Sailkatugabeak

“Beldurrik ez, baina errespetua izan behar zaio urpekaritzari”

Edonor has zitekeen moduan hasi zen Ainara Capetillo (Bilbo, 1977) urpekaritzan. Txikitatik hondartzara joatea gustuko du, itsasoan sartuta egotea. "Behin Castroko hondartzan nengoela, urpean igeri egitetik zetorren jendea ikusi nuen, eta probatu behar nuela pentsatu nuen". Bataio bat egitera animatu zen, eta asko gustatu zitzaion esperientzia. "2008an ikastaroa egin nuen". Ordutik dabil klubean Capetillo.

Astebetean, teoria eskolak jaso, ziurtagiria lortzeko medikuaren azterketa pasatu, eta gero azterketa egin beharra dago. Materialera ohitzen joateko, lehen murgiltzeak igerilekuan izaten direla kontatu du Capetillok, txalekoa jarri, botila, erregulatzailea jarri... Gero itsasora ateratzen dira hasiberriak. Santurtzitik gertu egiten dituzte lehenengo murgiltze horiek; ikastaroetan Castro (Kantabria, Espainia) izaten da ohiko leku bat, eremu lasaia delako eta erraz heltzekoa.

Bataio izeneko ekitaldiak egiten dira, jendeak ur azpian zer sentitzen den ikus dezan. "Erregulatzaile baten bidez arnasa hartzea, ez delako zure sudurretik arnasa hartzea bezalakoa, oxigeno botila bat behar duzu, betaurrekoak, hegalak...". Orduan, sentsazio hori zelakoa den ezagutzeko, ur azpian pixka bat aritzeko eta erabili beharreko materiala zelakoa den jakiteko, bataioa-k antolatzen dituzte. Gero, jendeak gustuko badu eta animatzen bada, sei pertsona inguruko ikastaroak antolatzen dituzte.

Santurtziko Aketxe klubeko bazkidea da Capetillo. Klubean 91 pertsona daude federatuta ur azpiko kiroletan —horretarako, segurua edo federazio lizentzia izan behar duzu, ikastaroa eta medikuaren ziurtagiriaz gain—, eta horietatik 19 emakumeak dira.

Urpean ibiltzeko materiala oso garestia da, eta, horregatik, normalean jendeak ez du guztia erosten. "Klub bateko bazkide izanez gero, beharrezko material guztia uzten dizute, zure kabuz dena eskuratzea oso garestia baita". Denbora pasa ahala, urpekaritza benetan gustuko izanez gero,bakoitzaren beharrizanen araberako materiala erostea gomendatzen du Capetillok. Izan ere, urpekaritzan hainbat mota dago. "Urpekaritza teknikoan aritzen den jendea 100 metro baino gehiago murgiltzen da. Kasu horretan, ekipo indartsuago bat erosi beharko duzu. Kobazuloetan sartuko bazara ere, berdin".

Bigarren eskuko gauzak ere saltzen dituzte. Dena dela, hasteko aukera onena klub batean izena ematea da, haren iritziz. "Ohikoena oso baldar egotea da; gidatzen ikasten hasten zarenean bezalakoa da, eskuak falta dituzu egin beharreko guztia egiteko".

Denboraldi laburra

Maiatzean edo ekainean ekiten diote urpekaritza denboraldiari, eta normalean urri aldean bukatzen dute. "Eguraldi onarekin, ura berotzen hasten da maiatzean. Azken finean, tenperaturak eragin handia du uretara sartzerakoan. Izan ere, gozatzea eta ondo pasatzea da nire helburua. Eta, nire ustez, izoztuta egoteko, ez du merezi uretara sartzea". Jakina, badago urte osoan uretara sartzen den jendea ere, jantzi lehorrekin; jantzi bereziak dira, eta horiekin ez zara bustitzen. "Kantauri itsasoan neguan beti egoten dira denboraleak; urritik ez naiz uretan sartu, denborale asko izan ditugulako, bata bestearen atzetik. Gainera, denboralea bukatzen denean astebete inguru itxaron behar izaten da, urak atseden har dezan, zikina eta nahasia egoten baita. Eta uretara ezer ere ez ikusteko sartzea ez du merezi nire iritziz".

