Iritzia

CABACASEN AUZIAN JUSTIZIA ESKE

Iñigo Cabacas gaztea Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zenetik zortzi hilabete bete direla, haren lagunek eta senideek elkarretaratzea egin dute, gazteari omenaldia egiteko. Asteburuan egin zuten elkarretaratzean, "justizia" aldarrikatu zuten bertaratutakoek. Heriotza hura oraingoz argitu gabe ez dagoen honetan, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu ohiak "zuhurtzia" eskatu dio Iñigo Lamarca arartekoari, eta gaineratu du afera hori ez dela haren eskumena .

40.000

Eskolaz kanpoko euskarazko jarduetarako dirua, Getxon. Getxoko Udalak 40.000 euroko dirulaguntzak onartu ditu euskara bultzatzea helburu duten eskolaz kanpoko jardueretarako. Jarudera horiek ikastetxeetan eta gurasoen elkarteek antolatutakoak izango dira.

Magnetofonotik Twitterrera

Andresek ezin du sinistu ere egin. Twitter bidez jarraitu du jokatzen ari den Bizkaiko bertsolari txapelketako finalaurrekoa. Bera bertsozale petoa, urte luzeetan hamaika plaza zapaldutakoa.Andresek esango luke aditu zuen lehen bertsoa irratiz aditu z...

Zoaze etorri datorren Jaunaren bila

Anai-arreba maiteok. Ia konturatu barik, amaitu da liturgi urtea eta Abendu aldiaren atarian gagoz. Aldi ederra, geure burua prestatu eta etorri datorren Jaunari itxaroteko. Gure bizitza ilunduz ganezka egiten daben orbelek askotan ez deuskue oinarrizkoa, benetan garrantzitsua dana ikusten izten. Egitekoen zurrunbiloaren erdian, aldi hau jatorku, benetako itxaropena dan Hari, benetan konfiantzazkoa dan Hari begiratzeko. Jaungoikoak ez gaitu bakarrik itzi gertaeren gorabeheren aurrean. Berak ez eban harrokeriaz erakutsi Jaungoikoa zana; alderantziz, zerbitzari eginez, gutako bat bihurtu zan. Horregaitik, gure makaltasunez errukitzeko gauza da, bere gizatasunean, pekatuan izan ezik, edozein neketan geure antzera zirikatua izan dalako eta horregaitik konfiantzaz beteta hurreratu gaitekezalako, Beragan gure zailtasunetan lagunduko deuskun grazia eta errukia aurkitzeko.

Itxaropena ezkutatu egin dala emoten dauan sasoi honeetan, oinazeak proban ipinitako gizatasuna erakusten deusku barriro be, eta Beragan, Jaungoikoaren seme eta alaba izanik jagokun duintasuna zapaltzen dauan guztia garaitu dogula iragarten deusku. Jesusen gizatasun honek bere Elizan dau jarraipena, berau da-ta Jaungoikoa gure artean bizirik eta bizi-emoile agartu izanaren sakramentua, tresna edo zeinua. Horregaitik, kontzilioak dinoanez, "oraingo gizon-emakumeen poz eta itxaropenak, tristura eta larritasunak, batez ere behartsuenak eta nahigabetu guztienak, Kristoren ikasleen poz eta itxaropen, tristura eta larritasun ere badira".

