BILBO. Basurtun eraikitzen ari diren etxe orratzen, Luis Briñas kalearen eta militarren etxe izandakoen artean geratu den orubeko parkea urte bukaerarako egongo da amaituta. Hala iragarri du Bilbao Ria 2000 erakundeak. Asteon onartu du parkearen urbanizazio proiektua. Era berean, bi orube adjudikatu ditu etxebizitzak eraikitzeko: lau eraikin izango dira, 85 bizileku eta 193 aparkalekurekin.
Sailkatugabeak
Busturialdean %7,5 jaitsi da etorkinen zenbatekoa
GERNIKA-LUMO. Gernikaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak emandako datuen arabera, iaz %7,5 jaitsi zen eskualdean bizi diren etorkinen zenbatekoa. Azken hamar urteetako beherakada nabarmenena dela azaldu dute teknikariek. Hala, mankomunitateko kid...
Ingurumenari buruzko azoka egingo da Landakon
DURANGO. Gaur hasi eta domekara bitartean, Berdeago azoka egingo da Durangoko Landako gunean. Energia aurrezteko asmoz sorturiko teknologiak hedatzea eta jendea kontzientziatzea izango da aurtengo azokaren helburu nagusia. Azokan, 50 bat erakusle izan...
“Arrantzaren kultura hori gabe, arrantza mundurik ez dago”
Gutxi dira arrantzaleak eta arrantzaren mundua, oso-osorik, lantzen dituzten museoak. Bermeoko Arrantzaleen Museoa da bakar horietako bat. Eta Aingeru Astui (Bermeo, 1958) da zuzendaria. "Oso polita" da Astuirentzat, bermeotarra izanik, ardura hori izatea. "Zuzendari izan aurretik ere, ia eguneroko bisitaria nintzen. Gai hauek betidanik gustatu zaizkit asko. Umea nintzenean, udalaren liburutegia zegoen hemen, eta haur piloa elkartzen ginen. Geroago ere sarri etorri izan naiz. Maketak apurtuta egon direnean konpondu ere egin ditut". Museoarekiko lotura, nolabait, beti izan duela esan daiteke, beraz. Eta 1983an hartu zuen haren ardura.
"Jendeak euskal arrantzaleen bizimoduaren eta lanaren ideia orokor bat izatea" du helburu nagusi museoak. Horretarako, lehorreko eta itsasoko kontuak, bietakoak, lantzen dituzte. "Herriko bizimodua ere erakutsi egin behar da, ordea: non bizi den edo non bizi zen arrantzalea, zelan bizi zen, zelan ospatzen zituzten jaiak, zein zaletasun zituzten, zelan janzten ziren itsasora joateko orduan...".
Horrez guztiaz gain, zehazki arrantza ez izan arren, horren lagungarri direnak ere jasotzen dituzte: "Beste ogibide batzuk, esaterako. Izan ere, arrantzaleen emazteak edota seme-alabak horietatik bizi ziren. Eta arrantzaleari berari ere hornidura ematen zioten: arrain kontserben lantegiak, barrilleroak, txirritxeroak —arrantza aparailuak egiteko kordelak eta txikotak egiten zituztenak—... Industria laguntzaileak deritzen era horretakoak asko ziren: amu egileak, saregileak... Guztiak ziren oso garrantzitsuak. Arrantzaleak amurik ez badauka, kordelik ez badauka, ezin du aparailurik egin arrantzatzeko. Beraz, horiek denek ere aipamen bat daukate hemen". Baita ontzigintzak berak ere. Atal berezi bat dauka: "Ezinbestekoa da arrantza mundua zein den ulertzeko oro har. Horregatik normalean berba hori erabiltzen dut nik: arrantza mundua". Izan ere, Astuiren arabera, "arrantza gauza bat da, baina arrantza mundua kultura bat da, bizimodu bat eta 24 ordukoa".
