Sailkatugabeak

KONTSULTAK ANBULATORIOTIK BHZ-RA

Gernika-Lumon zabaldu dute jada Bereizmen Handiko Zentroa. Oraingoz, ordea, hasiera batean aurreikusitako zerbitzuen murrizketez gain, anbulatorioan orain arte ematen ziren espezialitateen kontsultak besterik ez dituzte jarri zentro berrian. Hainbat ...

“Duen irudi ezkorra aldatu eta zahartzarora iristea lorpen bihurtu behar dugu”

55 urtetik gorako Durangaldeko herritarrei zuzendutako ikastaroak emango ditu bertako Esperientzia Institutuak urtarriletik maiatzera: Gaurko munduan bizitzeko gakoak. Gaur da ikastarootan izena emateko azken eguna. Interesa dutenek 94-623 25 22 telefonora dei dezakete. Josu Novo psikologo eta hezitzaileak (Bilbo, 1973) norberaren garapenari buruzkoa emango du, martxoan.

Zer aurkituko dute zure ikastarora doazenek?

Batez ere, gai unibertsalak landuko ditugu: Batak bestearekin harremanak izateko modua, komunikatzeko daukagun erak gainerako pertsonekiko harremanak zelan baldintzatzen dituen... 55 urtetik gorako pertsonei zuzenduta egon arren, edozeinentzako erabilgarriak diren gakoak aurkituko dituzte.

Zelan aurre egin natural eta baikor zahartzaroari, eragiten dituen aldaketa guztiak kontuan hartuta?

Gure ustez, ezin daitezke banandu aisialdia, lana eta ikasteko prozesua. Bizitza, konpatimenduetan zatituta egon izan da. Bizitzako etapa batean ikasi egiten dugu. Ondoren, lan egiten dugu. Eta, azkenik, gozatu egiten dugu lan ordu eta ikasteko orduetatik kanpo. Erretiro aldia aisialdi atal horrekin lotuta egon da. Gure ustez, ordea, pertsonek hiru beharrizan horiek bizitza osoan dituzte: lan egin eta aktibo sentitzeko beharra, ikasteko beharra eta gozatzeko beharra.

Beraz, tailerra espazioak integratzeko ideiarekin planteatzen diegu. Erretiroa hartuta lanik ez duten arren, beste lan batzuk egin ditzaketela azaltzen diegu; ikasten ere jarrai dezaketela eta lan eta ikasketa horiekin goza dezaketela ere irakasten diegu.

Zeintzuk dira aldaketa gogorrenak zahartzarora iristean, fisikoak ala psikikoak?

Lotuta doaz. Izan ere, aldaketa psikiko batzuk lotuta daude ahalmen fisikoak galdu ditugula jabetzearekin. Rol aldaketarekin lotuta ere badago. Lan bizitza desagertzea, familiaren barruan gertatzen diren aldaketak —seme-alabak etxetik doaz—... Zertxobait desberdinak dira emakumeentzako eta gizonentzako aldaketa horiek; bereziki, lan-bizitza izan dutenentzat. Orain arte, gehienak, gizonezkoak izan dira. Emakumeei dagokienez, gogorrena seme-alabak etxetik joatea da.

Zelan egin aurre aldaketa horiei?

Denbora betetzeko ekintzak eta rol berri bat bilatuz. Dolu edo galera sentsazio horietatik ateratzeko modua norberaren buru berri bat sortzea da, nolabait. Eta prozesu horretan, jomuga berriak bilatu behar dituzte, atsegin dituzten, baliagarri eta aktibo sentiaraziko dituzten gauzak egin.

Eta gainerako herritarrek zelan tratatu behar dituzte nagusiak, eta zein eginkizun bete behar dute gizartean?

Gutxietsi egiten diren sentsazio gero eta handiagoa antzematen dut nik. Ikusezinak dira, hiri altzariak bezalakoak dira eta bizitza publikoan ez dira ageri, ez dute parte hartzen.

