Iritzia

1.500

Arratian 5. edukiontzia erabiltzen duten familiak. Bi hilabetean Arratiako 1.500 familiak eman dute izena bosgarren edukiontzia erabiltzeko. Epe horretan, 11.000 kilotik gora hondakin organiko jaso dute.

EURITAN MARKAK HAUTSITAKO EGUNA

Martitzena, meteorologiari erreparatuz gero, markako eguna izan zen Bizkaian. 1926tik, otsaileko egunik euritsuena izan da. Loiuko aireportuan, zazpi ordu eskasean, 58,1 litro bildu ziren. Ibaizabalek gainezka egin zuen Galdakaon eta Bilbon; Butroi, Asua eta Cadaguak ere bai , eta uholde txikiak sortu zituzten. Hainbat herritan arazoak sortu ziren; kasurako, Gernika-Lumon Santa Anako aparkalekuan —irudian—. Auto istripuak ere ohi baino gehiago izan dira.

1,8

Erriberako merkatuak iaz izandako bisitariak, milioitan. Bilboko Erriberako merkatuak 1.843.464 bisitari izan zituen iaz. Egunik jendetsuenak zapatuak izan ziren, 11:00etatik 12:00etara arteko tartean.

LANGABEZIAREN BIKTIMAK, KEXU

Sestaoko langabeen plataforma udaletxeko batzar aretoa okupatzen saiatu zen martitzenean. Azkenean, alkatearekin akordio batera iritsi, eta alde egin zuten. Enplegu politikak indartzeko eskatzen dute. Izan ere, Lanbidek ezagutzera emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskualdeen artean langabezia tasarik handiena dauka Bilbo ezkerraldeak, Enkarterrirekin batera. —%20,9 eta %19,59—. Bilbo (%18,64) eta Ibaizabal (%17,95) datoz atzetik.

Anakronismoa

Azken barikuetako kontua da. Arrastian, izan euri izan ateri, egurrezko kutxa baten gainera igo eta mikrofonoa eskuetan hitz eta pitz jarduten du gizon batek. Gaztea da, hogeita hamarren bueltan egongo da. Alboan beste gizon bat, gaztea hau ere, aterk...

Zorrotzaurreko ‘sheriff’-a

Bilboko Zorrotzaurre auzoa erabat ahaztua izan dute erakunde publikoek azken 30 urteetan, bertako hiri paisaiaren apaltzearen lekuko izan eta bere burua hiribilduaren eraldatze industrialaren zabortegi bihurtzen ikusi duen bitartean. Azkenean, auzoak Udalaren eta eskutik lotuta daraman hirigintzarako elkarte ilunen begi instituzionalaren arreta bereganatu dituenean, 2000. urte inguruan, izaera faraonikoa duen berriztatze proiektu batekin etorri dira, Jose Luis Bilbaok eta EAJk ohiko duten joera megalomanoarekin bat datorrena.

Garai hartan aurkeztu zen planak monumentuzko obra planteatzen zuen, eta, nola ez, nazioarteko arkitektura etxe esanguratsu bati egin zitzaion enkargua (badirudi EAJrentzat Bilbon denetarik dagoela, bertoko arkitektoak izan ezik). Noski, egitasmo hori udalaren, aldundiaren, arkitektoaren eta bertan ezarri nahi ziren enpresa gutxi batzuen artean adostu zen bakarrik.

Geroztik, Zorrotzaurreko eta Deustuko Erriberaren berrantolaketa urbanistikoaren megaplan horrek hainbat zartada sufritu ditu: bertako bizilagunen ekintza bateratua etorkizuneko auzoaren planifikazioaren baitan hitza eta botoa izateko; lur kutsatuen aurkikuntza; krisiari egotzitako finantzaketa falta, eta abar.

Iñaki Azkunaren obra ospetsuak jasandako azken astindua, bertako pabiloi industrial abandonatuetan etxerik gabeko hainbat pertsonaren etorrera izan da —asko eta asko magrebtar etorkinak— , berreskurapen planarekin batera poliki-poliki eremua uztera behartuta egon direnak. Bizilagunek inguruan zuten segurtasunik ezaren salaketaren ondorioz, eta Lakuako gobernu sozialistarekin megaplana aurrera ateratzeko bat-bateko hitzarmen aukera baten aurrean (joan den abenduaren 11n adostutakoa), azaroaren hasieran udalak Zorrotzaurreko "okupa etorkinen" aferan esku hartzea erabaki zuen.

Azken emaitzak: bi makro-sarekada, indarkeriaren bitartezko 60 pertsonaren joanarazia eta identifikazioa. Gutxienez horietako erdien atxiloketa eta beste askoren kanporatze prozesua martxan poliziaren eskuetan jartzearen ondorioz. Hori ikusirik, Arartekoak gaitzetsi egin ditu poliziak hartutako neurri gogorrak eta baztertzaileak, eta GKE eta auzoko lantaldeen kritika asko ere entzun dira.

