Iritzia

%5

Egunero euskara erabiltzen duten familiak, Leioan. Leioako Udalak Euskara Plan berria onartu du. Izan ere, herriko familien %5ek baino ez du erabiltzen euskara egunero; hau da, 1.500 leioar inguruk. Hala ere, 8.000 herritar dira elebidunak.

Hamabi ispilu

Amaitu da. Bukatu da ikasturtea. Eta beti lez, denborak ezinezko jira-birak egin ditu: erabat menperatzen ez nituen gaiak irakatsi behar izan ditudanean segundoak minutu, minutuak ordu, eta orduak mende izan dira. Aldiz, gustuko materiak jorratu behar izan ditudanean eskola-orduak gaia aurkezteko baino ematen ez zuela sentitu izan dut. Esperientzia falta, hasiberriaren sindromea. Baina sintomak sintoma, hirurogei minutukoak izan dira orduak eta hirurogei segundokoak minutuak. Eta denboraren ibilera arrunt horretan, ezer ez da arruntasunetik atera. Halere, leku ezezagunetan arruntasuna ere denez arrotz, hamaikatxo xehetasun galtzen nituela nabaritzen nuen.

Hamabi ikasle izan ditut azken hiruhilekoan, hamabi ispilu. Kurtsi geratzearen arriskuarekin diot, baina S¿ren Kierkegaard filosofo daniarrak idatzi zuen bezala, "maisuak, dioenarekin baino, den horrekin irakasten du". Eta inoiz baino zuzenagotzat jotzen dut hausnarketa hori orain, baina ez handiritziaren harropuzkeriaz, ezpada norbere akatsak zuzendu nahi dituenaren aldarteaz. Umil.

Proiektu berriek sortzen duten estutasun on horrekin hartu nuen Kaliforniako lana, baiezkoa emateak zekarren denarekin. Zeure herriaren historia eta kultura atzerrian irakasteak ilusioa sortarazten badu ere, edozein irakaslek dituen zailtasunak biderkatu egiten dira existitzen ez den herri baten historiaz ari bagara. Bihotza azalaren gainetik duzunean, ozenago egiten baitute berba erraiek buruko edozein pentsamenduk baino. Eta zintzotasunez jokatzera bultzatzen zaituen kontzientziak segurtasun-sarerik gabeko funanbulista izatera behartzen zaitu: non galtzen du hatxea historiak istorio bihurtzeko? Zer da neure gogoaren galbahetik igaro ostekoa eta zer aurrekoa? Bai, historia analisia ere bada, ekidinezinezko talaia zehatz batetik idatzita dagoen kontakizuna esplikatzea; lekuko izateko aukerarik izan ez duzunean, baina.

Inoizko egunkaririk luzeena da historia ofiziala, ildo politiko markatua duen editorial orriz betea baino ez dena. Eta egoera horretan zailena norbere obsesio sakonenak ezkutatzea da. Janzkera, hizkera, zaletasunak... dira ditugun azalekoenak, kontrolagarrienak. Baina gainontzekoen begiradan eta berbetan azaltzen zaizkigu geure kabuz sekula antzemango ez genituen lerak. "Ikasi nahi duenak, irakats dezala", Zizeron dixit.

1,5

San Mamesetik lehen hilean igarotakoak, milioitan. Bilborako sarbide berria inauguratu zenetik lehen hilea igarota, epe horretan 1,5 milioi auto igaro direla adierazi du foru aldundiak. Sabino Aranatik hilabetean 1,6 milioi ibilgailu igarotzen ziren.

Euskal Herria = subjektu politikoa

Ez naiz sekula olerkizalea izan, baina azkenaldian, lagun batzuen eskari batek behartuta, euskal olerkiak irakurtzeko aukera izan dut.

Olerki artean murgilduta nenbilela, 1976. urtean Odolaren mintzoa titulupean argitaratu zuten eta Xalbadorren olerkiak biltzen dituen liburuarekin topo egin dut. A ze plazera izan den euskal olerkari hau deskubritzea!

Liburua bere osotasunean da liluragarria, baina maitasunarekin gertatzen dena (norbaitek bat-batean ttak! atentzioa eman eta zure pentsamenduetatik apartatu ezin hori, alegia) niri olerki konkretu batekin gertatu zait.

Nigarra begian dauka izenburutzat, eta, nik al dakit zergatik, pasarte honek asko hunkitu nau, mantra bat izaterainoko hunkidura:

[…] Zortearen indarrez, munduan ni ere

sartu nintzan euskaldun agerien jabe;

frantses edo español sortu banintz hobe,

gaur ez nuen izanen hoinbertze nahigabe. [...]

Onartu beharra daukat sekula irakurri dudan Euskal Herriari idatzitako maitasun eskutitz politena dela.

Baina, poetikotasunetik haratago, Xalbadorren hitz horiek gure herriak gaur egun sufritzen duen egoeraren inguruan gogoeta egitera eraman naute. Testua irakurrita, argi geratzen da Xalbadorrek bere herria zein den naturaltasun osoz ulertu eta onartzen zuela.

Xalbadorrek euskal herritartzat zeukan bere burua. Horrek dakartzan arazo eta onura guztiekin.

Eta bere nortasunaren onartze natural horrek beste nortasun batzuk ezagutzeko aukera ematen zion. Kasu honetan, espainola eta frantsesa.

