Sailkatugabeak

“Luzaroan lapurtu digute oroimena; berreskuratu egin behar dugu”

Basauriko Oroimena herri plataforma hainbat elkartek osatzen dute: herritarren elkarteek, ekologistek, gazte elkarteek, kultura elkarteek, emakumeen eta memoriaren aldekoek, baita sindikatu, alderdi politiko eta norbanakoek ere. Plataformaren barruko Lau Haizetara Gogoan memoriaren aldeko elkarteko kide da Eduardo Gonzalez (Bilbo, 1969). Oroimen historikoa berreskuratzearen premiaz aritu da hizketan. Hain justu, helburu hori duen egitasmo bat aurkeztu dute asteon, Basauriko Udalarekin elkarlanean.

Zer behar edo gabezia ikusi zenituzten Basaurin plataforma sortzeko?

2011. urtean hasi ginen lanean, Basaurin herriko oroimen historikoaren egoera aztertzeko, baita herriko sinbolo frankistak identifikatzeko ere. Ikusi genuen Basaurik gerran, gerraostean eta 60, 70 eta 80ko hamarkadetan errepresioa pairatu zuela: hainbat herritarren eskubideak zapaldu zituzten, eta hori berreskuratu beharra zegoen.

1936. eta 1976. urteen arteko Basauriko memoria historikoa berreskuratu eta gizarteratzea da plataformaren xedea. Nola zehaztu duzue urte tarte hori?

Guretzat garrantzitsua da urte horien artean gertatutakoa aztertzea, batez ere kontakizun historikoa mantentzeko. Ez diegu soilik gerra eta gerraosteko garaiei erreparatu nahi. Lau Haizetara Gogoan elkartekook diogu 1936an hasi eta bihar bukatuko dela kontakizuna. Poliziaren zigorgabetasun eredu horretan Vicente Anton Ferreroren kasua egon zen 1976an: Guardia Zibilak tiroz hil zuen gaztea, Gasteizen martxoaren 3an hil zituzten bost langileen aldeko protestan. Ordutik, Polizia eredua ez da aldatu. Orain dela urte bat, Basauriko beste bizilagun bat hil zuen Poliziak Bilbon, Iñigo Cabacas. Hori konpondu arte, ezingo dugu esan kronologia hau bihar amaituko ez denik.

Zergatik da horren garrantzitsua oroimen historikoa berreskuratzea?

Lehenengo eta behin, luzaroan lapurtu egin digutelako. Isiltasun handia egon da; gertatutakoari buruzko hainbat datu ezkutatu izan dituzte historian, eta uste dugu badela informazio hori bildu eta azaleratzeko unea.

Zeintzuk izan ziren emandako lehen pausoak?

Sinboloen eta herrian errepresioa jasandakoen gaiarekin hasi ginen lanean. Informazioa bildu ostean, Lau Haizetara Gogoan elkarteak, herriko hainbat elkarteren babesarekin, mozio bat aurkeztu zuen Basauriko Udalean iazko otsailean. Hor eskatu genuen frankismoko biktimak aitortzeko, sinbolo frankistak kentzeko eta Vicente Anton Ferrero basauriarra Guardia Zibilak hil zuela onartzeko. Udaleko alderdiekin hitz egin ostean, mozioa onetsi zuten, Bildu, EAJ eta PSE-EEren aldeko bozekin; PP abstenitu egin zen.

Nola doa sinbolo frankistak erretiratzeko egitasmoa?

Basauriko Udalak bere hitza bete du, sinboloak zerrendatu eta katalogoa osatuz. Asteon jakinarazi du Andoni Busquet alkateak frankismoko plaka eta ikur guztiak kentzen hasiko direla berehala. Guztira ia 80 topatu dituzte.

Zertan datza oroimena berreskuratzeko proiektua?

Frankismoan errepresaliatutako basauriarren testigantzak jasotzeko egitasmoa abiatu du plataformak, Basauriko Udalarekin elkarlanean. Udalaren webgunearen barruan, horiek biltzeko espazio bat prestatu du. Herritarrei informazioa eta arreta emateko bulegoan ere utz daiteke informazioa zein materiala. Orduko argazkiak, klandestinitateko sindikatuen karnetak, errazionamendu kartilak... Garai harekin harremandutako dokumentu orok balio du. Oraindik ez dugu erabaki nola jasoko dugun azken lana; liburua, dokumentala... Denbora asko eskatzen duen lana da, baina, dirurik ez dagoenez, guztia doa are astiroago. Ekaina jarri dugu jomuga, Basaurira tropa frankistak sartu zirela gogoratzeko. Gerra eta gerraostea oroitzeko hainbat hitzaldi eta mahai inguru prestatuko ditugu astebetez.

Ez da erraza izango gerra bizi izan zuten pertsonak aurkitzea.

