Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian %0,7 egin du behera langabeziak maiatzean; salbuespena Bizkaia izan da, apirilean baino 109 langabe gehiagorekin.Bizkaian beharrik ez dutenen taldea, e...
Sailkatugabeak
Zorren amildegiari, aurre
Urduñak 5,3 milioi euroko zorra du finantza erakundeekin". Herritarrak kezkaturik daude herriko "egoera ekonomiko latzarekin", eta Urduñak Merezi Du plataforma sortu du adin eta mota guztietako gizon eta emakume talde batek.
Duela bi aste hasi ziren herritarrak lanean. Lehenengo biltzarrean helburuak eta lan egiteko prozedura adostu zituzten. "Herritar talde bat gara, eta ez dugu loturarik inolako alderdi politikorekin", azaldu dute plataformako ordezkariek. Auzokideak asteazkenetan elkartzen dira aste batetik bestera egingo dituzten jarduerei buruz hitz egiteko. Gainera, bilera baino lehen, udaletxe aurrean elkarretaratzea egiten dute astero. Ibilbideari hasiera emateko, batzar informatiboa egin zuten plazan. Bertan, adin guztietako 200 urduñar elkartu ziren. "Plataformaren bidez, jendeari ematen diogu hitza; izan ere, herritarren iritziak ezagutzea eta ideiak trukatzea da helburua", azaldu dio ordezkari batek Bizkaiko Hitza-ri.
"Urduñako egoera momentu honetan latza da. Azkenean, egunerokotasunean sumatzen da: ez dago dirurik herrian inbertsioak egiteko edo kaleak konpontzeko. Horrela jarraituz gero, gerta daiteke dauzkagun zerbitzu publiko apurrak utzi behar izatea. Adinekoen egoitza, adibidez", kexu dira plataformako kideak. Irtenbide errealak galdegiten dituzte. "Bilbo Basketi eskaini zitzaion, zergatik Urduñari ez?", galdetu dute.
Plataformako kideen arabera, Bizkaiko Foru Aldundia ez da ari nahiko luketen beste "inplikatzen". Herritarrek irtenbide errealak nahi dituzte, eta instituzioetatik iritsitako konponbideak ez zaizkie guztiz egokiak iruditzen. Egoera bideratzeko, foru aldundiak udal ondasun bat saltzea proposatu du. Aduana bainuetxea aukera posibleen artean dago. Aduana zaharra eraikin historikoa da, eta plaza erdian kokatuta dago. "Ez gara sartuko salmentari buruzko baiezkoa edo ezezkoa ematera. Iritzi desberdinak eta pertsonalak daude. Batzuek ezetz esaten dute, ondare publiko bat dela eta ez dugula zertan saldu beste batzuek egindako zuloa ordaintzeko. Herriak ez du egoera hau sortu, beste batzuek egindako kudeaketak eragin du", diote plataformakoek. Hala ere, eraikina saltzekotan herriari galdetu beharko zaiola pentsatzen dute. "Foru aldundiak planteatutako irtenbidea ez zaigu egokiena iruditzen. Ez dugu nahi Aduanaren inguruko eztabaida sortzea, guk arazoari irtenbide bat eman nahi diogu; horretarako mugitzen ari gara".
Ahalik eta erakunde gehien inplikatzea nahi du herritar taldeak. "Egungo egoeraren jakinaren gainean gaude, eta zor horrek ondorio negatiboak ditu gure egunerokotasunean, gure hiria hilzorian baitago. Baliabiderik gabe, gizarte zerbitzuak murrizteko arriskuarekin, lanpostuak galtzen dira, azpiegiturak hondatzen eta gure bizi-kalitatea hobetzeko proiektu berriak aurrera eraman ezinean gaude", azaldu dute.
Hiriaren egoera ekonomikoa salatzeko, manifestu bat argitaratu eta lan mahai bat antolatu du Urduñako Udalak. Dagoeneko udalaren agiri horrek herriko 30 eragile baino gehiagoren babesa lortu du. Besteak beste, jubilatuen taldea, emakume taldeak, guraso elkartea, kultur taldeak, merkatairen elkartea, Berbalagun taldea eta zezenzaleena bat etorri dira. Plataformako kideek ere oniritzia eman dute, eta bi kide mahaian lanean ari dira, herritarren ordezkari gisa. "Ez dugu nahi bakarrik langileen eta udalaren arteko lana izatea. Parte hartu behar genuela pentsatu genuen".
Egoera aldatzeko, lanean
Gaur egun, sinadurak biltzen dabiltza herrian. Bi astez arituko dira auzokideen atxikimendu bila, eta, ostean, foru aldundira eramango dituzte bilera bat eskatzeko. Eusko Jaurlaritzako arduradunekin ere batzeko asmoa dute. "Ahalik eta gehien mugituko gara gure hitza leku guztietara heltzeko. Plataformaren manifestuan adierazten dugun moduan, gure herria hiltzen ari da, eta ez da azken bi urtetako kontua. Aspaldikoa da. Beti iruditu zaigu azkenak garela inbertsioak egiteko. Herria aurrera atera nahi dugu".
