Sailkatugabeak

PSEren abstentzioak EAJren gehiengoa babestu du

Bilbok badu datorren urterako aurrekontua. EAJk bere bozekin nahikoa zuen udal gobernuak aurkeztutako proiektua onartzeko, baina negoziazioek fruitu eman eta PSE-EEren abstentzioa ere lortu du. Legean 4,1 milioi euroko moldaketa egin dute jeltzaleek, ...

“Oheak egotea ez litzateke eraginkorra izango”

Gernikako Bereizmen Handiko Zentroa Galdakaoko ospitalearen mende dagoenez, bertako kudeatzaile Jon Guajardok lehen urtearen balantzea egin du.Zein onura dakarzkie zentro berriak erabiltzaileei?Zentroa diseinatu genuenean helburu nagusia zen ia denet...

Hirugarren lorategia izango du Balmasedak alde zaharrean

Balmasedako alde zaharra —Bizkaiko zaharrena— harri hutsezkoa izan da mendeetan, berdegunerik bakoa. Azken urteetan horri buelta eman guran dabil udala. Hala, hil honetan hirugarren lorategia irekiko dutela iragarri dute. Horcasitas jauregiaren lorategia publiko bihurtuko da. 1.500 metro koadro ditu. Orain dauden arbolak mantenduko dituztela azaldu dute, eta baita berau inguratzen duen harrizko hesia ere. Eraikinean, berriz, ostatu eskola bat ipini nahi dute.

Azken bost urteetan beste bi berdegune ireki ditu Balmasedako Udalak, eta datorren urterako laugarren bat ere badu buruan. Horretarako, Leon Trucios egoitzaren ondoan dagoen lursaila eskuratu dute.

Ibilgailuentzako traba gehiago Zazpikaleetan

Auzoko bizilagunen kexuak entzun ostean, Bilboko Udalak egoera aztertu du. Atera duen ondorioa garbia da: Zazpikaleetan ibilgailuak ibiltzeko orain arte egon diren mugak ez dira errespetatzen. Egunero, batez beste, ia mila ibilgailuk aparkatzen dute kaleotan, zamaketa baimenduta dagoen orduetan. Tomas del Hierro Bilboko Segurtasun zinegotziaren esanetan, "azken urteetan makina bat neurri hartu da, baina argi geratu da ez dutela askorako balio izan". Asko eta asko, gainera, erosketak egitera edo zerbait edatera joaten direla salatu du Jose Luis Sabasek, Obra eta Zerbitzu zinegotziak. Hala, udalak aldaketa batzuk proposatu ditu behin-behineko plan berri batean, soilik oinezkoentzat den gune hori indartze aldera.

Urtarriletik aurrera egongo dira indarrean, behin Gabonetako erosteka kanpaina bukatu denean, neguko merkealdiarekin batera. Sei hilabetez probatuko dituzte, eraginkor diren jakiteko. Epe hori bukatutakoan balantzea egingo dute, eta, emaitzekin gustura geratuz gero, ordenantza bidez arautuko dute. "Neurri hauekin ibilgailuek kale artetik batera eta bestera ibiltzeko daukaten ohitura bukatu gura dugu", adierazi du Asier Abaunza Zirkulazio zinegotziak.

Zazpikaleetara sartzeko baimena duten ibilgailuei sarbidea gehiago mugatuko zaie. 08:00etatik 11:00etara baino ezingo da sartu: 15 minutu izango dituzte egoiliarrek eta 30 merkatariek. Auzokoek ordutegi horretatik kanpo sartzeko aukera izango dute: domeketan, 18:00etatik 22:00etara. Hala ere, horretarako baimen berezia eskatu beharko dute, eta justifikatu egin beharko dute halabeharrez sartu behar dutela.

Beste aldaketarik ere bada. Erronda eta Maria Muñoz kaleek osatzen duten ardatza oinezkoentzat izango da 08:00etatik 09:00etara. Ordutegi horretan ezingo da ibilgailurik ibili, Garcia Rivero Maisua eta Mugika-Solokoetxe ikastetxeetako ikasleen segurtasuna bermatzeko.

Hainbat kaletako noranzkoak ere aldatuko dira. Aurrerantzean Erronda eta Mesedeetako kalea arteko guztiak sartzekoak izango dira, eta Santa Mariatik Posta kalera artekoak erabiliko dira irteteko. Aurrerantzean Itxaropen kalea ere sartzeko izan beharrean irteteko erabiliko da. Askao kaletik Iturribide, Prim eta Posta kaleetara doazen autoak ibiliko dira.

