Bilboko Sabino Aranako sarbidea eraitsi bai, baina bertako bizilagunek ez dute kalte-ordainik jasoko. Hala erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak. Basurtuko auzo elkarteko kideek aurkeztutako eskaera, beraz, ez du onartu.2008an abiatu zuten prozesua Bilbo...
Sailkatugabeak
Frankismoa goratzen duen gurutzea kentzeko prozesua abiatu dute Lemoan
Lemoan sinbologia frankista kaletik desagerrarazteko lanari ekin diote. Azken osoko bilkuran, Lemoatxan, Gantzabal mendian dagoen gurutzea kentzeko erabakia hartu zuen udalbatzak. Udal gobernuaren (Bildu) eta EAJren botoek babestu zuten erabakia. PSE-EEko zinegotzia ez zen osoko bilkuran egon.
Erabakia hartu eta berehala ekin zioten lanari. Izan ere, udalak eta Lemoatx 1937 izeneko memoria historikoari lotutako herriko batzordeak hainbat bilera egin dituzte. Horrela bada, abiatua dute zer, noiz eta nola egin pentsatzeko prozesua.
Izan ere, mozio batek zabaldu dio bidea prozesu horri guztiari. "Ikur hauek guztiak kentzeko mozioa aurkeztu dugu, eta orain bigarren prozesua hasiko da", azaldu du Mikel Garcia udaleko teknikari eta elkarteko kideak. Aurre egin beharko dioten arazo handiena ekonomikoa izango da. Hori dela eta, herriko jendearen laguntza beharko dutela nabarmendu du. Autokudeaketa litzateke, haren ustetan, aukeretako bat. Dena den, ez dauka zalantzarik prozesu osoa apurka gauzatuz joango dela.
Herrian bertan Franco diktadorearen garaia eta haren jarduerak goraipatzen dituzten sinbolo gehiago ere badaudela azaldu du udaleko teknikariak. "Lau sinbolo desberdin ditugu", esan du. Hona zerrenda: batetik, etxeetan dauden Francoren garaiko Etxebizitza Ministerioko plakak; bestetik, herrian hasi eta Gantzabal mendira arte, hau da, Lemoatxara arte doan gurutze bidea dago. "Hamabi gurutze dira", azaldu du. Eta gailurrean, zortzi metro inguruko gurutze bat —kentzea erabaki berri dutena— eta baseliza bat daude.
Gurutzearen eta ermitaren nondik norakoak ikertzen aritu direla azaldu du Garciak. Ikerketen emaitzek ez dute zalantzarako tarterik utzi. "Sinbolo erlijiosoez aparte, garaipen sinbologia frankista zutela aurkitu dugu". Hain zuzen, gurutzea eta ermita emakume batek sustatuta egindakoak direla azaldu du. "Mola jeneralaren loba bat desagertu egin zen bertan, eta haren omenez altxatu zituen gurutze handia eta ermita".
Erabakia dute batarekin eta bestearekin zer egingo duten: "Gurutzea bota egingo dugu. Ermitari dagokionez, haren egitura aprobetxatu egingo da". Zituen ikur eta sinbolo erlijioso guztiak kendu egin dizkiote, eta erabilpena aldatuz aterpetxe bihurtzeko asmoa daukate.
Bilduren eta EAJren babesa izan du erabakiak, nahiz eta duela zenbait urte jeltzaleak gurutzea eta ermita mantentzearen alde azaldu ziren. Hala gogoratu du teknikariak: "1992an, EAJk mozio bat aurkeztu zuen lehenago aipatutako plakak eta gurutze bidea kentzeko eskatzeko. Ermitari eta gurutzeari, ordea, zentzu erlijiosoa ikusi zieten".
