Sailkatugabeak

Ikuskizun originala edo tratu txarra?

Animalien eskubideen aldeko hainbat taldek jarritako salaketak direla eta, bertan behera utzi dute Urdulizen atzo eta datorren astean egin behar zuten dromedario proba: 700 kiloko harria arrastaka eramanez, animalia herriko sokatira taldeko zortzi kideren aurka, ea nork iltze gehiago egin. Iragan martxoaren 26an, talde animalisten salaketak jaso ondoren, Urdulizko Udalak proba bertan behera uztea erabaki zuen.

ATTKA Animalien Tratu Txarren Kontrako Alderdiaren eta ATEA Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkartearen arabera, ekitaldiak Animalien Babeserako Legea urratzen du. "Debekatuta dago animaliei berezkoak ez zaizkien jarrerak eta jokabideak inposatzea, zein tratu laidoztagarriak eginaraztea", diote.

Ongintzazko erakustaldi bat egitea zen euren asmoa, probaren antolatzaileen esanetan. "Herrian erakusketa polit bat, ezberdina, egin nahi nuen, eta animalia proba hori egiteko gai dela ikusita, ideia hori otu zitzaidan", adierazi du Pedro Elordui ekimenaren sustatzaileak. Urdulizko Ayoberri sagardotegiaren jabea da Elordui, eta Jon Lacruz bezeroari, bere dromedarioa erabiltzeko proposatu zion; ados agertu zen jabea. Herriko sokatira taldearentzat dirua lortzeko era bat zela pentsatu zuten. "Hogei urteren ostean, berriro hasi gara, eta dirua biltzeko modu polita iruditu zitzaigun, nire sagardotegian bertan egitea, eta ateratzen dugunarekin, arropa erosi, zein bidaiatu. Izan ere, herri kirolak ez du diru laguntzarik jasotzen".

Salaketak udalera iritsi arte entrenatzen aritu direla kontatu du Elorduik. Orduan, proba bertan behera uztea erabaki zuen. "Hobe bakea, guda baino". Dena dela, "gertatu dena" gertatuko zela jakin izan balute, ideia ez luketela aurrera eramango jakinarazi du Elorduik.

"Tratu txarrak animaliari"

Dromedarioa proba hauek egitera behartzea "tratu txarrak" direla salatu dute ATEA eta ATTKA taldeek. Toñi Esteban ATTKAko Bizkaiko bozeramaileak "animaliak modu horretan tratatzea ulertezina" dela adierazi du. "Dromedarioa ez dago proba hori egiteko prest, ez da bertoko animalia bat". Animalien Babeserako Legearen arabera, idiak, zaldiak eta behiaren zein zaldiaren familiako animaliek baino ezin dute parte hartu horrelako probetan. Martxoan egindako entrenamenduan, dromedarioak estres seinaleak erakutsi zituela salatu dute, eta garrasi egin zuela tira egitera behartu zutenean.

Elorduiri, ordea, ez zaio animaliaren aurkako tratu txarra iruditzen. Oso ondo bizi dela adierazi du. "Urte osoan zehar kortan eta zelaietan bizi da, jan eta lo besterik ez du egiten, egoera okerragoan bizi dira Kanariar Uharteetako (Espainia) dromedarioak, 12 ordu jendea gainean dutelarik".

Udalak espediente bat ireki zuen, animalisten eskariz, baina gatazkak saihestu nahian, Elorduik proba bertan behera utzi zuen, eta espedientea itxi zen.

Animaliari mina saihestu izanarekin oso pozik agertu da ATTKA. "Animaliek errespetua merezi dute, eta ezinbestekoa da gizarteak kontzientzia hartzea. Urdulizen egin nahi izan duten ikuskizuna bertan behera uztea, animaliekiko errespetuan oinarritutako gizartea eraikitzeko apustua da".

Ordezko gisa, idi probak

Dromedario proba bertan behera geratu den arren, horren ordez idi probak antolatzea erabaki dute. Idi bat, sokatira taldeko zortzi kideren aurka. Apirilaren 19an jokatuko dute Urdulizeko Ayoberri sagardotegian bertan. 20:00etan hasiko da lehia.