Era berean, espazioak ere berrantolatuko dira. Zamalanei eta egoiliarrei lotutako trafikoa atondu nahi da. Horregatik, zamalanak kaleko albo batean egingo dira soilik. Terrazak ezingo dira ipini 11:00ak baino lehen; hau da, zamalanak bukatu arte itxaron beharko dute. Zamalanak horretarako baimena ematen duten txartelen bidez arautu eta kontrolatuko dira. Behar horretan dabiltzan ibilgailuek atarietarako sarbideak libre utzi beharko dituzte. Gainera, oinezkoentzako eremua handitzeko asmoz, Askao eta San Nikolas arteko ingurua ere ibilgailuen ohiko joan-etorritik kanpo utziko dute.

Bazen behin berdinek osatutako mundu bat

Ipuinek mundu bat zabaltzen dute, eta berebiziko garrantzia daukate seme-alabentzat. Aproposak dira irudimena lantzeko, mundu fantastikoan murgiltzeko, jakinmina pizteko...", azaldu du Miren Urresti Arratiako Udalen Mankomunitateko berdintasun teknikariak. Hala ere, ipuinaren arabera, izan daitezke askatzaileak edo mugatzaileak. "Sexistak ez badira, guztiz askatzaileak izango dira, denentzako balioko dutelako. Sexistak badira, ordea, oso mugatzaileak izango dira, hertsiak". Abiapuntu hori hartuta, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunerako —arazoaren 25a— tailer bat antolatu du Lemoako Udalak udal liburutegian, 17:30ean. Urresti bera izango da hizlaria.

Umeentzako ipuinak. Sexistak dira? izena du tailerrak. "Batzuk bai eta beste batzuk ez", ondorioztatu du Urrestik, hasi bezain laster. Astelehenean, ipuin bat sexista izatea zer den zehaztuko dute. Ondoren, ipuinak eurak aztertuko dituzte. Izan ere, hitzaldia "oso praktikoa" izango dela aurreratu du. Liburutegian dauden ipuinak hartuko dituzte. Eta, ostean, aholku edo gomendio batzuk emango dituzte sexistak ez diren ipuinak aukeratzeko. "Edo, bestelakoak aukeratzen baditugu ere, beste era batera lantzeko".

Izan ere, haren ustez, sexistak direnak ere erabil daitezke. "Ipuinik ez dago sobera. Guztiak dira balekoak; jakin egin behar da zelan erabiltzen dituzun". Hain zuzen, ipuin sexistak baliagarriak dira ikusteko "zelan mantentzen diren estereotipoak, eta horri buelta bat emateko", azaldu du.

Sexismoa kokatu egin behar dela deritzo teknikariak, eta hala egingo dute. "Ipuinetan sexismoa agertzen da, sistema bera delako sexista. Ipuinetan ere, beraz, isla du". Ipuin klasiko guztiak, esaterako, sexistak direla dio. "Normala da, noiz idatzi ziren kontuan hartzen badugu".

Gaur egun, ordea, arlo hori landuta dagoela iruditzen zaio, eta dio badaudela bestelako ipuinak: "Bestelako irudiak jasotzen dituzte, estereotiporik gabekoak dira, neskak diren protagonistek bestelako gauzak egiten dituzte...". Era horretakoak gero eta ugariagoak direla ekarri du gogora. "Baita trantsizioa egin dutenetakoak ere. Denetarik dago".

Klasikoak eraberrituta

Ipuin klasiko guztiak sexistak badira ere, badaude horietan oinarritu eta istorioari buelta eman diotenak ere. Esaterako, Txanogorritxo eta otso beltxu. "Txanogorritxo eta otsoa agertzen dira baina paper desberdinak egiten dituzte. Txanogorritxo erabat aktiboa da, aurrera egiteko ez da beldurtzen... Otso beltxu, bestalde, beldurtia da".

Urrestiren arabera, "garrantzitsua da ipuinetan ere emakumeen erreferentzia printzesetatik haratagokoa izatea". Izan ere, gainerakoan, umeek uste dute andren erreferentea printzesak direla: "Pasiboak, bikainak...". Horien aldean, Ada ez da inoiz beldurtzen eta tankerako ipuinak gomendatu ditu. Ipuin horretako protagonista neska bat da. "Zaila izaten da hori gaur egun, normalean, mutilak izaten direlako. Eta hori garrantzitsua da, ikusaraztea protagonistak emakumeak ere badirela".

