Sailkatugabeak

Zahar etxeko antzinako argazkien bila ari dira

BARRIKA. Barrikako zaharren etxeak ehun urte beteko ditu 2014an. Mendeurren horren harira, egoitza horretako antzinako argazkien bila ari da hura kudeatzen duen Elorduy fundazioa. Ehun urtean herriaren beharrizanetara egokitu behar izan du egoitzak. Z...

Bilbo zaharra, hamaika iruditan

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako historiako pasarte garrantzitsuak zein garai hartako lokal eta bizi ohiturak gogora ekartzeko erakusketa dago ikusgai Erribera merkatuan. Bilbon, ezkerraldean: Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala izenburuarekin, Bilboko itsasadarraren ezkerraldean kokatutako auzoak joan den mendean zer-nolakoak ziren azaltzen saiatuko dira hamabi panelen bitartez.

Bilbotar askok gogoratuko lituzketen zenbait pasarte erakusten dira erakusketan. Besteak beste, jadanik desagertuta dauden Cortes kaleko udal eskolak, Laguna kalea, Valentin Herediaren jatetxea eta denetariko denda, Bizkaia saloia eta Bataclan, Las Columnas eta Kursaal Novedades kabaretak. Antzinako garaiak eta ohiturak begiratu bakarrean berreskuratzeko, oroitzeko edo ezagutzeko tartea izango dute erakusketa bisitatzen dutenek.

Horretarako, tamaina handiko hamabi panelez gain, kontakizun historikoak, deskribapenak eta datu bitxiak ere jaso dituzte. Paneletan, 150etik gora argazki jarri dituzte. Horretarako, hainbat iturritara jo behar izan dute. Auzootako bizilagunek eurek ere utzi dituzte erakusketarako etxean zituzten antzinako irudi horiek. Izan ere, antolatzaileek udan egin zuten bilaketa lan mardul hori, orain arte argitara atera gabe zeuden argazkiak bildu ahal izateko. Hainbat bizilagunek erantzun zioten deialdiari, eta euren argazkiak utzi.

Material guztiaren artean egin beharreko hautaketa erakusketaren komisarioek gauzatu dute. Arturo Izarzelaiak eta David Mateosek hartu dute ardura hori. Auzo horiek, gainera, gertutik ezagutzen dituzte biek ala biek, bertakoak baitira. Urte mordoa egin dute, gainera, Bilboko alde horretako historiaren pasarteak jasotzen dituzten materialak biltzen.

Lekuez gain, ordea, pasarte historikoen lekuko ere izan dira Bilboko auzook. Eta horien testigantzak jaso zituzten irudiek ere osatzen dute erakusketa. XX. mendearen hasierako beharginen elkarretaratzeak eta mitinak ageri dira. Baita Niceto Alcala Zamora Espainiako II. Errepublikako presidenteak bertara egin zuen bisita ere. 1932ko argazki bat da azken hori. Alcala Zamora Bilbo Zaharrera etorri zen Modelo Tomas Meabe eskola eraikitzeko lehenengo harria jartzeko ekitaldian parte hartzeko.

Garai hartako Bilbo, espazioak eta giroa. Horiexek dira Izarzelaiak eta Mateosek erakutsi gura dituztenak. Kaleko meatzaritza giroa, bertatik bertara ez bada ere, irudi bitartez ezagutaraztea dute helburu. Bertako bizilagunak nondik nora ibiltzen ziren, egunerokotasuna zer-nolakoa zen, zertan aritzen ziren lanean eta lanbide horiek zelakoak ziren, familien aisialdia zer-nolakoa zen eta kaleko eraikinik adierazgarrienak ezagutzeko aukera dago Erriberako merkatuan ipini duten erakusketan.

Merkatuan egoteaz gain, erakusketa San Frantzisko eta Zabala auzoetako udal guneetan dauden telebista pantailetan ere ikusi ahal izango da, urtarrilaren 5era arte. Hain zuzen ere, egun horretan itxiko dute erakusketa. Astelehenetik barikura, 08:30etik 21:30era bitartean emango dituzte irudiak telebista pantaila horietan. Horrez gain, Miribillako tren geltokiko telebistetan astelehenetik domekara bitartean erakutsiko dituzte argazkiok, 06:00etatik 22:00etara.