Konponbide ekonomikoa lortzeko, behar diren ordezkari eta eragile guztiak elkartzea eskatzen dute urduñarrek. Plataformakoek azaldu duten moduan, ezin diote egoerari eurek bakarrik aurre egin.
Murrizketak arlo guztietan egiten ari dira. Baina herriaren etorkizunak urduri jartzen ditu auzokideak. "Udala dirurik gabe gelditzen denean, ez dakigu zer gertatuko den, eta, herritar moduan, oso kezkaturik gaude".
45.000. Metro koadro.
45.000 metro koadroko orube batean dago Bengola Energia Berriztagarrien Parkea. Bertan dago interpretazio zentroa, 800 metro koadro dituen eraikin batean.
Portu Zaharrekoak, zaharberritze eske
GETXO. Algortako Portu Zaharreko bizilagunek auzoa zaharberritzeko plana eskatu dute. Diotenez, arazo larriak dituzte hezetasunarekin eta arratoiekin. Gogora ekarri dute duela 25 urte auzo guztia altxatu zela baina beharrak txarto egin zirela eta orai...
Aztarnetatik iraganera
Gerrikaitz eta Munitibar herriguneak batzearen ideiatik sortutako proiektua gori-gorian da, sei urteko beharraren ostean. Momentu hori aprobetxatuta hartu ditu bere lehen bisitariak Oiz mendiaren magalean dagoen Bengola Energia Berriztagarrien Parkeak...
Kirol egokitua sustatuz
Kirol egokituaren jarraitzaileek badute nora jo asteburuan. Ohi denez, Basauriko Udalak eta Merkatarien Elkarteak Basauriko XV. Probak antolatu dituzte. Domeka goizean jokatuko dira, Artunduaga kiroldegian. Hala, kirol egokituetako korrikalari, jauzil...
Gernikako industrialdea bultzatu gura du Bilduk
GERNIKA-LUMO. Gernikako industrialdea indartzeko proposamena aurkeztuko die Bilduk Busturialdeko alkateei. Otsailean hasi zuten planaren prestaketa. Besteak beste, bultzada eman gura diote Gernikako ibarreko industrialdeari, eta Muxikan egin gura dena...
Aduana saltzeko erabakia herri kontsulta baten bidez hartuko du Urduñak
Urduñako Udalak bideragarritasun plan berria aurkeztu dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Gaur egun, herriak 5,3 milioi euro inguruko zorra du, eta, udalak adierazi duenez, erdira murriztu ahal izateko, "foru aldundiaren inplikazioa ezinbestekoa da".
Urduñak %76ko zorpetze maila du; Bizkaiko udalerriek, oro har, %20koa da dute, batez beste. Hala ere, azken urteotan udalak eginiko doikuntza planak milioi bat euroko gastu murrizketa ekarri du. Egoera ekonomiko hori bideratzeko, foru erakundeak Aduana eraikin historikoa saltzea proposatu dio udalari, eta, horren harira, bideragarritasun plana aurkeztu dute. Carlos Arranz alkateak azaldu duenez, ez dute Aduanako eraikina saldu nahi, baina, foru aldundiaren proposamena denez, aztertu egin behar dute aukera hori. Aduana saltzeko edo ez saltzeko erabakia herri galdeketa bidez hartuko dute.
Horrez gain, egungo Herri Administrazioen Ondarearen Legea urratu gabe egin beharko da salmenta, lege horrek finkatzen baitu udal higiezinen prezio justua. Horretarako, udalak txosten tekniko bat egin du; horren arabera, eraikinaren eta orubearen egungo prezioa 7.958.000 eurokoa da.
Bestalde, foru aldundiarekin lankidetza hitzarmena sinatzea gura dute. Finantza egoera "oso larria" denez, beharrezko laguntza lortu ezean, Urduñak ezingo die ordainketei aurre egin.
Jaietarako autobusa izango dute hainbat herrik
IGORRE. Arratiako Udalen Mankomunitateak eta Zornotzako eta Galdakaoko udalek martxan jarriko dute uda honetan jaietan ibiliko den gaueko autobus zerbitzua. Goizaldean bi bidaia egingo ditu proiektuan parte hartuko duten hamar herrietatik. Asteburu ho...
“Tenporen arabera, uda sasoiko tenperaturarik ez dugu izango”
Gorbeia magalean bizi da Julian Ajuriagerra (Dima, 1944), Elormendi baserrian. Etxea 650 metroan duenez, ondo baino hobeto daki negu gogorrak zer diren. Makina bat elurte bizitakoa da, eta, dioenez, badago aldea lehenagoko eta azken urteetako neguen a...