Sailkatugabeak

Garraio erakunde bakarra sortzea aztertuko dute

BILBO. Bizkaian garraioaren arloa arautzeko, koordinatzeko eta kudeatzeko, erakunde bakarra sor daitekeen edo egungo Bizkaiko Garraio Partzuergoa berregitura daitekeen hausnartu nahi dute Bizkaiko Batzar Nagusiek. Hartara, gaiari buruzko txostena osat...

Bilbon %20 igo dira etxebizitzako laguntza osagarria jasotzeko eskariak

Krisiaren gordintasunaren seinale izan ohi dira laguntza sozialei buruzko datuak. 2012ko Gizarte Ekintzaren balantzea aurkeztu du asteon Bilboko Udalak, eta bertan antzeman da etxebizitzaren gastua dela hiriburuan bizi direnen arazo handienetako bat: 5.175 etxebizitzarako laguntza osagarri eman zituen iaz udalak, aurreko urtean baino %20 gehiago. Aldiz, %4 jaitsi zen diru sarrerak bermatzeko errenta jaso zuten bilbotarren kopurua: 15.391.

Bilboko Udalak bere aurrekontuaren %9 bideratu zuen iaz politika sozialetara: 41,3 milioi euro. Krisiari erantzuteko, azken urteotan zifra horrek gora egin duela nabarmendu dute Gizarte Ekintza Sailetik, "2008an ez baitzen %7ra heltzen". Gizarte larrialdietarako laguntzetan, adibidez, 3,86 milioi euro gastatu zituen udalak; horiek jasotzeko 5.451 eskaera egon ziren, baina 4.263 eman zituen.

Guztira 43.000 hitzordu lotu zituzten oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileek, ia 41.000 familia unitaterekin; beste 936 lagunekin ere jardun ziren, hitzordurik gabe. Gainera, Bilboko Udaltzaingoarekin elkarlanean, beste 470 egoera larri artatu zituzten; haietako 179 genero indarkeria kasuak izan ziren, eta 78 familia barruko indarkeria kasuak.

Kalean bizi diren 329 pertsonarekin ere lan egin zuen udalak. Alde horretatik, buru gaixotasun larria duten etxegabeen arreta psikiatrikorako programa mantendu du, eta bertan, 62 lagun artatu ditu: 50 gizon eta hamabi emakume, 41 urteko batez besteko adinarekin. Horiez gain, etxerik gabeko 1.561 pertsonak hartu zuten ostatu Elejabarriko udal aterpetxean —13,52 eguneko egonaldietan batez beste—, eta 396 lagunek neguko aterpetxean, haietako 260 lehenengo aldiz. Gaueko zentroan 73 pertsona artatu zituzten gizarte zerbitzuek, eta haietako 22k gizarteratze prozesua hasi zuten.

Jantoki sozialetako zerbitzuak martxan jarraitu zuen 2012an. Egunero 560 bazkari eta afari banatu zituzten hiriburuko hiru jantokietan.

Adingabeekin lan gehiago

Adingabeekin egindako lana zabaldu egin duela nabarmendu du udalak. Babes faltan dauden haur eta gaztetxoen arretaz arduratzen da udala, kasuak larriak ez direnean. Iaz 787 txosten jorratu zituzten gizarte zerbitzuek, baina adingabeekin ez ezik, haien inguruko helduekin ere lan egin zuten; guztira, 1.616 pertsonari eman zieten laguntza. Adingabeentzako bi zentroek 34 sendi artatu dituzte, eta horietako 56 gaztetxo hartu.

Martxan da Durangaldeko Zarea, euskararen ataria

Durangaldean abian jarri dute euskararen arloan egiten diren ekintza, proiektu eta agenda bilduko dituen webgune bat: Zarea ataria aurkeztu dute asteon, Durangaldeko euskararen sarea (www.durangaldeaeuskaraz.eu). Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko euskara zerbitzuak eta batzorde teknikoak sustatu dute proiektua. Azken horren bidez, mankomunitateko udaletako euskara eta kultur teknikariek hartu dute parte: Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar. Iaztik dabiltza lanean, eta duela astebete jarri zuten martxan.

