Elorrioko Udalak Berdintasun teknikari postua finkatuko du. Elorrioko Bilduk elorriar guztiak zoriondu nahi ditu Berdintasun teknikari postua mantentzeko egindako lanagatik, azkenean, postu hori finkatu egingo baitute. EAJk Bilduri hitzeman dio Berdin...
Iritzia
%53,8
• Botoa zezenketen alde eman duten karrantzarrak. Martitzenean zenbatu zituzten herri galdeketan jasotako botoak. 760 herritarrek eman zuten botoa, hau da, %30,4ko parte hartzea egon da. Horietatik 409k baiezkoa eman zuten (%53,8). Beste 334k ezetz esan zuten. 17 boto zuri izan ziren. Hala, datorren irailaren 18an zekorketa izango dute Karrantzan.
Aiyana
Thorsten Theek jaio zenean, 1923. urte inguruan, bere aita Matthias amerindiarren legenda zahar bat alemanera itzultzen ari zen. Aiyana zuen izena legendak eta maitasun ezinezko baina betiereko bati buruzko istorioa zen.
Markranstädt herrixkan jaio zen Thorsten, eta hiru urte geroago, dagoeneko hazten zegoen hirixka berberean jaio zen Gisi: begi biribil erraldoiak zituen neska potola. Gisik hamasei urte eta Thorstenek hemeretzi zituztenean hasi ziren elkarrekin ateratzen. Mendizaleak ziren biak, baina paraje ederrak eskaintzeaz aparte, mendiek, nazi eta gerra-giro itogarriez ahazteko beta ematen zieten gazteei. Eskerrak Thorsten gertu zegoen hiri batera bidali zuten armadako buruek, ez baitzuen Gisik jasango bere betiko maitasuna urruti joatea. Gisik hamazortzi urte bete zituenean utzi zuten erlazioa.
Veronika VaÞekova Pragan jaio zen 1942an, dagoeneko pasaportea eskuan zuela. Petra umedun zegoela ez zuten bidaia egin nahi, beraz, haurra jaio arte itxaron eta hurrengo egunean hasi zuten Ameriketarako bidaia luze eta ezezaguna Thomas aitak, Petra amak eta Veronika jaioberriak. Ez zuten gura Veronika militar artean haz zedin. Kalifornia hegoaldera ailegatu ziren noizbait: eguzkia, hondartzak, kotxeak, lan aukerak… Familia harremanak gutun bidez mantentzen zituzten, batez ere Veronikagatik, inoiz bizi izan ez zuen Txekia bere herria zela senti zezan. Karta bidez ezagutu zituen Veronikak bere lehengusu eta lehengusinak. Horrela jakin zuen JiÞina ikasle fina zela eta Jaroslav artista paregabea. Josefen heriotzaz ere horrela izan zuen berri: urteekin batera zahartzen zihoazen eskuek tinta beltzez paper horixketan margotutako hitzen bidez.
George da Veronikaren seme gazteena eta 47 urte ditu orain. Maminkoren, Veronikaren, 70. urtebetetzean Txekiara bidaia oparitu zion, kaligrafia bidez baino ezagutzen ez zituen lehengusu-lehengusinak besarkatu ahal izateko behingoz.
Thorstenek eta Gisik bizitza ederrak izan zituzten, bizi beteak. Bakoitzak bere aldetik, bakoitzak bere sendia sortuz. 2002an, baina, alargundu zen Thorsten eta hiru urte geroago hil egin zen Gisiren senarra. Heriotzak batu zituen berriro, Markranstädteko hilerrian, bakoitza bere bidaidearen hilobiaren aurrean.
2012ko abenduan hil zen Maminko, eta txekiarren ohiturak jarraituta lurperatu zuten Riversiden. Aurten, Aste Santuan, zendu dira Thorsten eta Gisi. Baina aste batzuk atzerago, hiriko parrokia luteranoan ezkontzea erabaki zuten, bizitzak alde egingo ziela sentitu zutenean. Bien seme-alabak, bilobak eta birbilobak batu ziren, ezkontzan lehenengo eta hiletan gero. Gisiren birbiloba gazteena Aiyana deitzen da.
7
• Hamar bilbotarretik hiriaren kudeaketa ontzat jo dutenak. Ikerfel enpresak Bilboko Udalarentzat egindako inkestaren arabera, hamar bilbotarretik zazpik ontzat jo dute Iñaki Azkunaren gobernuaren kudeaketa. Azken hamar urteetako altuena da. %4k baino ez dute balorazio ezkorra egiten.
DASTATZE ERRALDOIA, SALMENTA URRIA
Joan den zapatuan, beste urte batez, Ondarroa jendez lepo bete zuen Antxoa Egunak. Beharginak antxoa lantzen ikusteko aukera izan zuten. Eta, noski, antxoarekin egindako pintxoak ere izan ziren dastatzeko. 10.000 pintxo banatu ziren. Askok probatu bai...
Xakelariak
Ez dakit xakean olgatzen. Oraindik deskubritu behar dut gabezia edo abantaila ote den, baina ez dakit olgatzen. Ez dakit zaldia zeharka doan, dorrea zuzen, erregina ezinbestekoa ote den, ezta zenbat peoi dagoen ere. Pentsatzen dut ez diodala xarmarik ...
Bilbo, hiri santua
Bistakoa da gizartea gero eta gehiago aldentzen ari dela erlijioetatik, eta, bereziki, Eliza katolikotik, gehiengo sozialaren balio eta sinesmenak ordezkatzeko erakusten duen ezintasuna dela eta. Aitzitik, Bilboko Udala eta bestelako instituzioak, Estatuaren eta Elizaren arteko harreman estuari eusten tematuta daude, akonfesionaltasuna gauzatzeko duten erantzukizunari aurre egin ordez.
