Sailkatugabeak

Bizkaia kexu, 400 hektarea kendu dizkiotelako

"Kantabriak 400 hektarea kendu dizkigu, kendu nahi dizkigu edo kenduko dizkigu, eta inork ez du ezer esaten, Trebiñu denok babesten dugun aldi berean", esan du Jose Manuel Coteronek, Turtziozko alkateak. Orain arte Turtzioz izan den Aguera izeneko inguruaren mugarriztatzea egin berri dute, Espainiako epaitegiek agindutakoari jarraituz. Aurrerantzean Guriezo izeneko udalerriaren parte izango da. Kantabriarrak pozik daude oso. Adolfo Izaguirre da bertako alkatea: "Epai batek agindutakoa baino ez dugu bete". Baina bizkaitarrek lursail garrantzitsua "lapurtu" nahi dieten irudipena dute: "Ez dugu egindakoa onartzen", ohartarazi du Turtziozko alkateak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa baino ez dutela sentitu azaldu du, gainera, Coteronek. "Ez da jabego kontua, lurralde historikoari 400 hektarea kenduko dizkion mugarriztatzea baizik", adierazi du Bizkaiko Lehendakaritza Sailak ohar baten bidez. "Lurraldeen mugak aldatzeak lursail hori, jurisdikzioari dagokionez, Kantabriaren menpe egotea ekarriko luke", ohartarazi du.

Joan den eguenean elkartu ziren. Turtzioz eta Guriezoko alkateak (Kantabria, Espainia), Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Kantabriako Gobernuaren ordezkariak eta Espainiako Gobernuak EAEn eta Kantabrian dituen ordezkaritzetako kideak ibili ziren Espainiako Geografia Institutu Nazionaleko teknikarien lana gainbegiratzen. Euskal Herriko erakundeek, baina, beharrak bukatutakoan uko egin zioten akta sinatzeari. Bost mugarriak ipintzen hasi aurretik ere agertu zuten desadostasuna. Eta, ondoren, haserrea jasotzen duen agiri bat idatzi zuten, Espainiako Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioko Tokiko Administrazioaren Zuzendaritzara bidaltzeko.

Madrilen ez dute halabeharrez kontuan hartu behar, nahiz eta Turtziozen esperantza hori baduten. "Bueltan erantzun bat jaso nahi dugula jakinarazi diegu", azaldu du Coteronek. Ministerioko arduradunek agirian jasotako argudioak ontzat joko balituzte, joan den asteko mugarriztatzea bertan behera geratzeko aukera legoke. Edonola, Espainiako Geografia Institutuko teknikariek euren lana bukatutzat eman zuten. Aurrerantzean beste pausorik ematen bada epaitegietako kontua izango dela iragarri zuten. Turtziozko alkatearen esanetan, ordea, prozesua ez da itxi: "Guretzat etapa berri baten hasiera da", iragarri zuen mugarriztatzea egin berritan.

Aguera deritzon ingurua norena den aspaldiko gatazka da, XVI. mendean sortu baitzen. Lau mende baino gehiago igaro behar izan dira erabaki tinko bat hartu aurretik: 2005ean Espainiako Auzitegi Nazionalak lurrok Guriezorenak direla ebatzi zuen. Bizkaiko agintariek errekurtsoa ipini zuten Espainiako Auzitegi Gorenean, baina hark Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuen.

Coteronek gogora ekarri duenez, mugarriztatzea Felipe V.a Espainiako erregeak 1739an emandako agindu baten arabera egin behar dela erabaki zuen Auzitegi Gorenak. Baina Espainiako Geografia Institutu Nazionaleko teknikariak ez dira agiri hark zehazten zituen lekuak eta toponimoak aurkitzeko gai izan. Hala, gerora idatzitako beste agiri batzuetan oinarritu dira teknikariak. Horregatik diote euskal eremua ez dela mugarriztatze zuzena. Mugak finkatzeko XX. mendeko dokumentuak erabili dituzte: 1927ko koaderno militar bat, 1921eko mendi publikoen mugarritze akta bat eta 1940ko mapa topografiko bat.

Gainera, Turtziozko Udalaren zerbitzu juridikoak uste du "Espainiako Konstituzioaren kontrakoa" ere badela. Izan ere, muga eta aldaketak horretarako beren- beregi idatzitako lege organikoak dioenaren arabera egin behar direla dio estatuko lege nagusiak. Baina lege organiko hori oraindik ez da onartu; proiekturik ere ez dago. Hala, joan den eguenean egindako mugarriztatzea "zuzenbidez baliogabea" litzateke.