Abendu aldia, itxaropen aldia da; dei egiten jaku gure etsipenetatik altxatu eta maitasun eta errukian barritutako gizadirako bidea erakusten deuskun Haren bila joateko. Krisialdi guztiak gaindituko doguz euron benetako arrazoi eta sustraietara joten badogu, hau da, gizakiaren duintasunari balio guztia kendu jakola eta gizakia azkenean alineatu eta ezereztu baino egiten ez daben beste interes batzuek tresna hustzat hartu dabela autortzen badogu. Gure kezkaren iturri nagusi diran datu sozioekonomikoak daukaguz eskuartean: gure elizbarrutian langabezia-tasa %14koa da eta, larriagoa dana, %35etik gorakoa gazteen kasuan; 50.000 lagun inguruk pobretasuna jasaten dau eta 150.000 inguru egoera horretan jausteko arriskuan dago; desjaubetzeen zoritxarra eta bizilekurik ez daukien eta, ahal daben moduan, bertan behera itzitako lokaletan, atarietan, kutxazain automatikoetan babesten diran edo gaua izarpean igaroten daben gizon eta emakumeena. Badakigu, gainera, gure arteko eskola-ume batzuentzat ikastetxeko jantokian jaten dabena dala eguneko otordu bakarra. Beste alde batetik, eskandalugarria da errentaren alde itzela herritarren sektore desbardinen artean eta lana dabenek bizi daben egoeraren eta lanik aurkitu ezinik dabilzanen egoeraren arteko aldea. Eta guzti hau gure kontzientziak gogor astintzen dituan munduko pobrezia-boltsa itzelak ahaztu barik.

Garizuma aldiko Pastoral Idazkian, gotzainok krisi ekonomiko eta finantziario honen azpian dagoan krisi antropologiko, etiko eta kulturala aitatu genduan. Hiru gabezia nabarmentzen genduzan: merkadu globala —batez be finantzarioa— zuzentzeko neurri egokiena, bere funtzionamentu ona bermatzeko gaitasun nahiko daben erakundeena eta, azkenik, gabezia etikoa, berau barik krisi hau ez zitzatekealako gertatuko gertatu izan dan lez. Joan Paulo II.a Aita Santu dohatsuak be hauxe inoan: "Ezinbestekoa da mekanismo ekonomiko, finantzario eta sozial jakin batzuk salatzea, izan be, gizakien borondatez erabilten badira be, ia automatikoki funtzionatzen dabelako, zorrotzagoak bihurtuz batzuen aberastasun-egoerak eta besteen pobretasuna".

Baina aurrerago esan deutsuedanez, Abendu aldiak benetako itxaropenezko bideak zabaltzen deuskuz eta, era berean, gu geu itxaropenaren ereile bihurtzen gaitu, konpromiso pertsonal, familiar, komunitario eta sozialaren bitartez.

Abendualdiko lehenengo domekako bigarren irakurgaiak aldi honen alderdietako bat erakusten deusku, San Paulo apostoluaren nahiaren bidez: "Eta zuei alkarganako eta guztiakanako maitasuna gehitu eta ugaritu deizuela Jaunak". Maitasunak ez dau mugarik ezagutzen eta beti da barritze pertsonal eta sozialaren eragilea, gizakiaren nagusitasuna eta ondasunen banaketa unibersalaren jatorrizko adierea berreskuratzeko gauza egiten gaitualarik, gaur egungo egoerarako inplikazino zehatz eta berehalakoekin, eskuzabaltasunez erdibanatzearen eta guztion ongizatea lortzeko laguntzearen ikuspuntutik.

Joan Bateatzailearen mezuak zuzenean interpelatuko gaitu. Lehenengo, Isaias profetaren berbak erabiliz: "Atondu Jaunaren bidea, zuzendu Haren bidezidorrak… Okertua zuzendu egingo da, eta bide latzak bide-lau izango dira". Dei zuzena dogu hau, pekatu pertsonal eta komunitarioaren ondorio zuzenak diran bidebakokeriak gainditzen lagundu daigun. Bibliako testuak jarraibide zehatzak eskaintzen deuskuz bihozbarritze eta itxarote aldi honetan. Holan, Joan Bateatzaileak proposamen zehatza egiten dau: soingaineko bi daukazanak, emon deiola bat ez daukanari; jatekorik daukanak, bardin.

Dei berezia egin gura deutsuet, bakarka zein gizartean, eginahalak egin daizuezala indar eta erakunde zibil, sozial, enpresarial eta politika guztien batasuna ahalbideratzeko, indarrean dagoan krisiari aurre egiteko eta alkarregaz guztiontzako etorkizun duina eraikitzen lagunduko deuskuen bide barriak eta neurri zuzen eta ausartak aurkitzeko.