Harreman estu hau, udalak Eliza katolikoaren alde duen jokaera bereizlea, azken udalbatzan ikusi ahal izan dugu. Han, PNVk babestu egin zuen Bilboko Aste Santua Interes Kulturaleko Ondasun bihurtzeko PPk egindako proposamena; euren esanetan, bizkaitar gehienen sinesbide erlijiosoa kristautasuna delako.
Gutxienez, geure buruari uste hori egiazkoa ote den galdetu beharko genioke. Eta azaleko interpretazio bat eginez, ezezko erantzuna datorkigu burura. Mezaren ostean edozein elizatako atean biltzen den jende kopuruari besterik ez diogu erreparatu behar, tenplu kristauetara euren fedea praktikatzera doazenak jendetza ez direla ikusteko.
Gainera, datuak gure susmoa indartzera datoz. Eusko Jaurlaritzak duela gutxi argitaratutako ikerketa baten arabera, euskal gazteen %54k ateo, agnostiko edo ez erlijiosotzat jotzen dute beren burua. Kopuru hori urterik urte haziz doa, eta beren burua katolikotzat jotzen duten %34ri aurre egiten dio, zeinetatik %4k besterik ez dio praktikantea denik.
Hau da egungo errealitatea, zeinean erlijio hegemonikoak espazio publiko guztiak indarrez hartzen zituen garai ilunei aurre eginez, gizartea erlijiotik gero eta aldenduagoa dagoen, inongo kredorik praktikatu gabe.
Baina, dirudienez, PPk datu horiek alde batera uzten ditu, eta nahiago du Eliza katolikoarenak kontuan hartu. Horien arabera, bataiatutako pertsona oro eliztarra da. Ez du axola pertsona horrek erlijioa ez praktikatzea, ez sinestea edota katolizismoari uko egin nahi izatea. Eliza katolikoaren ustez, Estatuarekin negoziatu eta etekin ekonomikoak lortzeko asmoz, pertsona horiek eliztarrak izango dira betirako. Edozein sektatan gertatzen den bezala, behin sartuz gero, ezin izango zara inoiz irten.
Bilboko Aste Santua Interes Kulturaleko Ondasun bihurtzearen alde PNVk hartutako erabakiaren ezaugarririk larriena, gure gizartearen izaera akonfesionalaren eta laikotasunaren aurka jotzea da. Gaur egun, erlijio katolikoaren arabera definitutako hamaika ekitaldi, jaiegun eta errealitate publiko daude. Erabaki horrek, are gehiago indartuko du zilegi ez den logika hau, tradizio katolikoetatik eta horien atxikimendutik gero eta aldenduagoa dagoen gizarteari so egiten ez diona. Erlijio aniztasuna oso zabala da, eta erlijio horiek guztiak eremu pribatura mugatu beharko lirateke.
Laikotasun gehiago behar dugu; bide horretan aurrera egin behar dugu. Horixe da sinesmen ezberdinak dituzten pertsonen artean bizikidetza bermatzeko testuinguru bakarra. Eta arau hori ez betetzeak diskriminazioa, pertsona batzuen balioak besteei inposatzea eta, oro har, kontzientzia-askatasunaren oinarrizko eskubidea urratzea dakar.
Administrazio publikoa erlijio ezberdinetatik aldentzea, udal publizitatean Aste Santuko prozesioak gure ondare eta izaeraren ezaugarritzat ez jasotzea dakar, pertsona askok ez dugulako geure burua erlijio katolikoarekin identifikatzen. Horrez gain, eta hau oso garrantzitsua da murrizketa garaietan, egitasmo horiek diru publikoarekin —aurten 9.000 euro izan dira— ez finantzatzea dakar. Egokiagoa litzake diru hori pertsona guztien sinesmenak errespetatzen dituzten bestelako kultur-ekintzei ematea, auzoetako jaiei, esaterako.
Zoritxarrez, PNVk hileta zibilak leku publikoetan eta udal lokaletan egitea onartzeko Bilduk aurkeztutako mozio bati ezetza ematen dio, baina baietza ematen dio beste proposamen horri, eta PPren eta PNVren eskuma bilbotarraren izaera babesten du: erlijio kontserbadorismoa, Bilbo turismora bideratutako hiri-erakustoki bat bihurtzeko obsesioari gehituta.
Azkunari eta haren lantaldeari adierazi nahi diegu bilbotarrek nahiago dutela bestelako egitasmo batzuk Interes Kulturaleko Ondasun bihurtzea. Gure herrian benetako sustrai sakonak dituzten egitasmoak, alegia, guztion sinesmen eta eskubideak errespetatzen dituztenak, eta sufrimenduarekin, erruarekin, odolarekin eta militarismoarekin zerikusirik ez dutenak, horiek baitira Aste Santua definitzen duten ezaugarriak. Nahikoa sufrimendu pairatu behar izaten dugu jada, eskumako alderdiek martxan jartzen dituzten erreforma eta murrizketen ondorioz.
100
• Cadaguako lasterbideko abiadura muga berria. Bizkaiko Foru Aldundiak Cadaguako lasterbideko abiadura muga aldatu du. Orain arte, 120 km/h abiaduran ibil zitezkeen ibilgailuak. Aurrerantzean, Alonsotegi eta Sodupe arteko zatian, baina, 100 km/h abiadura baino ezingo dute hartu. Foru aldundiak azaldu du teknikariek "segurtasun kontuegatik" hartu dutela erabakia. Orain, lasterbide osoak muga berbera izango du.