Espero zena betetzen ez denean

Duela gutxi zabaldu da, baina dagoeneko ez dira gutxi haren zerbitzuez kexu direnak. Batzuen ustez, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko —Ondarroa, Markina eta Berriatua izan ezik— "larrialdiak hobeto tratatzeko" balioko du, eta, beste batzuen ustez, "handikeriaz eginiko osasun etxe handi bat" besterik ez da oraingoz. Gernika-Lumoko ospitale berriaz ari dira denak, hilabete gutxian mota askotako kritikak jaso baititu. "Gurpilik gabeko motor bat bezalakoa da", dio zentroan lan egiten duen baina izenik eman nahi ez duen emakume batek. "Oso eraikin polita egin digute, baina benetan garrantzitsuena falta zaigu: baliabide nahiko izatea. Larrialdietan pediatria zerbitzua daukagu, adibidez. Dena da oso polita, umeentzako apaindua eta guzti, baina ez dago pediatrarik, familiako mediku batek betetzen baitu haren lekua". Hori da, haren ustez, ospitalearen egoeraren isla.

Gernika-Lumoko ospitale berria iazko abenduaren 12tik dago martxan, baina inaugurazio ofiziala ekainaren 10ean egin zen, Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela. Abendutik ekainera arte osasun etxe normal baten lanak egin zituen. Baina, uda hasieran, neurologia, etxez etxeko ospitalizazioa eta erradiodiagnosi eta oftalmologia zerbitzuak eskaintzen hasi ziren, beste hainbatekin batera. Duela astebete, larrialdi zerbitzua estreinatu zuten. Eta, batez beste, egunean hirurogei kasu jaso ahalko dituela aurreikusi dute. Mila metro koadro inguruko azalera duela, larrialdi guneak zortzi box izango ditu. Horietako bi adingabeentzat izango dira. Dena den, nahiz eta agintariek "pazientzia" eskatu duten, langile eta erabiltzaile batzuek jakinarazi dute dagoeneko agortu zaiela. Horren adibide da joan den larunbatean gertatu zena: larrialdietako zerbitzu berrian ordutako ilara luzeak jasan behar izan zituzten.

Agintarien iragarpenen arabera, osasun zentroak 60.000 joan-etorri saihestuko ditu, inguruko bizilagunek Galdakaora joan behar izaten baitzuten orain arte. Badago pozik dagoen erabiltzailerik ere. "Ni birritan etorri naiz, eta, oraingoz, oro har, ondo ikusi dut", dio izenik eman gura izan ez duen gizonezko batek. "Kanpo kontsulta batera etorri naiz, eta leku berrietan egoten den antolakuntza falta nabaritu dut. Baina imaginatzen dut denborarekin konponduko dela", gaineratu du.

Joan den astean estreinatu zen larrialdi zerbitzua, urriaren 21ean, eta, aurreikuspenen arabera, 22.000 erabiltzaile artatuko dituzte urtean. Dena den, oraingoz ez da oherik izango, eta hor sortu da orain arteko eztabaidarik korapilatsuena. Alde horretatik, Oheak izango dituen ospitale baten alde dauden langileak izeneko talde bat sortu da. Bertako kideek ez dute normaltzat ikusten 35 milioi euro inguruko aurrekontua izan duen ospitale batek oherik ez izatea. Hasierako proiektuan ospitaleak oheak izatea aurreikusten zuten, baina aurreko Osasun Sailak oherik ez jartzea erabaki zuen. Osakidetzak azaldu zuenez, ospitaleratzeko beharra ez da oso handia; beraz, Busturialdeko zentroa etxez etxeko ospitalizazioa hedatzeko base moduan erabiliko dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sistema hori erabiltzen ez den eskualde bakarrenetarikoa dela azpimarratu dute, gainera.

