Sailkatugabeak

14,8 MILIOI AUTONOMO ETA ETE-ENTZAT

Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du ETE enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak sustatzeko planaren bigarren zatia. Hala, aurten 14,8 milioi euro ipiniko ditu sektore horiek indartzeko. Imanol Pradales diputatuak garrantzitsutzat jo ditu lagunt...

Eskaintza berezia, Pozalagua bisitatzeko

KARRANTZA. Kobazuloen nazioarteko eguna dela eta, Karrantzako Udalak eskaintza berezia antolatu du astebururako. Bi bisitari joan arren, bakarrak ordaindu beharko du sarrera. Gainera, bihar eta etzi hara joango diren turisten artean Zestoako landetxe ...

Trenbide zaharraren lurrak kutsatuta dauden kezka

DURANGO. Abendura arte trenbidea igarotzen zen lursailak kutsatuta egon daitezkeela eta, kezka agertu du Durangoko Udalak. Osoko bilkurak Euskotreni eskatu dio lursailok aztertzeko eta kutsadurarik egotekotan neurriak hartzeko. Alderdi guztiek onartu ...

Gorbeialde, eskualdeko turismoaren gidari

AREATZA. Gorbeialde Arratia-Nerbioi eskualdeko landa garapen elkartea arduratuko da aurrerantzean kide diren hamabi herrien turismoaz. "Turismoak baliabide ekonomikoak handitzea eta ongizatea hobetzea dakar, eta herri biziak eta dinamikoak sortzen ditu", azaldu du Iñaki Saenz teknikariak. Aurten eskualderako turismo plan bateratua martxan jarriko dutela iragarri dute, krisiari aurre egiteko baliabide modura.

Ez dute kutsadurarik aurkitu Lemoako harrobian

Lemoako harrobiko lixibiatuen azterketak %100ean ziurtatu du gaur egun ez dagoela kutsadurarik. Hala adierazi du Idoia Pujana Ingurumen zinegotziak. Dena den, emaitzek ez dute bermatzen gerora kutsadura eragin dezaketen hondakinik ez dagoenik. Horrega...

Landare hondakinak etxez etxe bilduko ditu udalak

SONDIKA. Sondikako Udalak landare hondakinak etxez etxe biltzeko erabakia hartu du. Besteak beste, belar mozketan eta arbolen inausketan sortutako hondakinak bilduko ditu zerbitzu berri honek. Konposta egingo dute bildutakoarekin. Biltzera joatea gura...

Diru eske, bihotzeko gaitza duen neska bati laguntzeko

Bilboko Atxuri auzoko Garcia Rivero ikastetxe publikoko gurasoak Cloe izeneko neskatilari laguntzeko diru bilketa abiatu dute. Sei urte ditu, eta euren seme-alaben ikaskidea da. Txikia bihotzeko gaixotasun batek jota dago, eta haren bizi-itxaropena bihotz transplante baten mende dago. Besteak beste, haurrentzako jaialdi bat prestatu dute. Etzi izango da, Kafe Antzokian.

Cloeren familiak diru laguntzen premia duela azpimarratu dute ekitaldiaren antolatzaileek. Umeen transplanteak egiten dituzten oso ospitale gutxi daude. Hala, iazko maiatzean Madrilgo Gregorio Marañon ospitalera eraman behar izan zuten Cloe. Bederatzi hilabeteren ondoren, neskatoak Madrilen jarraitzen du, medikuen zaintzapean eta organo berria noiz ailegatuko zaion zain. Astean bi egun eman behar ditu ospitalean sartuta, eta, gainontzeko egunetan, ospitaletik oso gertu pasatzen ditu orduak.

