Sailkatugabeak

Urduñak doiketa plana onartu du, foru aldundiaren laguntza jasotzeko

Urduñako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak akordioa adostu dute herriaren egoera ekonomikoari irtenbidea emateko. Lortutakoa, ordea, "gutxieneko akordioa" dela zehaztu du Carlos Arranz Urduñako alkateak. "Oreka oso traketsa da, doi-doi iristen gara gastu arruntari aurre egiteko. Gure etorkizunari eusteko gai izango gara, baina udal honek nahikoa mugatua dauka maniobratzeko ahalmena", esan du.

Joan den astelehenean onartu zuen Urduñako udalbatzak, ezohiko bilkuran, foru aldundiaren laguntza jaso ahal izateko beharrezkoa duen doikuntza plana. "Sustapen ekonomikoari, gizarte ekintzari, langileriari, zergei eta tasei dagozkien neurriak" jasotzen ditu planak. "Urtean 800.000 euro aurrezten ditugu jada", argitu du alkateak. "Gastuak mantentzen eta murrizten bi urte" daramatzatela ekarri du gogora.

Horrez gain, beste alor batzuetan ere egoera aldatu egin dela ekarri du gogora. "Udalkutxaren bitartez datorren diru kopurua handitu egin da, eta ez dugu diru hori bueltatu beharko. Foru aldundiak, bere aldetik, 250.000 euro jarri ditu zorra gutxitzeko. Beste 300.000 euro jarri zituen gure sozietate baten bitartez (Urduñederra) zorra murrizteko, eta, datorren urtera begira, gainera, konpromisoa hartu du 220.000 euro emateko. Horrekin diru zaintzaren soberakin negatiboa gutxitzea da asmoa".

Herritarrek eta zerbitzu publikoetako langileek egin behar izan duten esfortzua "txalogarria" iruditu zaio Arranzi. Besteak beste, hartu beharreko neurrien artean, "erretiroek libre utziko dituzten lanpostu batzuk" ez dituztela beteko azaldu du. Horrez gain, udalaren eraikinetan energia aurrezteko inbertsioak iragarri ditu. Datorren urtetik aurrera, gainera, aduana eraikinaren ustiapenagatik diru sarrerak jasotzeari ekingo diote berriz. Eguneko zentroa eta udal egoitza bateratzeko asmoa ere iragarri du, mantentze gastuak murrizte aldera.

Adostutako doikuntza planak bizilagunengan izan dezakeen eraginari dagokionez, argi dauka erabaki hori hartu badute "herriarentzako kaltegarria ez delako" hartu dutela: "Oinarrizko zerbitzuak bermatzen dira akordioan, eta horrek ez dakar murrizketa gehiagorik".

Hala ere, onartu du etorkizunera begira udalak hainbat muga dituela inbertsio edo proiektu berriak egiteko. Zergatik? "Bada, zorpetzea hor dagoelako eta zorrak eta maileguak hor daudelako", erantzun du. "Neurri batean murriztu egin badira ere, gure ezaugarririk handiena gure zorpetzea da", esan du.

Izan ere, bost milioi euroko zorra dauka Urduñak. "Hori guk jasotako herentzia izan da, herri honek jasotako herentzia. Eta, seguru asko, gure herriaren etorkizuna ere baldintzatuko du, gutxienez, datozen hamar urteetan", adierazi du alkateak.

Zorra "aspalditik" datorrela ekarri du gogora Arranzek. "Garai batean, inbertsio handiak egiteko politika egon zen. Inbertsio haiei aurre egiteko mailegu batzuk eskatu ziren. Lan hura polita zen, noski: gauzak egin eta egin. Hala ere, inbertsio haiek ez dute diru sarrerarik ekarri".

Gastuak doitzeko prozesu horren barruan, alde positiboak ere ikusi ditu alkateak. Izan ere, datorren urtera begirako aurrekontua prestatzen hasiak dira. "Ilusio guztiarekin" ari direla azaldu du. Izan ere, udalean bi urte egin badituzte ere, 2014rako aurrekontua da onartuko duten lehenengoa, "nahiz eta gehiengo absolutua izan". Osatzeko prozesua ahalik eta parte hartzaileena izan dadin nahi dute.