Dena den, SATSE, ELA, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuen arabera, Osakidetzak "ameskeriazko ospitalea" eraiki du. "Ospitale bateko ohe gertukoena, errepidez joanda, ordu erdira baino gehiagora dago"; Galdakaon, hain zuzen. Horrez gain, Osakidetzako zuzendaritzak "inaugurazioetako argazkietan agertzeko duen gogoa" salatu dute joan den astean kaleratutako agiri batean. "Urte erdian, ospitaleak hirutan jaso du zuzendarien bisita". Sindikatuen arabera, zentroak "gabezia asko" ditu. "Arreta jarraituko gune handi bat besterik ez dute martxan ipini". Orain arte espezialistarik —traumatologia, pediatria, kirurgia— eta ebakuntza gelarik jartzeko asmorik ez dutela izan azaldu dute.

Zerbitzuetan, herren

Horrez gain, langileak kontratatzeko orduan izandako "hutsuneak" eta gaueko txandetan "garbitasun eta laborategiko langileez uko egin" izana arbuiatu dute. Garbitasunaren kasuan, adibidez, "edozein ospitaletan" egiten diren lanak egin gabe geratuko dira. Laborategiari dagokionez, "gaueko txandako erizainek egin dezatela nahi du zuzendaritzak, eta hori Osakidetzaren jarraibideen eta dekretuak ez bete izanaren kasu argia da".

Baliabide falta larriaren adibide bat azaldu du ospitaleko langileak: "Erradiologia zerbitzua goizetan bakarrik eskaintzen da. Apendizitis sintomak dituen edonor arratsaldez etorriko bada, Galdakaora joan edo arratsalde eta gau guztia hemen igaro beharko du. Horrek erakusten du ospitalea baino gehiago osasun etxe handi bat egin dutela".

Gainera, joan den astelehenean, larrialdi zerbitzuetan lan egiten duten langileak "babesik gabe" sentitzen direla salatu zuten, segurtasun faltaren aurrean. "Gune hau 24 orduz zabalduta dago, eta mota guztietako jendea dator hona. Edozein motatako egoera arriskutsuen aurrean ikus dezakegu geure burua, batez ere gau partean", kritikatu zuten.

"Ospitale guztiek dituzte segurtasun agenteak beren instalazioetan; beraz, ez dugu ulertzen Gernikakoan neurri horiek baztertu izana". Galdakaoko ospitaleko kudeatzailetza jo dutela esan dute, Gernika-Lumokoa horren menpe baitago, baina salatu dute oraindik ez dutela erantzunik jaso: "Oso haserre gaude. Badirudi zerbait larria gertatu beharko dela norbaitek kasu egin diezagun".

Bizkaia kexu, 400 hektarea kendu dizkiotelako

"Kantabriak 400 hektarea kendu dizkigu, kendu nahi dizkigu edo kenduko dizkigu, eta inork ez du ezer esaten, Trebiñu denok babesten dugun aldi berean", kexatu da Jose Manuel Coteron Turtziozko alkatea. Orain arte Turtzioz izan den Aguera izeneko inguruaren mugarriztatzea egin berri dute, Espainiako epaitegiek agindutakoari jarraituz. Aurrerantzean Guriezo izeneko udalerriaren parte izango da. Kantabriarrak pozik daude oso. Adolfo Izaguirre da bertako alkatea: "Epai batek agindutakoa baino ez dugu bete". Baina bizkaitarrek lursail garrantzitsua "lapurtu" nahi dieten irudipena dute: "Ez dugu egindakoa onartzen", ohartarazi du Turtziozko alkateak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa baino ez dutela sentitu samindu da, gainera, Coteronek. "Ez da jabego kontua, lurralde historikoari 400 hektarea kenduko dizkion mugarriztatzea baizik", adierazi du Bizkaiko Lehendakaritza Sailak ohar bidez. "Lurraldeen mugak aldatzeak lursail hori, jurisdikzioari dagokionez, Kantabriaren menpe egotea ekarriko luke", ohartarazi du.

Joan den eguenean elkartu ziren. Turtzioz eta Guriezoko alkateak (Kantabria, Espainia), Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Kantabriako Gobernuaren ordezkariak eta Espainiako Gobernuak EAEn eta Kantabrian dituen ordezkaritzetako kideak ibili ziren Espainiako Geografia Institutu Nazionaleko teknikarien lana gainbegiratzen. Euskal Herriko erakundeek, baina, beharrak bukatutakoan uko egin zioten akta sinatzeari. Bost mugarriak ipintzen hasi aurretik ere agertu zuten euren desadostasuna. Eta ondoren, haserrea jasotzen duen agiria idatzi zuten, Espainiako Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioko Tokiko Administrazioaren Zuzendaritzara bidaltzeko.