Historiaurretik hasi eta gaur egunera arteko arrantza mundua lantzen dute museoan. Garai zabal eta luze horretan, bada iraultza eta aldaketa handiak ekarri zituen denboraldi bat. "Arrantzaren bilakaera nabarmenena XX. mendean izan zen". Belaontziak eta arrantza eta ohitura tradizionalak nagusi ziren ordura arte, Erdi Arotik zetozenak. XX. mendea hasieratik bertatik iraultza bat izan zela ekarri du gogora Astuik: "Lurrun makinen agerpenak eragin zuen iraultza hori. Lurrun edo diesel makinetatik, arrainak aurkitzeko aparatuetatik edo nabigaziorakoetatik hasi eta atunontzi izozkailu handietara iritsi arte".
Berehalako aldaketa
Aldaketa horiek, baina, hasiera-hasieran protestekin hartu zituzten Bermeoko arrantzaleek. Berehala, ordea, "mentalitatea garatu egin zen". Anekdota batek argi erakusten du azaldutakoa: "Herrira 1900. urtean iritsi zen lehenengo bapore ontzia. Jendeak beldur handia zuen, ez zen fidatzen sistema berriaz. Donostiara joan ziren ontziaren bila herriko gizon batzuk. Portuan zain zeuden gainerako arrantzale guztiek harrika hartu zuten Santa Eufemia azpiko bokaletik sartu zen itsasontzia. 1902. urterako, ordea, ontzirik gehienak baporezkoak ziren jada".
Historia asko gordetzen ditu museoak, beraz. Bermeo bezalako arrantzale herri baten oinarriak bertan daude. Kalean, ordea, oinarriok desagertzen ari direla penatu da. "Lehenago zegoen transmisioa desagertzen ari da. Nabaria da. Aldagai asko dira galera horren eragileak. Flotan bertan ere ikusten da apurtu egin dela lehenago zegoen belaunaldi batetik besterako transmisioa. Herritarren artean ere nabari da. Lehen edozein bermeotarrek zekien bokartaren kanpaina noiz hasten zen, edo hegaluzearena, edo salmentetara joaten ziren... Orain, ez".
Gaur egun arrainaren salmenta eremua, kofradia bera, herrigunetik urrun egoteak ere eragina duela deritzo museoko zuzendariak. "Lehengo gertutasunak erraztu egiten zuen salmentaren nondik norakoak edota arrainak ezagutzea". Umeek eskoletan arrantzari buruzko gaiak ikasten dituztela esan du. "Hala ere, gero, egunerokotasunean, barneratzen dituzten ez dakit. Izan ere, hori ez baldin baduzu bizi, zaila da zeure sentitzea. Lehenago bizi egiten genuen. Beraz, nahi ez genuela ere, barneratu beharra zegoen, inguruan geneukalako. Berez hartzen genuen".
"Pena" ematen dio egoera berri horrek. "Azken finean, arrantza mundua kultura bat da. Eta kultura hori gabe, arrantza mundurik ez dago. Egongo dira arrantzaleak, egongo dira ontziak, baina ez dago kultura edo transmisio hori gurasoengandik seme-alaba edo lobengana, eta kalean ere ez da ikusten giro hori".
Arrantzaleen museoa eraberritzeko lanetan ari dira egun. Astuik ez daki noiz zabalduko duten. Ertzilla dorretxearen barruan dago museoa. Eraikina bera ere, esanguratsua da, beraz. XVI. mendeko etxe bat da, 1945 aldera Espainiako monumentu nazional izendatutakoa. Ertzilla merkatari familia bizi zen bertan.
Lanbidek bulego bat zabaldu du Ugaon
UGAO. Lanbidek bulego bat ireki du Ugaon, orientatzaile batekin. Herriko langabeei ez ezik, Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Arakaldo, Orozko, Zaratamo eta Zeberiokoei emango die zerbitzua. Horietako hainbaten langabezia tasa %17 da.
Getxo “neurririk gabe” handitzeko helburua duen udal plana gaitzetsi dute
Etorkizuneko Getxo zelakoa izango den erabakitzeko prozesuan murgilduta dago herria. Udala Hiri Antolamendurako Plana garatzen ari da, berrogei lagunek osatutako Lantalde deritzon taldearekin batera. Herritarrek, baina, itxuraz erakutsi gura duten prozesu parte hartzailerik ez dagoela salatu dute. Hainbat elkartek bat egin dute kritika horrekin: Aldapan Bizi, Antenas No, Gobelak Kalte Egindako Bizilagunak... hamar inguru batu dira Auzokideok elkartean. Aldapan Biziko presidente eta Auzokideok elkarteko Iñigo Elortegik egiten du bozeramaile lana.