Batzarra herritarrekin

Doikuntza plana onartu ala ez bozkatzeko asteleheneko udalbatzan Bilduko zinegotziek baiezkoa eman zuten. Jeltzaleak, bestalde, abstenitu egin ziren. Datorren eguaztenean, hilak 18, batzar batera deitu dituzte herritarrak erabakiaren eta akordioaren nondik norakoak azaltzeko. Arranzek gogora ekarri duenez, herriaren egoera ekonomikoari buruz agintaldi honetan egingo duten laugarren batzarra izango da datorren astekoa.

“Arreta eta esfortzu berbera eskaintzen diegu ofiziozko kasuei zein ordainpekoei”

Hamabost urtez Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkuneko zuzendaritzari lotuta egon ostean, uzteko asmoa zeukan Carlos Fuentenebrok (Bilbo, 1962). Baina, hainbat kidek animatuta, presidentetzara aurkeztea erabaki zuen azkenean. Joan den azaroaren 28an egin ziren hauteskundeak. Bozen %76,8 eskuratuta garaitu zuen bere lehiakide Mikel Badiola, eta dekano berria da.

Beharrezkoa al da abokatuen elkargo bat egotea?

Bai, noski. Kanpainan askotan esan dudan legez, bere burua arautzen duen ogibidea da gurea. Abokatu batek elkargoaren araudia edo araudi deontologikoa hausten duenean, geuk erabakitzen dugu diziplina txostena ireki eta lankidea zigortu behar den edo ez. Elkargorik ez balego, inork ez luke zigortuko gaizki jokatu duen abokatua.

Hauteskunde batzuk irabazita lortu duzu presidente kargua. Zein izan dira bi hautagaitzen arteko aldeak?

Begi kolpean, besteena hobeto diseinatuta zegoen, baina edukian ez zegoen alde handirik. Zergatik egin dira hauteskundeak? Legitimoki aurkeztu nahi izan duen jendea egon delako.

Parte hartzea erruz handitu da.

Oro har, abokatuak indibidualistak gara. Gehienak izena ematera edo arazoren bat dugunean baino ez dira joaten elkargora. Horregatik izan da deigarria hauteskunde hauek hartu duten oihartzuna. %30eko parte hartzea egon da. Kontuan hartuz gero gure kasuan %10 eta %12 artean egoten dela normalean, parte hartze itzela izan da; elkargoa bizirik dagoen seinale da.

Ondo ezagutzen duzu elkargoa. Zer aldaketa egin nahi duzu?

Aldaketa batzuk bakarrik etorriko dira, lege bitartez behartuko gaituztelako. Adibidez, hor dugu zerbitzu profesionalen legea. Badirudi neoliberalismo garaian gaudela. Dena ikusten dute konpetentziaren kontrakoa. Guk bagenuen zerbitzu sari edo ordainsarien gida bat; ez zen araua, orientatzeko erabiltzen zen. Gero, abokatu bakoitzak erabakitzen zuen zenbat kobratu nahi zuen. Baina gidaliburua kentzera behartu gaituzte, eta guk ona zela uste dugu. Adibidez, herritar bat dibortziorako abokatu bila joaten bazen, gida horri esker jakin zezakeen gehiegi kobratu nahi zioten edo ez. Era berean, legeak behartu egiten gaitu jardunbide bakoitzean epailea jakinaraztera abokatuaren kostua gehiegizkoa izan bada. Eta hori egiteko, erabil ezin dezakegun gidaliburu hori erabili behar dugu. Zentzugabea da.

Barrura begira, gauza asko egiten ditugu, baina ez dakigu saltzen. Hori da neure buruari ipini dizkiodan erronketako bat. Eta prestakuntza indartu nahi nuke. Pedro Ibarretxe eskola erreferentzia da Espainia osoan. Prestakuntza jarraitua ezinbestekoa da abokatuentzat. Legeak sarri aldatzen dira, eta berrikuntzak ezagutu behar ditugu. Baina, zoritxarrez, ez dira gutxi izaten halako ikastaroekiko mesfidantza erakusten dutenak. Horregatik, ofiziozko txandari lotutako kontuetan behartu egiten dugu prestakuntza hori: andreen kontrako indarkeria, adingabeak, atzerritarrak… Halako gaietan urtero egin behar izaten dituzte ikastaroak.

Ofiziozko txandak fama txarra dauka askoren artean.