Zelan tratatu behar ditugun? Hasteko, esker onez, noski. Eta norbaiti egindako lana eskertu eta aitortzen zaionean, logikoena da leku bat ematea. Eta hori ez da egiten. Komunikabideen bitartez edertasun, gaztetasun, bizitasun eta, batez ere, produkzio adinari balio handiegia ematen zaie. Publizitzatean, esaterako, nagusiei buruz azaltzen den rola, aiton-amonena besterik ez da. Gizarteari dagokionez, ez dute inongo ekarpenik egiten.

Ekarpen handiak egin ditzakete, ordea.

Zalantzarik gabe, bai. Ni behin eta berriro harritzen naute. Zehazki, Durangon azken bi urteetan lanean aritu naizen pertsonek beti harritzen naute. Eurak ere barre egiten dute kontatzen dituzten anekdotekin. Esaterako, merkataritza gune batera joan, kamera digitalei begira daudela, sail horretako ardura duen gaztetxoa gerturatu eta esatea: "Zuri, behar bada, erabilera errazagoa duen beste hau komeni zaizu".

Ezjakin gisa hartzen dira; teknologiak ez dituztela ezagutzen ziurtzat ematen da. Eta beti ez da hala gertatzen. Aurreiritziek bultzatuta jarduten dugu eta ile zuriak ikusten ditugunean, pertsona horrek ezintasun batzuk dituela segurutzat ematen dugu.

Etxean bertan hasi beharko lirateke, ordea, jarrera aldaketa horiek, ezta?

Bai. Etxeetan, baina, pertsonari berari dagokio arazoa, ez da gizartean ikusten den aurreiritzi sozial hori ematen. Nire ustez, oinarrizkoa da pertsona horiek edozein espaziotan tratatzen dituzten profesionaletatik hastea.

Ospitalean, esaterako, diagnosiari buruz berba egiteko adinekoari berari ez zaizkio zuzentzen sendagileak sarri. Hori nik bizi izan dut amarekin. Osasungintzan, zoritxarrez medikura sarri joan behar dutela kontuan hartuta, nagusiekiko tratua oso txarra da. Izan ere, gozotasunez eta maitasunez hitz egitea ondo dago; baita errespetuz ere, ordea.

Zahartzaroaren beldurrari dagokionez, denek dute, edo zerbaiten araberakoa da?

Gazteoi ere gertatzen zaigu. Nork nahi du zahartu? Orokorrean, publizitate kanpainetan zimurren eta ile zurien aurka egin behar dugula esaten digute eta zahartzaroa mozorrotu. Mezu horiek barneratu egin ditugu. Kezka hori betidanik izan dugu. Zahartzaroa hondatzearekin lotzen dugu eta inork ez ditu bere ahalmenak galdu nahi.

Komunikazioa arma garrantzitsu gisa aipatu duzu lehenago. Zelan hobetu?

Sarri, adinekoak kexatu egiten dira, biktima gisa ageri dira edota umore txarra izaten dute, besteen tratuaren aurrean sentitzen duten frustrazioa dela eta. Horri buelta ematea garrantzitsua da. Komunikatzen ikasi behar dute eskarien bitartez, kexuen bitartez egin beharrean. Sentitzen dutena argi azaltzea inportantea da, biktimismotik abiatu ordez. Besteei lagundu behar diete euren lekuan jartzen. Euren lana da, baina besteok ere esfortzua egin behar dugu euren egoera ulertzeko. Errazagoa da, dena den, ulertzea, eurek informazio zehatza ematen dutenean eta argi azaltzen dakitenean. Oro har, maila emozionalean, zailtasun handiak dituzte sentimenduak azaltzeko.

Zelan prestatu zahartzarorako?

Haurtzarotik landu behar den zerbait dela esango nuke. Eta prestatzeko modu aproposa zahartzaroari balioa ematea da. Irudi negatibo hori aldatu behar dugu eta zahartzarora iristea lorpen bihurtu.

Administrazioek zer lan egin behar dute horretan guztian?

Ez dago informazio argirik adineko pertsonei buruz. Sarri programak diseinatzen dira eta jarduerak antolatu, adineko pertsonen profil jakin bat dagoela ziurtzat emanda. Adineko pertsonak dauden beste profil daude, ordea. Beraz, presenteago egon beharko lukete baliabideen kudeaketan eta eurentzat diseinatzen diren zerbitzuen sorreran. Sarri eurentzako zerbitzuak diseinatzen dira eurak kontuan izan gabe.