“Enplegu duinak” bilatzen

Enplegu duina izatea, gizartea babestea, aberastasuna banatzea eta eskasia eta bazterketa saihestea da herritar askoren kezka. Hala, hainbat sindikatuk eta gizarte eragilek koordinakundeak ipini dituzte martxan helburu horiek lortu eta jarraibide ekonomiko desberdinen alde egiteko.

Eredu horri jarraituz, Uribe Kostako enplegu duin, eskubide sozial eta ondasunen banaketaren aldeko koordinakundea aurkeztu zuten zapatuan zenbait eragile sozial eta sindikatuk. Sustatzaileek azaldu duten moduan, "hiru olatuk osatzen dute" haien borroka: "enplegu duinak, babes sozialak eta ondasunaren banaketak".

Maiatzera arteko "borroka dinamika" eta tokiko arazoei aurre egiteko dekalogoa azaldu zituzten aurkezpen ekitaldian. "Datozen hilabeteetan geure aldarrikapenak eskualdeko ahalik eta txoko gehienetara zabaldu nahi ditugu; horretarako, herri bakoitzeko eragileekin elkartuko gara, dekalogoaren berri emateko, atxikimendua eskatzeko eta euren ekarpenak jasotzeko", azaldu du Naroa Jauregizuria Leioan Bagabiz plataformako kideak. Proiektua komunikaziorako eta esperientzia trukerako espazioa ere bada. Hala, azaroaz geroztik, herrietako alor desberdinetako eragileekin elkartzen ari dira ekintzak bideratzeko.

Gaur egun, eskualde hartako sektore indartsuena zerbitzuena da. "Industria jardun ekonomikoaren %19 da, eta zerbitzuen sektorea, berriz, %80koa; gainera, bertatik eratorritako lanpostu gehienak guztiz prekarioak dira". Koordinakundeak adierazi duenez, 2012ko abendu amaieran 11.384 langabe zenbatu ziren Uribe Kostan —horietatik 5.778 emakumezkoak ziren—. "Prekarietateak, pobreziak, bazterketak eta egonkortasunik ezak nabarmen eragiten du pertsonen bizi-baldintzetan, bereziki emakumeengan", kexu da koordinakundea. Gainera, iaz enplegua erregulatzeko 145 txosten egin ziren eskualdeko lantokietan. Ondorioz, 209 herritarrek enplegua galdu dute, eta 1.481 pertsonak lan jarduna eten edo gutxitu behar izan dute. "Bizi-baldintzetan zuzenean eragiten duen zerbitzua hobetzeko politikak lortu behar dira", dio Jauregizuriak.

Asteburuan antzeko beste koordinakunde bat ere aurkeztu zuten, Galdakaon; zenbait sindikatuk, Gazte Asanbladak eta AHT Gelditu Elkarlanak osatzen dute taldea. Agerraldi baten bidez, dekalogoa eta etorkizunean lan egiteko modua azaldu zieten galdakoztarrei.

"Duela urtebete hasi zen taldea martxan, aspaldi sufritzen dugun krisiari erantzuteko; martxoko greba orokorra izan genuen abiapuntu", azaldu du Maite Ajuria koordinakundeko kideak. Geroztik, Formikaren eta inguruko beste lantegi batzuen itxiera salatzeko, zenbait mobilizaziotan parte hartu dute. "Iraileko greba orokorrean ere egon ginen, eta Euskal Herrian murrizketen kontra antolatu diren nazio manifestazioen deialdiak zabaldu izan ditugu herrian", gaineratu du.

Herrian eskasiaren aurkako borroka sustatu eta enplegu politika "eraginkorrak, iraunkorrak eta kalitatezkoak" bultzatu nahi dituzte. "Galdakaon dagoen langabeen kopurua, 2013ko urtarrilera arte, 2.303koa da; horietatik %52 emakumeak dira".