Madrildik ez dute halabeharrez kontutan hartu behar, nahiz eta Turtziozen esperantza hori baduten. "Bueltan erantzun bat jaso nahi dugula jakinarazi diegu", azaldu du Coteronek. Ministerioko arduradunek agirian jasotako argudioak ontzat joko balituzte, joan den asteko mugarriztatzea bertan behera geratzeko aukera legoke. Edonola, Geografia Isntitutu Nazionaleko teknikariek euren lana bukatutzat eman zuten. Aurrerantzean pausu berririk emango bada, epaitegietako kontua izango dela iragarri zuten. Turtziozko alkatearen esanetan, ordea, prozesua ez da itxi: "Guretzat etapa berri baten hasiera da", iragarri zuen mugarriztatzea egin berri.

Aguera deritzon ingurua norena den aspaldiko gatazka da, XVI. mendean sortu baitzen. Lau mende baino gehiago igaro behar izan dira erabaki tinko bat hartu aurretik: 2005ean Espainiako Auzitegi Nazionalak lurrok Guriezorenak direla ebatzi zuen. Bizkaiko agintariek errekurtsoa ipini zuten Espainiako Auzitegi Gorenean, baina honek Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuen.

Coteronek gogora ekarri duenez, mugarriztatzea Felipe V.a Espainiako erregeak 1739an emandako agindu baten arabera egin behar dela erabaki zuen Auzitegi Gorenak. Baina Geografia Institutu Nazionaleko teknikariak ez dira agiri hark zehazten zituen lekuak eta toponimoak aurkitzeko gai izan. Hala, gerora idatzitako beste agiri batzuetan oinarritu dira teknikariak. Horregatik diote euskal ez dela mugarriztatze zuzena. Mugak finkatzeko XX. mendeko dokumentuak erabili dituzte: 1927ko koaderno militar bat, 1921eko mendi publikoen mugarritze akta bat eta 1940ko mapa topografiko bat.

Gainera, Turtziozko Udalaren zerbitzu juridikoak "Espainiako Konstituzioaren kontrakoa" ere badela uste du. Izan ere, muga eta aldaketak horretarako beren beregi idatzitako lege organikoak dioenaren arabera egin behar direla dio estatuko lege nagusiak. Baina lege organiko hori oraindik ez da onartu; proiekturik ere ez dago. Hala, joan den eguenean egindako mugarriztatzea "zuzenbidez baliogabea" litzateke.

Foru aldundiko sailek 2006an adina diru izango dute 2014an

Proiektu "positiboa" aurkeztu duela uste du Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak. Datorren urtean 6.919 milioi euro izango ditu Bizkaiko aurrekontu orokorrak; aurten baino %5,2 gehiago. Horietatik, 1.502,2 milioirekin geratuko da foru aldundia bera. Eta igoera hori diputazioa osatzen duten zortzi sailek eskuragarri izango duten diru kopuruan ere nabarituko da: osotara, 1.082 milioi izango dira; %3,8 gehiago.

Proiektu "ona" eta "Bizkaiak behar duena" dela iruditzen zaio Bilbaori. Egoera ekonomikoaren "hobetze apalak" eta zerga bilketan iragarritako hazkundeak ahalbidetu dute. Dena den, zuhurtzia agertu du: "Hobetzen ari gara, motel, eta oso astiro jarraituko dugu". Haren ustez, "ez da suziriak pizteko moduko garaia". Izan ere, datorren urtean sailek edukiko duten zenbatekoa 2006an zutenaren parekoa izango da. "2012ko mailara apur batean ez gara gerturatu ere egingo; horrela izango da luzaroan", egin du aurreikuspen ezkorra.