Bigarren saioa bi hamarkadatan

Borroka luzea da Usansoloko bizilagunena. Duela bi hamarkada hasi zuten segregazioaren aldeko mugimendua. Bien bitartean, Bizkaiko udalerrien zerrenda zelan hazi den ikusi dute. 1990ean Iurreta Durangotik banatu zen, 1991n Ajangiz Gernika-Lumotik eta ...

Enkarzineko sari nagusia, Haritz Zubilagarentzat

ZALLA. 31. Enkarzine nazioarteko film laburren lehiaketa Haritz Zubilaga bilbotarraren She's lost control lanak irabazi du. Enkarterriko film labur onena, berriz, Sergio Martinez eta Maria Morenoren El regalo izan da. Bestetik, David Bernuesen Desentx...

“Aurrekontu soziala” proposatu dio Bilduk PSEri

Datozen asteetan erabakiko dute Batzar Nagusiek datorren urterako Bizkaiko aurrekontua zer-nolakoa izango den. Bizkaiko Foru Aldundiak plazaratu du dagoeneko bere proposamena, eta Bilduk ez du begi onez ikusi. "Iraganeko politikei eusten" diela deritz...

Abenduaren 17tik trena lurpetik ibiliko da

DURANGO. Abenduaren 17an trenak Durangoko kaleetatik ibiltzeari utziko dio. Herrian dauden maila bereko pasaguneak desagertu egingo dira. Izan ere, lurpeko trenbidea inauguratuko dute. Iurretan sartuko da lur azpira eta ez da berriz irtengo Abadiñoko Traña auzora arte. Geltoki berria ere irekiko dute. 357 autorentzako lekua duen hiru solairuko aparkalekua izango du.

113. udalari ezetz esan diote Batzar Nagusiek

Eguazteneko osoko bilkuran ezetz esan diote Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansolo herrialde historikoko 113. udalerri bihurtzeari. Foru aldundiak proposatutako Bizkaiko mugapeen foru arau berria onartu zuten. Arau horrek, besteak beste, udalerri berriak sortzea debekatzen du. Usansolo Herria plataformaren ekimenez, emendakina aurkeztu zaio, duela 20 urte eurek hasitako bideari behintzat eusteko eskatuz. Alegia, araua onartu aurreko prozesuak ez gelditzea zen asmoa. Baina osoko bilkurak ez zuen onartu. EAJk emendakin horren aurka bozkatu zuen, Bildu eta PSE-EEk alde eta PP abstenitu egin zen. Hala, aurkako bozak aldekoak baino bi gehiago izan dira.

Bozketa bukatu berri, Gernika-Lumoko batzar etxean bertan, honela azaldu zuen Monika Mena plataformako kideak euren aldartea: "Ezina sentitzen dugu, baina itxaropentsu ere bagaude". Ezina, ez dutelako ulertzen jeltzaleen jarrera. Itxaropena, uste dutelako oraindik beste bide batzuk geratzen zaizkiela.

"Beste behin ere EAJ bakarrik geratu da. Agerian geratu da borondate politiko falta itzela dutela". Menak Iñigo Urkullu lehendakarigai jeltzalearen adierazpenak gogoratu ditu, gainera: "Azken egunetan behin eta berriz entzun dugu erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenak egiten. Orain praktikan jartzeko ordua iritsi zaie, baina ez dute aplikatu".

Menak ukatu egiten ditu segregazioen aurka erabili diren argudioak. Ez du onartzen kostu ekonomikoak handituko liratekeenik. "Krisi ekonomikoa jartzen dute aitzakia modura. Guk askotan eskatu dugu Usansolo herri modura bideragarri den edo ez argituko duen txostena egiteko, baina ez dute egin gura. Aurretik eginda daudenetan bideragarria dela ondorioztatu da eta gainera argi uzten zen Galdakaok ez zuela inolako kalterik sufrituko".