Agiriak, froga gisa
Herrian sortutako batzordeak iaz zabaldutako ikerketaren emaitzen berri izan ostean, ordea, ez zuten zalantza izpirik izan. "Sinbolo eta eraikin horietan guztietan konnotazio frankistak daudela agerian uzten duten agiriak eta argazkiak plazaratu zituzten". Esaterako, Gantzabal mendi gainean dagoen gurutzeak ondokoa zioen plaka bat zeukan: "A los que en defensa de una civilización dieron su vida por Dios y por España en esta peña. 5 de junio de 1937" (Zibilizazio bat defendatzeko, harkaitz honetan, Jainkoaren eta Espainiaren alde bizia eman zutenei. 1937ko ekainaren 5a). "Argi geratzen da, beraz, zein konnotazio daukan".
Herrian dagoen gainerako sinbologia frankista ere kentzeko asmoa dute. Horretarako, lehenengo, "prozesu bat" zabalduko dute. "Herriko jendeak zergatik kenduko diren jakitea da helburua".
Musika banda gazteen bigarren lehiaketa martxan da Hego Uriben
Basauri, Arrigorriaga, Galdakao eta Urduñako udalek Rockein musika banda gazteen lehiaketa antolatu dute bigarren urtez. Egitasmoaren helburua Hego Euskal Herriko musika proiektu berriak sustatzea da. Asteon ireki dute izena emateko epea. Martxoaren 21era arte egongo da zabalik.
Iazko ekitaldia "arrakastatsutzat" jo dute Hego Uribeko lau udal horietako ordezkariek; Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 85 talde edo bakarlari aurkeztu ziren. Aurten marka hori hausteko asmoa agertu dute.
Bakarlari edo taldeek aurkeztutako grabazio guztien artetik sei aukeratuko ditu epaimahaiak. Finalista horiek Basauriko Sozial antzokian emango dute kontzertu bat elkarrekin, maiatzaren 3rako antolatu duten jaialdi batean. Han ikusi eta entzundakoarekin erabakiko du epaimahaiak zeintzuk izango diren aurtengo talde irabazleak.
Sortutako materiala grabatu, ekoitzi eta masterizatzea izango da sari nagusia. Profesionalen eskutik egingo dute. Gainera, Bizkaiko kontzertu areto garrantzitsuenetan jotzeko aukera ere emango zaie. Eta MAZ Basauri jaialdian ere parte hartuko dute, gonbidatu berezi modura. "Aurten MAZ jaialdian jotzeko aukera sartu dugu, talde ospetsu batekin batera Sozial antzokian zuzenean jo dezaten, edo kaleko ekitaldien programaren barruan. Bata edo bestea antolatzaileek erabakiko dute", azaldu du Basauriko Udaleko Gazteria arloko zinegotzi Etorne Lexartzak. Talde irabazlea eta Hego Uribe eskualdeko talde onena aukeratuko dituzte. Azken sari hori jasotzeko taldea osatzen duen kideetako batek Basaurin, Arrigorriagan, Galdakaon edo Urduñan erroldatuta egon beharko du. Horrez gain, euskarazko talde onenak ere saria izango du: abesti bat ekoitzi eta grabatzea.
Iaz irabazi zuen taldeak, Iruñeko Radiofunkens proiektuak, Santana 27 aretoan joko du, datorren otsailaren 21ean. Bestalde, Galdakaoko Rro taldeak irabazi zuen eskualdeko talderik onenari dagokion saria; horiek, bada, Basauriko MAZ jaialdian emango dute kontzertua.
“Bermeok arnastea bezain beharrezkoa du saihesbidetik herrirako sarbidea”
Bermeo Bizirik taldeko kidea da Juan Jose Espina Martin (Palentzia, Espainia, 1949). Taldekideekin batera, Bermeoko saihesbidetik hirigunerainoko sarbide bat egin dezan eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Herritarren babesa lortzeko, sinadurak biltzeari ekin dio taldeak; bihar bertan, Bermeoko hainbat txokotan izango dira.
Zer eskatzen du Bermeo Bizirik taldeak?
