proiektua ere garatu nahi dugu. Espaziook Mikel Laboa plazaren inguruan jarri nahi ditugu.

Parke Zientifikoa ere garrantzitsua da. Baliabide garrantzitsua izango da unibertsitateko ikerketak berrikuntzarekin eta ezagutza transferentziarekin lotzeko. Enpresen I+G zentroak bertan kokatzeko ateak zabal ditzake. Apustu garrantzitsu hori datozen bi urteetan gauzatuko da.

Plan horien guztien artean, zein leku egin diozue euskarari?

Bizkaiko hamalau zentroetan karrera edo gradu guztietan, derrigorrezko ikasgaiak euskaraz egin daitezke. Euskarak garapen txikiena graduondoko ikasketetan du. Luzatu egin dugu datorren urtera arte Euskararen Gida Plana.

Karrantzan orain alkate Palacio da, Martin kargurik gabe laga ostean

Iragarrita zegoen bezala, Karrantza Zabala eta Bildu koalizioak elkarrekin adostu eta mozio bat bozkatu zuten joan den eguaztenean, eta, aurrerantzean, Raul Palacio —Karrantza Zabala taldekoa— izango da alkate berria. EAJko Jose Maria Martinek zuen orain arte kargu hori, baina, oposizioak EAJren taldeak baino zinegotzi bat gehiago izanik, mozioa aurrera atera zen.

Oposizioko alderdiek alkateari "dekretu bidez" jardutea leporatu diote. Horrez gain, mozioa aurkeztu zuten egunean azaldu zuten udalak egindako "oso kudeaketa txarraren" adibiderik argiena Karrantzako minda planta dela.

EAJk, berriz, Karrantza Zabala alderdiaren "botere nahia" salatu du. Nahi hori herriaren "interes orokorraren gainetik" jartzea leporatu dio, eta Jose Maria Martin Iparragirre alkate jeltzaleari babesa agertu dio. Minda plantaren aurka egin dizkieten salaketei dagokienez, Karrantza Zabalak "proiektu gakoen aurka darabilen politika ezkutatzeko kezko hezi bat" baino ez direla deritzo EAJk.

Bilduk, bestalde, ezeztatu egin du komunikabideetan Karrantzako euren zinegotziari buruz agertutako informazioa. Zabaldutako zurrumurruen arabera, Bilduk baimena kendu behar zion EAJren aurkako zentsura mozioa babestu duen zinegotziari. Bilduk Karrantzan duen zinegotziak "koalizioaren babes osoa" duela adierazi dute. Hango Bilduren erabakiak herrialdean bultzatu diren egitasmoekin koherenteak direla diote.

“Arraina zirri-zarra ibilian hasten denean apurtzen da sare gehien”

Ume-umetatik portura joan-etorrian ikusi dute ondarrutarrek Maite Burgoa San Severino (Ondarroa, 1953). 33 urte zeuzkanetik sareak konpontzen ditu, eguna joan eta eguna etorri. Lan gogorra izanda ere, maite ditu arrantza sektoreagaz lotuta dauden ofizioak. Izaera handiko emakumea dela igarri-igarria da beragaz berba egitean.

Bost saregile daude gaur egun Ondarroako portuan, eta premia dagoenean beste bi lagunen laguntza edukitzen dute. Bat edo bat gaixotzen bada, esku biren falta segituan igartzen den horietakoa da euren ogibidea. "Guztiek egiten dute falta".

Saregile eta Kai Neskatilen Euskadiko Elkartean daude sartuta orain dela bost bat urtetik, Hondarrabitik hasi eta Bermeora arte, eta lortu dituzten gauza guztiak elkartearen bitartez egin dira. Ordura arte, inork ez zien jaramonik egiten, Burgoak esan duenez.

Azken lorpena: moilan aterpea eskainiko dien 72 metro koadroko etxetxoa. Arrantzaleei ateak txikiegiak irizten zaizkie, baina "ibiliak emango du erakutsia". Aterpean egongo dira, eta hori da garrantzitsuena, haizeari aurre egin beharrik barik. Euriari aurre egin behar barik. Eguzkiari aurre egin behar barik.

Gure Argia izan zen etxean eduki zuten azken txalupa. Hantxe hasi zen Burgoa 16 bat urtegaz. Aitak ez zekien gazteleraz, eta estamentu askotara joan behar izaten zuen. Hori horrela, itzultzaile lanak egin eta txalupa egiteko prozesu guztian lagundu zion.

18-20 urtegaz konpondu zituen estreinako sareak. Amak egiten zuen aurretik, eta, hari laguntzeko, lanetik kentzeagatik hasi zen ofizioan. Gehienak horrela hasi zirela dio Burgoak, familiak txalupa eduki eta etxekoei laguntzeagatik. Hori ez eze, edozer egiteko prest egon da beti: mariñelen partillak, neskatilatzea, arrantza, denetarik egin izan du, etxean lan guztiak egiten diren moduan. Horrelantxerik.