Itsasoaren egoerak urpekaritzan asko eragiten duela kontatu du Capetillok. "Zaletasuna egon badago, baina hau Kantauri itsasoa da. Itsasoa egoera txarrean dagoenean sartzen bazara, txarto pasatzeko arriskua duzu. Beldurrik ez, baina errespetua izan behar zaio urpekaritzari".

Urpean igeri egin aurretik, materialaren prestaketa prozesua jarraitu beharra dago. Oxigeno botila, txalekoa eta erregulatzailea ondo daudela frogatu beharra dago; botila beteta dagoela, erregulatzailetik arnasa ondo hartzeko gai dela... Urpean aritzeko jantzia eta txalekoa soinean jarri eta uretan sartu: horra azken urratsa. "Urpean argazkiak ateratzen ditut, paseotxo bat eman, animaliak eta landareak ikusteko...".

Hogei metro inguru da Capetillo murgildu den sakonera handiena, Matxitxako lurmutur inguruan dagoen Arribola hondartzan. Castron, 12-15 metro. "Ni normalean lurretik sartzen naiz, eta kasu horretan zailagoa izaten da behera jaistea, mugatuta zaudelako. Zero metrotik hasten zara, baina gero bueltatu beharra duzu, eta bueltan airerik gabe geratuz gero, eta dituzun tramankulu guztiekin igeri egin behar baduzu, benetan zaila da".

Bioaniztasuna nagusi

Arribola, Plentziako Villano lurmuturra, Zierbena ingurua, Castro, Islares... Horiek dira urpean igeri egiteko eskura dauden lekuetako batzuk. Murgiltze bakoitza ezberdina dela kontatu du Capetillok, nahiz eta leku berera joan, aldi bakoitzean gauza berriren bat ikusten delako. "Arribolan animalia asko dago, nekorak, olagarroak, itsas aingirak, sanpedro arrainak...".

Animaliek hasieran errespetua edo beldur apur bat izaten dutela dio, baina ezer egingo ez dietela ikustean, ez diete gizakiei kasurik egiten. "Castron, gauean egin genuen irteera batean, sanpedro arrain bat zegoen, eta linternara hurreratu zen; talka egin zuen, argiak erakarri egiten zuelako". Gaueko irteerak oso gustuko ditu Capetillok; "xarma berezia" dute, animalia asko ikusten baitira, orduan ateratzen direlako jatera eurek.

Gizakiaren eragina igartzen dela dio Capetillok. "Kutsadura nabaria da, arrantzaleen berun asko ikusten dugu, zaborra...". Ereagan urtean behin garbiketa egiten da, hondartzan eta portuan. Urpekariek ere parte hartzen dute hondakin eta zaborrak itsasotik ateratzeko. "Lehen zikinago egoten zela esaten digute beste urpekari batzuek, baina jendea zikina da oraindik".

Euskal Herritik kanpo Finisterre eta Ferrol (Galizia) inguruan ibili da urpean igeri egiten. Baina etorkizunean gustatuko litzaioke Maldivetara joatea. "Astebeteko intentsiboa egiten du jendeak; itsasontzian atera eta egun osoa egoten dira uretan".

“EANak ez dira gaixotasun bat”

EAN Espektro Autistako Nahasmenduek mekanismo biologiko eta organikoetan dute jatorria; haurtzaroan agertzen dira eta bizi osoan irauten dute. Mikel Pulgarin Apnabi autismoa dutenen gurasoen Bizkaiko elkarteko presidenteak azaltzen duenez, "EANak ez d...

Herri eta auzoei doinuak jarriz

Galdakaoko Udal Musika Banda zuzentzen 22 urte daramatza Juan Carlos Irizarrek (Oñati, Gipuzkoa, 1951). Herriko ereserkia egin zuen orain dela urte batzuk, eta azkenaldian auzoetakoak egiten dabil. Duela lau urte hasitako proiektua esku artean du; batzuk amaitu ditu, eta besteak ere egingo ditu. "Disko asko kaleratu ditut, eta ez dut baztertua hori, baina honek ematen didan aberastasuna, gozamena uste dut ez dudala sekula eduki".

Horrela, Galdakaori esker ona erakutsi nahi dio, herriari opari bat egin. Eta horretan dihardu. "Bertoko sentitzen naiz. Herritarrek halaxe sentiarazten naute". Horregatik, eskerrak eman nahi dizkie dakien moduan: musika sortuz.

