Sailkatugabeak

“Lanak sekulako bizitasuna dauka enkantean: joko bat da”

Arrain kaxa artean pasatzen ditu eguneko ordu asko eta asko Angel Arkotxa Eluk (Ondarroa,1963). Ondarroako Kalare Deuna kofradiako salmenta arduraduna da. 1988. urtea zen behar horretan hasi zenean. Aurretik, aitaren bitartez, ezaguna zuen arrain mundua. Kofradian lan egiten zuen gizonezko baten gaixotasun bat tarteko, bentan lan egitea eskaini zioten; hasieran, hiru hilabeterako, antxoa kostera bat egiteko. Laguntzen hasi zen: karroak jaso, mantenua egin... Antxoa sasoia amaitu zen, hiru hilabeteak joan ziren, eta bertan jarraitu zuen. 1990ean egokitu zitzaion bere lehen benta egitea. Iñaxio Urkiaga eta Jesus Mari Bengoetxea Berde-gaz hasi zen ofizioan; haiek erakutsi zioten dakiena. "Ez nekien nondik hasten zen benta bat. Sekula ez dut tilarik hartu, baina goizero-goizero hartu nuen hantxe hastean". Urduritasunak urduritasun, ondo joan zitzaion guztia. Salmentak informatizatuz joan ahala, boligrafoa alde batera lagaz joan ahala, berak hartu zuen benta tokiaren ardura.

Turrunak noiz joko

"Turruna jotzen da Ondarroan arraina portura sartu dela jakinarazteko". Horrela egin da urte askoan. Orain dela 50 urte, erosleak emakumeak ziren; etxean egoten ziren, eta haiei abisatzeko jotzen zen. Turrun bat jotzen denean, hegaluzea edo hegalaburra sartu dela esan nahi du; bi turrunek, txitxarroa, berdela, sardina, boba... sartu direla. Hiru turrun jarraian jotzen denean, antxoa sartu da; orain ez, baina lehen lau turrun jotzen ziren. Antxoa txikia zetorrela adierazteko izaten zen. Bostetik aurrera, arazo larri bat bazegoen, sutea edo ezbeharren bat.

Benta tokiko lana goiz hasten da, 06:00etan. Eguneko lehen turruna 06:30ean jo behar izaten da, betiere arraina baldin badago. Orduantxe hasten da martxa. Lehenengo benta 07:00etan egiten da. Orduan hasi, eta, arraina baldin badago, ordu erditik behin egiten dira salmentak. Eta azkena, 24:00etan. Orain momentuan sasoi lasaia da, eta nahikoa goiz amaitzen dira salmentak.

Hiru motako erosleak egoten dira bentan. Txikizkariak: arrandegietakoak izaten dira horiek; eskualdekoak, Mutrikukoak, Durangaldekoak, Basauri bueltakoak, Bergarakoak, Eibarkoak, Zumaiakoak eta Arrasatekoak etortzen dira. Handizkariak dira besteak, esportatzaileak, Espainiako hiriburuetara eta atzerrira kamioietan arraina eramaten dutenak. Arrain jakin batzuk eramaten dituzte haiek: boba, berdela, txitxarro apur bat. Kontserba fabriketakoak dira beste erosleak, arraina latetan saltzeko erosten dutenak.

Interesatzen zaien arraina erosteko, adi-adi egon behar izaten dute erosleek. 74 jesarleku daude bentalekuaren beheko aldean, eta beste batzuk goian. Beheko aulki guztiak betetzen dira eguneko lehenengo bentan. Erosle bakoitzak bere aulkia dauka jesartzeko, txirrin bategaz.

Saltzaileak ipintzen du arrainaren hasierako prezioa, beste kofradietakoekin hartu-emanetan egonda, zein prezio ezarri erabakitzeko. Salmenta bat egindakoan, saltzen denak ematen dio erosleari jakitera zein preziotan erosi behar duen.

"Txalupaka egiten dira salmentak: txitxarroa eta boba ekarri baditu ontzi batek, lehenengo txitxarro guztia salduko da, eta gero boba". Arrantzaleak lehenengo pisura botatzen dituen garauak onenak izango dira normalean. "Saldu, kutxaka saltzen da bentan, eta ordaintzen den prezioa kiloari dagokiona izaten da". Eta sistema azkarra da: bentak bizkorrak dira Ondarroan. Gabezia batzuk egon badaude ere, "benta eta pisatze sistema arinak dira". Ondarroan egitekoak diren lonja berriak ekarriko ditu aldaketa bat edo beste, baina salmenta sistema bera izango da.

