Sailkatugabeak

Ingurumen plan berria onartu du Mungiako Udalak

Mungiako Udalak ingurumen plan berria onartu du. 23 programa eta 79 egitasmo jaso dituzte. Orain hasi eta 2016ra bitartean egingo dituzte guztiak. Plana osatzeko, herriko hainbat eragilek hartu du parte, alderdi politiko eta udal teknikariekin batera....

Autobusak, hitzarmenari itxaroten

Enpresarekin hainbat bilera egin arren, lan hitzarmen kolektiboan inolako akordiorik lortu ez dutenez, Bizkaibus-TCSAko langileek lanuzteak hasi dituzte. Hitzarmenak 800 langileri baino gehiagori eragiten die. Apirilean, astelehen eta ostegunetan, eta maiatzean, astelehen, astearte eta ostegunetan, etengo dute jarduna; 07:30etik 09:30era eta 18:00etatik 20:00etara.

Otsail hasieratik dabiltza negoziatzen enpresa batzordea eta enpresa. Zazpi batzar egin dituzte. Alderdi biek oso iritzi kontrajarriak dituztela adierazi du Jose Jaime Anzola enpresa batzordeko idazkariak, "oso urrun" daudela batzuen eta besteen ikuspuntuak. Hartara, "presio neurri" gisa, egunean lau orduz zerbitzuak etetea erabaki du enpresa batzordeak, langile guztien babesarekin. Apirilaren 18an,TCSAko langileek egindako batzarrean, lanuzteen aldeko 301 boz izan ziren, eta ez zen aurkako bozik egon, ezta abstentziorik ere. Bizkaibus-TCSAk Bizkaiko autobus zerbitzu publikoaren Ezkerraldeko, Eskuinaldeko, EHUrako eta Ibaizabal Nerbioi eskualdeko lineen kontzesioa du. Beraz, ibilbide horietan izango dute eragina lanuzteek.

Akordio bat egiteko, langileek baldintza batzuk errespetatzeko eskatu diote enpresari. "Iragan asteazkenean egin genion enpresari azken eskaintza: KPI erreala eta martxoko lansarian 150 euro —KPI erreala baino apur bat gehiago—. Horrez gain, azken lan erreforma ez aplikatzeko".

Erabateko jarraipena

Astelehen goizeko lanuztean langile guztiek bat egin zutela jakinarazi du Anzolak. "Lan etetea erabatekoa izan da, eta gutxieneko zerbitzuak errespetatu ditugu". Goiza normal igaro zen. Langileek Burtzeñako kotxetegien parean (Barakaldo) egiten dute elkarretaratzea lanuzte egunetan, 08:15etik 08:45era.

Eusko Jaurlaritzak %33ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. "Hainbat linea martxan daude, ohiko moduan; esaterako, EHUra doan linearen bat eta aireportura doana. Beste zenbaitek, ordea, ez dute zerbitzurik; Ezkerraldeko linea batzuek, adibidez". "Langileok dugun greba eskubideari eragiten diotela uste dugu. Azken finean, lanuztearen eragina ez da ikusten, ez dagoela dirudi. Horren aurrean zer edo zer egin dezakegun ikusiko dugu, bestela salatu egingo dugu Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuei buruz bidalitako agindua".

Termibusetik Leioako EHUren campusera doan linean normaltasuna izan zen nagusi lanuzteen lehen egunean. Astelehen goizean, 09:00etako autobusa hartu zuen Sarai Orregok. "Autoan joaten naiz normalean, baina gaur [astelehena] autobusa hartu behar dut. Atzo [igandea] abisatu zidaten lagunek greba zegoela, eta Internet bidez gutxieneko zerbitzuen berri izan nuen", zioen. Autobus gidariak linea horretan goiza lasai pasa zela jakinarazi zuen, eta ordu zehatz batzuetan jartzen dituzten indargarriak ere badituztela. "Metroarekin heltzerik ez dagoen lekuetan gutxieneko zerbitzua jartzea erabaki da", adierazi zuen gidariak. Ez da gauza bera gertatu Santurtzi, Portugalete eta Barakaldoko autobus lineekin. Basurtun (Bilbo), autobusaren zain zegoen Maria Ilardia; ez zuen grebaren berri: "Saltokia daukat Megaparken [Barakaldo], eta 09:30ean irekitzen dut. Lankideren bat ni baino lehen heltzen ez bada, beranduago ireki beharko dut", azaldu zuen.