Aspalditik dauka harreman estua Galdakaorekin Irizarrek. Izan ere, aurretik, besteak beste, herriko futbol taldeko ereserkia eta inauterietakoak ere egin ditu. Iaz, esaterako, Galdakaoko oroimen historikoa diskoa kaleratu zuen. Herrian grabatu zuen bere lehen diskoa ere, Donosti romantico, Xoxoa diskoetxean, orain dela hiru hamarkada. Herriko musika eskolako irakasle ere izana, Zaletasuna abesbatza zuzendu zuen. "Hemen bizi izan naiz garai ezberdinetan". Gaur egun Aizarnazabalen (Gipuzkoa) bizi bada ere, ordu asko egiten ditu Galdakaon.

Bengoetxe auzoari eskainitakoa da konposatu duen azken ereserkeia: "Zortziko bat da, haiek hala eskatuta", azaldu du Irizarrek. Hilaren 17an aurkeztu zien bandak auzotarrei. Jendeak begi onez hartu zuen, eta berriz jotzeko eskatu zieten: "Lehendabizi, zortzikoa jo genuen; gero, hainbat euskal kanta, eta horiek amaitzean, auzoko ereserkia berriz jotzeko eskatu ziguten". Horrek gogobetetzen du musikagilea.

Bekea eta Tximelarreko ereserkiak ere aurkeztu zituen iaz. Laster Aperribaikoa aurkeztuko du, "bertako jaietan, maiatzaren lehenengo astean". Usansolokoa eta Gurutze auzokoa prest ditu dagoeneko. Usansolokoa ere auzotarren nahierara egin du: "Bertakoei asko gustatzen zaie danborrada, urtero egiten dute, eta, horregatik, danborrada martxa bat konposatu diet".

Orain Elexaldekoarekin hasi da. Datorren urterako denak bukatu nahi lituzke. "Agian geldituko da auzo txikiren bat, baina, geroago bada ere, denei egingo diet; ez dira geratuko ereserki barik", eman die hitza galdakoztarrei.

Bakoitzari bana eta bakarra. Izan ere, dioenez, herri berekoak izan arren, auzo bakoitzak bere berezitasuna du. "Auzo bakoitzeko herritarren izatea eta sentikortasuna diferenteak dira", azaldu du. Pertsonekin dauzkan hartuemanen ondorio dira bere doinuak. Janari gozo bat bezala prestatzen ditu bere sormenak: "Niri tarta baten parekoa izatea gustatzen zait, oso goxoa, doinu polita eta erraz entzutekoa; ez gauza zaila".

Gozotasunez sortzen duela esan du, entzuleei sentimentu hori helarazi nahian. "Gustatzen zait entzuterakoan aurpegi gozoak ikustea jendeari, eta txalo egin dezatela benetan gustatu zaielako", azaldu du Irizarrek. Bere musika entzuten jendea gustura dagoela ikusteak pozten du.

Ibilbide emankorra

Eskoriatzako (Gipuzkoa) ereserkia da Irizarrek egindako lehena. "Duela 30 urte inguru, eta ordutik hona makina bat herritakoak egin ditut". Berriz, Orozko (Bizkaia), Araia (Araba) Zegama, Zestoa, Oñati (Gipuzkoa)... Zerrenda luzea da. Sorterriko auzo guztietakoenak ere eginak ditu, eta disko batean bildu zituen.

Batzuetan enkarguz egiten ditu, herrikoek eskatuta, eta beste askotan, berak gura izan duelako edota eskerrak emateko. "Oso zaila da nik ezetz esatea. Normalean beti egoten naiz prest laguntzeko".

Sortu duen azken ereserkietakoa da, esaterako, Eskoriatzako Jubilatuen Elkartearena. Amets Arzallusek hitza jarri eta Irizarrek musikatu du. "Kuriosoa da, izan ere, Arzallus Kuban zegoen, eta posta elektronikoz bidali zidan asmatu zuen hitza".