Bentak, euskaraz ez, gaztelaniaz egiten dira. Beti egin izan dira horrela. Kanpotarrek, dena dela, hein batean, landuta daukate euskarazko harremana. Arkotxak euskaraz egiten ditu elkarrizketa asko eta asko, eta gero, berba egindakoa azaldu.

Beharrean gozatu

Lanbidea gustukoa duen galdetuta, baietz dio. "Enkantearen unean, lanak sekulako bizitasuna dauka: joko bat da". Sarri, estresagarria ere bada: Galizian hasi eta Hondarribira bitarteko itsasontziek ekartzen dute arraina Ondarroako kofradiara, eta gauza asko egoten dira egiteko kanpaina batzuetan. Sasoirik "zoroena" antxoa sasoia da, eta berdelena ere bai, nahiz eta motzagoa izan. Polita da, baina, egoten den bizitasuna. "Antxoa egon ez denean, oso txarto pasatu dugu; gaur egun enpresa batzuetan dagoen krisiaren parekoa izan ziren bost urte horiek". Sasoirik aberatsena izan beharrekoa tristeena izan zen: herri osoan igar zitekeen.

Eta sasoia edozein dela ere, bentalekuan bat egiten dutenekin harreman ona izatearen garrantzia azpimarratu du benta arduradunak. Ofizioa bera moduan, harremanak lantzearen garrantzia Urkiaga eta Bengoetxeak erakutsi ziotela aitortu du. "Jendeagaz egon behar zara. Denak ez dituzu maite, baina denekin bizi behar da. Ikastola batean irakaslea izatea modukoa da". Haserreren bat edo beste dagoenean, beharrezkoa da esku ona edukitzea. "Negozioak ez dira beti ondo ateratzen, eta kafe bat baino gehiago hartu behar izaten da gorabeherak konpontzeko".

Geltoki eta trenetan kabitu ezinik

Maiztasunean gehiegi igartzen ez den arren, erabiltzaileek nabaritu dute azken asteon Bilboko Metroan astegunetan 50 tren gutxiago dabiltzala. Murrizketa hori 10:30etik 23:00era artean egin dute, goizeko puntako ordua salbu utzita. Urtarrilaren 10ean jarri zuen indarrean zuzendaritzak. Bidaiari gehienak haserre daude, nahiz eta badiren hain larritzat jo ez duten batzuk. Aldaketen berri komunikabideen bitartez eta berandu jakin izana ere salatu du hainbatek.

Bilbon bertan lehen hiru minutuan behin igarotzen ziren trenak orain hiru minutu eta 20 segundoan behin pasatzen dira. Lehen eta bigarren lineetan, San Ignazioko geltokitik Santurtzi eta Bidezabal artean sei minututik sei minutu eta 40 segundora arte luzatu da tren batetik besterako tartea. Plentziara doazenak, berriz, 18 minutuan behin barik 20 minutuan behin igaroko dira. Uribe Kostako azken geltoki horretan hartzen du Amaia Bilbaok metroa egunero, hiriburura etortzeko. Haren esanetan, bi minuturen alde horrek txikia dirudien arren, "kalte itzela" egiten die plentziarrei. "Bazkaltzera etxera itzultzen naiz, eta gero berriz etorri behar izaten dut beharrera. Denbora justu samar izaten dut joan, jan eta itzultzeko. Orain ordutegia hankaz gora jarri didate, eta metroa galduz gero, ez nuke astirik izango", azaldu du. "Zerbitzua hobetu beharrean okertu egin digute", dio. Izan ere, plentziarren artean betidaniko aldarrikapena da Bilborako trenak maizago izatea. "Lehendik genuen apur hori ere kendu egin digute!", salatu du.

Erabiltzaileen kopuruan izandako beherakada aipatu du Bilboko Metroko zuzendaritzak murrizketa justifikatzeko. Azken urtean %2 jaitsi da bidaiarien zenbatekoa. Baina zerbitzuak izan duen beherakada askoz handiagoa izan da: astegunetako trenen %10 kendu dute.

Bilbaok ukatu egin du jende gutxi dabilela. "Goiz erdian ez dakit, baina ni bazkaltzera joaten naizenean jendez lepo joaten da trena. Orain tren gutxiago baditugu, bakoitzean are gehiago ibiliko gara", dio.

