Sailkatugabeak

Bilbobuseko zazpi lineatan murrizketak egingo dituzte

Bilbobus autobus zerbitzura ere iritsi dira murrizketak. Bilboko Udalak zerbitzu horretan erabiltzen duen diru sailean aldaketarik izan ez bada ere —28.041.684 euro —, 43 lineetako zazpitan aldaketak izango dira. Murrizketak datorren astelehenetik aurrera sartuko dira indarrean.

Autobus lineen egokitze horiek "KPIaren eta azken lau urteetan erregaiaren prezioan izandako igoeraren ondorioz" egin behar izan dituzte, Asier Abaunza Zirkulazio eta Garraio zinegotziaren arabera.

Sei lineatan, maiztasunean nabarituko dira murrizketak. Neurri horren ondorioz, aldi baterako kontratatuta zeuden zortzi langile kaleratuko dituzte, lanegun eta jaiegunetan bost autobus kenduko dituzte, eta zapatuetan, bestalde, bi eta erdi.

Honako linea hauetan izango dira maiztasun aldaketak: 40, 72, 13, 48, 11 eta 76an. Zain egon beharreko denbora, batez ere, larunbat eta jaiegunetan luzatuko da. Abaunzaren esanetan, kontuan hartu dute autobusa hartzen duten kasuen ia erdietan bidaiariek lanera joateko erabiltzen dutela.

18 zenbakiko linean, bestalde, zeinak San Ignazio eta Zorrotza lotzen dituen, ibilbidean egingo dituzte aldaketak. Iparragirre kalearen parean orain arte egiten zuen ibilbidea laburtze aldera, Moyua plazarantz abiatuko da, Zabalbururaino joan beharrean.

2014an murrizketa edo egokitze gehiago egin beharko dituztela uste du Zirkulazio Sailak, ekitaldi horretako gastuak aurreikusita.

Bildu koalizioak, bestalde, murrizketak gaitzetsi egin ditu. Helena Gartzia zinegotziaren esanetan, "maiztasunak gutxituko dira urrunen dauden auzoetara", eta gal daitezkeen lanpostuak ere gogora ekarri ditu. Bilduren ustez, argi dago enpresa pribatuak ez duela publikoak baino hobeto kudeatzen, eta zerbitzua udalak zuzenean hartzea aztertu beharko luke. Artxanda eta Santa Marinako lineekin zer gertatuko den ere argitu gabe dagoela esan du.

Lanean hasi dira Gobelan

Ura Uraren Euskal Agentziak astelehenean hasi zuen Gobela ibaiaren ibilgua moldatzeko lanen azken zatia. Getxon dabiltza beharrean, Errekagane inguruan, Leioako zubia eta Valdes-eko gainezkabidearen arteko zatian. Agentziak azaldu duenez, bi txandatan egingo dituzte. Urak aurreikusi duenez, orotara, 30 hilabete iraungo du hirugarren faseak. Horretarako, hamalau milioi euroko aurrekontua izango dute.

Agentziaren arabera, obra horien helburua "Gobela ibaiak eremu horretan eragiten dituen uholdeak murriztea" da. Izan ere, ibaiaren emaria hazten den aldiro, gainezka egiten du. Besteak beste, ibaiaren egungo ibilgua zabaltzen ari dira, emaria handitzen denean ingurura irten ez dadin. Hau da, funtzionamendu hidraulikoa hobetzeko. Uraren emariari oztopoak kenduko zaizkio; zubiak eta gurutze guneak, esate baterako. Edo beste batzuekin ordezkatuko dituzte. Ibaiaren habitat naturala ere hobetuko dute, ahalik eta ingurumen integraziorik handiena lortze aldera.

2008ko uholdeek eraginik handiena izan zuten eremuetan hasitako lanekin jarraituko dute hirugarren fasean —Salsidun eta Negurin, hain zuzen—. Guztira, 762 metroko luzera edukiko du obrak. Lehen txandan, 406 metro hartuko dituen zatian ibiliko dira, Cristobal Valdes eta Avanzadako zubiaren arteko inguruan. Hemezortzi hilabete iraungo du. Bigarren txandan, berriz, aipaturiko Avanzada zubiaren eta Leioako etorbidearen arteko tartean ibiliko dira. 356 metro horiek moldatzeko, hamabi hilabete beharko dituzte. Obrak bukatu ostean, lehenengo zatian, ibaiaren ibilguak 11 metro izango ditu zabaleran; gaur egungoa halako bi. Bigarren zatiak, ostera, hamalau metroko zabalera edukiko du.

