Sailkatugabeak

Behar ezezagunaren onarpena

Eneko Barrutiak, Iñaki Esparzak, Juan Rekaldek eta Iñaki Sarriugartek Jose Antonio Uriarteren Marijaren illa lanaren edizio kritikoa atondu dute, eta Mendebalde Kultur Elkarteak argitaratu berri du. Astelehenean egin zuten jendaurreko aurkezpena, Uriarteren jaioterrian, Arrigorriagan. Bide batez, abenduaren 21era arte udaletxeko erakusketa aretoan ikusgai egongo den erakusketa inauguratu zuten.

"Beti izan dugu zor handi bat Uriarterekin", aitortu du Iñaki Esparza historialariak. Jose Antonio Uriartek (Arrigorriaga, 1812 - Zarautz, Gipuzkoa, 1869) abade, itzultzaile eta idazleak euskararen alde behar handia egin zuela dio, baina oso ezezaguna dela. "Heriotzaren mendeurrenean Euskaltzaindia bera ere ez zen harekin gogoratu", dio Esparzak. Biblia osa gipuzkerara itzuli zuen lehenengoa izan zen, eta Bizkaiko lehen antologia poetikoa ere berak idatzi zuen. Uriarte, gainera, Bizkaiko Batzar Nagusietako itzultzailea izan zen. "Louis Lucien Bonaparte printzeak euskalkien mapa egin zuenean, Uriartek osatu zuen bizkaierari zegokion zatia. Bonaparte eta bien artean 200 eskutitz bidali zizkioten elkarri. Haren kutuna izan zen Hego Euskal Herrian".

Zoritxarrez, baina, Uriarteren behar gehienak argitaratu gabe geratu ziren. Hala eta guztiz ere, kaleratu zituen eliza liburu batzuk. Besteak beste, Marijaren illa delako hau (Mariaren hila, euskara batuan idatzita). "Antzina, Maiatz lorak egiten ziren. Maiatzeko egun guztietan elizetan egiten ziren predikazioak izaten ziren. Halakoak jaso zituen Uriarte liburu hartan. Oso arrakastatsua izan zen", azaldu du. 1850ean argitaratu zen lehenengoz Bilbon; 1885ean bigarrenez, behin Uriarte hilda zegoela. Juan Rekalde filologoak bi edizio haiek alderatu ditu. Iñaki Sarriugarte filologoak Uriarteren poesiaz esandako okerrak zuzendu ditu. "Adibidez, eskasa zelan esan ohi izan da. Baina Sarriugartek frogatu du harenak direla esan izan den poema asko, beste batzuenak direla. Beraz, ezin esan txarra zenik, besteen lanak epaituta". Eneko Barrutiak, berriz, Uriartek Batzar Nagusietan egin zuen itzultzaile lana aztertu du. Esparzak berak, azkenik, biografia osatu du. Lau atalokin eratu dute liburua. Kabitu ez zaien informazioarekin antolatu dute erakusketa.

"Uriarte eta bera bizi izan zen testuinguru historikoa hartu ditugu ardatz", dio Esparzak. Adibidez, 1812an jaio zenez, Cadizeko konstituzioari erreparatu diote, eta lege nagusi haren aurka zeuden bizkaitarrek idatzitako poemak bildu dituzte. Garai hartan agertu ziren lehen baso mutil edo gerrillariak ere.

Uriartek Bilboko frantziskotarren eskolan ikasi zuen. Lehen Gerra Karlista hasi zenean itxi zuten eskola, eta azken ikasleetakoa izan zen. Eusebio Maria Azkue izan zuen ikaskide. Uriartek kutsatu zion euskaltzaletasuna. Eta Azkuek bere seme Resurreccion Mariari, gerora lehen euskaltzainburu izango zenari.