Hori nabaritu du Begoña del Campo bilbotarrak. Deustuan bizi da, eta Abando inguruan egiten du behar. Etxetik lantokira oinez 20 minutu dituen arren, beti presaz ibiltzen dela eta metroa hartzen duela dio. "Segundo batzuk gorabehera, ez dut denbora askoz gehiagorik itxaron behar. Baina eguerdi aldera trenaren barruan kabitu ezinik joan gara. Normalean ere jende asko ibiltzen da, baina orain gehiago. Datu zehatzik ez daukat, baina nik behintzat hori sentitu dut".

Francisco Javier Martinez leioarrak "normaltzat" jotzen du murrizketak egitea. Hark "doiketak" aipatu ditu. Baina uste du bazkalordua eta arratsaldeko azken ordua kanpoan utzi behar izan direla, goizeko puntako orduarekin egin duten legez. "Erabakiak arrazoiz hartu behar dira, eta erabiltzaileok badakigu eguerdian eta lanetik irteteko orduan ezin dela zerbitzua gutxitu. Nabari da zuzendaritzak ez duela metrorik erabiltzen".

Langileekin adostu gabe

Beharginak ere ez daude pozik, noski. Langile batzordearen oniritzirik gabe ezarri dituzte aldaketa hauek. Salatu dutenez, Bilboko Metroan lehenengoz murriztu da zerbitzua 17 urtetan. Erabiltzaileen irudipen berbera dute eurek ere: bazkalorduan eta beharretik irteteko orduan nasetan eta trenen barruan jendetza pilatuko dela, eta arrisku egoerak sortu.

LAB sindikatuko ordezkari Raul Mendezek, kasurako, zentzugabe eta neurrigabetzat jo du erabakia. "Lanegunetan trenak kentzeko erabaki horri lehendik ekitaldi bereziak daudenean zerbitzua indartzen ez dela gehitzen badiogu, gerta daiteke bezeroak saldoka biltzen direnean beharrezkoak diren gutxieneko segurtasun neurriak nahikoa ez izatea", ohartarazi du.

Hain zuzen ere, bi murrizketa hauek bat egin zuten lehengoz joan den barikuan: ez zen zerbitzu berezirik jarri Athletic San Mamesen jokatzekoa zen arren, eta 50 tren gutxiago zebiltzan bigarren eguna izan zen. Norgehiagoka bukatu zenean, zelai ondoko geltokia mukuru bete zen. Erabiltzaileak haserre zeuden, denbora mordoa itxaron behar zutelako. Nasak, eskailerak eta sarrerak jendez beteta egon ziren. Bai bidaiariek bai sindikatuek segurtasuna kolokan zegoela salatu dute.

Mendezen ustetan, zuzendaritza "diru etekinei adiago dago zerbitzuaren segurtasunari eta kalitateari baino". Gizarteak eskatzen dion horretara moldatu ordez, "zerbitzuak murrizten tematuta" egotea leporatu dio zuzendaritzari. Bidaiarien lantaldea murriztu nahi izatea ere salatu du Mendezek. "Neurri honek ez du zentzurik hedatzen ari den enpresa batean. Izan ere, Bilboko Metroak 2013 amaieran beste geltoki bat izango du: Kabiezesekoa".

Munduaren amaierari lepoa emateko jaia

GETXO. Solstizio Jaialdia ospatuko dute Getxon, gaur, 19:30ean. Algortako Geltokiko plazan egin dute zita. DJ gunea jarriko dute. Getxon taldearen laguntzarekin Nahien kuboa deritzon gunea sortu dute. Bertan, publikoak galdera bati erantzuteko aukera ...

Arratiako adinekoen etxea saritu du Osakidetzak

DIMA. Arratiako Mankomunitateko adinekoen etxeari saria eman dio Osakidetzak. Dimako egoitzan belaunaldien artean egiten dituzten topaketak direla-eta egin diote aitorpena. Hiru urte daramatzate topaketa horiekin. Askartza Claret ikastetxeko ikasleak ...

Bizkaiko enpresariek ezkor begiratzen diote 2013ari

BILBO. Bilboko Merkataritza Ganberak egindako inkestaren arabera, Bizkaiko enpresariek 2013 "txarra" aurreikusten dute. Nahiz eta 2012a baino hobea izatea espero duten, enpresarien %64k diote datorrena ez dela urte ona izango. Aurtengo urteari errepar...