Begira", esan dio Josebek Mireni. "Etxe-agentzia itxi, eta bi hilabete aurretik fruta denda bat zabaldu dute gure atepean". "Zure etxe azpikoa ere itxi egin dutela? Jesus, nik dakidala hiru etxe-agentzia itxi dituzte herrian azken urte honetan", zehaz...
Iritzia
‘Burocrazya’ eta txanpon askeak
Atzerrira noa lanera. Abenduaren bigarren astean hartuko dut hegaldia, eta uztailera arte Kalifornia idorra izango dut bizileku: telebistan agertzen diren hondartzetatik ordu pare batera dagoen Bakersfield, hain zuzen. Gogotsu noa, pozik, erronkak norbere buruarekin pultsu bat bezalakoak direlako. Eta pultsu honetan apustuak oso pareko dabiltza. Edozelan ere, alegiazko alde batek zein besteak irabazi, emaitza beti alde. Bakoitzaren biografia betetzen duten kapituluak baitira bizipenak —onak zein txarrak—.
Maleta eta planak antolatzen nabilen aste gozo (eta zoro) hauek, baina, mikazterik badago, hainbeste izapide gora eta behera. Vincent de Gournay ekonomista frantziarrak ederra bota zion, horren harira, bere herrialdeko sistemari XVIII. mendean —eta, zer arraio, bazuen arrazoi pixka bat behintzat, aberats liberaloidea izanagatik?—: "Badugu Frantzian gaixotasun bat, geure esfortzuak trabatzea baino ez duena helburu; buromania deritzo". Samako ederra eman zien aurkari politikoei, hitz ederra asmatuz gainera: buromania. Pena da berba hori, urteekin, burokrazia bihurtu izana hiztegietan, maniatik asko baitu sistema honek (hitzaren esangura psikiatrikoenean); herritarrak zoratu arteko mania ere. Burocrazya.
Labur azalduko ditut kontratuarekin eta dokumentu guztiak behar bezala izanda ere (orain arte) egin behar izandakoak —todoenregla-ren diktadurak eztabaida luzerako ematen du ere, baina beste baterako utziko dut—: 1.- Kontratatuko zaituen enpresari pasaportean ageri diren zure datuak igorri posta elektronikoz; 2.- Enpresak, posta arruntez, betetzeko bi formulario bidaltzen dizkizu. Datu batzuk beraiek idatzita daude eta, akatsik egotekotan, prozesua berriz hasi behar da (niri gertatu zitzaidan); 3.- Formularioa onartua izateko Etxe Zuriak begirunez adierazten dizun kontu korrontean 220 dolar sartu behar dituzu (kasu desberdinetarako prezio ezberdinak dituzte; edonola ere, Internet bidez, klik batekin eginda dago); 4.- Enbaxadan zita eskatu eta ematen dizuten egunean hamarretik gora agiri eraman. Tartean, Internet bidez bete beharreko beste formulario eternal bat eta, noski, onartua izateko, 125 euro sartu behar dituzu begirunez adierazten dizuten kontu korrontean (Internet bidez, klik batekin eginda dago); 5.- Enbaxadako segurtasun neurri guztiak pasatu ostean —terroristagai asko dago munduan— argi utzi (agiriak frogagarri) ez zarela beraien herrialdean behar baino gehiago geratuko; 6.- Itxaron, bisa ematen dizuten ala ez deliberatzen duten arte. Hitz bitan: hilabete bi eta erdi atzera eta aurrera, 300 euro inguru, eta itxaron. Ez da buromania amorru gehien ematen didana, baizik eta gizakiok bidaiatzeko jasan behar dugun guztia ezagututa, diruak mugitzeko duen erraztasuna ikustea. Burocrazya eta txanpon askeak. Horrela gabiltza.
BELDURRIK EZ INDARKERIA MATXISTARI
Musika, dantza eta parte hartzeak bat egin zuten joan den zapatuan herritarrek indarkeria sexistaren aurka daudela erakusteko ekitaldi berezi batean. Flashmob bat antolatu zuten horretarako Beldur barik kanpainaren barruan. Lady Gaga artista amerikarr...
