Sailkatugabeak

Diru publikotik jasotako euro bakoitzeko, 6,35 itzuli dituzte Lantegi Batuek

Lantegi Batuak erakundeak gizarteari sortzen dion aberastasun sozioekonomikoa neurtu du —elbarriei lana emateko asmoz sortu zen erakunde hori—, eta, hori egiteko, metodologia berria sortu du EHUren laguntzarekin. Ikerketa horren arabera, erakunde publikoen aldetik jasotako euro bakoitzeko, Lantegi Batuek 6,35 euro itzuli dizkiote gizarteari.

Ikerketan, besteak beste, honako hauek neurtu dituzte: Lantegi Batuek sortutako balio sozioekonomiko zuzena eta zeharkakoa, administrazio publikoari zenbat diru aurreztea ahalbidetzen dioten eta urritasuna duten horien familiei eragiten zaien onura.

EHUko lantaldearen buru Jose Luis Retolaza ibili da. Haren esanetan, Lantegi Batuek 2011n Bizkaian sortutako balio sozioekonomikoa 68 milioi eurora heldu zen. "11,4 milioi euroko diru laguntza publikoak jaso zituzten, eta 43 milioi eurotik gora jaso dituzte bueltan administrazioek". Azken kopuru hori zehazteko, Lantegi Batuetan behar egiten duten langileek gizarte segurantzara eta ogasunera egindako ekarpena, euren zaintzan aurreztutako dirua eta antzeko aldagaiak hartu dira kontuan.

Azken bost urteetako azterketa ere egin du Retolazak: "Lantegi Batuek 2008tik sortutako balio ekonomikoa 444 milioi euro izan dira. Epe horretan erakundeak 62,1 milioi jaso ditu diru laguntza gisa. Administrazioek, oro har, 184 milioi jaso dituzte bueltan". Datu horiekin, bada, ondorioztatu dute jasotako euro bakoitzak sei eurotik gorako irabazia itzultzen diola Bizkaiari.

Retolazaren esanetan, halako enpresek diruz zenbatu ezin daitezkeen irabaziak ere ematen dizkiote gizarteari. "Beharginei poz izugarria sortzen die lana izateak, eta gurasoei erabateko lasaitasuna. Hori nola zenbatzen da? Oraingoz ez dakigu nola neur daitekeen modu horretan sortutako aberastasuna", azaldu du EHUko ikerlariak.

Lantegi Batuetako presidente Txema Francok azaldu du krisi ekonomikoa izan arren 150 enplegu sortu dituztela. "33 milioi euroko inbertsioa egiteko ahalegina egin dugu, ezinbestekoa iruditu zaigulako. Ikusi dugu enplegu arloan hartu diren neurriak ez direla egokiak izan, eta erakutsi dugu enplegu politika aktiboen ordua dela".

Metodologia, edozeinentzat

EHUko ikerlariek sortu duten metodologia hori edozein enpresarentzat da baliagarri. Retolazak gizarte zerbitzuei lotutako enpresak aipatu ditu, baina helburu ekonomikoak dituztenek ere erabil dezaketela nabarmenduz. "Merkataritza enpresek ere gizarteari ematen dioten irabazi soziala neurtu beharko lukete. Nire ustez, behintzat, etorkizunak hortik joan beharko luke". Izan ere, haren esanetan, gaur egungo kontabilitatea diru sarrerei eta diru irteerei begira egiten da, bestelako aldagaiei erreparatu gabe. "Langileek soldatari eta akziodunek irabaziei begiratzen diete".

Haren ustez, halako ikerketekin lor daitezkeen emaitzak barne produktu gordina baino neurgailu aproposagoa izango lirateke. "Enpresek gizarteari egiten dioten ekarpena diruz neur daitekeena baino gehiago da. Herrialde baten egoera zein den ezagutzeko, neurgailu justuagoak aurkitu beharko genituzke". Haiek asmatu duten metodologia, doiketak eginda, edozein enpresarentzako baliagarri dela dio.