Jendeak uste duenaz bestera, ofiziozko abokatuak oso onak dira. Ofiziozko kasuei eta ordainpekoei, denei arreta eta esfortzu berbera eskaintzen diegu. Eta gehiago esango dut: ofiziozko bezeroa ordainpekoa baino zorrotzagoa izaten da askotan. Sarri egiten ditugu inkestak eskainitako zerbitzuaren inguruan, eta, oro har, denak oso gustura egoten dira. Ofiziozko txandan zortziehun abokatu daude. Aurten, 12.000 kasu izan dira Bizkaian, eta ez dut uste lau txosten irekiko genituenik. Eta zigortzen ditugu, e? Esfortzu berezia egin behar izaten dute: entzun nahi dutena entzun ezean, berehala aurpegiratzen dizute ez dituzula ondo defendatzen, ofiziozko kasuak direlako.

Zein dira gaur egun abokatuek dituzten arazorik larrienak?

Garrantzitsuena kobratzea da. Jendeak, oro har, diru gutxiago du, eta, ondorioz, ez dauka auzitara jotzeko aukerarik. Auziak asko gutxitu dira, eta tasek are gehiago okertu dute egoera. Asteon, 2.000 euro eskatzen zituen bezero bati esan behar izan diot 1.000 euroko kostua izango zuela. Ez zion merezi auzitan hastea. Erreformak helegiteetan ere eragin du, aukerak gutxitu baitituzte. Bide zibilean, edozeren aurka jar zitekeen errekurtsoa lehen. Orain, 3.000 eurotik gorakoen aurka bakarrik.

Lan zuzenbidean, ordea, kasuak gehituko ziren, ala?

Kaleratzeak ugaritu egin dira. Gainera, lehen instantzian ez dago tasarik. Langileek doako justiziarako eskubidea dute Espainian, euren soldata kontuan hartu barik. Auzi kopurua izugarri handitu da. Lehen, kaleratzeenak hilabete batzuen buruan konpontzen ziren sarri. Gaur egun, askoz gehiago irauten dute; gainezka daude epaitegiak, iritsi ezinik.

Espainiako Gobernuak egindako erreformen helburuetako bat horixe zen, bada: justizia arintzea eta auzien pilaketa gutxitzea.

Asmoa zuzena da, baina ez bidea. Justiziak bitarteko ekonomikoak behar ditu: epaile gehiago, epaitegi gehiago… Dirua inbertitu ordez, herritarrei justiziara iristeko trabak ipini dizkiete, oso argi daukat. Horrela auziak gutxituko dira, herritarren oinarrizko eskubideen kaltetan. Ez dabiltza arazoa konpontzen, eta hori ez da erreforma oker bakarra. Gobernu bat ere ez dugu izan justizian inbertitzeko prest; botere politikoari ez zaio komeni justizia indartsurik.

Azkenaldian ozenago entzuten da justizia ez dela denentzat berdina.

Dirudunaren mesedetan ez da abokatua kontratatu ahal izatea, haren inguruko guztia ordaindu ahala izatea baizik. Adibidez, Ogasunarekin arazo bat duzunean, perituen txostena oso garrantzitsua da, eta horrek diru asko balio du. Kasu horretan, badira desabantailan diren herritarrak. Estatuak diruz lagundu beharko lituzke? Hori da eztabaida.

Bitartekaritza eta arbitraje kasuak gehitu egin al dira?

Ez. Arbitrajea garestia da oraindik, nahiz eta denbora aldetik azkarrago diren bezeroentzat. Epaileari ez diozu ordaindu behar. Bitartekaritza hasi berri dago oraindik; gogoan daukagu bitartekariak prestatzeko ikastaroak eskaintzea. Izan ere, merkataritza zuzenbidean bitartekaritza txertatu nahi da, eta prest egon behar dugu. Dena dela, ezkorra ere banaiz; oraintsu gertatu zaigu, adibidez, zigor zuzenbidearen arloko arazo bat bitartekaritza bidez konpondu, biktima emaitzarekin gustura egon, baina fiskalak errekurtsoa jarri, eta orain epaiketa egin behar dute. Ez dute babesten bitartekaritza.

Gazteek erretzeari uzteko kanpaina abiatu dute

PORTUGALETE. Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta Osakidetzak kanpaina bat jarri dute martxan, Ezkerraldeko gazteek erretzeari uztea bultzatzeko. Santurtzi, Portugalete, Ortuella eta Sestaoko zenbait institututan egingo dute kanpaina. Gazteen artean taba...

Zahar etxeko antzinako argazkien bila ari dira

BARRIKA. Barrikako zaharren etxeak ehun urte beteko ditu 2014an. Mendeurren horren harira, egoitza horretako antzinako argazkien bila ari da hura kudeatzen duen Elorduy fundazioa. Ehun urtean herriaren beharrizanetara egokitu behar izan du egoitzak. Z...