Gobernuak herenegun onartu zuen lege proiektua, eta atzo goizean aurkeztu zuten Batzar Nagusietan. Aurretik, idazten ibili direla, PSE-EEko ordezkariekin bilerak egin dituzte. Bilbao "baikor" agertu da proiektuak izango duen ibilbidearen inguruan. Esan du oraingoz ez dutela akordiorik lortu, baina badu itxaropenik. "Oinarriak finkatuta" daudela iruditzen zaio. Ermuko saihesbidearen kasua aipatu du bere aldartea justifikatzeko. Proiektuak 10 milioi euroko diru sorta jaso du, 2014ko udan beharrei ekiteko. "Guk aurretik konpromisoa hartuta geneukan, ermuarrekin eta bizkaitarrekin. Aspaldi esan genuen dirua izango genuenean eraikiko genukeen lehen azpiegitura hori izango dela. Orain badugu, eta bileretara asmoa besapean eroan genuen. Sozialistekin adostu dugu datorren urterako kopurua". Otsailean adjudikatuko dituzte obrak, uda partean hasiko dira, eta 2017 hasieran bukatzea espero dute. Osotara, 90 milioi euroko inbertsioa egingo dute lau urteotan.

Datozen asteetan diputatuetako bakoitza bere saileko barne aurrekontua aurkeztera joango da Bizkaiko Batzar Nagusietan dagokion batzordera. Behin hori eginda, beste bi alderdiekin elkartzeko asmoa agertu du Bilbaok: "Ez dugu inor baztertzen. PPrekin elkartuko gara, eta baita Bildurekin ere. Ahalik eta akordio zabalena lortu nahi dugu".

Kontuak osatzerakoan hartutako erabaki batzuen inguruko zertzeladak azpimarratu gura izan ditu Bilbaok. Datorren urtean ere funtzionarioen soldatek izoztuta jarraituko dute. "Ez guk hala nahi dugulako, legez horretara behartu gaituztelako baizik", egin du oharra. Foru aldundiaren zor bizia ez da handituko: 2013a 1.320 euroko zorrarekin bukatzea espero dute, eta datorren urterako beste horrenbestekoa aurreikusi dute. Hau da, zor zaharra amortizatzen doazen heinean, neurri berean zorpetuko dira. Batez beste, tasak eta prezio publikoak %1 igoko dira.

Kirol profesionalak, bigarren urtez, ez du diru laguntzarik jasoko. Ez du zehaztu hurrengo urteetan zer gertatuko den, berreskuratuko ote diren. Edonola ere, San Mames futbol zelai berria eraikitzeko lanetarako iaz baino bi milioi gehiago emango dira: 9,6.

Oro har, aurrekontu legea hiru helburu gogoan hartuta osatu dutela esan du ahaldun nagusiak: "gizarte zerbitzuei eustea, enplegua sortzea eta inbertsioak handitzea". Hala, banatzeko zeukatenetik zatirik handiena Gizarte Ekintza Sailak, Herri Lan eta Garraioetakoak eta Ekonomia Sustapenerakoak hartu dute: 848 milioi euro hirurek elkarrekin.

1. Gizarte zerbitzuak

Aurtengoarekin alderatuta, Gizarte Ekintza Sailaren aurrekontua %2 haziko da, 465 milioi eurora arte. "Bizkaiko Foru Aldundiaren mendeko gizarte zerbitzuak eta zerbitzu publikoak mantentzea da gure lehentasuna. Eta, posible den neurrian, handitzea", azpimarratu du Bilbaok. Bigarren urtez Adineko bidaia programa bertan behera geratuko da. Hala ere, edadetuentzako politiketarako aurten baino 5,6 milioi gehiago izango ditu foru aldundiak; 162,4 milioi euro. Mendekotasunaren alorrean ez dela aldaketarik izango esan du: 42.8 milioi erabiliko dira familia barruko arretarako; aurten baino %4 gehiago. Azkenik, urritasunen bat duten pertsonei laguntzeko 78,2 milioi euro erabiliko dira.

2. Enplegua

Ekonomia Sustapenerako Sailak 72,7 milioi euro izango ditu —%7 gehiago—. Bereziki, enplegua sustatzeko eta lanpostu berriak sortzeko politiketan erabiliko dute. Hain zuzen ere, 17,6 milioi euro bideratuko dira zeregin horretara; aurten baino lau milioi gehiago. Hain zuzen ere, diru kopuru hori izango du laster aurkeztuko duten enplegurako funts bereziak. Eskualdeak indarberritzeko martxan ipiniko duten planarekin batera, osotara, 850 lanpostu sortzen lagunduko dutela aurreikusi dute. Edonola ere, onartu du 2014a langabezia tasa gorako bidean dela hasiko duela Bizkaiak.