Basaurin gerra bizi izan zuen jendearekin kontaktatu nahi dugu, baina badakigu hor arazoa dugula, oso nagusiak direlako, eta asko jada hilda daude. Ez bakarrik Basauriko kasuan: egun batean Euskal Herrian konturatuko gara azken gudaria, azken milizianoa hil egin zaigula. Benetan amorratzen gaitu horrek, oroimen historikoa berreskuratu ezin izateak: oso tristea da jende hori joatea, gaia oraindik konponduta egon gabe. Guk ahal dugun guztia egingo dugu Basaurin.

Egun, Basauriko ia 400 kasu dituzue dokumentatuak. Zer motatako testigantzak dira?

Azken urtean bildu ditugu horiek guztiak. Denetarik dago, ahozko zein idatzizko testigantzak jaso ditugu, irudiak, eta abar. Gerrako ume gisa erbesteratutakoak, torturatu eta eraildako herritarrak, desagertutakoen senitartekoenak...

Oraindik oso kasu gutxi onartu dira frankismoko biktima gisa...

Bai, eta horregatik da hain garrantzitsua ahalik eta testigantza eta datu gehien biltzea. Orduko kontakizuna osatzeko eta gertaerak azaleratzeko. Gure eskema egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermea dira. Puntuok betetzen joan daitezen nahi dugu. Egia: gertatu zen guztia jakin nahi dugu, kontakizuna oso-osorik izan. Justizia: askatasunaren alde borrokatzen hil zirenei justizia egin behar zaiela uste dugu. Erreparazioa: izenak publiko egin ditzatela, oposizio antifrankistan egon zirenak ez baitziren terroristak, ezta gaizkileak ere. Biktimen familiei, kalte-ordaina emateaz gain, omenaldiak egin behar zaizkiela uste dugu.

Bihar, Vicente Anton Ferrero basauriarraren eta herriko frankismoaren biktimen aldeko ekitaldia egingo duzue.

Basauriko Udalak eta plataformak antolatu dugu omenaldia. Basauriko Bingen Anton Ferrero kalean izango da, 12:30ean. Lore eskaintza eta aurreskua egingo dira, eta elkarteko kide batzuek gertaeraren kontakizuna irakurriko dute.

30 urte albisteak kaleratzen

Kontsumo arineko gizarte batean zaila da luzaroan irautea; eta, txikia izanez gero, are eta zailagoa. Gernika-Lumoko Aldaba aldizkaria ere txikia da, baina bere txikitasunean handi bihurtu da. Garai onak eta txarrak bizi izan ditu herri aldizkariak, b...

Urte amaieran hasiko dituzte Deustuko kanala zabaltzeko lanak

"Hondamendirik egon ezean, aurten hasiko ditugu Deustuko kanala zabaltzeko lanak", adierazi zuen astelehenean Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Zorrotzaurre proiektua abian jartzeko beharrezkoa den erakundeen arteko azken akordioa sinatu zuten egun berean Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Egun penintsula den gunea irla bihurtuko dute: Deustuko kanala zabalduko dute, eta udalaren ardura izango da kanalaren alde biak batzeko zubia eraikitzea.

Datozen hilabeteotan, Bilboko Udalak obrak adjudikatzeko prozedura hasteko asmoa du. Juan Mari Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak esan duenez, lanen aurrekontua 30 milioi eurokoa izango da. Behin proiektua emanda lanak 2013. urte amaiera aldera hasiko direla jakinarazi du sailburuak, eta hiru urteko iraupena izango dutela. Bestalde, Zorrotzaurreren birsortze proiektua gutxienez hogei urterako hirigintza plana izango dela aurreratu dute.

Zorrotzaurreko proiektuak ia 838.781 metro koadroko azaleran izango du eragina. "Industrialde zaharra izandakoa Bilborako sarrera bilakatuko da, itsasadarrean zehar", adierazi du Aburtok. Kostu handiko lana izango da, baina, Azkunaren aburuz, "estrategikoa eta etorkizunekoa" da proiektua Bilborentzat, eta, beraz, egiteko udalak "behar besteko gogoa" jarriko duela esan du.

Eusko Jaurlaritzak Zorrotzaurreko puntan dagoen 8.000 metro koadroko lursaila eman du. Horrekin, ordaindu behar duen kantitatea kitatu du. Lurzoruen balioen ordez, udalak berak egingo ditu kanala irekitzeko lanak. Kutsaturiko lurrak agertuz gero beste diru laguntza bat —gehienez milioi bat eurokoa— egokituko dutela jakinarazi du Aburtok, "lurrek dagokien tratamendua jaso dezaten".

Uholde arriskua murriztu

Sailburuak adierazi duenez, Zorrotzaurreko lanak, "hirigintza proiektua izateaz gain, segurtasun plusa ere badauka". Izan ere, Azkunak azaldu du uholdeen eraginak murrizteko balioko duela kanala zabaltzeak: "Murriztu egingo da Bilbo inguruko itsasadarraren ertzetan izango duen eragina eta arriskua".