ASKATASUNAGATIK HILDAKOEN OMENEZ
1936ko gerran hil zuten Timoteo Atutxa igorreztarra omendu zuten joan den domekan herrian bertan. Hura gogorarazteaz gain, ekitaldian askatasunaren alde bizia galdu zuten guztiak omendu zituzten. Goiko plazan egin zuten ekitaldia, eta Atutxaren irudia...
Maratoia
Iñakik, New Yorkera bakar-bakarrik joan zen arren, Sandy ezagutu zuen bertan. Ez zuen halako asmorik, erdi ezustean harrapatu zuen haren lurrin arrastoak. Aurreko egunetan, egunean lau aldiz gutxienez begiratzen zituen meteorologiako web orriak. Baina Iñaki beti izan da pertsona burugogorra, eta bere hasierako asmoa bete behar zuen kosta ahala kosta. Joan-etorriko hegaldia eta bost egunetarako egonaldia baino ez zituen hartu. Baita eskuko maleta txiki bat ere, kirola egiteko zapatila estrenatu berriek ia osorik okupatzen zutena, bide batez esanda.
Beste zita garrantzitsu bat zeukan hurrengo domekan. Bera bizi den ondoko probintziako hiriburuan, sikeran hegazkin beharrik gabe iritsiko zen hartara. Hain zuzen ere, domeketan izan ohi ziren azkenaldiko bere zita garrantzitsuenak. Ez zituen alferrik aurretiaz eta hain zehatz prestatzen. Maratoi ezagunaren berrogeita bi kilometroak egitera joana zena New Yorkera. Eta bigarren maratoi bat zeukan zain hurrengo domekan.
Azkenean ez zituen egin. Edo, hobeto esanda, korritu zituen kilometroak, baina astelehenez eta zirkuitu inprobisatu batean. Ez zuen hain erraz ahaztuko hainbeste mimoz prestaturiko zita zapuztu zion Sandy hura. Ez zitzaion espero bezala atera ihesaldia.
Ferminek zita hitzartua zeukan Iñakirekin datorren domeka honetarako. Behobiako hogei kilometroak bere anaiaren ez oso atzetik egin nahi bazituen, hura New Yorken zen bitartean egunero irten beharko zuen asfaltoan zapatila zaharrak urratzera. Eta ez zen motz geratu. Beharretik irteteko unea ailegatzeaz batera, kirol zapatilak jantzi eta arin-aringa ateratzen zen bulegotik, begira zituen lankideei eta mahai gaineko paper mordoari ospa eginda. Askok ez omen zuten ulertzen zergatik eman zion bat-batean galapan egiteari, are gehiago hain konputsiboki entrenatzeari.
Iñakirena, bere anaia gaztearena, betidaniko kontua omen zen. Hamalau urterekin hasi omen zen asfaltoa oinpeko gomarekin erretzen. Antxintxika, galapan, lasterka, karran, korrika, saltaka, arin-aringa beti.
Terek, Iñaki eta Ferminen amak ere, egunean hamar kilometro egiten zituen arineketan. Ibilbidea ez zuen askorik aldatzen, ordea. Etxetik errekaduak egitera, ilobak eskolara eramatera, etxera buelta bazkaria prestatzera, ogia erostera, berriz ilobak eskolatik jasotzera... Une oro arineketan ezagutu zuten beraien ama; bestela esanda, ez zuten beste era batera ezagutu. Lepoa eman eta urruntzen ikusten zuten ia beti.
Gurasoen etxean hirurak batu ziren batean, maratoiak, denborak, kronoak, dietak eta forma fisikoa gora eta behera ari zirela, Tereren gizon eta mutilen aitak sentenziatu zuen gaia, sofako bere eserlekutik mugitu ere egin gabe: "Zuek jakingo duzue zeri egiten diozuen ihes, baina ez izan dudarik azkenean harrapatu egingo zaituela".