Zornotzako AIC automozio zentroaren bigarren eta hirugarren faseetarako 5,5 milioi euroko diru sorta dauka proiektuak; iaz, zazpi milioi izan ziren. BEC erakustazokari, berriz, 13,5 milioi emango dizkiote.

3. Herri lanak

Ermuko saihesbidea eraikitzen hasteaz gain, datorren urtean Gerediaga eta Elorrio artekoarekin eta Bermeokoarekin jarraituko dute. Autzaganeko tunelaren obrek ere segituko dute. Denetara, Interbiak foru sozietateak 76 milioi izango ditu lan horietarako. Metroaren hirugarren lineak 21 milioi jasoko ditu: "2013ko aurrekontuan 11,5 milioi onartu genituen, eta, gero, defizit muga igotzean, beste 15,4 milioi gehitu dizkiogu. Beraz, osotara, bi urteotan 46,9 milioi euro inbertituko ditugu". Bizkaiko Garraio Partzuergoak beste 30 milioi jasoko ditu, lehen eta bigarren lineak mantendu eta egokitzapenak egiteko —iaz, 36 milioi izan ziren—. 2014an, gainera, Bizkaibuseko zerbitzu lizentzia berriak adjudikatuko dira: 79 milioi euroko diru sorta izango dute urte osorako.

Bilboko Irala auzoan hainbat administrazioren artean trenbidea lurperatzeko duten proiektuari 3,4 milioiko ekarpena egingo dio foru aldundiak. 2014an bukatuko dituzte Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola zaharra eraisteko lanak. Ogasun eta Finantza Sailak egingo du foru aldundiari dagokion ekarpena: 1,5 milioi euro.

4. Udalen finantzaketa

Ahaldun nagusiak modu berezian nabarmendu du aurrekontu handiagoa izateak udalengan izango duen eragina. Azken lau urteetan behera egin du Udalkutxa udalen finantzaketarako foru funtsetik jasotako kopuruak. Eta, gainera, likidazioa egiterakoan dirua itzuli behar izan dute. Gaur egun, hamar udal daude zorpetzeko baimen berezia eskatuta, finantzaketa egoera larrian daudelako. Hala, datorren urtean Bizkaiko udalek aurrekontu handiagoa izango dutela azpimarratu du Bilbaok: 2013an baino %6,2 gehiago. Osotara, ia 790 milioi euro izango dira. Era horretan, gaur egun dituzten "estuasunei hobeto aurre egiteko moduan" egongo direla iruditzen zaio. Horrez gain, Unai Rementeria Lehendakaritza foru diputatuak iragarri duenez, udalek duten "itolarria" kontuan hartu dute bere saileko aurrekontua osatzeko orduan.

5. Bestelakoak

Salomon R. Guggenheim Fundazioarekin hitzarmena berritu beharko da 2014an. Bilbao baikor agertu da, eta hori ahalbidetzeko 5,7 milioiko ekarpena egingo dio Bilboko museoari. BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoari, berriz, 4,8 milioi emango dizkio. Bizkaikoa Bizkaiko museoen sareak 4,8 milioi jasoko ditu. Osotara, Kultura Sailak 48,7 milioiko aurrekontua izango du. Igoera handienetakoa izan duen sailen artean dago: %5,6 hain zuzen ere.

Ingurumen Sailak izango dituen 69 milioietatik erdia baino gehiago Bilbo Bizkaia Ur Partzuergora joango dira. Bi erakundeek hitzarmena dute sinatua, obra hidraulikoak egiteko. 40 milioi inbertituko dira horietan. Ingurumen azpiegiturak eraikitzeko, oro har, 10,7 milioiko funtsa osatu dute. Eta Artigaseko hondakinen tratamendu mekaniko-biologikorako lantegiak 2,7 milioi jasoko ditu.

Sailik apalena Nekazaritzakoa da. 30,6 milioi euro izango ditu datorren urtean, aurten baino %3 gehiago. Horietatik bi milioi nekazaritza eta ingurumenaren arloan emango dituzten laguntzetarako izango dira.

Udalen finantzaketa gora, lau urtean estreinakoz

Bizkaiko Lurralde Historikoko Finantzetako Lurralde Kontseilua Bilbon bildu zen joan den astelehean, Udalkutxa udalen finantzaketaren foru funtsaren 2014rako aurreikuspenak eta 2013ko ekitaldiko likidazioa zehazteko. Datorren urterako hasierako aurrek...