Eredu desberdin baten alde

Aurretik ere egon dira antzeko mugimenduak: Busturialdean, Durangaldean... Jarraibide desberdin bat lortzeko helburuz sortu zuten 2001ean Busturialdekoa. Eskualdeko gainbeheraren aurkako jarduera sozioekonomikoak mugiarazteko eratu zen. Pixkanaka, eragile sozialak eta sindikatuak batzen joan zitzaizkien sustatzaileei, eta, 2008an, Lan eta Bizi izena eman zioten plataformari. Durangaldekoak ere izen bera dauka. "Eredu espekulatzaileen aurka lanean gabiltza; kexak plazaratu, komunikatuak egin eta jendea mugiarazten dugu", azaldu du Josu Barandika plataformako kideak.

Lan eta Biziko kideek enplegu duinaren alde ere egiten dute. "Batez ere, lehenengo eta bigarren sektoreen egoera salatzen dugu". Egungo egoera ekonomikoaren testuinguruari helduz eredu berriak plantea daitezkeela uste dute plataformako kideek. "Eredu kapitalistari heldu beharrean, lanpostuek jarraibide iraunkorra eta solidarioa izan beharko lukete", dio Barandikak. Lanpostu duinak defendatzen dituzte, eta ekonomia herritarren babeserako izan beharko litzatekeela uste dute. Baina, xede hori lortzeko, "lurralde antolaketan beste jarraibide bat planteatu beharko litzateke".

Pediatria zerbitzua berrantolatzeak gatazka eragin du Barakaldon

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pediatria zerbitzua berrantolatu du Barakaldoko osasun etxeetan. Orain arte lau pediatra zeuden Zaballako osasun etxean. Maiatzetik aurrera, berriz, lau horietako bat geratuko da bere beharlekuan; beste bat Urbango osasun etxera joango da, eta gainontzeko biak, Errontegiko osasun etxera. "Demografikoki gero eta gehiago ari da hazten Urban auzoko osasun etxea, eta, berrantolaketa honi esker, laguntza dispositiboan aurreikusita ez zegoen zerbitzu bat izango du", azaldu du erabakia Osakidetzak. Osasun Sailak emandako datuen arabera, inguru horretan 4.000 haur bizi dira, eta "berrantolaketa honi esker, gertuen duten osasun zentroan artatuko dituzte".

Erabakiak, baina, ez ditu guztiak poztu. Aspaldiko aldarrikapena izan da bi osasun etxe horietako erabiltzaileen artean. Barakaldoko Udalak, ordea, gogor gaitzetsi du. "Berri ona da Errontegi eta Urbango umeek pediatra zerbitzua etxetik gertu izatea. Baina uste dugu eskubide hori betetzeak ez duela ekarri behar beste batzuei zerbitzuak gutxitzea. Bi gabezia asebeteko dituzte neurri honekin, baina beste bat sortuko du. Zer erru dute erdiguneko umeek? Zergatik izan behar dute pediatra bakarra, orain arteko lauak izan beharrean?", egin du protesta Alfonso Garcia zinegotzi sozialistak.

"Erabaki honen helburu bakarra hedabideetan oihartzun positiboa lortzea" izan daitekeen beldur da PSE-EE. "Modu horretan, garbitu egin gura dute funtsezko hainbat osasun azpiegitura eraikitzeko lanak geratu izanak sortutako irudi txarra", ohartarazi du. Besteak beste, Biocruces ikerketa zentroa aipatu du bertan behera geratu den proiektu baten adibide modura. "Ez die inporta barakaldarren beharrizanak bete dituzten edo ez. Prentsan lerroburu on bat baino ez dute gura", salatu du zinegotziak. Haren esanetan, beste osasun etxeetan zerbitzuak gutxitu gabe bi osasun etxe hauetan berria jartzea izango litzateke konponbide "egoki eta zuzenena".