Egoera hori dela eta, joan den zapatuan Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren eta hori gauzatzeko prozesuaren aurka dauden elkarteak kalera atera ziren, herritarrei zer gertatzen ari den azaltzera. "Harrituta geratu ziren herria zein egoeratan dagoen ikusita, eta ez horren harrituta udalaren gardentasun eta parte hartze gabeko prozesuagatik".
Getxoko Udalaren jarrera kritikatu dute. Hain zuzen, "datozen hamar urteetarako etxebizitza eskaintza zehaztea soilik interesatzen" zaiola salatu dute. "Zenbat mila etxebizitza egingo diren da haien kezka bakarra, eta kopurua ez da edonolakoa", esan du Elortegik. Udalak herria "neurririk gabe" handitu nahi duela dio.
Bide horretatik, gogora ekarri du udalak 2007an Andra Mari auzoan "8.000 etxebizitza egiteko" aurreikusi zuen proiektua. "Geldiarazi egin behar izan zuten, herritarren mobilizazio ikusgarriak bultzatuta. EAJk, gainera, gehiengo osoa galdu zuen hauteskundeetan. Eta gaur arte geldiarazita zegoen proiektu hori". Hala ere, gaur egun "helburua berdina" dela esan du Elortegik. "Plan hark garatu gura zuen herri eredua eta plana idazten ari direnek buruan dutena berdinak dira". Prozesu horren aurka lanean ari diren elkarteek, hasteko, "Getxok herri gisa dituen egiturazko arazo guztiei buruz hausnarketa" egin behar dutela deritzote. Hortik abiatuta, auzo bakoitzaren "arazoak konpondu" behar dituztela dio Elortegik, eta "zer-nolako herri eredua" nahi duten zehaztu beharko luketela uste du, "bizi-kalitateaz gain, herrian bizitzeko aukera berreskuratzeko".
"Udalean martxan den ustezko prozesu parte hartzailean ez gara era horretako ezer eztabaidatzen ari. Presioa besterik ez zaigu egiten ari, hamar urtera begira zenbat mila etxebizitza eraikitzea nahi dugun zehatz dezagun".
Horren guztiaren atzean "enpresa eraikitzaileen interesak" daudela ondorioztatu du. "Andra Mari auzoan hektarea asko eta asko dauzkate erosita duela hainbat urte, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak etxebizitzak pilaka eraikitzeko bidea emango zuela aurreikusita".
Elkarteon ustez, ostera, Getxon "ezin daiteke beste ezer eraiki". "Zero hazkundearen aldekoak gara". Kontuan hartu behar da, gainera, haien ustez, "herrian 3.500 etxebizitza hutsik" daudela.
Gazteek "etxebizitza eskubidea dutela dioen diskurtso merkea alde batera" utzi behar dela deritzo Elortegik. "Izan ere, hala bada, une honetan eskubide hori urratuta daukate, etxebizitza bat eskuratu ahal izateko finantzaketa behar dutelako lehenengo". Horren harira, gogora ekarri du hiltegi zaharraren inguruan babes ofizialeko etxebizitza bat egokitu zitzaienetatik %50 inguruk uko egin behar izan diotela, finantzaketarik ez dietelako eman. "Beraz, zertaz ari gara gazteek etxebizitza baterako eskubidea dutela esatean? Eskubide horrek ez du esan nahi etxe gehiago eraiki behar direla", ondorioztatu du.
Auzoetako arazoak
Bestalde, Getxoko auzoek arazo ugari dituztela ekarri du gogora Elortegik. Besteak beste, ekonomiaren oinarria hirugarren sektorea izan duten auzoak "lotarako hiri" bihurtu direla esan du.
Getxo Antzokia eta kultur etxea egiteko prozesuak ere kritikatu ditu. Gastatuko duten diru kopuru handiaz gain, "kultur jarduerak egiteko edo ikusteko herritarrek euren auzoak utzi eta beste leku batera" joan beharko dutela salatu du. Bestalde, Getxoko antolamendua "plusbalioak sortzeko modu baten bila" ari dela deritzo. "2001ean onartutako Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrak urbanizatu ezin zitezkeen 336 hektarea jaso zituen. Orduz geroztik, ordea, 88 hektarea urbanizatu dira".