Erribera-Zorrotzaurreko errealitatea

Azkenaldi honetan, sarritan, errealitatearekin zerikusirik ez duen irudi batekin agertzen da gure auzoa prentsan. Hemen, aspalditik gure artean bizi diren eta inolako arazorik sortu ez diguten auzokideak ditugu.Egun hauetan aurpegi ezagunak ikusi ditu...

Denon dirua eta ezkutuko paktuak

Zer diren ondo ulertzen ez badugu ere, herritarrok urtero ordaindu behar izaten ditugu IBIa, Ibilgailuen Zerga edo gure udalen finantzaketaren ezinbesteko zutabe diren beste zergak. Horrek esfortzu ekonomikoa suposatzen digu guztiori; baina esfortzu hori are nabarmenagoa da egoera ekonomiko larria bizi duten familia zein banakoentzat. Esfortzua eta zergak ordaintzeko betebeharra guztiona bada, zelan da posible udal zergen inguruko erabakia alderdien arteko ezkutuko hitzarmenen menpe egotea?

Bildun argi daukagu ez dugula ez udalaren zerga sisteman ezta udalei dagozkien beste erabaki batzuetan ezkutuko paktuen sistema defendatuko.

Are gehiago, ez dugu bidezkoa ikusten herri batean erabakitakoak beste herri bateko neurriak baldintzatzea. Udal zerga eta tasen inguruko erabakiak gardentasunez hartu behar dira, udal bakoitzaren eta horien parte diren herritarren egoera kontuan hartuz.

Bizi garen garai ekonomikoa oso larria da Bizkaiko udal askorentzat, baina batez ere oso larria da udal horietan zergak ordaintzen dituzten milaka emakume eta gizonentzat.

EAJk eta PSEk bulegotxo batean su motelean egositako ezkutuko paktu baten bitartez baldintzatu dituzte Portugalete, Gueñes, Ermua, Arrigorriaga, Galdakao eta Barakaldoko bizilagunek 2013an ordaindu beharko dituzten zergak. Zeri erantzuten dio herrialde mailako akordio horrek? Herritarren beharrizanei ez behintzat.

Bildun gogor salatzen dugu jarrera hori. Alkatetzan zein oposizioan egon, garai sozioekonomikoari eta herri bakoitzeko ezaugarriei egokitutako neurriak hartzearen alde lan egiten ari gara Bilduko alkate zein zinegotziok. Oposizioan gaudenon kasuan, ez dugu alkatetzan dagoenaren kolorea begiratzen gure proposamenak aurkezteko; jarrera eraikitzailearekin, progresibitate irizpideetan oinarritutako proposamenak aurkeztu ditugu, gehiago daukatenek gehiago ordain dezaten gutxiago daukatenen mesedetan.

Horrela lan egiten gabiltza herriz herri, IBIa ordaintzen laguntzeko ordenantzak bultzatzen edo igoerak beharrezkoak direnean, horiei mugak jarriz. Argi daukagu udalen finantzaketan ezinbesteko diru sarrera direla plusbalia, IAE, IBI, Ibilgailuen zerga edo zaborren tasa, beste askoren artean; horiekin lortutako dirua politika sozialetan egindako inbertsioa indartzeko beharrezkoa da, besteak beste. Horregatik, udal finantzaketari nabarmen kalte egin ez, baina langabezian edo errenta baxuekin aho asko elikatu beharrean dauden familiei egokitutako neurriak hartzearen alde lan egiteko konpromisoa hartu dugu Bildukook. Horretarako, gehiago dutenen esfortzu handiagoa beharrezkoa da (luxuzko autoengatik zerga altuagoak exijituz adibidez).

Bide horretan lan egiten jarraituko dugu, politika egiteko beste modu bat posiblea dela sinesten dugulako, gardena eta hurbila. Ezkutuko paktuak ez dira gure politika egiteko modu horretan sartzen.