Araztegien auziaz bilera irekia egingo dute gaur

KARRANTZA. Bizkaiko Foru Aldundiak eta ur partzuergoak bi araztegi egin gura dituzte Karrantzan, ur zikinen arazoari konponbidea emateko. Baina Karrantza Zabalak eta Bilduk ez dute lanak hasteko akordioa sinatu gura, horrek abeltzainek uragatik ordain...

%3,4. Gizarte zerbitzuek Bizkaiko BPGan duten pisua.

Pilar Ardanza Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatuak emandako datuen arabera, gizarte zerbitzuek Bizkaiko BPGaren %3,4 ordezkatzen dute. Hau da, 712 milioi euroko aberastasuna sortzen dute. Osotara, arlo horretan diharduten erakunde eta enpresek 13.109 l...

Mungia eta Uribe Kosta lotzeko proiektua, lehian

MUNGIA. Bizkaiko Foru Aldundiak Mungiako lasterbidea eta Uribe Kostakoa lotuko dituen errepidea eraiki gura du. Ez du dirurik halako obrarik ordaintzeko, baina garai hobeak datozenerako proiektua prest egotea gustatuko litzaioke. Hala, proiektu teknik...

Gasolina darie iturriei

Gasolindegietako langileen lan hitzarmena berritzeko borrokak 46 egun iraun du. Abenduaren 20an hasi zuten greba mugagabea, eta, azkenean, asteartean sinatu zuten akordiorako oinarria Aevecar patronalarekin; Repsol, Campsa, Shell eta sektore honetako beste talde handiak biltzen dituen erakundearekin, hain zuzen. Ostera, Cebek patronala —erregaien konpainia txikiagoak biltzen dituena— akordiotik kanpo geratu da, lan hitzarmen berria bertan behera uzteko aukera debekatzen duen klausula ez duelako onartu.

Baina, honako hau ez da izan gasolindegietako enplegatuek egin duten lehenengo greba. 1989an ere langileak grebara joan ziren. Garai hartan, lanuzteak 37 egun iraun zituen.

Badira sektorean aspaldikoak diren beharginak eta bi grebak ezagutu dituztenak. Horietako bi Bizkaiko Hitza-rekin aritu dira solasean, eta greba hauen arteko desberdintasunak aztertu dute.

Jose Luis Merinok (Palentzia, 1957) eta Jose Foruriak (Gernika-Lumo, 1956) 35 urte baino gehiago eman dituzte gasolindegietan lanean. Ondo baino hobeto ezagutzen dituzte kolektibo honen nondik norakoak, eta bi greben artean "ezberdintasun itzelak" sumatu dituztela adierazi dute. 1989ko grebaren testuingurua oso desberdina izan zela kontatzen dute. 1980ko hamarkadan soldata duin baten alde borrokatu ziren. Lansaria oso baxua zen. "Eskura eta beltzean egindako ordainketak asko ziren. Ia guztia diru beltza zen; eskupeko asko genituen. Gainera,estatu mailako hitzarmena miseria bat zen, ez zegoen ezer araututa", azaldu du Foruriak. Lan baldintzak ere erregulatu gabe zeuden. Merinok azpimarratzen duenez, "bizi-kalitate hobea lortu nahi genuen; baimenak edo lizentzia ofizialak, adibidez. Egutegia ere egun batetik besterakoa zen. Arduradunarekin izaten genuen harremanaren arabera libratzen genuen". 1989an langileak guztientzako eskubide berdinak eskatzeko elkartu ziren. "Guztiok berdin kobratzea lortu nahi genuen, ez batzuek pribilegioak izatea eta besteek ez", dio Foruriak.

Kolektiboaren izaera asko aldatu dela aipatzen dute. "Gasolindegietako lana hilabete batzuetarako zen. Ostean, fabrika batera alde egiten zuen jendeak", Foruriaren arabera. 1989az geroztik, egoera aldatuz joan da. ELA sindikatuko bi kideok adierazten duten moduan, lehen ez ziren multinazionalak existitzen eta enpresari batentzat egiten zen lan. "Lehen, norbere gaitasunak zuen pisurik handiena lanean; orain, aldaba onak eduki behar dira", kexu da Merino.