Argazki erakusketaren ostean, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak gai bera lantzen duen bideo bat aurkeztuko duela iragarri du.

Dokumental erako bideo horretan, ikerlarien eta historialarien datuak jasotzeaz gain, auzoko bizilagunen testigantzak ere ikusi ahalko dira. Lekukotasunak kontatuko dituzte, baita bertako historiari buruz daukaten jakintzaren berri eman ere. Bilbo hiriko inguru entzutetsuenetako baten historiari begiratu bat egiten dion ikus-entzunezko lan bat gauzatu dute batzuen eta besteen ekarpenei esker.

Urtarrilaren 14, 15 eta 16an egingo dituzte filmaren emanaldiak, Bilbao Arte aretoan eta Zabala eta San Frantziskoko udaltegietan. Egun bakoitzean hiru saio izango direla azaldu du udalak: 18:30ean, 19:15ean eta 20:00etan. Sarrera doan izango da. Urtarrilaren 20tik aurrera, bestalde, Bilbao Izan webgunean jarriko dute ikusgai filma.

Bilbao Izan programa duela zortzi urte sortu zen. Helburua zen Bilboko biztanleei eta interesa duten guztiei hiriaren historia, ondarea eta gaur egun hura osatzen duten guneek denboran izan duten bilakaera eta eraikuntza ezagutaraztea.

Bilbo hiriko auzoak eta barrutiak protagonista dituen bosgarren erakusketa da Erriberan ikusgai dagoena. Errekalden, Deustuan eta Begoñan egin dituzte aurrekoak, guzti-guztiak Kultura eta Hezkuntza saileko Izan programaren barruan.

Burdina meatzeetako mea

Erriberako merkatuko argazki erakusketaz gain, San Frantziskoko udaltegian beste erakusketa bat dago ikusgai: Bilboko burdina-meatzeetako mineralak: Kaltzita, esfalerita, galena, fluorita eta kuartzoa. Harridunak izeneko Mineralogia eta Paleontologia Euskal Elkartearen eta San Luiseko Meategiko azken meatzari Emiliano Valdizan Obesok osatu du ikusgai dagoen bilduma. Urtarrilaren 14ra bitartean bisitatu ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 21:30era. Gabonetan, berriz, itxita egongo da.

Antzara jokoa eztabaidagai

Milaka lagunek bete zituzten Lekeitioko portuko bazterrak joan den Antzara Egunean. Jaiaren berri dagoenetik, 1631. urtetik, gazte asko ausartu dira portuaren erdian jartzen duten antzarari lepoa kentzera. Kuadrillez betetako ontziak, zozketa bidez er...

Martxan dira Gobelako metro geltokira doan zubia berritzeko lanak

Uraren Euskal Agentziak (Ura) Gobelako metro geltokira doan zubia berritzeko lanei ekin die, Getxoko Errekagane kalean. Ibaiaren ibilguaren zabalera handitzeko, pantailak jarri dituzte jada ertzetan. Hain zuzen ere, Antiguo Golfeko etxebizitzen eremuan hasi, eta Errekagane kalera doan bidean jarri dituzte. Horiei esker, ibaiaren ibilguaren zabalera gaur egun dituen sei metroetatik 11ra handituko du Uraren Agentziak.

Lanon barruan, batetik, ibaiaren ertz biak lotuko dituzten habeak jarri behar dituzte, trabes. Bestetik, habe horien gainean, zubi berriaren oinarria izango den taula ipiniko dute. Urtea bukatu aurretik, taula hori hormigoiz finkatuta utziko dute.

Gobela ibaiaren ibilgua 762 metro zabalduko dute. Bi eremutan egingo dituzte lan horiek; lehenengoa Cristobal Valdesen gainezkabidean hasi eta Artatzako zubiraino iristen da —406 metro—. 2014ko hirugarren hiruhilabetean bukatzea aurreikusi du Uraren Agentziak. Bigarren ataleko lanen bidez, Artatzako zubia lotuko dute Leioan 2011n eta 2012an egindako lanekin.

Aurrekontua aurrera, PSEren baldintzak onartu ostean

2014rako Bizkaiko aurrekontuak oniritzia jaso du. PSE-EEk iragarri du abstenitu egingo dela bozketan eta ez diola osoko zuzenketarik aurkeztuko foru aldundiak osatutako proiektuari. Horretarako, ituna sinatu dute EAJrekin. Trukean, jeltzaleek 4,5 milioi euroko inbertsioa suposatzen duten proiektuak gauzatzeko konpromisoa hartu dute.

