Sailkatugabeak

Portugaleteko aldapak euskaldunduz

Aldapa leunduz Ibilaldia, itsasadarretik zerumugara". Portugalete aldapaz josita dago, baina Asti Lekuko ikasleek eta langile taldeak asteak daramatzate malda horiek leuntzen. Euskararen aldeko ibilbidea ia-ia prest dago, eta Bizkaiko ikastolen aurten...

Elkartasunak bat eginda

Euskal Herrian hiru kofradia mota egon dira: auzoetako administrazio lana egiten zutenak, eraspenekoak edo fedeari lotutakoak eta ogibide bera zuten kideak elkartzen zituztenak. "Elorrion, bitxia bada ere, ofiziale elkarte kofradiarik ez da ezagutu. Behe Erdi Aroan sortu ziren. Garai hartan hainbat ogibide zeuden hiribilduan; hala ere, ez dago arrastorik", dio Josune Aranguren udaleko ondare arduradunak. Horrela, bada, beste bi kofradia motak ikertu, eta erakusketa bat atondu dute Elorrioko Udalak eta Bilboko Eleiz Museoak: Guztion onerako. Elorrioko kofradiak ezagutuz. Ekainaren 14ra bitartean egongo da, Iturri kultur etxean.

Argiñetako nekropolian egiten ari diren arkeologia lanen harira sortu da erakusketa. "Oro har, kofradien gaia ez da askorik sakondu Euskal Herrian. Argiñetan aztarnak aurkitzen ari gara, baina ez dakigu garai hartako gizarte egituraz askorik. Elizateak sortu aurretik nola antolatzen ziren? Kofradiak VIII. mendean sortu ziren, ermiten inguruan, auzoen administraziorako".

Aurretik ere Elorrioko Udalak hainbat aldiz egin izan du behar Bilboko Eleiz Museoarekin. Hala, berriz ere eurengana jotzea erabaki zuten azterlan hau egiteko. "Elorrion hiru auzo kofradia geratzen dira: Gazetakoa, Argiñetakoa eta Miotakoa. Hiru horietan ibili dira ikertzen. Kideekin hitz egin dute, euren funtzionatzeko moduaz. Haien akta liburuak ere arakatu dituzte. Baita zer objektu zahar duten gordea ere".

Arangurenen esanetan, hiru motatako liburuak izaten zituzten auzo kofradiek. Batetik, kofradiako baserrietan bizi ziren kideen zerrenda jasotzen zuten. Hau da, gaur egungo udalek dituzten errolden antzekoa. Beste liburu batean, batzarretan hartzen ziren erabakiak eta arauak biltzen ziren. Azken liburuan, diru kontuak gordetzen zituzten. "Horietako liburu bakoitza kofradiako kargudun baten ardurapean egoten zen", ekarri du gogora.

Funtsean, erlijioa

Auzo kofradiek lurralde baten administrazioa zuten helburua. Hau da, bizikidetasun baketsua eta inguruak eskaintzen zizkieten baliabideen kudeaketa egokia ziurtatuko zieten arau batzuk ezartzen zituzten. Elorrion aipamenik zaharrena 1471ko agiri batean jasotzen da. Hala ere, XV. mendearen azken laurdenera arte agiri bakar batzuk baizik ez daude udalerriari buruz. Beraz, erakunde hauek aurretik ere bazirela pentsa daiteke. "Gaur egun ondasun komunak kudeatzen dituzte. Lursailak dituzte; basoak. Eta auzolana ere egiten dute kofradian. Adibidez, baserri bideak konpontzeaz arduratzen dira".

Gremio kofradiarik izan ez duten arren, Urkizuaraneko San Anton ermitan zegoen nekazarien ermandadeak antza izan zezakeela ondorioztatu dute.

Eraspen kofradiak, berriz, XVI. mendean agertu ziren. Lehen berria Sortze Garbiaren kofradiari buruzkoa da. Gutxienez, 1522an bazegoen. Vera Cruz kofradia ere XVI. mendekoa izango dela uste dute, nahiz eta 1680. urtera arte Elorrion ez den haren aipamenik agertzen. Berriena 2001. urtekoa da, herriko seme eta Bizkaiko zaindari San Balentin Berrio Otxoaren omenezkoa. Halako kofradia andana izan dira herrian.

Dena den, eraspen kofradia ez zirenek ere bazuten erlijioarekiko lotura zuzena. Izan ere, kofradia santu baten babespean jartzen zen, eta haren jaiegunaren inguruan antolatzen ziren ekitaldi garrantzitsuenak. Baita bilera eta kargu izendatzeak ere.

Erakusketan askotariko elementuak daude. Aktez gain, santuen irudiak, ermitetako elementu apaingarriak eta erlijioarekin zerikusia duten objektu asko daude. Hala ere, badago gailu gizatiarragorik. Arangurenek XIX. mendeko lapiko bat aipatu du, kofradiako bazkariak egiteko erabilia.

Dena den, ikerlarientzat elementu deigarriena sakra bat izan da. "Antzekorik ez dutela ikusi esan digute. Aldare gainean otoitzak jartzeko euskarria da. Egileak ez zuen dirurik, eta egurrez egin zuen; gero, purpurinaz margotu. Ezberdina da, duen formagatik eta egiteko eskulangileak hartu duen lanagatik".