1980ko hamarkadan gasolindegi batean lan egiteak "aktibitate bat zela" uste dute. "Egun, gasolindegi batean lan egiten baduzu, enplegu bat duzu; lehen ez zen hala", argitu du Foruriak. "Askok eskupekoa ematen ziguten, baina, eskean ibiltzen ginelako. Esate baterako, autoen kristalak garbitzen genituen. Batek gasolina bota eta besteak autoa garbitzen zion gidariari; semaforoetan gertatzen den antzera. Azken batean, behartu egiten zenituen eskupekoa ematera", gaineratu du.

Gaur egungo lana bestelakoa da. "Lehen denetarik egiten genuen; orain, ezin zaio auto bati bonbilla bat aldatu, adibidez. Egun, erantzukizun handia dugu. Pentsa buxia bat aldatzen duzula eta gidariari zerbait gertatzen zaiola. Akabo! Produktu homologatuak baino ezin ditugu saldu", dio Foruriak.

"Nitasuna"

Bi langile hauen arabera, piketea askoz eraginkorragoa izan zen aurrekoan. "Nik gogotsu ikusi ditut gazteak; baina, gehiago mugitzen ginen lehen", gogoratzen du Merinok. Langileen artean "nitasuna" gailentzen dela uste dute. "Guk 20 urte genituenean, borroka ulertzeko modua desberdina zen. Gutasuna zen garrantzitsuena, denok batera zerbait lortzea", gaineratzen du Merinok. Krisiak markatutako egungo egoera ekarri dute gogora, eta horrek langileengan sortarazten dituen oztopoak. "Lehen noiz kanporatuko zintuzten desiratzen zeunden, ea zer edo zer hobea topatzen zenuen. Orain asko dago jokoan. Azkenean, gazteak apur bat atzeratzen dira eta beteranook gidatzen dugu taldea". Hala ere, balantze positiboa egin dute. Gutxi gorabehera 400 langile aritu dira protestan eta horietatik 50-60 inguruk "oso aktiboki" gainera.

Azken greba "oso gogorra" izan dela azpimarratzen dute. Animoa eta gogoa desberdina izan dira egun batetik bestera. Gainera, sindikatu asko egonda, "ados jartzea zaila izan dela" azaldu dute. Hala ere, Eusko Jaurlaritzatik egindako esfortzua txalotu dute; aldeak hitz egitera "behartu" baititu.

Mugikortasunaren arazoa

Nahiz eta patronalak eskainitako hitzarmena onartzea adostu duten, mugikortasun klausula batekin ez daude ados. "Edonoiz, edonora mugi zaitzakete", diote. Lan zentrotik 20 kilometroko muga ipini dute; hala ere, horiez gain etxetik lan zentrora egin behar direnak ez dituzte kontuan hartu. Merinok azaldu duenez, eskatu dutena da mugikortasuna justifikatuta egotea. "Negozioaren amortizazioagatik bada, baimentzea. Kontrara, gaixo agiriengatik edo ezustekoengatik baldin badira, jatorriko lanpostua manten dezatela eskatzen dugu eta enplegu hori inork ez okupatzea". Foruriaren arabera, "kontrolik gabeko mugikortasuna basakeria da; enpresariaren nahikeriagatik egina". Puntu hau arautu nahiko lukete.

Asteartean, akordioa sinatuta, emozioa nagusi izan zen. Gazteenek borrokarekin gauzak lor daitezkeela ikasi dutela uste dute bi beterano hauek. Baina, "nola sentituko dira greba hausleak?", galdetzen dute. Merinoren arabera, "onura aterako diote nahiz eta borrokatu ez". Foruriak bere buruari galdetzen dio ea barkamenik eskatuko ote duten edo lankideen borrokara gehituko diren. "Gainontzeko langile taldeentzat eredugarri izatea nahi genuke".