"Uriarte birritan egon zen Londresen, Bonaparte printzearengana joanda", gogoratu du Esparzak. Han zegoela, British Museumen Mikoletaren XVII. mendeko eskuizkribua aurkitu zuen, Bilboko euskaran idatzia. "Uriarte hil ostetxoan bukatu zen Napoleon III.aren inperioa, eta Bonaparte printzea dirurik gabe geratu zen euskararen inguruan ikertzen jarraitzeko. Berehala etorri zen Bigarren Gerra Karlista eta euskararen gainbehera".

Uriartek Ezkerralde euskalduna ezagutu zuen. "Barakaldon izan zela zioen, Landaburun, San Bizenten, leku askotan, eta euskaraz berba egiten zuela hangoekin. Zorrotzan, Abandon, Abusu aldean, Arrigorriagan, Arrankudiagan, Laudion, Okondon... euskararen mugak markatu zituen".

Kultur ondare batean bizitzeko aukera

Kultur ondare izendatutako baserri batean bizitzeko aukera eskaintzen dute Zeberion. Hain zuzen, XVII. mendeko etxe bat enkantean salduko du udalak. Prezioa, gaur egungo kopuruekin alderatuta, oso merkea da. Erosketak, ordea, badu bere alde txarra ere, nolabait esateko.

2003ko irailean izendatu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak Bediena Nagusia, Sutegi eta Errementari baserriak multzo monumental. Horietako bat galdu egin da jada, eta Sutegi baserriarekin ez dute gura gauza bera gertatzerik. Horregatik hartu du udalak enkantean saltzeko erabakia, berak ez baitu zaharberriitzeko dirurik.

Zeberio erreka du atzetik eraikinak, eta BI-3524 errepidea aurretik. Errepide horrek ere badu bere historia. Izan ere, errege bide bat igarotzen zen handik eta Bilbora zihoazen bide bi lotzen zituen: Urduñatik etorri eta Ugao igarotzen zuena, batetik, eta, Gasteiz, Legutio eta Areatzatik pasatzen zena, bestetik.

Sutegi, bere garaian, ez zen baserri bat, ondoan zuen Bediena Nagusia baserriaren aroztegia baizik. Bertan, haranean zehar salgaiak zeramatzaten idien eta zaldien ferrak egokitzen zituzten. Hori dela eta, ez dauka ukuilu eta biltegirako espazio handirik. Hori horrela, baserria, berez, txikia da. Katrin Izagirre udaleko arkitekto aholkulariak jakinarazi duenez, behe solairua urpetzeko arriskua dago, eta ez dute aholkatzen bizilekua han jartzerik. Janaritegi edo antzeko gisa erabili beharko luke erosten duenak. "Lehenengo solairuan, beiradun balkoi antzeko bat egiteko aukera aurreikusten da". Bigarren solairuatxikiagoa da.

Aldaketak oinarrietan

Udalak berak, ordea, oinarri zorrotzak ezarri zituen baserria erosten zuenarentzat. Besteak beste, enkantean eraikina eskuratzen duena ez da bihurtuko baserriaren jabe harik eta eraberritze obrak egin arte. "Bankuekin arazoak sortzen ditu neurri horrek", adierazi du. "Izan ere, etxea ezin dute berme bezala aurkeztu erosleek, obra egin arte ez delako eurena". Eta, bankuek, noski, berme hori eskatzen zuten.

Beraz, urtarrila aldera aldaketak egiteko asmoa iragarri du Katrin Izagirrek. "Bitarte horretan kargu egin nahi duen norbait agertuko balitz, ondo. Baina, orain arte aurkeztu direnek, atzera bota behar izan dute euren eskaintza". Baserria eskuratzeko oinarriak aldatuta ere inor ez balitz aurkeztuko, "udalak berak hartuko luke Sutegi baserriaren ardura bere gain. Inori etxeak ondo mantentzeko eskatu eta udalak ezin dezake beste erabakirik hartu kasu honetan", iritzi dio arkitekto aholkulariak.

Izan ere, eraikina oso egoera txarrean dago eta ez jaustea da udalaren premia. Bide batez, herritarren batentzako etxebizitza bat eskuratzeko aukera eskaintzen dute. "Prezio onean, gainera", Izagirreren arabera, kontuan hartuta lurzorua doan aterako litzaiokeela erosleari. "Alde ona eta txarra dauzka, ordea. Bankuen aldetik mailegua lortzeko zailtasun horiek ere badaude eta".

