Sao Paulo, Brasilgo hiri garrantzitsuenetarikoa, Latinoamerikako finantza gune nagusia dela iritzita, Bizkaiko enpresentzat merkatu oso interesgarria dela uste du Bizkaiko Foru Aldundiak. Hori dela eta, enpresa misio batean abiatu dira bertara foru al...
Iritzia
‘Marabillosu’
Ez dira ehun urte behar ehun gauza ikusteko", esan dit andreak, esaera zaharra ahoan. "Egunero alde guztietatik bonbak balira bezala erortzen dira notiziak. Irrati, telebista, egunkariek… ez gaituzte bakean uzten. Nazkatuta nago, odol, defizit eta tristura informazio bonbardaketa honetaz". Hala ere, ez duela ulertzen zergatik dabilen jendea hain triste azkenaldian, segitzen du esaten. Zergatik lagatzen dugun korronteak eraman gaitzan. Zergatik saminak kutsa gaitzan. Bera beti saiatzen dela irribarretsu erantzuten kaleko jendeari, zer pentsa ere. "Gerri eta mokorretik ez nabil hain ondo, baina burua beti tente".
"Ez dira ehun urte behar ehun gauza ikusteko. Are gutxiago orain Internet horrekin, ezta?". Arrazoia eman diot, notizien inflazioa dugula gaur egun. Jakin nahi ez ditugun kontuez ere enteratzen garela, Facebook, Twitter eta abarren bidez. Kontu garrantzitsuenak estaltzen dizkigutela hainbeste sasi-informazioz.
"Gerra aurretik jaio nintzen ni", jarraitu du berbetan. "1937ko apirilaren 3an zortzi urte nituen, eta oraindik gogoan dut Otxandion jausi ziren bonben durundia. Zortzi neba-arreba ginen eta ni zaharrena. Hamar urterekin hasi nintzen behiak gobernatzen. Gerra pasa duenak ez luke behar gaurko krisiaren beldurrik".
Orain alargun dagoela, ez duela irribarrea galdu, areagotu ez badu. Senarra aspaldi galdu arren, beste gauza asko irabazi dituela. Hamabi urte dituela bere kanarioak eta sei katuak. Beste zortzi katuri ematen dizkiola esne zopak egunero.
Duela hamarkada batzuk atzera eginez gero, tresna eta jantziek urteak irauten zutela eta orain hilabeteak baino ez. Nahiago dituela, beraz, gauza zaharrak, bera bezalakoak. Urteak labur eta egunak luze joan arren, umoreari beti eusten diola, laurogeita hiru urtean soinean eraman duen gauza iraunkor bakarra hori duela.
"Ez dut ulertzen zergatik dabilen jendea hain triste azkenaldian", errepikatzen dit irribarrez. "Zer 29ko edo 80ko krisi eta otxokuarto. Gerra pasa dugunok ez dugu krisiaren beldurrik. Nik orduan ikasi nuen zegoenarekin bizitzen, ederto asko".
Etorri bezala joan da irribarrez. Eta beste persona bat ekarri dit gogora andreak. Gazteagoa. Ondarroako kale estuenean, Ipitxi kalean, eskailerak igotzen topatu izan nuena azkenaldian.
Berrogeita hamahiru harmaila estu, gora eta beheranzko. Besterik ez du kaleak. Eta han ikusi nuen azken aldiz Aitzol Aramaio, zinemagilea. Beti eskaileran gora, kasualitatea. Beti irribarrea soinean.
Urrian 11tik 14ra bitartean ospatuko da Ondarroan haren omenez Marabilli sormen festibala. "Bizitxi marabilli re", gogora ekartzen zuen sarri, Aitzolek.
Pena, batzuetan ahaztu egiten zaigula. Eskerrak badugun nork oroitua.
Goizero hartzen dugun lehen ebatzia
Ebatzi politikoa da. Goizean goiz, altxau, itzartu... eta hozkailua zabalduteagaz batera, eskoiko eskuagaz hartzean dogu lehenengo ebatzia: esnea. Hor ebazten da gurean, baserritarren etorkizuna. Behi sektorearen biziraupena. Eta merkeagoa ei dalako, ...