Gernikako industrialdea indartzearen alde

GERNIKA-LUMO. Busturialdeko Industrigunea izango denari buruzko txosten ekonomikoa eskatzea adostu dute Busturialdeko alkateek, asteon Ajangizen egindako bileran. Muxikan eraikiko litzateke. Bien bitartean, EAJ, Bildu eta talde independenteetako ordez...

Eskualdeko airearen kalitatea neurtuko dute

DURANGO. Eskualdeko airearen kalitatea neurtuko du Durango Merinaldeko Mankomunitateak. Emaitzak 2009an egin zuten beste neurketa batekin alderatu eta bilakaera zein izan den ezagutzea da ikerketaren helburua. Aurten egingo duten neurketak errepideek...

Alkateek Mungiatik Gerekizerako bidea hobetzea nahi dute

Arrieta, Morga, Errigoiti eta Fruizko alkateek Mungia eta Gernika lotzen dituen BI-2121 foru errepidea konpon dezala eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailari. Bidea egokitzeko eta zabaltzeko obrak martxan dira Gamiz-Fikara eta Arrietara joateko bideak hartzen diren biribilgunearen parean; baina horrekin ez dela nahikoa eta "Gerekizko gainerainoko errepide osoa" konpondu beharko litzatekeela adierazi dute Fruizko Udaleko ordezkariek.

Errepide horretatik gero eta ibilgailu gehiago igarotzen dira. Lau herriotako ordezkariek azaldu dutenez, azken urteetan, bai ibilgailu partikularren bai ibilgailu astunen kopurua egunetik egunera handitzen joan da. Mungian Txorierriko lasterbidera lotura egin zutenetik, zirkulazioak nabarmen egin du gora. Izan ere, Autzaganeko gaina gurutzatu beharrean, errepide hori hartuta, azkarrago hel daiteke Busturialdetik Loiuko aireportura, Bilboko portura eta hiriburura. Hala, "bidea konpontzea beharrezkoa" dela ohartarazi dute.

Eskatzaileen iritziz, foru errepide horren ezaugarriak —zabalera eta bihurguneak— eta mantentze egoera ez dira egokiak etengabe haziz doan zirkulazio hori jasateko. Horren ondorioz, gainera, segurtasuna gutxitu da.

Txirrindularientzat, arriskutsu

BI-2121 foru errepidea txirrindularientzako lehentasunezko bide izendatuta dago; baina horrek ez du esan nahi bide segurua denik. Batez ere, asteburuetan ibiltzen dira. Errepide horretan badira txirrindularien zirkulazioaz ohartarazten duten seinaleak; hala ere, bide zati batzuek ez dute bazterbiderik, eta leku askotan arazoak suertatzen dira gidariak eta txirrindulariak batera pasatzean. Lau udalerrietako ordezkarien arabera, "ez ditu betetzen txirrindulariak ibili ahal izateko baldintzak".

Bestalde, hainbat bihurgune arriskutsu daudela azpimarratu dute. Horrez gain, urtarrilean egindako euriteek askatzeak eragin dituztela esan dute, eta, ondorioz, errepidean pitzadurak agertu direla.

Joan den irailean elkartu ziren lau herriotako alkateak eta Herri Lan Saileko ordezkariak errepidearen egoerari buruz eztabaidatzeko. Alkateek jakinarazi dutenez, "orain hasitako obrek ez dute zerikusirik iaz egindako eskaerekin". Hobetze lanak udalerriei dagokien errepide zati guztian egitea eskatu zuten, eta, oraingoz, ez dira egin. "Bidea nahiko txarto dago, eta kamioi asko pasatzen dira", ohartarazi dute. Gainera, hobetze lan horiek baliatuta, Fruizko Udalak udalerriaren erdigunea eta balio turistiko handia duen harrobi zaharra lotuko dituen bidegorri bat egitea ere eskatzen du.

2009ko abenduaren 16an eginiko ohiko osoko bilkuran Fruizko Udalak Mungialdeko Lurralde Zati Planaren aurrerapenari emendakinak aurkeztea adostu zuen. BI-2121 foru errepidearen saihesbidearen proiektua Lurralde Zati Planaren behin betiko dokumentuan txertatzea eskatu zuten, besteak beste.