Datorren astetik aurrera ere langileen jarduna eten egingo da. Enpresaren erantzunaren arabera, lanuzteek dirauten denbora tartean ezer ere konpontzen ez dela ikusten badute, "neurri zorrotzagoak" hartzea pentsatu beharko dutela ohartarazi du Anzolak. "Denbora igarotzea langileen kontra doa. Ultraaktibitatea mugatu dutenez, hitzarmenak amaiera data du. Urrian bukatuko da. Akordio bat egin ezean, probintzia mailako hitzarmena aplikatuko litzateke. Horrek "lanorduak handitzea" ekarri eta soldatan ere eragina izango luke.

Lekukoen bidez, iraganera begira

Lekukoak gero eta gutxiago dira. II. Errepublika ezagutu zutenak, eta 1936ko gerra sufritu zutenak hiltzen ari dira. Hala, haien oroitzapenak betiko gordetzeko asmoz, gertatu zena belaunaldi berriek ere ezagut dezaten, Urdulizko Udalak garai horri bur...

Hiru bide, herria ezagutzeko

Zeanuriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren laguntzarekin, Zeanuri pausuz pausu proiektua jarri du martxan. Udalerria zeharkatzen duten hiru mendi ibilbide finkatu eta indartzea da asmoa, inguruko garapen iraunkorraren akuilu bihurtze...

Balpardako industrialdea sustatzea adostu dute

SANTURTZI. Azpiegitura foru erakundeak eta Santurtziko Udalak Balpardako industrialdea sustatzeko akordioa sinatu dute. 72.000 metro koadro izango ditu; enplegua sortuko duten enpresa berriak martxan jartzeko. Industrialde berria orain arte landa erem...

175.000 euro, Getxoko euskara elkarteentzat

GETXO. Getxoko Udalak 175.000 euroko laguntzak onartu ditu, herrian euskalgintzan behar egiten duten elkarteen artean banatzeko. Bizarra Lepoan elkarteak 66.240 euro jasoko ditu, erabilera sustatzeko programetarako. Boluntzarreta elkarteak 48.001 eur...

“Surferako baldintzak hobetzea da helburua”

Surferako zaletasunak elkartu egin ditu Lea-Artibaiko hainbat herritar. Horrela jaio da Artzabal Surf Elkartea, kirol honen grinak eta irrikak partekatzen dituzten lagunak elkartuz. Lekeitioko hainbat surflarik egindako deiari erantzunez, eskualdeko 30 surflari inguru batzen hasi ziren, kirol hori egiteko baldintzak hobetzeko premiak bultzatuta. Izan ere, zaletasun handia dago inguruotan, baina bakoitza bere kabuz ibili da orain arte.

Hasieran, oinarrizko premiei erantzuna emateagatik bildu ziren; aldatzeko leku bat edukitzeko, adibidez. Baina, gero, helburu handiagoak jarri zituzten. "Surfa egiteko baldintzak hobetzea da gure helburua", adierazi du Jon Piñel elkarteko kideak. Baina, horretaz gain, beste balio batzuk ere landu nahi dituzte: "Guretzat oso garrantzitsua da surflarion artean kiroltasun balio egokiak edukitzea". Inguruarekiko eta ekologiarekiko errespetua ere bultzatu gura dutela dio.

Helburuak finkatu, estatutuak adostu eta zuzendaritza osatu ostean, kirol klub ofizial bihurtzeko eskaera erregistratu zuten. Modu horretan sortu zen Artzabal Surf Elkartea. Iazko ekainean elkartearen aurkezpena egin zuten, baina barrura begirakoa izan zen aurkezpena. Ordutik, barne antolaketa kontuetan beharrean ibili dira. Orain, kanpora begira hasi dira beharrean.

Urtebeteren ostean, agenda beteta daukate Artzabaleko kideek. Bazkide kopurua ere handitzen eta handitzen ari da etengabe. Dagoeneko, 50 dira. Horiek denek hainbat abantaila dituzte. Mendexako Karraspio hondartzan aldagelak dauzkate eskura, eta Dzingua surf dendan erosketak merkeago egin ditzakete.

Ekintzak antolatzen hasita daude, eta urte osorako gehiago dauzkate prestatuta. Egindako lehenengo ekintza Kepa Aceroren erakusketa eta hitzaldia izan ziren. "Mendexa eta Ispasterren egon zen surflariari buruzko erakusketa egun batzuetan, eta, ostean, Lekeition ere egon zen", azaldu dute. Amaiera emateko, Acero bera etorri zen Lekeitiora hitzaldia egitera. "Jende asko animatu zen ekintza horretara, eta pozik geratu ginen edukitako erantzunagaz", azaldu du Piñelek.