Gurasoek ipuin bat aukeratzeko orduan, kontuan izan beharko lituzketen aspektuak ere azaldu ditu: "Andreak izatea protagonista, esaterako. Edo, gutxienez, ipuinean jarrera aktiboa izatea, ez gizon protagonistak esaten duenari kasu egitea. Sentimenduak azaltzen dituzten gizonak agertzea, ez gauzak konpontzeko borroka erabiltzen dutenak. Emakumeak hainbat lanbidetan azaltzea, eta ez irakasle gisa soilik, horrelakoak asko daude-eta, bestelako lanbideetan baizik. Edo amak lagunekin edo kirola praktikatzen agertzea. Eta gizonezkoak, esaterako, etxeko lanak egiten ikustea. Estereotipoak apurtzea, hain zuzen. Andreek euren ideiak izan behar dituzte, inoren menpe jarri beharrean bere helburuak".

Bestelako familia ereduak azaltzea ere inportantea da Aitorrek bi ama ditu ipuinean egiten da hori. Horrez gain, "balore positiboak emakume zein gizonetan, bietan, agertu behar dira, ez batarenak bestearen osagarri gisa".

“Urdaibai unibertso txiki bat da, burbuila kosmiko bat bezalakoa”

"Burbuila kosmiko" baten barruan sentitzen da Edorta Jimenez Mundakako portuan, bere jaioterrian. Batzuetan, itsasontzien alboan jesarrita, "unibertsoaren parte" ikusten du bere burua; kosmosaren zati bat izango balitz bezala. Euskal Herrian distantziak laburrak izan ohi direla dio, baina denbora tartea oso luzea dela, eta denboraren geruzak pilatu egin direla mendeetan txoko horretan. "Dimentsio ikaragarriko lekua da Urdaibai", berresten du mundakarrak. 25 urtez literaturari loturik bizi ostean, Jimenezek muga existentzial batera iritsi zela sentitu zuen. Hura gaindituta, Urandere izeneko itsasontziko patroi hasi da, eta bertatik bere "burbuila" maitearen historia azaltzeko ardura hartu du. Mundakatik Gernikara, errekan barrena, Euskal Herriaren 28.000 urteko historia liburua irakur daitekeela dio; "Santimamiñetik hasi, eta gaur egun arte", hain zuzen. Berak historia horren orriak irakurriko dizkie eskaintzen dituen txangoetara joaten diren pertsonei.

Letren mundutik itsasora arteko urratsa egiteko arrazoiaz galdetuta, literaturaren ekosistema "nahiko kaltetuta" ikusten zuela dio. Krisi ekonomikoak, batik bat, idazleek bizitza aurrera ateratzeko dituzten zailtasunak areagotu dituela uste du, eta horrek lan berri bat bilatzera behartu du. 25 urtez letrekin zerikusia duten lanbideetan ibili ostean, orain ahozkotasunera zuzendu nahi izan du bere begirada, eta ingurura begiratzea besterik ez du behar izan. Bilaketa horretan topatu ditu Iñaki Markuerkiaga ondarroarra eta Busturiako Doroteo Zobaran. Hiruren artean Urdaibaion sortu dute, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko natura eta kulturaren baliabideak ikertzea eta sustatzea helburu duen kooperatiba.

Urdaibaionek hainbat egitasmo ditu, baina arrakastatsuena itsasadarrean barrena Urandere ontzian nabigatzearena da. Hamar bat metro luze eta hiru eta erdi zabal, uraren andereak —itsasontziei, normalean, emakumezkoen izenak jarri ohi zaizkie— sobera du solasaldirako lekua, eta zeregin horretan ere Edorta Jimenez da kapitaina. Bidaiariek, ingurumenaz gozatzeaz gain, aukeran izango dute Urdaibaiko biosfera erreserbako leku eta xehetasun bakanenak ezagutzeko: hala nola hondartzak, labarrak, padurak, basoak eta dorretxeak.

"Nahiz eta ez den erraza izan", 11 ontziratze leku hitzartu dituzte erakunde publikoekin Mundaka eta Gernika artean. Eta horrek, itsasaldiaren arabera, edozein motatako txangoak egitea ahalbidetu die kooperatibako bazkideei. Talde bakoitzari egokituriko tratua eskaintzea da asmoa. Alde horretatik, Jimenezek gogoan du oraindik Madrildik etorritako biologo batek 20 bat minuturen bueltan 40 hegazti mota begiztatu zituenekoa.