Joan den ostiralean sinatu zuten ituna eta horren berri eman. Datu zehatzegirik jakitera eman ez zuten arren, Iñaki Egaña sozialistak lerro nagusien berri eman zuen. Ermuko saihesbidea da itunean sartu duten proiektuetako bat. "Beharrezkoa den azpiegitura hori gauzatzeko 2017ra arteko partidak" itundu dituzte, Egañak iragarri legez.

Bestalde, Barakaldoko lantegien arteko errepidea egitea ere adostu dute. Horrez gain, Portugaleten jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta enplegua sortzeko diru kopuru "garrantzitsua" ere sartuko dute aurrekontuan. "Gurutzetan La Paz eguneko zentroa martxan jarriko da eta Down Sindromea fundaziorako hain bat jarduera egingo dira", azaldu du Egañak aurreikusi dituzten beste proiektuei buruz. Haren esanetan, 2017ra arte adostutako proiektuak "100 miloi eurokoak dira". Zaintzaile pertsonal delako figura sortu eta garapenerako eta lankidetzarako diru sorta bat ere hitzartu dituzte.

Gehiengoa EAJren esku

PSE-EEko bederatzi batzarkideen abstentzioa lortuta, EAJk aurkeztutako aurrekontu legeak aurrera egiteko bidea bermatuta dauka. Izan ere, 22 batzarkide ditu. Bilduren hamabiek eta PPren zortziek aurka bozkatu arren, onartu egingo litzateke. Azken bi ekitaldietan PPrekin adostu zuten jeltzaleek aurrekontua. Aurten, ordea, ez dute akordiorik lortu.

Sozialistek gogora ekarri dute ez zutela babestu bukatzear dagoen ekitaldiko aurrekontua. Hona eman duen arrazoia: "Uste genuen, eta denborak hala baieztatu du, ez zietela bizkaitarren beharrei behar bezala erantzuten. Gainera, ez ziren egokiak orduan, krudeltasun osoz, pairatzen ari ginen errealitate sozio-ekonomikoari aurre egiteko". Orain adostutako proiektuek eurek babestutako zenbait ildo bultzatzen dituztela esan du Egañak. Hauek aipatu ditu: baliabide publikoen hazkundea, EAJrekin adostutako erreforma fiskalari esker, eta laguntza gehiago Bizkaiko ekonomia "errealarentzat".

Unai Rementeria Lehendakaritza ahaldunak, Lorea Bilbao jeltzaleen bozeramaileak Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak sinatu dute akordioa jeltzaleen aldetik. Rementeriak eta Bilbaok azaldu dute PPrekin akordioak lortzeko "ateak zabalik" dituztela oraindik. "Batzar Nagusietako talde guztiekin saiatu gara akordioa lortzen".

Baina ez dute lortu. PPk osoko zuzenketa aurkeztuko die aurrekontuei. Horrez gain, 56 milioi euro jasotzen dituzten 164 zatikako zuzenketa ere iragarri ditu Esther Martinez batzarkideak. EAJk eta PSE-EEk adostutako akodioak ez duela "oinarririk eta etorkizun ikuspegirik" adierazi du. "Zulo sozialistak estaltzeko" helburua duela iritzi dio. Foru gobernuari, gainera, akordioak adosteko "borondate falta" egotzi dio Martinezek. Zatikako zuenketen bitartez "ekintza soziala garatzeko" asmoa dutela iragarri du PPko batzarkideak.

Bilduk, bestalde, osoko zuzenketaz gain, 66,5 milioi euroko 30 zatikako zuzenketa aurkeztu ditu. Irune Soto batzarkidearen esanetan, sozialistek iragarri duten abstentzioa euren esku dauden hiru udaletara bideratuko diren diru partiden truke izango da. Ohar hau egin du: "Bere burua ezkerrekotzat duen alderdi batek, printzipioei eusten badie ezin du babestu gizarte murrizketak proposatzen dituen aurrekonturik". Zuzenketen bitartez erakutsi nahi dute "posible dela murrizketa sozialik gabeko aurrekontua egitea".