Hiriguneari dagokion zoruan eraikita dagoen etxea izanik, berez, bi etxebizitza eraikitzeko aukera izango luke erosten duenak. Hala ere, Katrin Izagirrek azaldu duenez, "dituen neurriengatik, txikia delako, ez da erraza handik etxebizitza bat baino gehiago ateratzea". Etxea erosten duenak, obra egiten duenean, zenbait ezaugarri mantendu beharko ditu. Hain zuzen, udaleko oinarrietan jasota dagoen eran, "Sutegi baserria Euskal Kultur Ondarearen Inbentario Orokorrean dago sartuta. Hori dela eta, lanak eta obrak Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak ezarritako irizpideei egokituta egin beharko dira". Enkantearen hasierako prezioa, 689,29 eurokoa da.

Bigarren saioa bi hamarkadatan

Borroka luzea da Usansoloko bizilagunena. Duela bi hamarkada hasi zuten segregazioaren aldeko mugimendua. Bien bitartean, Bizkaiko udalerrien zerrenda zelan hazi den ikusi dute. 1990ean Iurreta Durangotik banatu zen, 1991n Ajangiz Gernika-Lumotik eta ...

Enkarzineko sari nagusia, Haritz Zubilagarentzat

ZALLA. 31. Enkarzine nazioarteko film laburren lehiaketa Haritz Zubilaga bilbotarraren She's lost control lanak irabazi du. Enkarterriko film labur onena, berriz, Sergio Martinez eta Maria Morenoren El regalo izan da. Bestetik, David Bernuesen Desentx...

“Aurrekontu soziala” proposatu dio Bilduk PSEri

Datozen asteetan erabakiko dute Batzar Nagusiek datorren urterako Bizkaiko aurrekontua zer-nolakoa izango den. Bizkaiko Foru Aldundiak plazaratu du dagoeneko bere proposamena, eta Bilduk ez du begi onez ikusi. "Iraganeko politikei eusten" diela deritz...

Air Bilbaoren zorra, erakunde publikoen gain

LOIU. Air Bilbao Loiuko aireportua sustatzeko sozietate publikoak 400.000 euroko zuloa dauka. Erakunde publikoek erabaki dute zati bat (71.223 euro) eurek ordainduko dutela. Bilboko Merkataritza Ganbera, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta inguruko udalak —Zamudio, Derio, Sondika, Loiu eta Erandio— dira kideak. Gainontzekoa kapital murrizketarekin likidatuko dute.

Aurrekontuaren letra txikiak dioena

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontu proiektua onartzeko prozesuak aurrera jarraitzen du. Asteon Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordetik igaro dira zortzi ahaldunak, eta euren sailek izango duten dirua zertan gastatuko duten azaldu dute. Orain, ordezkaritza duten lau alderdi politikoek emendakinak jartzeko tartea izango dute. Hona hemen zortzi sailetako bakoitzean zer egiteko asmoa duten, proiektua onartuko bada.

Gizarte Ekintza Saila

Egoitzak, diru laguntza barik geratuko direnentzat

Gizarte Ekintza Sailak 452 milioiko aurrekontua izango du datorren urtean. Pilar Ardanza ahaldunak azaldu duenez, horietatik %70 adinekoek, menpekotasuna dutenek eta elbarriek jasoko dute. Adineko izeneko bidaia programa kenduko da, eta Espainiak lehen mailako menpekotasuna dutenei ordaindu beharreko laguntzak ez ditu bere gain hartuko. "Baina, trukean, autonomia pertsonalerako hiru egoitza berri eskainiko zaizkie", adierazi du. Bilbon eta Ezkerraldean bana izango dute; hirugarrena Durangaldean edo Uribe Kostan eraikiko dute. 700 bizkaitar geratuko dira hilean 180 euro jaso barik. Bigarren eta hirugarren mailako menpekotasuna dutenek, osotara, 90,7 milioiko laguntza izango dute —%4,6 gutxiago—.