Ordundik, itsasoari lotuta bizi da, errotik lotuta bizi ere. Ordutegi barik, denbora guztian herriari lotuta, itsasora begira.

Itsasora ere joan zen behin baino gehiagotan, Gure Argia egin eta segituan. "Pentsa baino beranduago amaitu zuten ontzia, eta mariñelak, ordurako, beste txalupa batzuetan sartuta zeuden. Iraila zen. Lehen irteera bietan helizeak harrapatuta etorri zen Gure Argia". Aitari esku bat botatzera joan zen orduan ere. Denetarik egin zuen: arraina kaxetan ipini, zubian egon, sareak konpondu...

Lan fisikoak dira arrantzaren sektoreari lotutakoak. Emakumeek egiten dituzte lan asko eta asko. Eta beti daude kanpoan, babesik barik, moilan. Eguraldia edozelakoa dela, kanpoan. "Emakumeak Ondarroan, portuan, astoak modura egin izan du beharra. Andre gogorrak izan dira, aurrera egitekoak. Isilik egin izan dute lan, gizonen atzean".

Eskertzeko aitorpena

Portuko biribilgunean monumentua ipini zutenean, asko poztu zen Burgoa, lehengo emakumeek egindako lana aitortzeko delako. Izan ere, oso gogoan dauka sasoi bateko emakumeek egiten zuten beharra. "Txiki-txikia nintzenean, 7 urtegaz-eta, han egoten ziren andreak portuan. Izotz fabrikaren parean, patio antzeko bat zegoen, eta hantxe ibiltzen ziren sareak konpontzen, aterpe barik. Amagaz joaten nintzen, eurei txokolatea-eta eroatera", gogoratu du.

Gure Argia saldu zenean sartu zen buru-belarri saregileen munduan. 33 bat urte zeuzkan. "Dena lagatzea" pentsatu zuen orduan, portuari lotutako guztia laga eta beste bide batetik joatea. Gizonaren partetik, baina, Lau Anaiak itsasontzia zeukaten. Jarraitzea erabaki zuen, eta gaur arte.

Erretiroaz galdetuta, 67 urtera arte lan egin beharrak kezka eragiten dio. "Ez dakit zelan amaituko dugun holako lanagaz".

Ongi Etorri eta Lau Anaiak herriko baxurako itsasontzientzat egiten dute lana sare konpontzaileek, eurek daukate lehentasuna. Gero, gainerako lan guztia kanpotarrentzat egiten dute: "Kantabriarrentzat asko, santoñar eta laredotarrentzat urte sasoi honetan. Berdel eta antxoa sasoian, Galizia, Asturias eta Kantabriako pilo bat txaluparentzat".

Telefonoz jasotzen dute beharrerako abisua. "Beti egon behar dugu lanerako prest, beti gaude sakelako telefonoak noiz joko". Beti lotuta, laneko ordutegirik barik. Holantxerik joaten zaizkie orduak. Antxoa sasoian, berdel sasoian, sarri 12:00ak aldera sartzen dira txalupak. Ezin dute, hortaz, eguna antolatu. Kontrara, egunerokotasuna lanaren arabera moldatu behar dute.

Eskuz egiteko lana

Sareek normalean konponketa handiak behar izaten dituzte, eta beti ez dira etortzen berdin apurtuta: batzuetan zuzen, besteetan alderdika, apurketa zegaz egin den, horren arabera konpondu behar da, zatia ondo garbitu eta paino ahalik eta gutxien gastatuta.

Painua sare zatiari esaten diote. Piezak fabrikatik datozenean metro askokoak izaten dira, 800 bat metroko luzerakoak, 1.800 bat mailakoak, portuan ikusten diren handi horiek. Lan fina da saregileek egin behar dutena. Eta mekanizatzeko ahaleginen bat edo beste egin izan bada ere, eskuz egitekoa da.

Ibilian apurtzen dira gehien sareak, Burgoak azaldu duenez. Neguan, esate baterako, mugimendu handirik ez dute ibiltzen itsasontziek. Mugimendu handiak hasten direnean, "antxoa eta berdela zirri-zarra hasten direnean", orduantxe izaten dira apurketa gehien. "Arraina badago eta badabil, orduantxe izaten dira gorabeherak".

Hori horrela, otsail erditik ekainaren erdira arteko hilabeteak dira lan handienekoak. Ekainaren amaieran, hegaluzetarako hasten dira prestatzen arrantzaleak. Eta hori sasoi lasaiagoa da, sarea haztegietarako karnata egiteko baino ez dute erabiltzen eta.