Eztabaidaren lehen jokaldia
Hautsak harrotu ditu 2020an Europako Kopa San Mamesen jokatzeko aukera iragarri izanak. Bateko eta besteko erreakzioak eragin ditu. Oro har, denak daude partidak futbolaren katedralean jokatzearen alde. Baina eztabaida bestelakoa da: bertan etxeko selekzioa zein izango den, euskal selekzioa ala Espainiakoa.
Radio Euskadin egin zituen adierazpenak Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak. 2020ko Eurokopan Espainiako selekzioa Bilbon jokatzeko baldintzarik ez dagoela uste du. Eta euskal selekzioaren aurka "bisitari gisa" ez bada, ez da Espainiako taldea San Mamesera etortzearen aldekoa. "Horrek eragiten baldin badu San Mames ez izatea Eurokoparen egoitza, ez dadila izan". Bilbaoren adierazpenei erantzunez, jarraian atera zen Esther Martinez, PPk Bizkaiko Batzar Nagusietan duen bozeramailea. Bilbaoren hitzak salatu, eta diputatu nagusi gisa Bizkaiaren interesen alde jokatzea dagokiola adierazi zuen: "Gai da talde gorria San Mamesen ez ikusteagatik milioika euro galtzen uzteko". Espainiarekin duen "obsesioa" begiratzeko eskatu zion Bibaori. "Futbol zelaiari ezin zaizkio ateak jarri".
"Eurokopa Bilbon jokatzea ona da hiriarentzat, datorren selekzioa datorrela ere". Hala adierazi du Radio Bilbaon Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. "Guk ez dugu egin behar jokatzen duten taldeen zerrendarik; hori federazioen lana da". Nabarmendu du Eurokopa Bilbon jokatzeak hotel eta jatetxeak beteko lituzkeela. UEFAko agintaritzan dauden poloniarrek egindako txosten baten arabera, hiriburuan "30 milioi euroko eragin ekonomikoa" izango luke lehiaketak. Alkatearen hitzak salatu zituen Asier Gomezek, Gazte Abertzaleak taldeko Bilboko koordinatzaileak: "Akordio zabalak eskatzen dituen garai berria bere gain hartu ezin badu, albo batean geratzeko eskatzen diogu alkateari".
Bilboko PSE-EEk udalbatzarrean eztabaidatzeko mozio bat aurkeztu zuen abendu hasieran. Udalak Espainiako Futbol Federazioari eskatu zion Eurokoparen egoitza San Mames izatea. "Bilbori nazioartean hedatzeaz gain, ekonomia pizteko aukera ematen dio kirol jaialdi horrek", Alfonso Gil udaleko bozeramaile sozialistaren iritziz.
Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak adierazi zuen Bilduk mozio horri ekarpenak egingo dizkiola. Bi ideia gehituko dituztela adierazi zuen: batetik, Eurokoparen egoitza Bilbo izatea, baina euskal selekzioa talde gisa aritzea errespetatuz; eta, bestetik, FIFAren 10.6 artikulua erabilita, Euskadiko Futbol Federazioa selekzio ofizial gisa onartzea. Azpimarratu zuen euskal selekzioa San Mamesen modu ofizial batean aritzea "egingarria" dela: "Ezinbesteko aukera zabaltzen da 2020. urteari begira euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko".
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak Azkunaren ildoari jarraitu dio Bilboko Herri Irratian egindako adierazpenetan. Haren esanetan, egitasmo hori Bilbora ekartzeak merkataritza eta ostalaritza suspertuko lituzke, eta nabarmendu du hori hiriarentzat onuragarria dela. Baina partida jokatzen duen etxeko taldea euskal selekzioa izatea gustatuko litzaioke. 2020rako hori gertatzea "liluragarria" litzateke, haren hitzetan. "Arlo juridikotik, ildo horri jarraitzen ari naiz duela askotik". Beste alde batetik, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du 2020an euskal selekzioa ofiziala izatea espero duela.