Adinekoentzat 156,7 milioi gordeko dituzte, batez ere, egoitzetako 4.947 tokiak ordaintzeko. Ez da berririk aurreikusi. GUFE izeneko erakundeak kudeatzen ditu egoitzak; aurrekontuan %2,6ko beherakada izango du. Langileria gastua 825.000 eurotik 178.000 eurora gutxitu da lau urtean.Gizarteratze politikek, berriz, 16,5 milioi jasoko dituzte. Haurtzaro programek ere 250.000 euro gutxiago izango dituzte; 5,3 milioi osotara, harrera familia gutxiago aurkeztu direlako.

Ingurumen Saila

Bizkaiko Ur Partzuergoari 25 milioi gutxiago

Sailetan murrizketa handiena izango duen saila da Ingurumena: 66,3 milioi, aurten baino %25,8 gutxiago. Beherakada hori bereziki Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak nabarituko du. Aurten, 55 milioi jaso ditu foru aldunditik. Datorren urtean, berriz, 30 izango dira. "Sailaren barruan diru sorta handiena zenez, hor murriztu genezakeen", arrazoitu du Iosu Madariaga ahaldunak. Ondorioz, aitortu du ur zikinen hainbat sareren bukaera 2018ra atzeratuko dela. Garbikerrek, bestalde, 12,1 milioi euro jasoko ditu: 10,1 Artigaseko hondakinen tratamentu mekaniko-biologikorako planta eraikitzeko izango dira. Garbiguneak eta bosgarren edukiontzien hedatzea ere kudeatu beharko ditu foru enpresa horrek. Azkenik, hondartza zaintzaileen lantaldea 76 beharginetik 37ra txikituko da. "Euren zereginetako asko orain sorosleek egiten dituzte", dio Madariagak.

Ekonomia Sustapen Saila

Nazioarteko merkatura jotzeko laguntzak, hirukoiztu

Ekonomia Sustapen Sailak 72,4 milioi izango ditu 2012an. Horietatik 4,7 Bizkaiko enpresak nazioartekotzeko laguntzetarako izango dira. Imanol Pradales ahaldunaren esanetan, "Espainiako merkatuak izan duen beherakada dela eta, aurtengoarekin alderatuz hirukoiztu" egingo dute sorta hori. Autoenplegua sustatzeko programa %30 haziko da; 5,2 milioi izango ditu. Hala ere, saileko aurrekontuaren zati handiena, laurdena pasatxo, berrikuntzara bideratuko da: 19,2 milioi, Berrikuntza Estrategikoko Funtserako eta berrikuntza teknologikoko proiektuak laguntzeko. Azkenik, 4,7 milioi gastatuko dira turismo arloko proiektuetan.

Nekazaritza Saila

Lurren bankua handitu, eta gazteak lehentasun

Aurten baino %19 gutxiago izango du Nekazaritza Sailak; hau da, 29,7 milioi. Irene Pardo ahaldunak azaldu duenez, "kredituen alde" egingo dute. Alegia, nekazaritza eta ingurumen neurriak eta nekazari gazteentzako laguntzak %28,2 haziko dira. Lurren eskaintza nabarmen handituko da, gainera, Bizkaiko Lurren Bankuak 60 hektarea gehiago izango dituelako. Diru laguntzetarako 11,5 milioi gordeko dituzte, eta ustiategietan inbertsioak egiteko, 8,7 milioi. Murrizketak, bestalde, administrazio orokorrean egingo dituela adierazi du Pardok: %20,8 gutxiago gastatuko dute. Ahaldunaren esanetan, "aurrekontu honek legegintzaldirako ezarritako konpromisoei erantzuten die".