Atxuriko neskatilak bi ahizpa ditu, eta, amarekin batera, Madrilera joan dira bizitzera, harekin egoteko. Familiak ospitaletik gertu dagoen etxebizitza bat alokatu behar izan du. Ondorioz, amak Bilbon zuen lana utzi behar izan zuen. Bi ahizpei dagokienez, Madrilera joan dira ikasturtea amaitzera. Aitak astebururo bidaiatzen du familiarekin elkartzeko. Egoera horrek zuzen jo dio familiaren ekonomiari, gastu handiak baitituzte. Egoera ekonomikoa "itogarri eta jasanezina" bihurtzen ari zaie, eta, gainera, itxaronaldia oraindik luze joan daitekeela uste dute.

Horrela, Atxuri ikastetxeko zenbait guraso lanean jarri dira Cloeri eta haren familiari laguntzeko. Kontu korronte zenbaki bat zabaldu dute, nahi duenak ekarpen ekonomikoak egin ditzan. Horrez gain, Zazpikaleetako saltoki eta merkatari batzuen laguntzaz, zozketa bat antolatu dute txikiari diruz laguntzeko.

Bihotz bihotzez

Cloe Bihotz Bihotzez dauka izena ikuskizunak, eta Kurkuluxetan taldearen laguntzarekin prestatu dute. Festa giroa 17:00etan hasiko da, eta txikienentzako hainbat ekintza izango dira. Esate baterako, Ane Mona, Oskola eta Karramarrok, Zirkus Aurrek eta Txorro Morro Berbena Taldeak parte hartuko dute ekimenean. Modu horretan, hainbat ikuskizun entretenigarrien bidez, hara joaten diren ume eta helduen gozagarri izango dira. Ezustekoak ere ez dira faltako, eta zozketaren zenbaki saridunak zein diren ezagutaraziko dute.

Sarrerek sei euroko salneurria dute, eta jada eskuratu daitezke Zazpikaleetako hainbat tabernatan: Bizitza, Txomin Barullo, Floren, Sorgin, Kalderapeko, Bodeguilla Joserra eta Pirata Taska. Gainera, Kafe Antzokiko txarteldegian erosteko aukera egongo da, jaialdiaren egunean bertan, 16:00etan.

Literaturarako pasaportea

Irakurketa klub berri bat sortu dela esateak ez du ezer apartekorik. Normalean, talde horietan, partaide guztiei liburu bat ematen zaie irakur dezaten, eta, ostean, irakurritakoari buruz hitz egin eta iritziak plazaratzen dira. Baina Muskizen eratu dutena ez da ohiko klub bat; horretan, irakurleak 6 eta 8 urte bitarteko umeak dira. Hala, Muskizko Udal Liburutegiak irakurtzen ikasten ari diren haurrentzako lehenengo irakurketa kluba eratu du.

Aiala Citores (Zierbena, 1988) haurrentzako txokoa dinamizatzeaz arduratzen da, eta, azaldu duenez, "haurrak liburuen munduan murgiltzea" da klubaren xede nagusia. "Liburu bat ikusten dutenean atzera ez botatzea lortu nahi dugu. Nahiz eta osorik ez irakurri, zabaltzeko gogoa eragin nahi diegu", dio. Batzuetan, liburuak irakurtzen dituzte; besteetan, horiek oinarri hartuta, bestelako ekintzak antolatzen dituzte; adibidez, komikiak lantzea. Irakasleak esaten duen moduan, "liburuetan idazlea eta marrazkigilea daude, eta biak dira oso garrantzitsuak istorioa jarraitzeko; beraz, bi esparruak gozatzen irakasten diegu". Hainbat liburu mota ezagut ditzaten esfortzua egiten dute Muskizen. Horrela, liburutegian aurki ditzaketen estilo desberdinak —ipuinak, poesia, komikiak, informazio liburuak— identifikatzen ikasten dute txikitatik.