Urregorrizko hitz bazterrak

Johannesburgo hiri berezia da. Bere historiako kapituluak orrialde lakarrez daude beteak, eta horrek eragin zuzena dauka berezitasun horretan. Ahaztu behar ez dugun Apartheid-aren ondorioa da, adibidez, gizarte-mailen arteko alde lotsagarria: %17 zuria auzune aberatsetan bizi da eta horren ifrentzua den %73 beltza barride zuhirinduetan; %14ak ez du inolako estolderia sistemarik eta ehunetik hemeretzik ez dute ur edangarria edaterik.

Afrika izanik, geure kontzientzia alienatuek geure baitari "txarrago egon litezke" esatera garamatzate. Tristeena ez da hori; tristeena da datuok dituen hiri bat Hirigune Global-en zerrendan egotea. Britainia Handiko Loughborough-eko unibertsitateak darabilen kontzeptua da hori eta barne hartzen ditu mundu mailako itzal handiko hiriak, eragingarriak direnak ez bakarrik arlo ekonomikoan baizik eta politika eta kultura arloan ere. Zerrenda horretan daude, besteak beste, Londres, New York, Paris, Tokio… eta Johannesburgo; no comments. JBurg-ek, bertako anglofonoek dioten bezala, beste berezitasun deigarri bat dauka: elite ekonomikoa kanpoaldean dagoela eta behe-auzoak erdialdean. Zentroa errebaletan eta aldiriak bihotzean. Muin dira bazterrak JBurg-en (zentzu batean behintzat).

Euskal Herrian, linguistikoki, egoera ohikoagoa da; ez da Johannesburgoko demografiarekin gertatzen dena gertatzen. Euskal Herrian, linguistikoki, aldiriak aldiri dira eta muinak muin. Erdarak dira nagusi eta erdigunetik mututzen dituzte euskararen doinuak, euskararen hitz bazterrak. Eta astelehenean Euskararen Nazioarteko Eguna izanda, inoiz baino ozenago egin behar dugu gogoeta orain. Bai, gogoeta diot, eta ez garrasi: geure baitara zuzendutako oihua behar delako gaur. Hitz bazterrak geure muinerantz. Kontseilua Bai Euskarari-tik Euskaraz Bai-ra igaro zen moduan, geuk ere badugu jarrera hori egunerokotasunean hartzeko betebeharra, euskaldun gisa. Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeak, abenduaren 3aren harira, 2003an zera idatzi zuen: "Euskaltzaleok, euskaldun naiz erdaldun, zer egina eta zer esana badugu euskararen normalizazio-prozesuan, zalantzarik gabe". Funtsezkoa iruditu zitzaidan bezala Kontseiluaren lelo aldaketa, oinarrizkoa jotzen dut Batzordearen hausnarketa. Artikulu berean hurrengoa ere zioen Batzordeak: "Lehen kanpotik hain gaitzetsia eta bertakoek hain utzia. Oraindik indartu behar dugu gehiago euskara. Oraindik ez diogu uzteari utzi".

Egin dezagun euskaraz. Egin dezagun euskaraz beti! Bihur dezagun aldiria muin eta bazterra funts! Bilakatu dezagun euskara JBurg linguistikoa. Eta orduan, agian, ohartuko gara euskara ere badela Igoli: zulutarrek Johannesburgo izendatzeko darabilten hitza, esangura dirdiratsuduna inondik ere: urregorrizko gunea.

%20

Bizkaiko Ur Partzuergoaren inbertsioen gorakada 2013an. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren inbertsioak %20 haziko dira: 75,2 milioi bideratuko dira hornidura eta ur zikinen sarera.

400.000

Markinako okupazio zentroa berritzeko aurrekontua. Urritasuna dutenentzako Markina-Xemeingo okupazio zentroa berritzeko 400.000 euro onartu ditu foru aldundiak. Beste milioi erdi izango ditu garraio egokiturako Atez Ate programak ere.

INPOSIZIOAREN AURKA, IKURRINAREKIN

Sopelako herritarrek protesta egin zuten joan den zapatuan, udaletxean Espainiako bandera jartzeko aginduaren aurka. Sopelan geureak, inposaketarik ez leloa zuen pankartaren atzean, hainbat eta hainbat herritarrek egin zuten manifestazioa herriko kale...