Ironiko xamarra da, Munduko Alkaterik Hoberenak paperik gabeko pertsonak eta eskaleak jazartzen zituen bitartean, Zorrotzaurreko Euskaldunako Zubia auzo elkarteak, elkarbizitzarako hitzarmen batera ailegatzeko asmoz, pabiloietako bizilagunekin elkarrizketa prozesu bati bide ematea. Gainera, Lakuako gobernuak inguru horren hirigintza plan definitiboa onetsi zuen egun berean, auzoko bizilagunek, GKEek, lantaldeek eta pabiloietako pertsonek asanblada bati eman zioten hasiera, betiere, udaleko kale hezitzaileek parte hartu gabe, gonbidatuta bazeuden ere.

Asanbladaren emaitzak oso positiboak izan dira: bizikidetza bakezale baterako konpromisoa eta elkarrenganako ezagutza asmoa dago orain; izan ere, auzoko Haceria erakunde kulturala eragile guztiei zuzendutako elkargunea prestatzen ari da, eta alde guztien arteko akordio batera ailegatu da inguruan gertatu diren lapurreta eta erasoen arduradunak identifikatzeko.

Bizilagunen adierazpenak nahiko argiak dira: "Arazorik larriena elkar ez ezagutzea zen. Gu haien beldur ginen lapurreten eta erasoen ondorioz, eta haiek gure beldur ziren sarekaden arduradunak ginela uste zutelako". Udal sarekadek, egoera konpontzen lagundu beharrean, gatazka oztopatu baino ez zuten egin, eta aurrerabiderik gabe utzi zuen egoera. Auzolanari esker bakarrik lortu zuten bidezko irtenbide baketsu batera ailegatzea.

Alternatibatik Euskaldunako Zubia elkartearen ekimena txalotzen dugu. Egun, zaila da arrazakeriazko diskurtso klasista saihestea eta, ondorioz, etorkin baztertuak gure hiriko segurtasunik ezaren arduradunak bezala ez ikustea. Oraindik ere zailagoa izaten da ekintza parte hartzaileei, integratzaileei eta positiboei bide egitea; horregatik, haien jarrera eredugarritzat hartzen dugu, meskita, narko areto eta halakoen aurrean bakarrik manifestatzen dakiten bizilagun intolerante eta berekoiei aurre egiteko.

Aldi berean, hainbat kolektibo eta GKEak ere eskualdean egindako lanarengatik zoriondu nahi ditugu, udalak berak egin behar zuen lanaz arduratu direlako: akordio batera ailegatzeko beharrezkoak ziren tresnak ahalbidetzea eta prozesuaren bitartekari izatea, alegia.

Baina ez, Azkuna sheriff-ak Polizia erabiltzea nahiago izan du, Kukutza husteko operaziotik nahiko landuta daukaten protokoloaren erabilera, hain zuzen. Zer inporta du Arartekoak gehiegizko neurriak direla badio ere, zer daki berak? Garrantzitsuena telebistan ikusten dugun hori da, nola Azkunak eskaleez, gaizkileez eta kaleko edan zaleez salbu mantentzen duen gure Botxoa. Ohi bezala.

Azpimarratu nahi dugu administrazioak bete duen papera ere, antza arazoak beti kolpeka konpontzen dituelako: Zorrotzaurreko lan berrien aurretiko desurbanizatze prozesu kaotiko honek hamabi urteko iraupena izan du. Askok eraikitzaileen faborean auzoa nahita hiltzen utzi dutela esaten dute, harritzekoa ez dena, etxeak berez jausten direlako eta mobilizazio gabezia agerikoa delako auzokideen artean.

Azkenik, Alternatibatik zentzugabekeriazko prozesu hori salatu eta Bilbon, Bizkaian eta Euskal Herri osoan izan diren beste prozesu askoren kopia dela azpimarratu nahi dugu, betiere, kapitalaren esanetara eta EAJ, PP eta PSE menpekoak diren komunikazio medioen laguntzaz. Horiek gure hiriak eta herriak beren jolastoki bihurtu dituzte, aberasteko monopoly pribatua.

Gauzak horrela, Zorrotzaurreko sheriff-a peoi hutsa baino ez dela esan genezake, txirenea eta oldarra bai, baina peoia, azken finean.

200.000

Aldundiak kooperatibak sortzera bideratutakoa. Foru aldundiak eta Mondragon Fundazioak hitzarmen bat sinatu dute. Horren arabera, 200.000 euro jarriko ditu aldundiak enpresa kooperatiba berriak sortzeko; osasuna eta ekonomia berdea izango dituzte ardatz.

Negua

Negua. Hotza, elurra, euria eta txingorra. Negua umela da. Horrela ikasi genuen aspaldi. Lezio batzuk ez dira sekula ahazten. Mendi tontor zuriak eta atzamarrik ez zituzten eskularruak ditut nik akorduan. Katiuskak ere bai; orain hain modernotzat hart...

31

Artatza jauregian egindako ezkontza zibilak. Leioako Artatza jauregian 31 ezkontza zibil egin zituzten iaz. Beste 39 Leioako Udalean egin zituzten. Gero eta bikote gehiagok hautatzen dute ezkontza zibila.

30.586

Gernikako Bakearen Museoak iaz izandako bisitariak. Gernikako Bakearen Museoa 30.586 lagunek bisitatu zuten iaz, aurrek urtean baino 1.581 gehiagok. 1998an zabaldu zuten museoaren garrantzia nabarmendu du, datuok eskuan, izen bereko fundazioak.