Sailkatugabeak

Udalak ez du baimena eman beilategia irekitzeko

ALONSOTEGI. Errausketa labea eta beilategia ipintzeko lizentziari ezezkoa eman dio udalak. Instalazioak Arbuioko industrialdean jarri behar zituzten, baina proiektua aurkeztu zuen enpresak ez zituen baldintza guztiak betetzen. Ondorioz, epea amaituta,...

Suaren kalejiran dantzan

Suaren arteak liluratzen ditu Lekittoko Deabruak taldeko kideak. Correfoc-ak egiten dituzte, Herrialde Katalanetan hain ezagunak diren ikuskizunak. Deabrua da protagonista, eta, sua erabiliz, kalejirak eta ikuskizunak antolatzen dituzte. Hogei lagun i...

EH Bilduk metroaren 3. lineari sostengua berretsi dio

EH Bilduk Bilboko Metroaren 3. lineari emandako sostengua berretsi du. Era berean, hainbat auzotan sorturiko eragozpenak amaitzeko eta lanen gaineko kostua kontrolatzeko eskatu dute Marian Beitialarrangoitia koalizioko legebiltzarkideak Aitor Torre Bi...

Ginekologia zerbitzuak, jomugan

Ezkerraldeko eta Lea-Artibaiko andreen bederatzi elkartek elkarretaratzea egin zuten asteartean, Barakaldon, Emakumearen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Egunaren harira. Osasunaren arloan egiten ari diren murrizketen inguruan, euren kezkak plazaratu zit...

Herrietako bihotzak hobetzeko

Auzoari bizitasuna ematea —edo lehenago zuena bueltatzea— eta bizi-kalitate ona edukitzea izan ohi da herritarren nahia. Horretan dihardute hainbat auzo elkartek Bizkaian. Horietako batzuek ibilbide luzea dute atzetik; horren adibide da Durangoko Alde Zaharra auzo elkartea. Hamar urteko jarduna bete du aurten. Jose Mari Arrillaga elkarteko presidente eta sortzaileetariko baten berbetan, "alde zaharreko bizilagunen bizi- kalitatearen aldekoa" izan da beti haien lana.

Urte hauetan haien kezka izan dira, besteak beste, erretenak, zarata, zaborraren kudeaketa eta gizalegezkoak ez diren ekintzak. Hamarkada batean, zenbait onura erdietsi dituzte, baina badira oraindik konpondu gabeko eskariak ere. Horien artean esanguratsuena erretenen inguruko auzia da. Lubakiak konpontzeko eskaria DAZ Durangoko Alde Zaharra elkartea sortu aurretik datorrela azaldu du: "Pilar Ardanzak, alkate zela, onartu zuen erretenen egoera kaotikoa zela, oso gaizki zeudela". Halaber, orain dela bost bat urte, Tokiko Agenda 21 egitasmoaren bitartez ikerketa bat egin, eta lubakien egoera "penagarria" zela eta "hutsuneak" zituztela frogatu zuten.

"Dozena bat erreten zati dira, horietatik zazpi nahiko handiak. Komunikabideen ahotik jakin dugu hasi direla batzuk konpontzen. Gure proposamena da pixkanaka konpontzen joatea, esaterako, urteroko aurrekontuaren parte bat horretara bideratuta". Horrela, adibidez, ezbeharren bat gertatzen bada suhiltzaileak sartzeko erretenek sarbide egokia izatea gura dute, eta ur harguneak jartzea, "larrialdietarako ebakuazio plana bete ahal izateko".

Kutsadura akustikoa

Pairatzen duten zarata da urteotako beste arduretako bat. Alde zaharreko bost puntutan zarata neurketak egin zituzten Agenda 21 egitasmoaren barnean. "Neurketa horiek erakutsi zuten legeak baimendutako dezibelio kopurua gainditzen zela". Zarataren mapan aurrerapausorik eman izanaren berririk ez dutela dio: "Komentarioak entzun ditugu, baina administrazioaren partetik ez dugu informaziorik jaso". Ostalaritza ordutegia luzatzeaz ere desadostasuna erakutsi zuten.

Alde zaharra oinezkoentzako egokitzeko proiektuaren inguruan bi auto ilara protesta eta sinadura bilketa bat egin zituzten, bizilagunek beharrizana zutenean autoz sartu ahal izatea aldarrikatuz. Izan ere, udalaren hasierako asmoa zamalanentzat soilik goizez zabaltzea zen. Hala, auzotarren eskaria onartu zuten. Era berean, oinezkoentzako egokitzerakoan jarri zuten lurzorua labainkorra zela jakinarazi, eta konpontzea lortu zuten.

Hondakinak biltzeko sistema aldatu zenean ere izan zuen zeresana auzo elkarteak. Alde zaharraren kanpoaldean lurperaturiko edukiontziak ipini zituztenean, hara iristeko zenbait bizilagunek zuten bidea "luzeegia" zela iruditu zitzaien, "batik bat adinekoentzat". Udalari iradokizuna egin eta lasterrera edukiontziak jartzea lortu zuten: "19:00etan ipini, eta gauean kentzen dituzte".

