Sailkatugabeak

Norbera enpresari

Duela hiru urte Bizkaiko Foru Aldundiaren Autoenplegu Planaren laguntza jaso zuten proiektuen %73k gaur egunera arte irautea lortu dute, Imanol Pradales Ekonomia Sustapenerako diputatuak jakinarazi duenez. "Autoenplegua laguntzea ez da bakarrik lanpos...

Ura 0,84 euro garestituko da 2014an

Uraren prezioa ia euro bat igoko du, batez beste, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak datorren urtetik aurrera. 0,84 euro egingo du gora hilean, hain zuzen, fakturak. Hala erabaki zuten joan den martitzenean.

Uraren kostuaren eta zerbitzu horrengatik ordaintzen denaren arteko desorekak zuzendu behar dituztela argudiatuz eman dute igoeraren berri. Jakinarazi dutenez, Europako Batasuneko zuzentarau batek behartzen du partzuergoa tarifa defizit hori bukatzera. Hain zuzen, 2011n uraren ustiapenean %27ko defizita zuela ekarri dute gogora. Ura, beraz, balio zuen baino %27 merkeagoa zen. Defizit hori hutsean utzi behar da 2015erako.

Hala, tarifek gorako bidean jarraituko dute. Zenbatekoa, ordea, ordaintzen den tartearen araberakoa izango da. Izan ere, kontsumo kopuruaren arabera ez ezik, kuoten arabera ere aplikatzen dira igoerak. Hain zuzen, horniketa eta saneamendu kuota finkoek %8 inguru egingo dute gora. Kuota aldakorrak, ostera, %6 eta %8 artean garestituko dira.

Partzuergoak emandako datuen arabera, etxeetako erabiltzaileen %61ek, gutxi gorabehera, 0,60 euro gehiago ordainduko dute faktura.Tarifa progresiboa da; beraz, gehiago kontsumitzen duenak gehiago ordainduko du. Gehien kontsumitzen dutenentzako tarifa ia bikoiztu egingo dela azaldu du Juan Antonio Hernando partzuergoko antolakuntza zuzendariak.

Industrietan ere izango du eragina uraren prezioaren igoerak. Izan ere, erabiltzaileen %85ek 1,65 euro gehiago ordaindu beharko dituzte hilean.

Bestalde, prezio txikiagoak ere aurreikusi dituzte kide guztiak langabezian dituzten familientzat eta pentsio minimoa jasotzen duten erretiratuentzat. Krisia gehien pairatzen duten sektoreei laguntzeko Bizkaiko Batzar Nagusiek joan den maiatzean onartu zuten eskaera bati erantzuteko hartu dute neurri hori.

PSE-EEk babesa eman zien martitzeneko bozketan neurri horiei guztiei, izan ere, EAJk tarifen alde batzuk negoziatu zituen eurekin. Bilduk, ostera, salatu egin du igoera horrek ez duela hartzen kontuan erabiltzaileak zentzuzko kontsumoa edota neurrigabea egiten duen. Izan ere, gogora ekarri dute berdin ordaindu behar dutela 25 zein 75 metro kubiko kontsumitzen dutenek. Beraz, tarifa berri horiek "zentzuzko kontsumitzailea zigortu" egingo dutela iritzi diote.

PPk, bestalde, salatu egin du ohiko gastuetara aurrekontuaren %54 bideratzen duela partzuergoak. Uraren prezioa igo beharrean gastuok jaitsi beharko liratekeela arrazoitu du.

Araztegietan, greban

Busturialdeko araztegiak ustiatzen dituen Aquagest enpresako beharginek greba mugagabera deitu dute gaurtik aurrera. Lamiarango araztegia martxan jartzean, uraren ziklo integralaren kudeaketa publikoa izatea du helburu Busturialdeko Ur Partzuergoak. Beharginek euren postuak galtzeko arriskua dutela salatu du ELA sindikatuak. Lamiaran martxan jartzen dutenean lehiaketa publikoa zabalduko dutela argitu du Bilduk —gehiengoa du partzuegoan —. Langile horiek urteetan pilatutako esperientzia kontuan hartuko dutela esan dute; askoz gehiago, ordea, ezin dutela egin aitortu dute.

Etxe sozialetatik kaleratzeko arriskuan

BILBO. Bilbon alokairu sozialeko etxebizitzetako bizilagun batzuek salatu dute Jaurlaritzak kaleratu egin nahi dituela hilabeteko alokairua ordaindu ez dutelako. Ordaindu beharreko alokairuaren zenbatekoa igo egin dietela salatu dute, gainera. 31 fami...

Usansolo Herria Igeldorekin senidetu da

GALDAKAO. Usansoloren eta Igeldoren (Gipuzkoa) arteko senidetzea gauzatu zuten joan den domekan bateko eta besteko ordezkariek. Usansolotik 80 bat lagun joan ziren Igeldora esperientziak trukatzera. Etzi desanexioari buruzko galdeketa egingo dute Igel...

Gorren errealitatera hurbiltzeko jardunaldiak

DURANGO. Ulertuz Bizkaiko Haur Gorren Familia eta Lagunen Elkarteak entzumen urritasunaz sentsibilizatzeko eta errealitate horretara hurbiltzeko jardunaldia egingo du etzi, Durangon. Bertako umeei begira antolatutako jardunaldiotan hiru eta zazpi urt...