Berez, maiatzean hastekoak ziren, lehen argi izpiek Urdaibaiko itsasadarra berotzen dutenean. Hainbat arazo direla medio, abuztuak 15 zituela jarri ziren martxan, egun eguzkitsu gehienak atzean geratu zirenean. Horrek galerak eragin zizkien, baina denbora honetan erantzun bikaina jaso dutela nabarmendu dute antolatzaileek. "Gauza bat argia da: ni Aralarren txundituta geratzen naiz, eta nafarrak, berriz, hemen, kostaldean". Horren harira, bihotzean lekutxo bat egin dioten bi txango ditu Jimenezek oroimenean. Bat: "Inoiz ezagutu ditudan umerik esker onekoenak, Orozkokoak. Eta bi: "Zuberoatik etorritakoena, abestuz eta dantzatuz ia itsasontzia hondoratu zidatenekoa". Hainbat alditan Turismo Bulego moduan aritu direnik ez du ukatzen Jimenezek, baina ardura hori "zerbitzu historiko legez" hartu duela dio umoretsu. Urdaibain klima aldaketak nolako eragina izan duen, edo hango mendi hartara zelan iritsi erantzun behar izan dute, besteak beste.

Zorabiorik ez Urandere-n

Dena den, "eta inor baztertu barik", bere ilusio handiena ontzian euskaldunak hartzea da. Itsasontzia irakaskuntza munduarentzat zuzentzea da Urdaibaionen helburuetako bat. "Euskaltegiei, eskolei eta irakaskuntzan diharduten guztiei eskaini nahi diegu ur gaineko irakasgela hau. Pozgarria da sentitzea euskalduntzen ari den jendea pozik irteten dela", adierazi du. Proiektua martxan jarri arte garai gogorrak pasatu izan dituztela dio Jimenezek, baina orain abiada hartu dutela eta ahoz ahokoak beren egitasmoaren bideragarritasuna berretsi duela.

Kooperatibak badu goiburu bat: Garena lau urtaroek egin gaituzte. Eta hori defendatzeko urtaroek naturarengan duten garrantzia nabarmendu nahi du mundakarrak. "Hemen lau urtaroak dira ederrak", dio. Horren adibide jartzen du Mundakak abenduko egun batean lortzen duen magia kutsua hego haizeak gogor astintzen duenean. Horrelako egunetan ere ontzitik inor ondoezik irtengo ez den ziurtasuna dauka. "Orain arte ez da inor zorabiatu, inguruko edertasunagatik, ziurrenik" .

Hasieran esan bezala, unibertsoaren osotasunaren barruan dagoen "burbuila kosmikoan bizi da idazlea. Aurrerantzean, Sukarrietan ainguratuta izaten den Urandere askatzen den bakoitzean, unibertso txiki horretan barneratzeko aukera izango du bertara salto egin nahi duenak.

Kontratazio gehiagorik ez osasun etxerako

DURANGO. Osasun Sailak ez du langile gehiago kontratatuko Durangoko osasun etxerako, Jon Darpon sailburuak jakinarazi duenez. Larrialdietako zerbitzuetako beharginek hilabeteak daramatzate eurek beharrezkotzat jotzen dituzten kontratazioak eskatzen.

Hobariak baserritarrei erosten dietenentzat

FORUA. Arazo ekonomiko larrienak dituzten familiei laguntzeko 1994az geroztik duen ordenantza moldatu du Foruko Udalak. Aurrerantzean, hobariak eskainiko dizkiete laguntza hori jasotzen dutenei bertako baserritarren produktuak erosteko orduan. Higiezi...

90.000 txartel, kultura produktuak erosteko

BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak 90.000 txartel aterako ditu abenduaren 16tik aurrera, kulturarekin lotutako produktuak erostean %20 eta %40 arteko beherapenak eskuratzeko. Bizkaiko Kultur Txartelak, besteak beste, liburuak, diskoak eta filmak erosteko ...

Argi mozketak arintzeko neurriak hartu dituzte

GALDAKAO. Argindar horniduran arazoak izan dira azken garaietan Galdakaon. Horri konponbidea emateko neurriak hartu ditu Iberdrolak. Matxurak konpontzeko behar den denbora murrizteko, bi ekipo jarri ditu argindar konpainiak. Horrez gain, Bekeako indus...