Josu Urrutia Athleticeko presidenteak adierazi du San Mames Barria elkartea osatzen duten erakundeak barne eztabaida betean dabiltzala. San Mames Eurokoparen egoitza izateko aukera argitzen arituko dira Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Athletic eta Kutxabank. Aurreratu du erabakia apirila baino lehenago hartzeko asmoa dutela.
Elkarlanerako deia
ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak egindako agerraldian, Eurokopa Bilbon jokatzearen alde agertu da. Baina euskal selekzioak bertan lehiatzea beharrezkotzat jotzen du. Eta, iragarri dutenez, batzorde bat osatuko dute alderdi politiko, Euskadiko Futbol Federazio eta bestelakoekin. Euskal selekzioaren ofizialtasunaren bidean urratsak egitea nahi dute ESAITekoek: "Bada garaia ofizialtasunaren alde gauden guztien artean estrategia bat adostu eta urratsak egiten hasteko", adierazi du Egoitz Askasibarrek.
Oraindik ez da gauza ziurra Eurokopako partidak San Mamesen jokatuko diren ala ez. Espainiako Federazioak La Peineta (Madril) eta San Mames zelaiak eraman ditu UEFAra hautagai gisa, eta Europako erakundeak hartuko du erabakia. Hala erabakiz gero, Espainiako selekzioak partida bi jokatuko lituzke San Mamesen.
Sabino Aranako bizilagunek ez dute ordainik jasoko
Bilboko Sabino Aranako sarbidea eraitsi bai, baina bertako bizilagunek ez dute kalte-ordainik jasoko. Hala erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak. Basurtuko auzo elkarteko kideek aurkeztutako eskaera, beraz, ez du onartu.2008an abiatu zuten prozesua Bilbo...
Frankismoa goratzen duen gurutzea kentzeko prozesua abiatu dute Lemoan
Lemoan sinbologia frankista kaletik desagerrarazteko lanari ekin diote. Azken osoko bilkuran, Lemoatxan, Gantzabal mendian dagoen gurutzea kentzeko erabakia hartu zuen udalbatzak. Udal gobernuaren (Bildu) eta EAJren botoek babestu zuten erabakia. PSE-EEko zinegotzia ez zen osoko bilkuran egon.
Erabakia hartu eta berehala ekin zioten lanari. Izan ere, udalak eta Lemoatx 1937 izeneko memoria historikoari lotutako herriko batzordeak hainbat bilera egin dituzte. Horrela bada, abiatua dute zer, noiz eta nola egin pentsatzeko prozesua.
Izan ere, mozio batek zabaldu dio bidea prozesu horri guztiari. "Ikur hauek guztiak kentzeko mozioa aurkeztu dugu, eta orain bigarren prozesua hasiko da", azaldu du Mikel Garcia udaleko teknikari eta elkarteko kideak. Aurre egin beharko dioten arazo handiena ekonomikoa izango da. Hori dela eta, herriko jendearen laguntza beharko dutela nabarmendu du. Autokudeaketa litzateke, haren ustetan, aukeretako bat. Dena den, ez dauka zalantzarik prozesu osoa apurka gauzatuz joango dela.
Herrian bertan Franco diktadorearen garaia eta haren jarduerak goraipatzen dituzten sinbolo gehiago ere badaudela azaldu du udaleko teknikariak. "Lau sinbolo desberdin ditugu", esan du. Hona zerrenda: batetik, etxeetan dauden Francoren garaiko Etxebizitza Ministerioko plakak; bestetik, herrian hasi eta Gantzabal mendira arte, hau da, Lemoatxara arte doan gurutze bidea dago. "Hamabi gurutze dira", azaldu du. Eta gailurrean, zortzi metro inguruko gurutze bat —kentzea erabaki berri dutena— eta baseliza bat daude.
Gurutzearen eta ermitaren nondik norakoak ikertzen aritu direla azaldu du Garciak. Ikerketen emaitzek ez dute zalantzarako tarterik utzi. "Sinbolo erlijiosoez aparte, garaipen sinbologia frankista zutela aurkitu dugu". Hain zuzen, gurutzea eta ermita emakume batek sustatuta egindakoak direla azaldu du. "Mola jeneralaren loba bat desagertu egin zen bertan, eta haren omenez altxatu zituen gurutze handia eta ermita".