Jeltzaleak, ordea, ez datoz bat PSE-EEko ordezkariek egindako salaketa horrekin. Barakaldoko zinegotzi Amaia del Camporen esanetan, erabaki honekin Iñigo Urkulluren gobernuak "Patxi Lopezenak sortutako arazoa konpondu du". Barakaldoko Udaleko bozeramaile jeltzaleak dio Jaurlaritza sozialistak erabaki zuela Zaballako osasun zentroan lau pediatra jartzea eta beste bi osasun etxeak bat ere gabe uztea. "Ez zuen bete PSE-EEk berak barakaldarrei hitzemandakoa. Izan ere, eurek esan zuten Errontegiko osasun zentroan bi pediatra jarriko zituztela". Gainera, Del Campok dio sozialistak "orain ohartu" direla Urbango auzokideek duten gabeziaz, "euren alderdikideak Jaurlaritzan zeudenean ukatu egiten baitzuten auzo horrek ere pediatra behar zuela".

Apirilean Osakidetzako eskualdeko arduradunak familiekin harremanetan jarriko dira, aurrerantzean euren umeak zein osasun etxetara eraman gura dituzten galdetzeko. Maiatzean hasiko da martxan antolaketa berria.

Bilbon %20 igo dira etxebizitzako laguntza osagarria jasotzeko eskariak

Krisiaren gordintasunaren seinale izan ohi dira laguntza sozialei buruzko datuak. 2012ko Gizarte Ekintzaren balantzea aurkeztu du asteon Bilboko Udalak, eta bertan antzeman da etxebizitzaren gastua dela hiriburuan bizi direnen arazo handienetako bat: 5.175 etxebizitzarako laguntza osagarri eman zituen iaz udalak, aurreko urtean baino %20 gehiago. Aldiz, %4 jaitsi zen diru sarrerak bermatzeko errenta jaso zuten bilbotarren kopurua: 15.391.

Bilboko Udalak bere aurrekontuaren %9 bideratu zuen iaz politika sozialetara: 41,3 milioi euro. Krisiari erantzuteko, azken urteotan zifra horrek gora egin duela nabarmendu dute Gizarte Ekintza Sailetik, "2008an ez baitzen %7ra heltzen". Gizarte larrialdietarako laguntzetan, adibidez, 3,86 milioi euro gastatu zituen udalak; horiek jasotzeko 5.451 eskaera egon ziren, baina 4.263 eman zituen.

Guztira 43.000 hitzordu lotu zituzten oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileek, ia 41.000 familia unitaterekin; beste 936 lagunekin ere jardun ziren, hitzordurik gabe. Gainera, Bilboko Udaltzaingoarekin elkarlanean, beste 470 egoera larri artatu zituzten; haietako 179 genero indarkeria kasuak izan ziren, eta 78 familia barruko indarkeria kasuak.

Kalean bizi diren 329 pertsonarekin ere lan egin zuen udalak. Alde horretatik, buru gaixotasun larria duten etxegabeen arreta psikiatrikorako programa mantendu du, eta bertan, 62 lagun artatu ditu: 50 gizon eta hamabi emakume, 41 urteko batez besteko adinarekin. Horiez gain, etxerik gabeko 1.561 pertsonak hartu zuten ostatu Elejabarriko udal aterpetxean —13,52 eguneko egonaldietan batez beste—, eta 396 lagunek neguko aterpetxean, haietako 260 lehenengo aldiz. Gaueko zentroan 73 pertsona artatu zituzten gizarte zerbitzuek, eta haietako 22k gizarteratze prozesua hasi zuten.

Jantoki sozialetako zerbitzuak martxan jarraitu zuen 2012an. Egunero 560 bazkari eta afari banatu zituzten hiriburuko hiru jantokietan.

Adingabeekin lan gehiago

Adingabeekin egindako lana zabaldu egin duela nabarmendu du udalak. Babes faltan dauden haur eta gaztetxoen arretaz arduratzen da udala, kasuak larriak ez direnean. Iaz 787 txosten jorratu zituzten gizarte zerbitzuek, baina adingabeekin ez ezik, haien inguruko helduekin ere lan egin zuten; guztira, 1.616 pertsonari eman zieten laguntza. Adingabeentzako bi zentroek 34 sendi artatu dituzte, eta horietako 56 gaztetxo hartu.