Portuan amarratzeko eskaerak, urtarrilean

PLENTZIA. Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 8an zabalduko du Plentziako portuan ontziak amarratzeko eskaerak egiteko epea. 164 amarratze pantalanetarako izango dira, eta gainerako zortziak kairako. Eskaerak Plentziako udaletxean edo Bilboko Portuen Lurr...

Ondarroan, oinezkoentzat izango da alde zaharra

ONDARROA. Hil bukaerarako bihurtuko dute Ondarroako alde zaharra oinezkoentzako gune. Orduan jarriko dituzte ibilgailuen joan-etorria mugatuko duten piboteak. Araudi berria onartzen dutenean, debekatuta egongo da inguru horretan aparkatzea edo zirkula...

“Itsasoarekiko harrotasuna bai, baina kritika gutxi dugu herrian”

Plasentia de Butron museoak Plentzia hiribilduaren jatorrizko izena hartu du bere burua izendatzeko. "Antzinako izena bada ere, ez gara gure iraganean geratzen, gerora begiratzea dugu helburu", esan du museoko arduradun David Crestelok (Plentzia, 1977), erakunde horren xedeak azalduz. Museoan "gauzak berreskuratu eta gorde baino askoz gehiago" egiten dela dio: ikerkuntza eta zabalkunde lana egiten dute. Hori guztia, bestela ezin baitzitekeen izan, "itsasoari begira" egiten dute, hala baitago herria bera.

Itsasoarekiko lotura horrek badu isla museoan. "Hemen daukagun bilduma osoaren ia %99k itsasoarekin zerikusia du". Izan ere, aspaldikoak dira itsasoarekiko aipamenak: "Hiribilduaren gutunean bertan jasota dago zeintzuk ziren baleak arrantzatzeko mugak. XVI. mendeko ordenantzetan ere araututa azaltzen dira itsasoagaz lotutako lanbideak. Eta historian zehar gure ekonomia eta lana lotuta egon dira harekin".

Museoan ikusgai duten erakusketa iraunkorrean, besteak beste, ontziola ageri da, XVI. mendeko Plentzia zelakoa den erakusten duen maketa batean. Mendeetan zehar ontziola "oso garrantzitsua" izan zela azaldu du Crestelok. "Mendiak komunalak ziren XIX. mendera arte. Plentziako armadore batek erosi zuen azken mendi komunala, zer aukera ekonomiko eskaintzen zituen kontuan hartuta". Ontziak egiteko zuhaitzen enborrak mendi horietatik hartzen ziren.

Bestalde, ontziteriaren garrantziari erreparatuz gero, Plentziaz gain, Gorliz, Lemoiz eta Barrika inguruak ere aipatu beharrekoak direla azaldu du. "Mendeetan zehar inguru honetan sortutako eskifaia kideen kopurua oso handia izan da". Plentzian egin zuten azterketa batean 800 kapitain eta pilotu aipatzen dira. "Horrek esan nahi du munduko ozeano guztietan egon garela". Duela gutxira arte itsaso bidezko garraioa "garrantzitsuena" izan dela ekarri du gogora. Ezagutzen den Plentzia inguruko lehenengo kapitaina XIV. mendekoa da. "Flandriara egiten zituen bidaiak, Europako porturik garrantzitsuenetako batera". Martin Ortiz de Plasencia zuen izena kapitain hark.

Izan ere, arrantza garrantzitsua izan bazen ere, "merkataritza nabigazioa inportanteagoa" izan da. Mendeetan zehar "balearen arrantza lehenago, eta baxurakoa, ondoren", landu dute, gaur egunera arte. Eta gaur egun ere badaude arrantzale profesionalak. Hala ere, Plentziakoa "ezin daiteke alderatu" beste portu batzuekin, Lekeitio edo Bermeoko portuekin, esaterako. Mundakakoaren parekoa dela dio.

Cresteloren esanetan, ezin ahatz daiteke Plentziako itsas eskola. XVIII. mendearen amaieran sortu zen: "1790 ingurukoak dira dauzkagun lehenengo datuak. Han hasitakoak ez ziren ez kapitainak ez pilotuak, agregatuak baizik. Gero, praktikak egiten zituzten itsasontzietan, eta orduan lortzen zituzten tituluak". 1933ra arte iraun zuen eskola hark.