Kultura Saila

6 milioi euskararentzat; %17,7 gutxiago

Aurten baino %11,5 gutxiago izango du datorren urtean Kultura, Gazteria, Euskara eta Kirol Sailak: 46 milioi euro. Kultura zuzendaritzak jasoko du zatirik handiena: 24,7 milioi. Kultura egitasmoak sustatzeko, Foru Liburutegia mantentzeko, museoetarako eta ondarea zaintzeko erabiliko da diru hori. Museoetarako diru laguntzak %1,8 apalduko dira. Kultur ondarea sustatzeko proiektuek, berriz, 7 milioi euro jasoko dituzte. 1,7 milioi jasoko ditu Foru Liburutegiak.

Beherakada nabarmenena Euskara Zuzendaritzak sufrituko du. Datorren urtean 6 milioi izango ditu; aurten baino %17,7 gutxiago. Josune Ariztondo ahaldunak ziurtatu du "proiektu estrategikoak bermatuko direla". Hala, Euskaltzaindia, Labayru, Bizkaia Irratia eta Durangoko Liburu eta Disko Azokarekin adostutako "konpromisoak beteko dira". Udal eta mankomunitateetako euskara teknikarientzat ere diru gutxiago izango da.

Herri Lan eta Garraio Saila

Bilboko sarrerak; Bermeo eta Autzaganeko saihesbideak

Herri Lan eta Garraio Sailak 287,6 milioi izango ditu. Herri lanetan bi proiektu nagusi dituzte: Bilborako sarbide berriak ireki eta Bermeo eta Autzaganeko saihesbideak eraikitzen jarraitu. Gerediaga eta Elorrio arteko errepidea egiteko asmoa ere badute. Errepideak mantentzeko lanak 36,1 milioi kostatuko dira. Artxandako tunelei 5,7 milioiko ekarpena egingo die Itziar Garamendiren sailak: 4,1 mantentzeko, eta 1,6 segurtasunerako. Beste 4 milioi euro gorde dituzte Bilboko Sabino Arana kaleko bidezubia eraisteko. "Lehen zortzi aurreikusi ziren arren, orain lau behar direla esan digute foru aldundiko teknikariek".

Garraio arloan, bestalde, 129 milioitik 121ra jaitsiko da Bilboko Metroak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak, Fevek eta Bizkaibusek osotara jasoko duten diru kopurua. Herri arteko autobus publiko zerbitzuak 78 milioi izango ditu. 900.000 euro bideratuko dira autobideen erabiltzaileei ematen zaizkien diru laguntzetarako.

Lehendakaritza Saila

Administrazio elektronikoa, harremanak sendotzeko

Lehendakaritza Sailak 25,3 milioi euroko aurrekontua izango du 2013an; aurten baino %24,2 gutxiago. Juan Mari Aburto ahaldunaren esanetan, "diru hori, gehienbat, gainontzeko sailei zerbitzua emateko erabiliko da". Sailaren lehentasunetako bat administrazio elektronikoa hedatuz joatea izango da, "herritarren eta administrazioaren arteko harremana sendotzeko". Igoera izango duten bakarrenetakoak suhiltzaileak izango dira. Besteak beste, Balmasedako parkea handitzea aztertzen ari dira. UNED diru laguntza gabe geratuko da; aurten, 90.000 jaso ditu. Laguntza juridikorako programan, 75.000 euro gutxiago gastatuko dira.

Ogasun eta Finantza Saila

Goi Ingeniaritza Teknikoko Eskola eraisteko lanak

Ogasun eta Finantza Sailak 122,9 milioi euro izango ditu 2013an, aurten baino %12,32 gehiago. Jose Maria Iruarrizaga ahaldunak azaldu duenez, datorren urteko berrikuntzetako bat Casilla inguruan dagoen Goi Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola eraisteko diru sorta izango da. 850.000 euro gorde dituzte lan hori egiteko. Izan ere, aurrerantzean foru aldundiarena izango da eraikina. San Mames Barria proiektuari egingo dion ekarpenak ere gora egingo du 2013an: 6 milioi eurotik 7,6 milioira. "Hori da aurretik hartuta geneukan konpromisoa", argudiatu du.