Sailkatugabeak

Diputazioak udalen zorrean parte hartzea nahi dute

Bizkaian, krisiak eztanda egin zuenetik, hainbat udalen "finantza egoera tamalgarria" argitara atera dela adierazi du Bilduk. Hartara, finantza egoera larrian dauden herriak ez alboratzeko galdegin dio koalizioak Bizkaiko Foru Aldundiari. "Herri horiei benetako irtenbidea eskaintzeko, inplikatu dadila nahi dugu", adierazi du Joseba Gezuraga Bilduko batzarkideak. "Aurreko legegintzaldietan, eta, bereziki, azkenengoan, hartu diren hainbat erabaki arduragabek herrietako kontu publikoak konprometitu dituzte modu guztiz onartezinean", azaldu du. Bilduren esanetan, foru aldundiak bere garaian ez zituen geldiarazi udalek egindako finantza operazio "guztiz onartezinak", nahiz eta bere ardura izan, eta orain herri horiek erabat zorpetuta daude.

Martitzenean, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernika-Lumon egindako osoko bilkuran, arauz besteko proposamena aurkeztu zuen Bilduk. Ez zen onartu. Hona koalizioaren proposamena: foru aldundiak Udalkutxako ezustekoetarako funtsetik herriei dirua aurreratzea, eta haiek kopuru hori itzultzea, Udalkutxa funtsetik urtero jasotzen duten dirutik %10 deskontatuz. Hori aurrera eramateko, ezustekoen funtsa handitu egin beharko litzatekeela azaldu du Gezuragak. Joan den urteko funtsa jarri du adibidetzat. Izan ere, 5,8 milioi euro aurreikusi zituzten, eta, azkenean, 23 milioi euroraino handitu zen. Bizkaian, herrien zorra, guztira, 13 milioi eurokoa da.

"Bankuekin zorpetzeko exijitu" beharrean, dirua aurreratu dezala eskatu dio koalizioak foru aldundiari. Izan ere, udalen finantza arazoari erantzuteko, foru araua sortu du. Bertan, bankuei kreditua eskatzea proposatu du. Bide horretatik, "arazoa gehiago sakontzea eta udalak gehiago zorpetzea" baino ez dela lortuko egotzi dio Bilduk Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiari. Eskainitakoa, "epe motzeko adabakia" baino ez dela salatu du koalizioak, eta ez irtenbide bat.

"Diskriminazioa herrietan"

Foru aldundia "herrien arteko diskriminazioa" bultzatzen ari dela salatu du Gezuragak. Jeltzaleek gobernatzen duten herrietan —Alonsotegin eta Bakion, esaterako— "diru injekzio handiak" egin direla ohartarazi du, gero udalek euren ohiko gastuetarako erabili dituztenak. "Beste herri batzuetan, Urduña eta Dimaren kasuan, udalek ahal duten gastu doikuntza egin eta bideragarritasun plan landuak aurkeztu dituzten arren, foru aldundiak aukera bakarra eskaintzen jarraitzen du: beste mailegu bat, beste zor bat bankuekin", salatu du Gezuragak. Adibidez, Urduñako Udalak aurkeztutako bideragarritasun planari Bizkaiko Foru Aldundiak ezezkoa eman diola ohartarazi du Karlos Arranz alkateak.

Plentzia zaharra, berri

Plentziako alde historikoa birgaitzeko proiektua aurkeztu dute udalak, Tecnaliak eta Ingelanek. Bertara iristeko modua erraztuko dute, azpiegiturak hobetuko dira, eta inguruak gordea duen kultur balioa eta ondarea agerian uzten saiatuko dira. Lanek zo...

Iaz, 144 hektarea erreta

Bizkaiko Foru Aldundiak iazko baso suteen berri eman du. Herrialde historikoan, 80 sute piztu ziren 2012an. Osotara, 144 baso hektarea erre ziren.

Piztutako suteetan, gehienetan —51 sute— hektarea bat baino gutxiago erre zen, hasierako fasean harrapatu eta itzaltzea lortu zelako. Beste 23 sutetan, hektarea bat eta bost hektarea arteko eremua erre zen. Gainontzeko sei suteetan, 5 hektarea baino gehiago erre ziren, baina haietako bakar batean ere ez ziren erre 35 baino gehiago.

Nekazaritza Sailak gogora ekarri duenez, iazkoa urte zaila izan zen. Apiriletik urrira ia ez zuen euririk egin, eta udazkena ere ohi baino lehorragoa izan zen. Gainera, tenperaturei dagokienez, abuztuan muturreko hainbat beroaldi izan ziren, eta, oro har, uda osoan, bero egin zuen. Suteak pizteko arriskua, bada, normalean baino handiagoa izan zen. Hala ere, erretako eremuen kopuruak ez du gora egin. Gainera, nabarmendu dute nahita edo arduragabekeriaz piztu diren suteen kopuruak behera egin zutela.