Alor askotan ibilia da; han eta hemen musika doinuak zabaltzen jardun duen musikari eta musikagilea da Irizar. Ereserki eta martxez gain, lo kantak, baladak, boleroak, eztei martxak, pasodobleak, haurrentzako opereta... denetarik egin du. Hamaika disko eta liburu kaleratu ditu. Hainbat film, antzezlan eta dokumentalei ere musika jarri die. Baita Ibilaldia, Kilometroak, Donostiko Zinemaldia eta antzeko ekitaldiei ere.

Bilboko Marijaiaren martxa ere egin zuen hiriko musika bandarentzat. "[Jose Maria] Gorordo alkate zela, kultura zinegotziak eskatuta sortu nuen; disko batean grabatu zen, gainera".

Sormena umetatik

Familian ez du musikaririk, baina umetatik bizi du musika. Aitortu du erraztasun handia duela idazteko. Eta gaineratu du ordu asko ematen dituela sortzen, gustuko duena egiten. "Nere bizitzako gozamenik handiena hauxe da".

Hiru urterekin hasi zen filarmonika jotzen, eta seirekin soinua eta pianoa. "Nik sentitu egiten nuen musika barrutik; txiki-txikitatik neukan sormena". Konposizio karrera egiten zebilela ere maisuak horixe esaten ziola dio, musika idazteko erraztasuna zuela. Iraganean bezala, orain eta etorkizunean ere musika idazten segitzea da musikagilearen helburua. Berak gozatzen duenarekin entzuleak gozarazten jarraitzea, alegia.

Ohe bat 10 euroan

Kalean edo kutxa batean dagoen eta kartoi edo tapakien artean dagoen pertsona baten aurretik pasatzen garenean, ikusezina balitz bezala jokatzen dugu; ez diogu begiratu nahi izaten". Amaia Porres (Bilbo, 1963) Lagun Artean harrera zentroko zuzendaria ...

Ikuskizun originala edo tratu txarra?

Animalien eskubideen aldeko hainbat taldek jarritako salaketak direla eta, bertan behera utzi dute Urdulizen atzo eta datorren astean egin behar zuten dromedario proba: 700 kiloko harria arrastaka eramanez, animalia herriko sokatira taldeko zortzi kideren aurka, ea nork iltze gehiago egin. Iragan martxoaren 26an, talde animalisten salaketak jaso ondoren, Urdulizko Udalak proba bertan behera uztea erabaki zuen.

ATTKA Animalien Tratu Txarren Kontrako Alderdiaren eta ATEA Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkartearen arabera, ekitaldiak Animalien Babeserako Legea urratzen du. "Debekatuta dago animaliei berezkoak ez zaizkien jarrerak eta jokabideak inposatzea, zein tratu laidoztagarriak eginaraztea", diote.

Ongintzazko erakustaldi bat egitea zen euren asmoa, probaren antolatzaileen esanetan. "Herrian erakusketa polit bat, ezberdina, egin nahi nuen, eta animalia proba hori egiteko gai dela ikusita, ideia hori otu zitzaidan", adierazi du Pedro Elordui ekimenaren sustatzaileak. Urdulizko Ayoberri sagardotegiaren jabea da Elordui, eta Jon Lacruz bezeroari, bere dromedarioa erabiltzeko proposatu zion; ados agertu zen jabea. Herriko sokatira taldearentzat dirua lortzeko era bat zela pentsatu zuten. "Hogei urteren ostean, berriro hasi gara, eta dirua biltzeko modu polita iruditu zitzaigun, nire sagardotegian bertan egitea, eta ateratzen dugunarekin, arropa erosi, zein bidaiatu. Izan ere, herri kirolak ez du diru laguntzarik jasotzen".

Salaketak udalera iritsi arte entrenatzen aritu direla kontatu du Elorduik. Orduan, proba bertan behera uztea erabaki zuen. "Hobe bakea, guda baino". Dena dela, "gertatu dena" gertatuko zela jakin izan balute, ideia ez luketela aurrera eramango jakinarazi du Elorduik.

"Tratu txarrak animaliari"

Dromedarioa proba hauek egitera behartzea "tratu txarrak" direla salatu dute ATEA eta ATTKA taldeek. Toñi Esteban ATTKAko Bizkaiko bozeramaileak "animaliak modu horretan tratatzea ulertezina" dela adierazi du. "Dromedarioa ez dago proba hori egiteko prest, ez da bertoko animalia bat". Animalien Babeserako Legearen arabera, idiak, zaldiak eta behiaren zein zaldiaren familiako animaliek baino ezin dute parte hartu horrelako probetan. Martxoan egindako entrenamenduan, dromedarioak estres seinaleak erakutsi zituela salatu dute, eta garrasi egin zuela tira egitera behartu zutenean.