Hamar urteotan udalari lankidetza eskaini diote. "Gure iritzia ematera modu baikorrean joan gara beti, elkarlanean aritzeko prest. Arazoak sumatu ditugunean konponbideak eskatu ditugu, eta gure ekarpenak egin". Hainbatetan udalaren "erantzunik eza" topatu dutela-eta, harreman "estuagoa" gura dute. Auzo elkarteak inguru egoki batean bizitzearen alde jarraituko duela dio, bizilagunek bizi-kalitate egokia izateko. "Badakigu alde zaharrean bizitzeak alde onak eta txarrak dituela. Guk besteak errespetatzen ditugun legez, errespetatuak izatea nahi dugu. Gertuko administrazioak arduratu behar du elkarbizitza bermatzeaz".

Auzoaren bizitasuna helburu

Portugaleten, berriz, alde zaharra berpizteko Berria Portu Zaharra talde eragilea osatu dute hainbat elkartek. Herriko auzokideen, merkatarien, ostalarien eta aisialdi taldeen sarearen elkarteko kideak bildu dira, aspaldi zuen bizitasuna berreskuratzeko asmoz. "Garai batean herriko bihotza izan zen auzoa, eta hura berreskuratzea da gure helburua", azaldu du Javi Carnicero talde eragileko kideak. "Lehen beteta zegoena orain hutsik dago". Iazko inauteriak antolatzeko bildu ziren lau elkarteak, eta helburu bera zutela ikusita, batzea pentsatu zuten.

Parte Hartuz EHUko partaidetza masterreko kideekin harremanetan jarri, eta egitasmoa bideratzen hasi ziren. "Haiek bazuten eskarmentu handia horrelako gauzetan; elkarrekin biltzeko prozesuetan, auzoak berpizteko lanean, auzoetan plan komunitarioak egiten... Unibertsitatekoak gurekin izatea sekulako bultzada izan zen guretzat". Hala, irailetik hona praktiketako hamar bat ikaslerekin aritu dira proiektua sustatzen, kudeatzen eta mugiarazten. "Barruko gauzak egiten ibili gara. Soziogramak eta flujogramak eginez, elkarteen eta kolektiboen arteko harremanak nola dauden aztertu eta eragileak mapa batean ipini ditugu. Bagenekien zer egin, nola egin, eta norekin".

Egitasmoa plazaratzeko ekitaldi bat egin zuten apirilean. Umeentzako txoko bat jarri, eta haien nahiez beteriko mural bat osatu zuten. Helduei, berriz, orain arteko jarduna azaldu zieten, eta denen artean eztabaidatu zuten aurrerantzean zer egin.

Udalarekin ere bildu dira, euren kezka azaldu eta Portugaleteko alde zaharra berpizteko plan zehatz bat egitearen garrantziaz berba egiteko. Denen parte hartzearekin osatu eta sortu gura dute plana, eta, hortaz, udalaren parte hartzea ezinbestekotzat jotzen dute. "Ezinezkoa da gure aldetik bakarrik plana aurrera eramatea. Badakigu lan egin behar dugula, eta ekimena sendotu, baina dirua eta plana aurrera eramateko legedia haien esku daude", adierazi du.

Orain, lan eta partaidetza mahaiak osatzeari ekin diote, planaren ildo nagusiak mahai horietan lantzeko. Lokal bat aurkitu gura dute, "hau irudikatzeko eta auzoan kokatzeko". Han, "barrurako zein kanporako" ekintzak antolatu eta koordinatzeaz gain, bestelako ekintzak ere egin gura dituzte. "Adibidez, erakusketak antolatu eta gaztetxoentzat ludoteka jarri, auzoan mugimendua sortuz". Badakite prozesua luzea izango dela. "Badaramagu urte oso bat, eta oinarria sendotu dugu. Badakigu helburua lortzeko denbora behar dela. Berriro auzoa herriaren bihotza izateko guztion lana beharrezkoa da". Auzoaren onura nahi dute, eta, diotenez, herri mailan ere beste auzoetan garatzeko eredugarria izan daiteke euren beharra.

Alkatearen aurkako salaketa artxibatu dute

DERIO. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bi herritarrek Arco Atlantico sustatzailearen eta Lander Aiarza Derioko alkatearen aurka ipinitako salaketa behin betiko artxibatu du. Rementeriñe lursailean ustez delitu ekologikoa egiteagatik eta hirigintza baimenak ematean prebarikazioa egiteagatik salatu zituzten. Baina, azkenean, epaileak delitu zantzurik aurkitu ez eta artxibatu egin du salaketa.

Logelak ez alokatzeko eskatu du udalak

SESTAO. Auzokideei etxeko logelak alokatzea ez aholkatzeko eskatu die Sestaoko Udalak herrian bulegoa dute bankuei. Izan ere, zenbait bulegotan hipoteka ordaintzeko arazoak dituzten herritarrei gomendio hori egin diete. Sestaoko Udalak etxebizitzen ge...