Ondarroako saregileek 60 urteren bueltan dauzkate. Eta argi daukate: "Ondarroako portua, etorkizunean lehiakorra izan behar badu, beti egingo dute falta saregileek". Zerbitzua bermatu beharko da, itsasontziak Ondarroako portura etortzea nahi bada.

Eta portua atzean laga eta bere etxeko epelera sartzen den egunean, beragaz amaituko da ofizioa. Alabek beste bide bat hartu dute, itsasotik apartekoa. "Bakoitzak gustatzen zaiona egin behar du", onartu du Burgoak.

Bizikletan, mendian barrena

Bizikletaz bideak egitea gustuko dutenek Durangaldea izango dute aukera ona aurki. Orain ere horko bideak bi gurpilen gainean egiten dituzten lagun ugari badaude ere, laster hamabost ibilbide jasoko dituen BTT zentro bat martxan jarriko dute bertan. Abadiñon egongo da, Tornosolo trinketean.

Abadiño, Atxondo, Berriz, Elorrio, Durango, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar herrietatik pasatuko dira ibilbideok, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak jakinarazi duenez. "Betiere, titulartasum publikoa duten ibilbideak" direla azaldu du, bestalde, Guillermo Ruiz de Erentxun proiektuaren arduradunak. Izan ere, Sendo enpresari eman diote proiektua eratzeko lana.

Helburu zehatz batzuk ezarri dituzte BTT zentro bat Durangaldean jartzeko. Batetik, eskualdean kirol jarduera hori egiten dutenei erantzun fisiko bat eman nahi diete. Bestetik, zale berriak erakarri nahi ditu mankomunitateak. Hori lortuko dutela espero dute, kontuan hartuta hainbat zailtasunetako ibilbideak markatuko dituztela. Eskualdeko bideak ezagutzeko modu bat ere emango dute horrela. Azkenik, Durangaldeko turismo aktiboa indartu nahi dute, eskualdetik kanpokoak diren bisitariei kirol jarduera hori eskainita. Hala azaldu du Oskar Zarrabeitia mankomunitateko presidenteak.

Bide errazak eta muturrekoak

Behin betiko hamabost ibilbideak urte bukaerarako ezarrita edukiko dituzte. "Familia giroan egiteko bideetatik hasi eta extrem mailakoetara artekoak izango dira bideok", adierazi du Ruiz de Erentxunek. Mari deritzon bidea aurkeztu dute proiektuaren izar gisa. "Durangaldeari buelta ematen dion bide bat izango da". Ibilbideen artean gogorrenetarikoa da. 105 kilometro inguruko bidea da, eta asteburu batean egiteko aukera gisa aurkeztu dute. "Herrialde Katalanetako kuadrilla bat hona erakarri nahi izanez gero, ezin duzu bide sinple bat jarri, erronka bat planteatu behar duzu", esan du Sendo enpresako ordezkariak. "Durangaldean ahalmen hori izateko aukera badaukagu: BTT bide horiekin, dauzkagun paisajeak...".

Beste aldean kokatuko lirateke errazago egiteko moduko bideak. "Era horretako ibilbide klasiko batzuk badaude", adierazi du Ruiz de Erentxunek: "Gaztelua inguruan, Arrazolan... Haranaren behealdetik egiten dira. Esango genuke familia giroan edo bizikletarekin bide hauetan hasi gura dutenentzako modukoak direla".

Zailtasunaren arabera sailkatuko dituzte hamabost ibilbideak: denetan errazena berdea izango da, ondoren urdina, gorria eta zailena beltza.

BTT zentro bat izanik, zenbait baldintza bete beharko ditu Abadiñoko guneak. Besteak beste, bizikletak gordetzeko lekua izan beharko du, tailer txiki bat, alokatzeko aukera, pertsona bat informazioa emateko, ur beroarekin kanpoaldean bizikletak garbitzeko tokia, informazioa hainbat formatutan... "Klub antzeko bat izango da", laburbildu du Ruiz de Erentxunek. "Zaleak elkartzeko zentro bat izango da. Bizikletaz bakarrik joatea batzuei gustatuko zaie, baina beste askori ez. Bertara bakarrik joanda ere, beti aurkituko du norbait bide bat edo beste egiteko".

2013ko ekainerako proiektua guztiz bukatuta egotea aurreikusi du Sendo enpresako ordezkariak. Handik aurrera egin beharreko inbertsioak eta lan administratiboak egin ostean jarriko dute martxan zentroa, mankomunitateak iragarri legez.

Gaur bukatuko da Kultura Outleta Deustuan

BILBO. Berbaizu euskara elkarteak eta Prest! aldizkariak antolatuta, Kultura Outleta egiten ari dira Deustuan. Mullerrenea aretoan egon da zabalik, arratsaldez, herenegundik. Gaur itxiko dute. 20:30etik aurrera Ane Zabalak Berbaizu's Subasta gidatuko...