Bermeoko saihesbidea egiten ari denez, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diogu bitarteko sarbide bat jaso dezan proiektuan; Bilboko errepidetik saihesbideak duen sarreratik 500 bat metrora, gutxi gorabehera. Alegia, herritik sartu eta irteteko balioko lukeen sarbidea gura dugu. Obrak berak sortutako inpaktuagatik gorabeherak izan ziren herrian, eta uste dut astakeria bat litzatekeela sarbide hori ez egitea. Hiru kilometroko saihesbidea da, eta alde bitatik soilik sar eta irten daiteke. Zirkulazioa arinduko du horrek; dena den, ez du erabat konpontzen, arazoak bertan jarraitzen duelako. Izan ere, herrira sartu-irten nahi duenak ez du horretarako aukerarik, ez bada bi muturretatik. Hala ere, seguru nago sarbide hori azkenean egingo dela, Bermeok arnastea bezain beharrezkoa baitu saihesbidetik herrirako sarbide hori.
Obrak sortutako inpaktua aipatu duzu. Zein eragin izan du?
San Migel auzoko herritarrei, esaterako, zenbait eragozpen ekarri dizkie saihesbidearen obrak. Oinez igo eta jaisten zirenek, adibidez, orain autoz edo Bizkaibusez igo behar dute auzora. San Andres auzoan, bestalde, aparkaleku bat kendu dute, obrako makineria baitute bertan. Askatasun Bidean ere, zenbait aparkaleku kendu behar izaten dituzte tarteka-tarteka, kamioiak handik igaro daitezen. Oraingoz, behin-behineko eragozpenak baino ez dira, baina jendea sufritzen ari da. Behintzat, sufrimendu horren truke ordainsaririk jasoko balute...
Eskatzen duzuen sarbide horrek, bestalde, zer onura ekarriko lituzke?
Bitarteko sarbide horrek zirkulazioa arinduko luke hirigunean; ekialdean bizi direnek, esaterako, ez lukete herri guztia zeharkatu beharko Bilborantz joateko, eta alderantziz. Gainera, bizia emango lioke herriari; bizi-kalitatea. Barruko zirkulazioa antolatzeko erraztasunak ere emango lituzke, eta, horrela, herria erakargarriago egiteko Bermeoko Udalak duen proiektua ere errazago gauzatu ahal izango lukete. Azken finean, herrian sartzea eta irtetea erraztuko luke; gaur egun, jendeak Almikeko bidea hartzen du, herriko zirkulaziotik ihes egiteko irtenbide legez, baina arriskuak ere baditu errepide horrek, estu samarra baita. Kalteak baino onura gehiago ditu sarbideak.
Sarbide hori, baina, nork egin beharko lukeela uste duzue?
Aldundiak dio hiri lursailak direla, eta, horrenbestez, udalaren konpetentzia dela. Eguneroko arazoa dago hor, konpetentziena. Ez litzateke arazorik egongo administrazio bakoitzak —kasu honetan, Bermeoko Udalak— ekonomikoki obra hori egiteko aukera izango balu, baina ez da kasua, udalak ez du dirurik eta. Dena den, uste dugu akordio bat lortu behar dutela, herria eskatzen ari den sarbidea egin dezaten. Udalak dirurik ez badu, lagun dezala foru aldundiak, baita Eusko Jaurlaritzak ere. Ez da soilik konpetentzien kontua; egiteko nahia ere izan behar da.
Aldundiarekin eta udalarekin harremanetan al zaudete?
Duela zenbait aste batu ginen Bermeoko Udalagaz; laguntza eskatu genion, eta ez zuen inolako eragozpenik jarri. Sinadura bilketarako orriak lagatzen utzi digute kultur etxean, Berh@z bulegoan, Turismo Bulegoan... Beraz, udalaren jarrerarekin oso pozik gaude, ez baitigu inolako arazorik jarri; guztiz kontrakoa, erabateko elkarlana baitago. Bizkaiko Foru Aldundiagaz, bestalde, ez gara oraindik batzartu. Sinadura bilketa bukatutakoan egongo gara, eta aurretik batzartzeko aukera ere eztabaidatzen gabiltza. Sinadurak eramango dizkiegu, bai udalari, bai aldundiari, esanez herriak sarbide bat behar duela halabeharrez.