Herriko ikastolako umeekin probako esperientzia antolatu zuten iazko urrian, liburutegian. "Printzipioz, urte osorako irakurketa klub bat sortu nahi genuen. Baina, lehenengo aldia zenez, ez genekien zer-nolako erantzuna izango zuen herritarren artean. Orduan, hiru hilabeteko proba egitea erabaki genuen", azaldu du. Modu horretan, astean behin, asteazkenetan, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako hamabost ume elkartzen dira liburutegian literaturaren munduarekin gozatzen ikasteko. Hasieran, haur nagusiagoekin prestatu nahi zuten tailerra; baina, informazioa plazaratzerakoan, oker bat egon zen, eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako umeekin egitea erabaki zuten azkenean. "Hasieran, zaila izan zen. Ikasturtea hasi berria zuen lehenengo taldeak, eta irakurtzen ikasten ari ziren. Bigarren taldearekin jada hasi gara, eta alde nabarmena antzeman dugu. Kasu honetan, umeek hilabete batzuk daramatzate ikastolan irakurtzen, eta hori igarri egiten da batzuen eta besteen artean; ikusi dugu maila igo dela", dio Citoresek.

Lehenengo taldearekin amaitu, eta, egun, beste talde batekin ari dira lanean; izan ere, erantzuna ona izan zen, eta ume askok ezin izan zuten klubean izena eman. "Hain emaitza positiboa eduki genuenez eta jende asko kanpoan geratu zenez, bigarren hiruhilekoan adin berbera zuten umeekin jarraitzea pentsatu genuen; kanpoan geratu zirenak sartu ahal izateko", gaineratu du. Hirugarren hiruhilekoan Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleekin arituko dira. Umeak pixka bat helduagoak direnez, dinamika aldatuko dute; esate baterako, guztiek liburu bera irakurriko dute. Taldea beste hamar edo hamabost umek osatuko dute, eta jada hasi dira jasotzen parte hartzeko lehenengo eskaerak. "Datorren udazkenean, ikasturte osoa iraungo duen kluba sortu nahiko genuke. Lehenengo taldea osatu zuten umeek gurekin jarraitu nahi zuten, eta ezin izan dute. Beraz, gure asmoa da urte osoko irakurketa kluba eratzea, eskolaz kanpoko ekintza moduan antolatzea", azaldu du Citoresek.

Liburuz liburuko txartela

Klubean hainbat ekintza prestatzen dituzte urte osoan. Horien artean, pasaporte bat betetzeko lana dago. Ez da nolanahiko txartel bat, berezia da. Ez ditu biltzen umeek bisitatu dituzten herrialdeak eta lekuak; pasaporte horren orrialdeetan haurrek irakurtzen dituzten liburuen zerrenda idazten da. "Liburu bat itzultzen duten bezain laster, umeak niregana etortzen dira zigilu bat ipin diezaiedan", dio Citoresek. Haur bakoitzak bere pasaportea dauka, eta, bertan, hartzen dituen liburuen gaineko kontrola egiten da.

2013. urtean hainbat proiektu egingo dituzte. Alde batetik, Citoresek bi hilabetean behin ipuin kontaketak egiten ditu euskaraz, eta, berritasun modura, urte osoan ipuin kontalari gehiago ekarri nahi dituzte liburutegira. Beste alde batetik, argazki lehiaketa ere antolatuko dute. "Gurasoek konpromiso handia erakutsi dute, eta horrek asko errazten du proiektu berriak atera ahal izatea. Egunero etortzen dira, eta ezin badute, abisatzen dute. Gainera, haurrek ere inplikazio handia erakutsi dute. Pozik eta gogotsu datoz liburutegira", azpimarratu du.

Gelan liburuen txoko bat dago, eta, hamabost egunean behin, gai interesgarriak jorratzen dituzten liburu sortak kokatzen dituzte hor. Otsailean, Verdiren 200. urteurrena dela eta, musikarekin harremana duten liburuak atera dituzte txokora. "Batzuetan, umeek ez dakite non dauden liburu horiek, edo apaletan galtzen dira; hortaz, materiala mugitzeko era bat da".