Hemendik aurrera ere hainbat ekintza dauzkate prestatuta Artzabal Surf Elkartekoek. Hasteko, maiatzaren 4an hondartzak garbituko dituzte. "Surfrider Fundation plataformak bideratzen du hondartzen garbiketa, horretarako laguntza eskaintzen du", azaldu du. 09:00etan elkartuko dira, Isuntza parean. "Isuntza, Karraspio eta Barinatxe hondartzak garbituko ditugu, baita erreka ingurua ere", adierazi du. Horrez gain, udazkenean berriro hondartzak garbituko dituztela jakinarazi dute. "Ispasterko Ogellako hondartza garbituko dugu orduan". Hondartzen garbiketa orain arte ere egin izan dute Lekeition, baina aurtengoa izango da Artzabalek antolatuta egingo den lehenengoa.

Kantauri Surf Liga

Urritik aurrera hasiko da Kantauri Surf Liga, formatu berriagaz datorren txapelketa. "Normalean, surf txapelketak indibidualak izaten dira, eta liga hori taldeka jokatzekoa da". Txapelketan Euskal Herri osoko hainbat klubek parte hartzen dute.

Prestatzen hasteko, maiatzaren 25ean Zarautzen egingo den topaketara joango dira. "Txapelketari buruzko informazioa jasotzeko ez ezik, beste jende bat ezagutzeko aukera ematen dute topaketek".

Herrira begira, egitasmo potoloa ari dira prestatzen Artzabal Surf Elkartekoak. Ekainaren 15erako jarri dute zita, Mendexako Karraspio hondartzan. Egun horretan, jende guztiak edukiko du surfean aritzeko aukera. "Taulak, kanoak... materiala jarriko dugu nahi dutenek kirol hau probatzeko", dio Piñelek. Bestetik, txapelketa antzeko zer edo zer antolatu nahi dute egun horretarako. Gainera, Lekeitioko skate taldekoek ere pistak jarriko dituzte.

Urtea amaitzeko, irailean munduko surf txapelketa urtero pasatzen da Hossegortik (Frantzia). Ordurako asteburu pasa antolatzeko asmoa dute. Taldera batzeko interesa duenak gaur ere badu aukera: 19:00etan, Lekeitioko gazte lekuan bilduko dira kideak.

“Sendagaien fasea ez da heldu mugara, baina ez du askotarako emango”

Juan Jose Zarranz (Iruñea, 1944) doktorea da medikuntzan eta kirurgian. Horren ostean, neurologian eta neurofisiologia klinikoan espezializatu da. 1973an heldu zen Barakaldora, Gurutzeta Ospitaleko Neurologia Zerbitzua bere gain hartuta. Hasieran, Osakidetzako neurologo bakarra izan zen Zarranz. Bizitza osoa igaro du lanean, harik eta egun dagoen zerbitzua eratu duten arte. Garunaren gaixotasunetan, tratamenduetan eta osasun gaietan aditua da. "Oso pozik" dago pixkanaka sortuz joan den Neurologia Sailarekin; taldea berrogei profesionalek baino gehiagok osatzen dute.

Frantziako tradizioari jarraika, zeure ibilbidean neurologia eta psikiatriaren arloak bereizi izan dituzu. Zein diferentzia daude bien artean?

Europako beste herrialde batzuetan, geroago banatu zituzten bi arlo horiek. Esan bezala, nik Frantziako ohiturari heldu nion. Hala eta guztiz ere, ulertu behar da bien artean harreman estua dagoela. Hau da, garunak nozitu ditzakeen nahasmendu askotan, lotuta egon daitezke psikiatria eta neurologia; ezin dira guztiz banatu. Lotura bat existitzen da bien artean, baina bakoitzak ekintzarako metodologia desberdinak ditu.

Apirilaren 11n, Parkinsonaren Nazioareko Eguna izan zen, eta gaixotasunaren gaineko hitzaldi bat eman zenuen. Alzheimerraren ostean, hori da nahasmendu neurodegeneratibo ohikoena.