Eskualdean dauden euskarazko baliabideak zabaltzea da webgunearen xedea. "Hainbat gauza egiten dira Durangaldean euskararen arloan, baina askotan ez dugu jakiten herri bakoitzean zer egiten den", azaldu du Enara Bellosok, Amankomunazgoko euskara teknikariak. Antolatzen diren ekintzak eta eskualdeko albisteak biltzea da Zarearen helburu nagusia, eta hortik datorkio izena atariari: "Zarea hitza, Durangaldeko euskalkian, saski edo otzara mota bat da. Hitz jokoa egin genuen; zarea zetarekin, eta sarea esearekin".

Egitasmoa "irekia" dela azaldu du Bellosok. Mankomunitatetik kudeatzen duten arren, bertako helbidera berriak bidaltzeko aukera dago. "Edozein elkartek zein pertsonak argitaratu ditzake bere ekitaldiak, betiere Durangaldekoak badira". Eskualderako "tresna baliagarria" izatea "ezinbestekoa" dela nabarmendu du Bellosok. Hartara, Zarea hainbat ataletan dago banatuta: agenda, soziolinguistika, diru laguntzak, toponimia, argitalpenak, eta euskara bultzatzeko egitasmoak, besteak beste. Euskara zerbitzutik kudeatutako proiektuak ere badaude; Elorrion, esaterako, Apelliduak abizendu egitasmoa, eta Geurien euskara hitzarmena.

Urte amaieran hasiko dituzte Deustuko kanala zabaltzeko lanak

"Hondamendirik egon ezean, aurten hasiko ditugu Deustuko kanala zabaltzeko lanak", adierazi zuen astelehenean Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Zorrotzaurre proiektua abian jartzeko beharrezkoa den erakundeen arteko azken akordioa sinatu zuten egun berean Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Egun penintsula den gunea irla bihurtuko dute: Deustuko kanala zabalduko dute, eta udalaren ardura izango da kanalaren alde biak batzeko zubia eraikitzea.

Datozen hilabeteotan, Bilboko Udalak obrak adjudikatzeko prozedura hasteko asmoa du. Juan Mari Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak esan duenez, lanen aurrekontua 30 milioi eurokoa izango da. Behin proiektua emanda lanak 2013. urte amaiera aldera hasiko direla jakinarazi du sailburuak, eta hiru urteko iraupena izango dutela. Bestalde, Zorrotzaurreren birsortze proiektua gutxienez hogei urterako hirigintza plana izango dela aurreratu dute.

Zorrotzaurreko proiektuak ia 838.781 metro koadroko azaleran izango du eragina. "Industrialde zaharra izandakoa Bilborako sarrera bilakatuko da, itsasadarrean zehar", adierazi du Aburtok. Kostu handiko lana izango da, baina, Azkunaren aburuz, "estrategikoa eta etorkizunekoa" da proiektua Bilborentzat, eta, beraz, egiteko udalak "behar besteko gogoa" jarriko duela esan du.

Eusko Jaurlaritzak Zorrotzaurreko puntan dagoen 8.000 metro koadroko lursaila eman du. Horrekin, ordaindu behar duen kantitatea kitatu du. Lurzoruen balioen ordez, udalak berak egingo ditu kanala irekitzeko lanak. Kutsaturiko lurrak agertuz gero beste diru laguntza bat —gehienez milioi bat eurokoa— egokituko dutela jakinarazi du Aburtok, "lurrek dagokien tratamendua jaso dezaten".

Uholde arriskua murriztu

Sailburuak adierazi duenez, Zorrotzaurreko lanak, "hirigintza proiektua izateaz gain, segurtasun plusa ere badauka". Izan ere, Azkunak azaldu du uholdeen eraginak murrizteko balioko duela kanala zabaltzeak: "Murriztu egingo da Bilbo inguruko itsasadarraren ertzetan izango duen eragina eta arriskua".