"Ezinbestekoa da basoen kudeaketa eta zaintza egitea. Suteak saihesteko neurriak hartu behar dira aurretik", azaldu du Irene Pardo Nekazaritza ahaldunak. Baso pribatu zein publikoak zaintzearen garrantziaz ohartarazi du Pardok. "Basoko jarduerak beharrezkoak dira mendia emankorra izan dadin; horrez gain, sua hedatzea oztopatzeko modu bat ere bada. Hala, suaren berotze ahalmena gutxitu egiten da, eta sua itzaltzeko lanak eraginkorragoak dira", azaldu du.

Bizkaian sua piztu ahal izateko baimena eskatu behar da, Base Gorrira deituta —94-446 52 97 eta 94-446 50 12 telefono zenbakiak—. Foru basozainek Galdakaoko Ganguren mendian daukaten egoitza da. Iaz, 5.000 dei jaso zituzten baimena eskatu edo sua pizteko baldintzen berri jakiteko.

Martxan da Durangaldeko lehen maketa lehiaketa

Iurreta, Durango, Abadiño eta Zornotzako udalek Durangaldeko lehen maketa lehiaketa antolatu dute. Dagoeneko martxan dago, eta parte hartu gura duten taldeek martxoaren 8ra arteko epea izango dute aurkezteko. Euren lana posta elektronikoz bidali beharko dute, maketa.udalgaztegi@gmail.com helbidera.

Lehiaketan parte hartzeko baldintza batzuk bete beharko dituzte musika taldeek. Batetik, taldekideen erdiak gutxienez 15 eta 35 urte bitartekoak izan behar dira. Lehiaketak Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi planaren babesa daukanez, plan horren kide diren eskualdeko udalerrietakoren batean erroldatuta egon beharko dute. Gainera, aurretik diskoren bat grabatuta daukaten taldeek debekatuta daukate lehiaketa honetan parte hartzea.

Musika adituz osatutako epaimahai batek entzungo ditu posta elektronikoz jasotako kanta guztiak. Denen artetik bederatzi aukeratuko dituzte. Talde horiek kontzertuak eskainiko dituzte Durango, Zornotza eta Abadiñoko aretoetan. Lehiaketaren irabazle suertatuko den taldeak, gainera, Durangoko Plateruena kafe antzokian emango du kontzertua.

Lau udal horietako webguneetan dago izena emateko bete behar den orria. Orriarekin batera, hiru kanta bidali behar dira. Informazio gehiago nahi duenak, hala ere, eskuragarri izango du udalotako Gazteria Zerbitzuetara deituz gero.

Lehiaketa guztietan legez, honetan ere sariak egongo dira. Irabazleek 1.800 euro jasoko dituzte. Euskarazko kanturik onena sortu duen taldeak, berriz, 500 euro eramango ditu.

“Hondartzan oso energia ona dago tai txia egiteko”

Arratsaldeko bostak, Sopela eta Barrika artean, Meñakotz kalatxoan. Denboraleak itsaso bizi eta zakarra ekarri du Bizkaiko kostaldera, eta Meñakotz ez da salbuespena. Harrotuta dago itsasoa, ilun eta nahasi. Euria barra-barra ibili da. Hotzak ere ez du neguko postal hau galdu nahi izan.

Ez dago inor Uribe Kostako paraje eder honetan; ez dago udan txosnaren inguruan batzen diren udatiarren arrastorik. Neguan Meñakotz ez dago modan. Baina bada neguan ere kalara egunero joaten denik ere. Haitzen artean David Bustamante (Barrika, 1975) agertu da, irribarretsu, eta, ohi legez, ortozik. Egunero bezala, itsasoa ikustera joan da. Olatuak daudenean surfean aritzeko aprobetxatzen du, baina olaturik ez dagoenean ere ez du bainua hartzeko aukerarik galtzen: "Korrika egitera joaten naiz, eta horren ostean bainua hartzen dut Meñakotzen, negua izanda ere".

Barrikan jaiotakoa izanik, Bustamantek beti sentitu du lotura berezia hondartza horrekin: "Hau da nire lekua; kala honek eman dizkidan momentuak ez ditut inon izan. Betidanik ibili naiz hemen; ez dakit zenbat ordu eman ditudan". Oreka sentitzen du leku horretan: "Egonean egon, lasai-lasai. Ez dut besterik behar".

Surfean aritzeko olatu aproposak egonez gero, bainua hartzeaz gain, ohola hartu eta olatuekaz dantzan ibiltzen da Zuku. Ezizen horregaz ezagutzen dute gehienek Uribe Kostan: "Txikia nintzenean, nire anaia oso indartsua zen, eta ni txikia... Zumosol deitu hari, Zumotrol niri, ondoren Zumo bihurtu, eta, azkenean, Zuku deitzen didate".