LURRAK ITSASOARI HARTU DIO LEKUA
Ilargia eguzkiarekin eta lurrarekin lerrokatzeak sortutako indarrak lurrak itsasoari ohi baino leku gehiago hartzea eragin du egunotan: marea bizien fenomenoa besterik ez da, naturak uzten dituen irudi ikusgarri horietako bat, hain zuzen. Kostaldeko h...
Patio ertzeko loreak
Afrika galdutzat har dezakegu. Etorkizun beltza kontinente beltzarentzat; edo etorkizun eza, zuzenean. Gorriak bizi dituzte han ume, heldu eta zaharrek, baina ez daude bakarrik. Odol eta, batez ere, ideologia gorridun lagun asko dituzte parean. Laguntzen. Lagunak laguntzen, hurkoak maitatzen. Baina ez dago esperantzarik. Eta lagun gorri horiek badakite: izan kooperante, moja zein misiolari. Ez dago esperantzarik. Bo, bada aukera bat, baina ez da oso desiragarria: Lehen mundu deritzogun hau bonba atomikoekin leherraraztea eta zerotik hastea. Baina ez da oso desiragarria. Azken batean, esperantzarik ez.
Sarrionandiaren kartzelako poemetan, "heltzear den zori onaren seinalea" da esperantza, "hor, patio ertzean hazten den lorea". Edota "itxarotea", besterik gabe; "egunik egun itxarotea besterik ez". Inoizko euskal idazlerik onenetarikoaren olerki hau nik gura dudan eremura eramanda —horretarako da poesia, ezta?—, solidaritateaz arituko naiz, eta benetan solidarioak diren lagunen indarraz eta kemenaz. Eta horren guztiaren zergatiaz.
Txunditu egiten naute hondamendiaren lekuan bertan lan egiten dutenek, bereziki bost, hamar, hogei urte ematen dituzten horiek, jakinda hogeita hamar, berrogei, berrogeita hamar bihurtuko direla. Miresten ditut. Miresten ditut inuzenteak ez direlako eta esperantzarik ez dagoela badakitelako. Baina bertan jarraitzen dute, beren gogoa eta kemena makurgaitz.
Orduan, galdera: Zertarako? Zertarako esfortzu handi hori egin lortuko ez duzula badakizunean? Zergatik zeure bizitza eman zer lortzerik ez dagoenean? Ez al da hori suizidioa? Gorputzaren heriotza kontzientziaren izenean. Erantzunetako bat izan liteke gizaki bakar baten bizitzak gizadia osoarenak adina balio daukala. Beraz, ume txiki, agure zahar edota ama gazte bakar baten egunerokotasuna eramangarriagoa egitea arrazoi nahikoa dela.
Eta bai, hori bada pisuzko zergati bat. Baina beste zergatiak solidaritatearen muinera garamatza; benetako hurkoarenganako maitasunaz eraikitako solidaritatearen muinera. "Nik borroka egingo dut etorkizuna (patua?) aldatzeko gai izango ez banaiz ere". Hau da, zinez eta arrazoinamenduz, badakit ez dudala lortuko baina horretan jarraituko dut. Hori da niretzat solidaritatea. Alegia, ez da "heltzear den zori onaren seinalea", ez eta "itxarotea, egunik egun" ere. Baina bai "patio ertzean hazten den lorea".
Eta nik ez dut indar hori. Bonba atomikoekin desagertuko ez den lehen mundu honetatik, ez dut kontzientziaren izenean gorputza heriotzara eramateko indarrik. Horregatik miresten ditut patio ertzeko loreak.
3.505
• Zinebi jaialdira aurkeztutako filmak. Zinebi Bilboko zinema dokumentalen eta film luzeen nazioarteko jaialdirako 3.505 film aurkeztu dituzte. Orain arteko kopururik handiena da aurtengoa. 54. Zinebi jaialdia datorren azaroan izango da, hilaren 16tik 23ra bitartean.