Getxoko Udalak azaldu duenez, hasi berri duten fasea proiektuko garrantzitsuena izango da. Getxoko alkate Imanol Landak azaldu duenez, obren hasiera egunak "ez dauka zerikusirik" joan den astean izandako euriteekin. Hala ere, bizilagunek gogorarazi dutenez, lan horiek 2012rako espero zituzten. Lan horiek bukatu bezain laster, proiektuaren laugarren fasea hasiko da, Fadura inguruan.

Ura agentziak azaldu duenez, proiektuak ingurugiroaren zaintza bermatuko du. "Kutsadura kontrolatuko dute, eta obrak egingo dituzten esparrutik gertu dauden zuhaitzak, zuhaixkak eta landaredia babestuko dituzte". Besteak beste, zuhaitz asko birlandatuko dira lanak amaitzean. Gainera, azpimarratu dute natur gune babestuei ez diela eragingo. "Adibidez, obrak ez dira Bolueko hezegunera helduko, bertan arrain hiruarantza [Gasterosteus aculeatus] egon daitekeelako eta egoera horrek neurri bereziak eskatzen dituelako", adierazi diote Bizkaiko Hitza-ri.

Toki publikoetan, aldaketak

Espazio publikoari dagokionez, aldaketak egongo dira Errekagane kalean bertan. Kiroldegiaren ondoan dagoen oinezkoen ibilbideari eusteaz gain, jarraipena emango zaie Arenas Club izeneko parkeko bideari eta bidegorriari, Makalen hiribidearekin lotzeko.

Beste alde batetik, Getxoko Udala eta Erromo auzoko Itzulbaltzeta gaztetxeko kideak ados jarri dira Gobela bideratzeko lanak direla eta. Segurtasun neurriengatik, gazteek Errekaganeko pabiloiak utziko dituzte, eta udalak Ezequiel Agirre kalean duen eraikin batera mugituko dira. Gainera, Erromoko Eskola Publikoko etxabeak biltegi moduan erabili ahal izango dituzte. Gobelako obrak bukatzen direnean, Errekaganeko pabiloietara bueltatuko dira. Getxoko PP kexu agertu da, eta kargu hartu dio alkateari, gaztetxeko kideei publikoa den eraikin bat uzteagatik.

Udalak UNEDi egiten dion ekarpena, ezbaian

SESTAO. Sestaoko Udala orain arte UNEDi ordaintzen zion kopuruarekin zer egin aztertzen ari da. Hain zuzen, erakunde horri gutun bat igorri dio finantzaketa sistemaren eredua aldatzeko beharra aztertzeko premia azalduz. Sistema horrek "proportziozkoa,...

Bilboko gazteei begira

Hiriko gazteen kezkez "arduratuta", gazteria alorreko politikei buruzko "zeharkako, kontsultarako eta partaidetzarako" prozesu berria abian jarri duela iragarri du Bilboko Udalak, joan den martitzenean. Bilbo Gaztea deritzo prozesu berri horri. Prozes...

Bilbao, berriz ere, Garraio Partzuergoko presidente

BILBO. Jose Luis Bilbao izango da, berriz ere, Bizkaiko Garraio Partzuergoko presidente berria. Eusko Jaurlaritzak martitzenean hartu zuen erabaki hori. Patxi Lopezen gobernuko ordezkariak kargutik kendu, eta jeltzaleek daukate orain gehiengoa, berrir...

Lehoien zirkuak ehun urte

Joan den domekan bete ziren ehun urte San Mames futbol zelaia izango zenaren lehen harria jarri zutenetik. 1913ko urtarrilaren 20an izan zen. Urte bereko abuztuaren 21ean inauguratu zuten, norgehiagoka batekin. Iruneko Racing taldean aurka lehiatu zen...

Juan Felix Madariaga, Bilboko zinegotzi berria

BILBO. Juan Felix Madariaga da, joan den asteazkenaz geroztik, Giza Baliabideetako zinegotzi berria eta Etxebizitzako laguntzailea Bilboko Udalean. Ricardo Barkalaren lekua hartu du, beraz, Madariagak, Barkala Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuorde bihu...

“Urduri jartzen gara”

Auzokideek etxeetako leihoetatik mesfidati begiratzen diote maiz ibaiari. Gainezka egingo du? Etengabeko euri zaparradak izaten direnean, Gobela ibaiak bere gain hartzen ditu begirada guztiak.

