Zer nahi duzue izan nagusitan?", galdetu zuen andereñoak, irriñoa ezpainetan. "Nik, ballet dantzaria! —Itziarrek—. "Nik pirata!" —Mikelek—. "Serio, mesedez, umeak…", irriñoa apur bat garraztuta, andereño Birginiak.
Seguru asko, Birginiak irakasle, mediku, abokatu, eta antzeko erantzunak espero zituen. Badakizue, lan serioak. Benetakoak. Eta gura barik haurren hegoak mozten ari zen eta, oharkabe ere, ordura arteko eredu berdina jarraitzen.
Hezkuntzan aditua da Sir Ken Robinson doktorea, eta hark zera dio: "Irakaskuntza publikoaren helburu bakarra unibertsitate irakasleak sortzea da. Baina hori bizimodu mota bat baino ez da!". Robinson kexu da, halaber, hezkuntza sistemetan, herrialdea edozein dela, mailaketa berdina dagoela: piramidearen erpinean, matematika eta hizkuntzak; erdialdean, Gizarte Zientziak; eta behe-behean, arteak. Txalo zaparrada jaso zuen "sormenak eta alfabetatzeak, irakaskuntzan, garrantzi bera" izan behar luketela esan zuenean. Hamar bat urte joan dira ordudanik, eta pairatzen dugun krisi garaian entzungor egiten diegu hitzoi.
Kontuak kontu, Euskal Herrian, Frantzian, Espainian, Europan, munduan… hezkuntzan egindako murrizketak faktore komuna dira. Hezkuntza-hersturak batzen gaitu. Austeritate zaharrak. Eta austeritatea beti hasten da piramidearen behealdetik.
Badu Robinsonek anekdota barregarri bat: bospasei urteko ume batzuk marrazten ari ziren eskolan, eta irakasleak, neskatxo bati, zer zegoen marrazten galdetu zion. Eta horrek, serio: "Jaungoikoa"?? Baina inork ez daki-eta zelakoa den Jaungoikoa!", harrituta irakasleak. "Emadazu minutu bat", erantzun zion neskatoak. Saiatzen ez bagara, ez dugu inoiz Jainkoaren forma ezagutuko. Inork ez daki hemendik 50 urtera nolakoa izango den mundua, baina argi dago estupidoa dela pentsatzea patroi berei jarraituta emaitza berriak izango ditugula.
Edward de Bono pentsalari maltarrak antzeko egoera batekin azaldu zuen jarrera lelo hori. Gauez, kaleko argi baten inguruan, gizon bat ari zen bueltaka. Zertan zebilen galdetu zion bere auzokideak, eta "galdu ditudan giltzak bilatzen", erantzun zuen gure gizonak. "Hemen galdu dituzu?", auzokoak. "Ez, baina hemen argia dago". Hori ere estupidoa da. Baina horrelakoak gara.
Eta portzierto, badakizue zergatik tapatzen zuten piratek begi bat? Ez zen, begia falta zutelako. Baizik eta abordatzeetan, bizkarrean zeudenean borrokan, libre zuten begiarekin begiratzeko; eta ganbara ilunetara jaistean, estalita zuten begia libratu eta argi-maila desberdinera ohitzeko denborarik galdu barik ondo ikusten jarraitzeko. Bada, nago krisi honetatik ateratzeko dantzariei dantzari izaten utzi behar diegula, eta piratei pirata.