Orain, garrantzitsua al da elkarlanean jardutea?
Beharrezkoa da guretzat. Udalak ere batera jarduteko asmoa duela erakutsi du, eta hori guretzat eta herriarentzat pozgarria da. Pentsatzen dut jarduteko orduan nork bere erak izango dituela, baina hori ere hitz eginez zuzendu daiteke. Guretzat garrantzitsua da haiek ados jar daitezen, eta badirudi helburu bera dugula guztiok: hirugarren sarbide hori egitea.
Herritarren artean ere babesa eskatu duzue, eta sinadurak biltzen hasi.
Abenduan hasi genuen sinadura bilketa, eta, Gabonetako oporretako geldialdiaren ostean, berriro ere martxan gara. Abenduan, esaterako, Gabonetako azoka antolatu zuen Bermeoko Udalak, eta, hori aprobetxatuz, bertan izan ginen gu ere. Esperientzia oso ona izan genuen: ordu bitan hirurehun sinadura baino gehiago jaso genituen, eta horrek asko animatu gintuen. Herritarren aldetik erantzun ona jasotzen ari gara, eta guk bezala pentsatzen duen asko dagoela konturatu gara. Joan den domekan ere, kalera atera ginen: Lameran eta Taraskan herritarren sinadurak biltzen aritu ginen. Guztira, bostehun sinadura baino gehiago jaso genituen. Gainera, alderdi politikoetakoak ere gurekin izan ziren, eta horrek poztu egiten gaitu. Bihar ere aterako gara kalera sinadura eske; 12:00etatik 14:30era, Lameran, Erriberan eta azokan izango gara. Ahalik eta gehien biltzeko asmoa dugu; horregatik, besteak beste alderdi politikoei, kultur taldeei eta dendei eman dizkiegu orriak. Bildutako guztiekin joko dugu gero foru aldundira.
Iraupen luzeko langabeak eta gazteak, erronka
Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako Sailak 17,5 milioi euro inbertituko ditu aurten, Enplegua Sustatzeko 2012-2015eko Planaren barruan. Imanol Pradales diputatuaren esanetan, aurtengo berrikuntza programa berezi bi izango dira: iraupen luze...
“Txirlak batzea nekeza da, baina debalde ere joango nintzateke”
"Zer nahi duzu esatea... Onddo bila joatea gustatzen zaionaren antzekoa da. Nekeza da, baina debalde ere joango nintzateke". Horrela mintzo da Juan Jose Badiola, 63 urteko mundakarra. Neguak luzeak izan ohi dira eguraldi onaren beharra duenarentzat. L...
Meatzalde Goikoa parkeak euren kontrako kanpaina salatu du
"Parkearen izena zikintzeko kanpainan ari direla ikusten ari gara. Alderdi Popularra hasieratik agertu izan da aurka, eta Batzar Nagusietan etengabe ari dira gure aurka. Eta euren hedabidea erabiltzen dute horretarako, El Correo", salatu du Guillermo...
Gizakiaren laguntzaren zain
Inork ez die kasurik egiten, baina haiek ere urte luzez bizi direnetarikoak dira. Hazi berritan hauskor, gaztetan indartsu, heldutasunean egonkor, eta zahartzaroan goibel, bukaera gertu daukaten seinale. Arrazoi horrengatik bada ere, eta azken urteak ...
Abortuaren legearen erreformari, kritika
BILBO. Berdintasunaren aldeko Bilboko Emakumeen Kontseilua abortuaren legea moldatzeko proiektuaren kontra azaldu da. Erreforma horrek emakumeen eskubideak "ez dituela errespetatzen" uste dute kontseiluko kideek."Iraganeko garaietara" salto egiten due...
Ikastaro bat, seme-alabak berdintasunean hezteko
BERANGO. Familia barruan jarrera edo portaera sexistak saihestea eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna garatzea helburu dituen ikastaro bat antolatu du Berangoko Udalak. Herriko gurasoei zuzenduta dago, eta hilaren 21a, martitzena, izango da i...