Halaxe da. Parkinsonen gaitza ohikoa eta oso aldakorra da. Alzheimerraren atzetik koka daiteke. Azken hamar eta hamabost urte artean, asko aldatu da parkinsona ulertzeko era. Lehen uste zen gaixotasun bakarra eta noizean behinkakoa zela. Gainera, pentsatzen zen genetikak ez zuela zerikusirik. Baina, ikerketaren bidez, iritziak asko aldatu dira adituen artean, eta guztiz kontrako usteak ditugu orain. Gaur egun, badakigu genetikaren eragina oso garrantzitsua dela; gurasoetatik seme-alabetara transmititu daiteke parkinsona. Horixe da azken hamabost urteetan egin dugun aurkikuntzarik adierazgarriena gaixotasun horri dagokionez. Hainbat gene ezagutzen ditugu, eta badakigu horien mutazioek zerikusia dutela parkinsonarekin.

Zein beste aldaketa antzeman dituzue?

Gaixotasun honen giltzarria heterogeneoa izatea da. Duela urte batzuk arte, parkinsona mugimenduaren nahasmenduarekin erlazionatzen zen soilik. Lotutasuna, baldartasuna edo dardarak izaten zituzten aztergai. Hala ere, urteekin, nahasmendu mota asko identifikatu ditugu gaixoengan. Esate baterako, buruko eta loaldiaren nahasmenduak edo begetatiboak direnak aurkitu ditugu. Eri bakoitzak desberdinak izan ditzake. Aldaera asko daude sorburuan eta sintomatologian.

Ba al dakizue zenbat pertsonari eragiten dien gaixotasunak Bizkaian? Berdin eragiten al die emakumeei eta gizonei?

Oinarrian, biei eragiten die modu berean. Ez dago arrazoi berezirik sexuari erreparatu behar izateko. Gaixo kopuruari dagokionez, ez dago datu zehatzik. Gero eta kontrolatuago dago, baina, beharbada, badira diagnostikatu gabeko kasu asko ere. Batez ere, pertsona adinduen artean izaten dira egoera horiek. Zaila da kalkulatzea.

Nahiz eta eri batetik bestera egoera aldatzen den, oro har, noiz agertu ohi dira lehenengo sintomak?

Ez dago adin jakinik. Kasu gehienetan, 60 edo 70 urte dituztenen artean hasi ohi dira lehen sintomak. Baina pertsona gazteagoetan ere ager daitezke. Adibidez, ondoretasunezko eritasunetan, azkarrago has daitezke.

Ba al dago detektatzeko modu berririk?

Egun, gaixotasuna sintomak agertu ostean diagnostikatzen da. Hala ere, zenbait analisi eta loaldiaren, usaimenaren edo nerbio sistema begetatiboaren inguruan egindako ikerketen bidez, parkinsona izan dezaketen kasuak aurki ditzakegu. Hori beste aurrerapauso garrantzitsu bat izan da. Arrisku markatzaile horiek oso seguruak balira, epe ertainera prebentziozko sendabide bat lor genezake, eta, horrekin, gaixotasunaren aurrean neurriak hartu.

Zein neurritan laguntzen dute sendagaiek?

Sendagai babesgarri eta seguru bat egotea itxaroten ari gara. Nire ustez, arretaz jokatu behar da zelula amen inguruko ikerkuntzak gaixotasunaren tratamendurako panazea bat direla esaten den guztiaren inguruan. Baina, ikerketa horretatik abiatuta, oraindik degeneratu ez diren neuronak babesteko gaitasuna lor genezake. Horrez gain, neurologook eskura genezake gaixo batek etorkizunean parkinsona izango duen edo ez iragartzeko gaitasuna ere. Pentsatzen dut datozen urteetan aurrera egingo dugula gai horiei dagokienez.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira parkinsonaren perspektibak?

Alde garrantzitsu bat sendagaiei dagokie. Hau da, botikek gaixotasunaren tratamenduaren alderdi kimikoa osatzen dute. 1960ko hamarkadan, lebodopa farmakoa aurkitu zutenean hasi ziren sendagaiekin ikertzen. Lebodopa nerbio sistema zentraleko asaldura degeneratiboetan erabili ohi da, neurona jakin batzuen eskasiari aurre egiteko. Sendagaien fasea ez da heldu mugara, baina ez du askotarako emango. Parkinsonean, nahasmendu motorra burmuinean kokatzen da, eta frogatu da sendagai hori oso egokia dela; oso zaila da sendagai hobeak aurkitzea. Aldaketak egongo dira; hala espero da. Hala eta guztiz ere, ez dugu aurrerapauso handirik emango. Aurrerabideak gaixotasunaren alde prebentibotik heldu behar dira. Hau da, gaixoak lehenengo sintomak aurkezten dituenean, guk horiek geldiarazteko gai izan behar dugu, sendabide babesgarriak behar ditugu. Nik uste dut bereziki alor horretan egingo dugula aurrera datozen hamarkadetan.