Anbulantzietako beharginak, protestan

BILBO. Anbulantzietako beharginak hainbat protesta egiten ari dira. Batetik, ordezkari sindikal baten kaleratzea salatzeko, eta, bestetik, euren lan baldintzak mantentzea eskatzeko. Gaur giza kate bat egingo dute Bilbon, Osasun Sailaren egoitzaren ing...

Mendekoen zaintzaileak erlaxatzeko tailerra, abian

UGAO. Mendekotasuna duten pertsonen senide zaintzaileentzako erlaxazio tailer bat jarri du martxan Ugaoko Udalak. Ikastaroan erlaxazio teknikak irakatsiko dizkiete, zaintza lanetako tentsio uneetan praktikan jarri ahal izateko. Azaroaren 19an eta aben...

Bizkaia kexu, 400 hektarea kendu dizkiotelako

"Kantabriak 400 hektarea kendu dizkigu, kendu nahi dizkigu edo kenduko dizkigu, eta inork ez du ezer esaten, Trebiñu denok babesten dugun aldi berean", esan du Jose Manuel Coteronek, Turtziozko alkateak. Orain arte Turtzioz izan den Aguera izeneko inguruaren mugarriztatzea egin berri dute, Espainiako epaitegiek agindutakoari jarraituz. Aurrerantzean Guriezo izeneko udalerriaren parte izango da. Kantabriarrak pozik daude oso. Adolfo Izaguirre da bertako alkatea: "Epai batek agindutakoa baino ez dugu bete". Baina bizkaitarrek lursail garrantzitsua "lapurtu" nahi dieten irudipena dute: "Ez dugu egindakoa onartzen", ohartarazi du Turtziozko alkateak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa baino ez dutela sentitu azaldu du, gainera, Coteronek. "Ez da jabego kontua, lurralde historikoari 400 hektarea kenduko dizkion mugarriztatzea baizik", adierazi du Bizkaiko Lehendakaritza Sailak ohar baten bidez. "Lurraldeen mugak aldatzeak lursail hori, jurisdikzioari dagokionez, Kantabriaren menpe egotea ekarriko luke", ohartarazi du.

Joan den eguenean elkartu ziren. Turtzioz eta Guriezoko alkateak (Kantabria, Espainia), Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Kantabriako Gobernuaren ordezkariak eta Espainiako Gobernuak EAEn eta Kantabrian dituen ordezkaritzetako kideak ibili ziren Espainiako Geografia Institutu Nazionaleko teknikarien lana gainbegiratzen. Euskal Herriko erakundeek, baina, beharrak bukatutakoan uko egin zioten akta sinatzeari. Bost mugarriak ipintzen hasi aurretik ere agertu zuten desadostasuna. Eta, ondoren, haserrea jasotzen duen agiri bat idatzi zuten, Espainiako Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioko Tokiko Administrazioaren Zuzendaritzara bidaltzeko.

Madrilen ez dute halabeharrez kontuan hartu behar, nahiz eta Turtziozen esperantza hori baduten. "Bueltan erantzun bat jaso nahi dugula jakinarazi diegu", azaldu du Coteronek. Ministerioko arduradunek agirian jasotako argudioak ontzat joko balituzte, joan den asteko mugarriztatzea bertan behera geratzeko aukera legoke. Edonola, Espainiako Geografia Institutuko teknikariek euren lana bukatutzat eman zuten. Aurrerantzean beste pausorik ematen bada epaitegietako kontua izango dela iragarri zuten. Turtziozko alkatearen esanetan, ordea, prozesua ez da itxi: "Guretzat etapa berri baten hasiera da", iragarri zuen mugarriztatzea egin berritan.

Aguera deritzon ingurua norena den aspaldiko gatazka da, XVI. mendean sortu baitzen. Lau mende baino gehiago igaro behar izan dira erabaki tinko bat hartu aurretik: 2005ean Espainiako Auzitegi Nazionalak lurrok Guriezorenak direla ebatzi zuen. Bizkaiko agintariek errekurtsoa ipini zuten Espainiako Auzitegi Gorenean, baina hark Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuen.

Coteronek gogora ekarri duenez, mugarriztatzea Felipe V.a Espainiako erregeak 1739an emandako agindu baten arabera egin behar dela erabaki zuen Auzitegi Gorenak. Baina Espainiako Geografia Institutu Nazionaleko teknikariak ez dira agiri hark zehazten zituen lekuak eta toponimoak aurkitzeko gai izan. Hala, gerora idatzitako beste agiri batzuetan oinarritu dira teknikariak. Horregatik diote euskal eremua ez dela mugarriztatze zuzena. Mugak finkatzeko XX. mendeko dokumentuak erabili dituzte: 1927ko koaderno militar bat, 1921eko mendi publikoen mugarritze akta bat eta 1940ko mapa topografiko bat.

Gainera, Turtziozko Udalaren zerbitzu juridikoak uste du "Espainiako Konstituzioaren kontrakoa" ere badela. Izan ere, muga eta aldaketak horretarako beren- beregi idatzitako lege organikoak dioenaren arabera egin behar direla dio estatuko lege nagusiak. Baina lege organiko hori oraindik ez da onartu; proiekturik ere ez dago. Hala, joan den eguenean egindako mugarriztatzea "zuzenbidez baliogabea" litzateke.