Elorduiri, ordea, ez zaio animaliaren aurkako tratu txarra iruditzen. Oso ondo bizi dela adierazi du. "Urte osoan zehar kortan eta zelaietan bizi da, jan eta lo besterik ez du egiten, egoera okerragoan bizi dira Kanariar Uharteetako (Espainia) dromedarioak, 12 ordu jendea gainean dutelarik".

Udalak espediente bat ireki zuen, animalisten eskariz, baina gatazkak saihestu nahian, Elorduik proba bertan behera utzi zuen, eta espedientea itxi zen.

Animaliari mina saihestu izanarekin oso pozik agertu da ATTKA. "Animaliek errespetua merezi dute, eta ezinbestekoa da gizarteak kontzientzia hartzea. Urdulizen egin nahi izan duten ikuskizuna bertan behera uztea, animaliekiko errespetuan oinarritutako gizartea eraikitzeko apustua da".

Ordezko gisa, idi probak

Dromedario proba bertan behera geratu den arren, horren ordez idi probak antolatzea erabaki dute. Idi bat, sokatira taldeko zortzi kideren aurka. Apirilaren 19an jokatuko dute Urdulizeko Ayoberri sagardotegian bertan. 20:00etan hasiko da lehia.

EAJk gehiengoa galdu du Muskizen, EAk ituna hautsita

Eusko Alkartasuneko Berme Batzordeak militantziarik gabe utzi ditu Muskizko Udalean dituen bi zinegotziak, Gonzalo Riancho eta Miriam Barrio. Horren ondorioz, gehiengoa zuen gobernu taldea ezegonkortu egin da, EAko bi zinegotziak EAJko beste bostekin lotzen zituen hitzarmena bertan behera gelditu baita. Aldaketa hau dela eta, gehiengoa galdu dute udalean. Biltzenek (hiru zinegotzi), PSEk (bi) eta Muskiz Bai plataforma independenteak (bat) osatzen dute oposizioa (EAren faltan, Bilduk Biltzen izena hartu zuen herrian).

Horrez gain, alderdiak biei eskatu die zinegotzi agiria itzultzeko. Izan ere, EAk duela 15 hilabete egindako tokiko batzarrean jeltzaleekin zuten ituna desegiteko eskatu zien. Alderdiak udal gobernu taldetik ateratzea erabaki zuen bilera hartan. Hala ere, "alderdiko bi zinegotziek ez dute erabakia bete".

Alderdi politikoak ohar batean azaldu duenez, bi militantziak bertan behera utzita, Muskizeko EAk "udal politikan etapa berri bat ireki du, alderdiak nazio mailan hartzen dituen erabaki estrategikoei dagokienez". Helburu honi helduz, "ekonomia egoera zail honetan, gobernagarritasuna bermatzeko egiten dituzten ekarpen progresistekin eta batasun subiranoaren alde egiten duten formazio politikoekin" elkarlanean arituko da Muskizen.

Gonzalo Riancho EAko zinegotzia Muskizko alkate izan zen aurreko legegintzaldian, PSErekin egindako hitzarmen bati esker. Rianchok zinegotzi ez atxikitu moduan jarraituko du, udara arte. Ostean, dimisioa emango du eta EAko hauteskunde zerrendetan ageri den hurrengo bazkideari egingo dio lekua.

Beste zinegotzi Miriam Barriok, ostera, martxoaren 26an erabaki zuen gobernu taldea uztea eta Eusko Alkartasunean militatzen jarraitzea. Aurrerantzean oposizioko kide izatea zen bere asmoa, EAko zinegotzi legez. Horrela adierazi zion alderdiari eta Borja Liañori, egungo alkateari.

Azkeneko udal hauteskundeetan EAk bi zinegotzi lortu zituen Muskizen. Biltzen, PSE eta Muskiz Bairekin batu beharrean, EAJrekin elkartu zen. Azken alderdi honek bost zinegotzi lortu zituen. Hartara, EAJko Borja Liaño aukeratu zuten alkate.