Emakumeen garrantzia

Itsasoko lana sarri gizonekin identifikatzen bada ere, emakumeen lana ere aldarrikatu beharrekoa dela deritzo Crestelok. "Dokumentatuta daukat emakumearen garrantzia gizonaren bestekoa edo handiagoa zela", esan du. Hain zuzen, eurak erabaki eta agintzen zieten senarrei zer eta nori ordaindu behar zioten edo bidaietatik zer ekarri behar zuten. "Emakumeak ziren guztia maneiatzen zutenak".

Datu horiek baieztatzeko agiriak ere badaudela ekarri du gogora. Hain zuzen, Ingalaterrako artxibo nazionalean emakume horiek itsasoan zebiltzan senarrei idatzitako gutunak dauzkate. Ingalaterrako armadak ontziak atxilo hartu eta idatzi horiek konfiskatu egin zituelako daude artxibo horretan. Tripulazioko zenbait kide ere emakumeak ziren, gainera. Datu horiez gain, eguneroko bizitzaren gordintasuna ere ekarri du gogora Crestelok, denboraldi luzeak bakarrik egin behar zituztelako etxean.

Bitxikeriaren bat edo beste ezagutzeko aukera ere izan du museoaren arduradunak. AEBetan bizi den emakume baten posta irakurri zuen behin Interneten. "Arbaso baten bila zebilen. Plentziakoa zuen arbaso hura, eta izen-abizenen berri eman zuen post hartan". XVIII. mendean New Orleansera joandakoa zen arbasoa. "Filmetan ikusi ohi den bezala, pertsona beltzak erosten zituen Jamaikan eta Kuban, gero New Orleansen kotoi sail landatuetan lan egiteko".

Elizako artxiboetan aurkitutako informazioa helarazi zion Crestelok eta Plentziako beltz-tratulari haren historia kontatu zion emakumeak. "Emakume beltz batekin ezkondu zen. Bikote haren semeetako batek beltzen eskubide sozialak aldarrikatzea helburu zuten bi egunkari sortu zituen: L'Union eta The Tribune. Azken hori, New Orleanseko ikono bat bihurtu da". Jose Antonio Trebiño izan zen Plentziatik New Orleanserako bidea egin zuen euskal herritar hura.

Plentziarrek, beraz, argi dute zeintzuk diren euren sustraiak. "Itsasoari lotutako oinarria duen herri bateko biztanleak direla badakite". Alde horretatik, "harrotasun handia eta kritika gutxi" dagoela deritzo David Crestelok. "Esaten dugu eskualdean bakarra den alde historiko garrantzitsua dugula, baina ez dugu batere zaintzen". Herrian bultzatzen den turismo eredua kritikatu du. Plentzian bi museo daudela ekarri du gogora: bera arduradun dena eta Aramburu Farmazia Museoa, "Euskal Herriko zaharrenetarikoa eta izugarria". "Bi museo, inguru hau, hondartza, mendia, biotopoa martxan, eta horren estimu gutxi. Beti kritikatzen dugu neguan herria hilik dagoela eta udan masifikatuta. Hala ere, berdin jarraitzen dugu. Guztion artean zein herri mota nahi dugun erabakitzeko mugimendu bat beharko litzateke".

400.000 euro, 3.700 hektarea bazka kudeatzeko

BILBO. Nekazaritza Sailak 400.000 euroko diru laguntza banatu du abeltzainen hamahiru elkarteren artean. Elkarte horiek, guztira, 3.700 hektarea bazka kudeatzen dituzte. Mendi publikoak mantentzea da laguntzaren helburuetako bat.

Turroia, Amerikatik Bilbora

Praline beltza eta praline zuria; sinplea da Sokonusko turroia egiteko osagarrien oinarria. Hortik aurrera, sukalde kontuetan ohi den bezala, norberak badu bere sekretua, inork aitortzen ez badu ere. Bilbon ospetsua egin den gozoak historia luzea du; antzinako kontua da. Hala ere, ez dago oso argi turroi honen historia non bukatzen den eta elezaharra non hasten den.

Iñigo Urrutia bizkaitarraren abentura kontatzen dute zenbaitek. Amerikara joan omen zen XVII. mendean aberastasunen bila, eta kakao arbolaren haziak ezagutu zituen, Mexikoko indigenen eskutik. Hazi haiekin txokolatea egiten zuten. Etxera bueltatzean, Urrutiaren familia gozogileak turroi bat asmatu omen zuen, eta kakao haziak aurkitu zituzten lekuaren izena jarri zioten: Xoco-noch-co izenetik, Sokonusko bataiatu zuten.