Surfarekiko afizioa ere txikitatik datorkio Zukuri: "Txikitan koltxoneta eta puzgarriekaz ibiltzen nintzen hondartzan. Gero kortxoagaz hasi, 20 urtera arte, eta, orain, 18 urte daramat oholagaz". Surfa zaletasuna da berarentzat, ez du lanik egiten horretan profesional legez: "Profesionala... oso profesionala naiz, kar-kar! Baina ez naiz honetaz bizi. Hori bai, laguntzak izan ditut; orain adibidez enpresa batek trajeak ordaintzen dizkit".

Modu batera edo bestera, lotura estu-estua sentitzen du Bustamantek itsasoagaz. Lehen, adibidez, arrantzan ere ibiltzen zen: "Urte askotan ibili nintzen, baina gero arrainak lagunak bihurtu ziren eta... ezin dituzu lagunak jan!". Hortaz, kainabera utzi arren, barrikoztarrak itsasoagaz olgetan jarraitzen du: "Itsasoan gorputza eta arima batzen dira, eta gaurko munduan horrek garrantzi handia du. Beti gabiltza gauzak egiten automatak moduan, baina ez gaude arimagaz batera. Itsasoan bibrazio hori sentitzen dut, gure izaeragaz lotuta". Bere ustez, itsasoan estresa eta arazoak desagertzen dira: "Mundua den bezalakoa sentitzen dut: bakarrik zaude olatuakaz, lasaitasunean. Burua itsasoagaz lotzen da, eta lotura hori geratzen da bakarrik".

Ez du imajinatzen bere burua itsasotik urrun bizitzen. Ingalaterran ingeniaritza ikasketak egin zituen lau urtez, baina badaezpada ez zen kostaldetik gehiegi urrundu: "Portsmouthen egon nintzen. Ferryan joaten nintzen, eta pare bat aldiz polizoi legez bidaiatzen harrapatu ninduten. Kar-kar!". Kalifornian ere bizitzeko aukera izan zuen, baina kostaldetik urrun, eta, aitortzen duenez, ez zen oso atsegina izan: "Kalifornian nengoen, barnealdean, eta ez dut ostera ere horrelakorik esperimentatu gura, oso txarto pasatu nuen".

Surfaz gain, Zukuk ere beste pasio bat du: tai txia. Sopelako Tai Txi taldeko kidea da, eta eskolak eskaintzen ditu. "Beti gustatu zaizkit arte martzialak. Lagun batek tai txi egitera animatu ninduen, eta geroztik bete-betean ibili naiz. Iñaki Zunzunegi izan zen nire irakaslea, eta jarraitzen du izaten". Normalean tai txi eskolak Sopelako kiroldegian eta Ander Deuna ikastolan eskaintzen ditu, baina eguraldi ona dagoenean hondartzara jaisten dira: "Oso energia ona dago hondartzan tai txi egiteko: itsasoa, mendia, egunsentiak... Geratzen den argia eta energia oso aproposa da, nahiz eta tai txia egiteko harea ez izan onena!".

Aldarrikapenerako tartea ere izaten du Bustamantek. Peñatxuri surf taldeko kide gisara, natura eta ingurunea errespetatzeko hainbat ekimenetan parte hartzen du: "Hori da gure filosofia, ez da bakarrik surfa edo kirola egitea, baizik eta hondartza zaintzea, naturarekiko lotura sustatzea". Hori dela eta, hainbat ekintza burutu dituzte azkenaldian: hondartza inguruko lursailen garbiketak eta bertoko espezieen landaketak, besteak beste.

Horretaz gain, barrizkotarrak hainbat surflarik bultzatutako Itsasorantz ekimenean parte hartzen du, euskal gatazkaren konponbidearen alde: "Oso proiektu polita da. Surflarioi itsasoak batzen gaitu, eta erronka hau da: nola egin ahal dugu surflariok sentimendu hori beste batzuei sentiarazteko?". Helburu horregaz, hainbat ekintzatan parte hartu dute, gatazkaren konponbidea lortzeko bidean: "Euskal Herria itsasontzi baten modukoa da; bertan pentsaera eta nortasun ezberdineko herritarrak gaude. Eta itsasontzia hondoratzen bada... denak hondoratuko gara! Indarrak batu behar ditugu itsasontziak aurrera egin dezan!".

Gazte ekintzaileak

Langabezia datuak gorantz doazen garai hauetan, lanpostu duin bat izatea ia-ia luxua bilakatu da gazteentzat. Ez da erraza lan munduan sartzea; horrenbestez, gazte askok prestakuntzan sakontzea erabaki dute. Bitarte horretan, han eta hemen curriculuma...