HIRIBURUA ERE, ZURITUTA

Asteon, irudi bitxia utzi du eguraldiak: Bilbo zurituta esnatu zen astelehen goizean. Zapatuan hasi zen elurra itsas mailan egiten, baina astea hasi arte ez zuen lortu hiriburua zuritzea. Goizaldean, inatazi zaparrada batek kale eta errepideak estali ...

Ezkerraldea eta Meatzaldea suspertzeko programa bat abiatu dute Sestaon

Venta del Gallo enpresa haztegiak ateak zabaldu ditu berriz, lokalak betetzeko eskaera faltagatik bi urtez itxita egon ondoren. Sestaoko Udalak eta DEMAk —Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen enpresa sorkuntza eta garapenerako agentzia— egindako hitzarmen bati esker, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Behargintzek aukeratutako ehun pertsonak parte hartuko dute eskualdeko autoenplegua indarberritzeko egitasmo honetan. Martxoan, hautatutako ekintzaileek sormena, negozio aukerak edo brainstorming-a bultzatzeko prestakuntza tailerrak egingo dituzte. Maiatzean bigarren deialdia egingo da, eta beste ehun pertsona sartuko dira programa honetan.

‘Bilbo 2013’ enplegu planak 286 lanpostu sortuko ditu

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Bilbo 2013 Enplegu Plana aurkeztu zuten astelehenean. Egitasmo horren bidez, hirian "lana sortzen duten proiektuak bultzatzeko konpromisoa" hartu dute. Guztira, hamahiru eragilek eta erakundek parte hartu dute.

"Elkarlana" proiektu honen oinarrietako bat izan da. "Sinergiarekin aritzeko unea heldu" dela azpimarratu du Azkunak. Egitasmoa martxan jartzeko aurrekontu osoa 5,3 milioi eurokoa izango da. Hala, Eusko Jaurlaritzak 2,8 milioiko ekarpena egingo du Lanbideren bidez. Bilboko Udalak milioi bat inguru jarriko du, eta egitasmoak behar dituen baliabide teknikoak eta giza baliabideak ere ipiniko ditu. Azkenik, hainbat enpresa eta erakunde publiko zein pribatuk 2,4 milioi euro inbertituko dituzte.

Enplegu plan honen helburuak eskualdeko garapen ekonomikoa bultzatzea, gaikuntza profesionala hobetzea eta ekoizpen eta enpresa jarduera sustatzea dira, besteak beste. Osotara, 951 pertsonak jasoko dute gaitasun profesionalekin lotutako prestakuntza. Batetik, 518 lagunek prestakuntza proiektu berezietan parte hartuko dute; prestakuntza espezializatu hori lan merkatuan lortutako esperientziaren osagarria izango da, eta "beren balio eta eragin ekonomikoagatik hiriarentzat estrategikoak diren hainbat sektoretako lanpostuetan" aritzera egongo dira bideratuta. Herritar horiek, adibidez, alor hauetan arituko dira: ekoteknologia eta hiri konponbideak, turismoa, osasuna eta bizi-kalitatea, artea, teknologia, diseinua, merkataritza eta halakoetan.

Bestetik, baztertze arriskuan diren beste 433 pertsonak, gizarteratzeko eta laneratzeko aukera hobeak izan ditzaten, prestakuntza teorikoa eta praktikoa jasoko dute programa horren bidez. Hainbat ikastaro eskainiko dira: lorezaintza iraunkorra, instalazio ekoefizienteak eta elektrikoak, ostalaritza, haurren zaintza, etxebizitzen eta hiri altzarien konponketa, ibilgailu ekologikoen mantentzea...

Enplegua

Bilbo 2013 enplegu planaren helburua da Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren erronka komun bati erantzuna ematea. Izatez, bi erakundeok "krisi ekonomikoak lanaren merkatuan eragin dituen desorekak gainditzeko xedea" dute. "Ekonomia sustatzen eta berpizten ez den bitartean, zaila izango da enplegua hobetzea; baina badago zeregin handia; hau da, langileen prestakuntza hobetu eta pertsona eta enpresen arteko bitartekotza indartu", adierazi zuen Aburtok planaren aurkezpenean.

Egitasmo berriarekin 286 lanpostu sortuko dira Bizkaiko hiriburuan. Enplegu horietatik 135 Bilbo Ekintzaren babesarekin eratuko diren ehun bat enpresa eta establezimendu txikiekin egongo dira lotuta. Gainera, Bilbo Ekintzak beste 31 pertsona hartuko ditu Irazabal zentro berriaren birgaitze lanetarako; modu horretan, Matiko auzoko zentroa ekintzaile eta enpresa txikientzako gune bihurtuko da. Beste alde batetik, 120 pertsonak, gutxienez, sei hilabeterako lanpostua eskuratuko dute, enpresei eta erakundeei kontratatzeko eskaintzen zaizkien pizgarrien bitartez.

Hautaketa prozesuetan parte hartu nahi duten pertsonek bi baldintza bete beharko dituzte: bilbotarrak izatea eta Lanbiden izena eman izana.