Martina de Zuricalday gozotegian ezin izan dute Iñigo Urrutiari buruzko istorioa baieztatu, horren berririk ez duelako Nikole Bayok. Zurikaldai sendiko seigarren belaunaldia da. Errezeta, "jatorriz, Amerikakoa" dela badaki. "Han hasi ziren egiten". 1830az geroztik, Bilboko gozotegi horretan ere egiten dute; "Bizkaiko gozotegi artisau zaharrenean", hain zuzen.

Martina Zurikaldai "emakume ekintzailea" zela dio Bayok: "Frantziako eta Amerikako gauzak ikertzen zituen, eta, Sokonusko turroiaren errezetaren berri izan zuenean, aztertu egin zuen. Horren ostean, Bilboko bezeroen ezaugarrietara egokitu zuen", azaldu du haren senideak. Beraz, errezeta bera ez zuen asmatu, Amerikan sortua delako, baina Bilbon lantzeari hark ekin zion. XIX. mendearen hasieran Zurikaldaik berak idatzitako liburu zahar batean jasota dago errezeta. "Osagai onenez gain, urte askotako esperientzia, pazientzia eta maitasuna behar dituen errezeta bat da", azaldu du.

Turroia zelan egin

"Lanerako mahai gainean, praline beltzaren geruza bat jartzen da; haren gainean, praline zuriaren beste bat; gero, berriz ere praline beltzarena; horren ostean, praline zuriaren beste bat; azkenik, praline beltza berriro. Guztira, bost geruza jarri behar dira. Ore batua lortuta, zatitu, eta ukitu magikoa ematen zaio", esan du Bayok. "Geruza guztiak txokolatezko estalduran sartu, eta hori guztia trufazko nahasketa batekin estaltzen da. Bukatzeko, txokolatearekin janzten da".

Apurka, urteen poderioz, Martina Zurikaldaik bere erara egindako Sokonusko turroia beste gozogile batzuek ere landu dutela adierazi du. "Guk egiten duguna da jatorrizkoa, Bilboko betikoa. Bakoitzak bere erara egiten du, eta gurea geurea da".

Arrese gozotegian ere, esaterako, urte asko daramate turroi hori egiten eta saltzen. "Nik 25 urte daramatzat berton, eta esan dezaket dagoeneko egiten zela orduan", azaldu du Ana Lasak. Haien errezetaren sekreturik ez du argitu. "Hori lantegian bertan galdetu beharko litzateke. Ziur, baina, aitortzen ez den ukitu bereziren bat ematen diotela".

Ukitu berezirik izan ala ez izan, Sokonusko turroi horrek "arrakasta handia" dauka haien gozotegian. "Denetarik saltzen dugu; Sokonusko turroia, dena dela, gainontzeko produktu guztiak baino askoz gehiago saltzen da Gabon aurreko sasoi honetan".

Abenduko lehenengo astean ekiten diote turroi hori egiteari. "Abenduko zubirako egiten dugu; 6rako edo 8rako prest izaten dugu", zehaztu du Lasak. Egun horietarako egindako guztia, ordea, salduta zeukaten astelehenerako, eta, berriz ere, gehiago egin behar izan dute. Gabon zahar egunera arte egiten dute gozoki hori Arresen. "Turroia Gabon gauerako bukatzen bada, ez dago denborarik berriz ere beste tanda bat egiteko, denborarik ez daukagulako mazapana eta beste osagai batzuk egiteko".

Hainbat lekutan ospetsu bilakatu da Amerikatik Bilbora iritsitako errezetarekin egiten den gozokia. "Badago kanpotik espresuki turroi hori erostera etortzen zaigun jendea", esan du Lasak. Haren esanetan, baliteke beste leku batzuetan ere Sokonusko turroia egiten hastea, ospe horrek bultzatuta. Hala ere, izango ote luke Bilbon duen arrakasta? Bietako batek ere ez daki galdera horren erantzuna. Hala ere, Nikole Bayok Bilboko gurinezko opilen kasua aipatu du: "Madrilen ere egiten dira, baina ez dute hemengoek beste arrakastarik".

EAJren aurrekontuak PPren babesa ere izango du

PSE-EEren babesaz gain, PPrena ere jaso du Bizkaiko aurrekontu proiektuak. Astelehenean sinatu zuten PPkoek eta jeltzaleek 2014ko kontuak aurrera ateratzeko akordioa. Gutxi gorabehera, milioi bat euroren neurriak onartu behar izan ditu foru aldundiak,...