Halaxe gertatu zen joan den asteko euriteekin. Horrelakoetan, uholdeak nozitu ohi dituzten inguruetako auzokideak kezkaturik egoten dira, eta adi-adi begiratzen diote ibaiari. 2008ko uholdeetan, Gobela Ibaiak Kalte Egindakoen Elkartea eratu zuten, eta, euritea dagoen bakoitzean, arretaz begiratzen diete Babes Zibilaren, Udaltzaingoaren eta obra brigaden ekintzei. Hala, "ontzat" jo dituzte ziklogenesi lehergarriak iraun duen bitartean egindako esfortzuak. Larunbatean, adibidez, Getxoko Udaltzaingoak 25 auto mugitu zituen inguru arriskutsuetatik. Horrez gain, hareazko zakuak ipini zituen etxebizitzetatik hurbil dauden leku arazotsuetan. Estoldak ere izan zituzten jomuga.

Arantza Gutierrezek 1990ean erosi zuen etxea, Algortan, batxilergoko institutuaren ondoan. Ondo baino hobeto ezagutzen ditu ibaiek sor ditzaketen kalteak. 2008ko uholdeez galdetuta, ez du ahaztu urte hartan gertatutako ezbeharra. Zorionez, edo zoritxarrez, asteburu hartan etxetik kanpo zeuden, oporretan. Baina, heldu bezain laster, uholdeek eragindako kalteak topatu zituzten. Gutierrezen etxean, ura 110 zentimetroko garaiera arte iritsi zen. Kanpoan zeudenez, altuera horretaraino zeuden gauza guztiak galdu zituzten. Gainera, garai hartan, bi auto zituzten, eta haietako bat erabat hondatu zitzaien, urak eragin zizkion kalteak zirela eta.

Armairuen goiko partean gordeta zeuden gauzak baino ezin izan zituzten berreskuratu. "Goiko aldean, erabiltzen ez genituen gauzak gordetzen genituen, eskura behar ez genituenak. Baina, 2008az geroztik, alderantziz jokatzen dugu; hau da, beheko armairuetan normalean erabiltzen ez ditugunak pilatzen ditugu, eta goiko armairuetan, erabiltzen ditugunak, badaezpada ere".

Egun hauetan, hainbeste euri eginda eta ibaiaren emaria handitzearekin batera, une batzuetan auzokideek beldurra sentitu dutela azaldu du. "Berriz gertatuko ez dela pentsatzen ahalegintzen gara. Hala ere, gauean ez duzu lasai-lasai lo egiten, eta urduri jartzen gara".

Joan den asteko martitzenean, euria barra-barra egin zuen, eta, lanetik etxera bueltan, Gutierrezek etxebizitzatik hurbil aurkitu zituen udaltzainak. Gogoan du auzokideen artean "urduritasuna eta ezinegona" nabaritzen zela; 2008ko uholde haiek errepikatuko ote ziren beldur ziren guztiak. Eguraldia hainbeste okertzen den egun horietan, auzoko bizilagunek sare sozialetan edo komunikabideetan informazioa behin eta berriro bilatzeko ohitura dutela adierazi du.

Alderatu ezin

Gobela ibaiak sortzen dituen kalteei aurre egiteko proiektua hirugarren fasean sartu da, eta auzokideak pozik daude orain arteko neurriekin. Esate baterako, lortutako onuren artean, ibaia azkarrago doala antzeman dute. "Pentsatzen dugu egoera hobeto dagoela, baina ezin da alderatu. 2008az geroztik, ez da izan pareko egoerarik".

Gutierrezen ustez, orain arte "premiazko obrak" egin dira, eta aste honetan hasi dena izango da "zatirik potoloena". Proiektua luzea da, eta asko falta da lan guztiak amaitu ditzaten. "Ez dugu kalte handirik nozitu, obra handi batek eragiten dituen eragozpenak baino ez". Herritarrek kezka dute euri gehiegi egingo ote duen hasi berri diren lanek dirauten bitartean, eta, hala gertatuz gero, zer kalte edo uholde izango ote diren.

Gutierrezek gogora ekarri du Bolueko hezegunean bizi diren auzokideen egoera. 2008az geroztik, hiru aldiz izan dituzte uholdeak. Bustigune hori Gobela ibaia eta Larrañazubi erreka artean dago, eta 10 hektareako eremua osatzen du. Berezia da, kostaldean egon arren ur gaziaren ordez ur geza duelako. Geza edo gazia, bertako auzokideen amesgaiztoa hiru aldiz bihurtu da errealitate. "Laugarrena ere izango ote da?".

Helikoptero bidaiak, turismoa erakartzeko

ABANTO. Abanto herrian turismoa erakartzeko zenbait egitasmo jarriko dituzte martxan. Horien artean, helikoperoz bidaia turistikoak egiteko aukera eskainiko duena izango da nabarmenena. Lurreratze pista herrian bertan jarriko dute.