Plataformako kideak ez du ezetza prozesuaren bukaera moduan ulertu. Aurrera egiteko beste biderik badutela uste du. Momentuz lege berria argitaratu arte itxarongo dute, irakurri, aztertu eta gogoeta egiteko. Baina araua ez dela bidezkoa sinetsita daude, eta epaitegira jotzeko asmo tinkoa dute. "Oso aldrebesa da. Legeek aurretik irekita dauden prozesuak onartu behar dituzte, baina honek itxi egiten ditu aukera guztiak. Gainera, koherentzia falta handiak ikusten dizkiogu". Merari "harrigarri" egin zaio arauak desanexio eta segregazio prozesuak debekatzen direla azpimarratzea, Bizkaian dagoen kasu bakarra eurena denean. "Beren beregi guri begira idatzitako artikulua dela dirudi, eta ez dugu ulertzen", salatu du.

Usansolo Herria plataformako abokatu Juan Landak ere badu itxaropenik. Argitu du eurak emendakin horrekin ez dutela desanexioa eskatu. "Ez genuen nahi gaur Usansoloren desanexioa onartzerik, duela 20 urte baino gehiago hasitako prozesua ez etetea eskatzen izan dugu. Desanexioaren bideragarritasuna ikertzeko txostenak egitea eskatzen dugu, besterik ez".

Mena pozik agertu da Bilduk eta sozialistek babesa erakutsi dietelako. Haien jarrera ulertzen ez duen arren, bazekien EAJ aurka agertuko zela. PPren abstentzioa, ordea, ez zuen espero. "Bagenuen esperantzarik", dio

Plataformak desanexio prozesuaren aldeko mozio bat prestatu du. www.usansoloherria.org web orrian daukate eskegita, eta edonork sinatu dezake. Horrez gain, hainbat udaletan aurkeztu dute: eskualdean, Arratian, Uribe aldean eta aurretik desanexioa lortu duten herrietan. "Hainbatetan onartu dute. Deigarria egin zaigu zinegotzi jeltzaleak abstenitu egin izana. Ez dute aurka egin".

EAJ, auzo alkatearen alde

Juan Maria Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza ahaldunaren esanetan, "arau honek etorkizuneko lurralde eredua finkatzeko balioko du, gaur eguneko errealitate ekonomikora egokituz". Udalerrien mugape eta mugatzeen inguruan sor daitezkeen auziak arautuko ditu lege berriak, hauen eremuetan aldaketak egitea ahalbidetuz. Baina ez du onartzen udalerri berririk sortzerik. Gainera, tokiko entitateen izenak, armarriak, bandera eta herrigune nagusiak zein diren finkatuko ditu.

Unai Rementeria batzarkide jeltzaleak udalerri berriak sortzeak eragingo lukeen kostua azpimarratu du. Onartu du desanexioak baimentzen zituen aurreko araudia "oso ona" izan zela "bere garaian", historikoki udalerri izandako herriei "euren lekua aurkitzen lagundu" zielako.

Arauari agertutako babesa defendatu du Rementeriak. Dio "erakundetze aurreratuagoa" ahalbidetzen duela. Gainera, arauak auzo alkateak izendatzeko aukera aitortzen duela ekarri du gogora: "Usansolorako konponbide aproposa izan daiteke".

PPko Esther Martinezek ere irtenbide horren aldeko iritzia agertu du. Araua "aproposa" iruditu zaio. Hala ere, EAJ egin du "segregazio nahi" horren erantzule: "Ziortza-Bolibar Markina-Xemeindik banatu aurretik ohartarazi genuen orduan halako prozesuak babesteak gerora zer ekarriko zuen".

Bilduko Irune Sotok, bere aldetik, ukatu egin du udalerri berriak sortzeak kostuak handitzea dakarrenik: "Kudeaketan herritarrekiko gertutasun handiagoak, eraginkortasun handiagoa esan gura du". Usansoloko herritarren borroka guztia "bordatik bota" izana egotzi dio EAJri eta galdetu die ea aurretik zergatik babestu izan dituzten beste desanexio prozesu batzuk.

PSE-EEko Iñaki Egañak ontzat jo du araudia, "errealitatea krisi garaietara" egokitzen duelako. Baina, iruditzen zaio Usansoloren kasuan salbuespena egin zitekeela, prozesua martxan delako.