Erabakia dute batarekin eta bestearekin zer egingo duten: "Gurutzea bota egingo dugu. Ermitari dagokionez, haren egitura aprobetxatu egingo da". Zituen ikur eta sinbolo erlijioso guztiak kendu egin dizkiote, eta erabilpena aldatuz aterpetxe bihurtzeko asmoa daukate.
Bilduren eta EAJren babesa izan du erabakiak, nahiz eta duela zenbait urte jeltzaleak gurutzea eta ermita mantentzearen alde azaldu ziren. Hala gogoratu du teknikariak: "1992an, EAJk mozio bat aurkeztu zuen lehenago aipatutako plakak eta gurutze bidea kentzeko eskatzeko. Ermitari eta gurutzeari, ordea, zentzu erlijiosoa ikusi zieten".
Agiriak, froga gisa
Herrian sortutako batzordeak iaz zabaldutako ikerketaren emaitzen berri izan ostean, ordea, ez zuten zalantza izpirik izan. "Sinbolo eta eraikin horietan guztietan konnotazio frankistak daudela agerian uzten duten agiriak eta argazkiak plazaratu zituzten". Esaterako, Gantzabal mendi gainean dagoen gurutzeak ondokoa zioen plaka bat zeukan: "A los que en defensa de una civilización dieron su vida por Dios y por España en esta peña. 5 de junio de 1937" (Zibilizazio bat defendatzeko, harkaitz honetan, Jainkoaren eta Espainiaren alde bizia eman zutenei. 1937ko ekainaren 5a). "Argi geratzen da, beraz, zein konnotazio daukan".
Herrian dagoen gainerako sinbologia frankista ere kentzeko asmoa dute. Horretarako, lehenengo, "prozesu bat" zabalduko dute. "Herriko jendeak zergatik kenduko diren jakitea da helburua".
Musika banda gazteen bigarren lehiaketa martxan da Hego Uriben
Basauri, Arrigorriaga, Galdakao eta Urduñako udalek Rockein musika banda gazteen lehiaketa antolatu dute bigarren urtez. Egitasmoaren helburua Hego Euskal Herriko musika proiektu berriak sustatzea da. Asteon ireki dute izena emateko epea. Martxoaren 21era arte egongo da zabalik.
Iazko ekitaldia "arrakastatsutzat" jo dute Hego Uribeko lau udal horietako ordezkariek; Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 85 talde edo bakarlari aurkeztu ziren. Aurten marka hori hausteko asmoa agertu dute.
Bakarlari edo taldeek aurkeztutako grabazio guztien artetik sei aukeratuko ditu epaimahaiak. Finalista horiek Basauriko Sozial antzokian emango dute kontzertu bat elkarrekin, maiatzaren 3rako antolatu duten jaialdi batean. Han ikusi eta entzundakoarekin erabakiko du epaimahaiak zeintzuk izango diren aurtengo talde irabazleak.
Sortutako materiala grabatu, ekoitzi eta masterizatzea izango da sari nagusia. Profesionalen eskutik egingo dute. Gainera, Bizkaiko kontzertu areto garrantzitsuenetan jotzeko aukera ere emango zaie. Eta MAZ Basauri jaialdian ere parte hartuko dute, gonbidatu berezi modura. "Aurten MAZ jaialdian jotzeko aukera sartu dugu, talde ospetsu batekin batera Sozial antzokian zuzenean jo dezaten, edo kaleko ekitaldien programaren barruan. Bata edo bestea antolatzaileek erabakiko dute", azaldu du Basauriko Udaleko Gazteria arloko zinegotzi Etorne Lexartzak. Talde irabazlea eta Hego Uribe eskualdeko talde onena aukeratuko dituzte. Azken sari hori jasotzeko taldea osatzen duen kideetako batek Basaurin, Arrigorriagan, Galdakaon edo Urduñan erroldatuta egon beharko du. Horrez gain, euskarazko talde onenak ere saria izango du: abesti bat ekoitzi eta grabatzea.
Iaz irabazi zuen taldeak, Iruñeko Radiofunkens proiektuak, Santana 27 aretoan joko du, datorren otsailaren 21ean. Bestalde, Galdakaoko Rro taldeak irabazi zuen eskualdeko talderik onenari dagokion saria; horiek, bada, Basauriko MAZ jaialdian emango dute kontzertua.