Hau da, Ni zer naizen badakidanez eta onartzen dudanez, Zu zer zaren ulertzeko aukera dut. Eta, automatikoki, Zu eta Ni Gu garen jakiteko arazorik ez dut.

Eta bietako batek bere nortasuna besteari inposatzen ez dion bitartean, ez da ezer gertatzen Zu eta Ni ez bagara Gu.

Gure herriak propio dituen eskubideak aplikarazi ahal izateko, lehenik eta behin, Gu hori errekonozitu eta zehaztu beharra dugu; Euskal Herria nork osatzen dugun zehaztu eta naturaltasunez onartu beharra dugu, alegia.

Burujabetasun ariketa sinple baten aurrean baino ez gaude.

Politikan, subjektu politikoa zehaztea esaten zaio horri, eta estrategia baten barruan, lan ekidinezina da, edozein mugimendu taktiko egin aurrekoa.

Estatu zapaltzaileek, horrek duen garrantzia ulertzen dutelako, temati jarduten dute euren interesen araberako subjektu politikoa inposatua izan dadin.

Eta horrela dago gure Euskal Herri zaharra, inposatutako Gu batek desitxuratuta, ispilu aurrean bere burua ezagutu ezinik, geure burua kolektiboki zehaztu ezinik: Nork osatzen dugu Euskal Herria? Euskaldun oro euskal herritarra da? Nafarrak euskaldunak dira? Euskaldunak nafarrak gara? Ala Euskal Herria da Nafarroa? Ez, Nafarroak eta EAEk osatzen dugu Euskal Herria. Eta Iparraldea? EAEn, Nafarroan eta Iparraldean bizi garen euskaldunok osatzen dugu Euskal Herria? "Hemen" lan egiten dugunok osatzen dugu Euskal Herria? 80ko hamarkadan Espainiatik etorritako langile eta lagunak euskal herritarrak dira? Eta duela bost urte Senegaletik Bermeora etorritakoak?...

Uuuufa! Hau buruko mina.

Gu geu, hau da, gure herria osatzen dugunok nor garen jakiteko gai ez bagara, nola autodeterminatuko gara? Ezinezkoa da.

Subjektu politikoa zehaztu gabe zapalkuntzatik askatasunera bidea egiten hastea erokeria galanta da, "erabakitzeko eskubidea" defendatzera heltzerainoko erokeria, zeure zapaltzailearekin zerbait erabakitzea posible dela pentsatzerainoko ergelkeria.

Bi estatu handik duela urte asko jarri zuten martxan gure Herria likidatzeko prozesua. Zorionez, eta nahiz eta euskal sasi-politikari batzuen inkonpetentzia lagun izan, oraindik ez dute lortu euren helburua, Euskal Herria oraindik bizirik dago, erresistitzea bizi seinale baita.

Baina, zoritxarrez, kasu hauetan, beste askotan gertatzen den bezala, denborak ahulenaren aurka jokatzen du. Beraz, ezin dugu segundo bakar bat ere itxoin gure herriaren askatasun prozesua martxan jartzeko.

Geure buruaren jabe egin behar gara, aurrean ditugun etsai politikoak identifikatzeko, geure indarrak neurtu eta behar bezainbeste handitu ahal izateko, indar horretan oinarritutako askatasun estrategia bat antolatzeko eta likidatu nahi gaituzten horiei prozesuaren amaieran ozen eta garbi aurpegira Agur! esan ahal izateko.

Maitasuna

Maitasuna. Tira, maitasuna idatzi dut, baina eztei-jaietaz idatzi nahi dut, edo eztei-ospakizunetaz. Ezkontza ez da maitasunaren adierazgarria, izan liteke, baina nik beti pentsatu dut maitasuna ezkontza baino gehiago dela. Ezkontzak ez ditut oso maite izan, hori ere egia da, eta, beharbada, maitasuna eta ezkontzak beti banandu izan ditut. Baina, bai, egia da askok pentsatzen duela ezkontza dela maitasunaren gailurra. K2ko tontorrean tartetxua ematearen antzeko zerbait dela, alegia. Ingurukoen ezkontzak ikusita berretsi egin dut nire pentsamendua; hainbesteko tentsio eta burukomin ulergaitzak egin zaizkit beti. "A ze saltsa beroan sartu zara", esan nion behin lagun bati. Onartu egin zidan saltsa ederra zela. Ezkontzari nahikoa garrantzi ez diodala ematen aurpegiratuko didazu. Gutxietsi egiten dudala. Ba, gaur-gaurkoz, sinatzen den kontratu hotza baino ez dela iruditzen zait; zirkuarekin apaindutakoa, baina kontratu-alde bi dituen hitzarmena baino ez zait begitantzen. Ezkontza gorabehera, bikotekideen eztabaidak ere ikusi izan ditut, baina beti momentuko eztabaidak iruditu zaizkit. Zuk gonbidatu gehiegi dituzu edo jatetxe hori ez, edo dantzariak amaieran beti. Oso erraza behar luke horrelako zerbait antolatzea; baina puzten doan puxika erraldoia ei da. Normalean inertziak eramaten ei zaitu, eta batzuetan eztanda egiten du. "Nik ezkontza txikia nahi nuen, baina gauzak antolatzen hasi, olatuan sartu, eta azkenean 450 gonbidatu izango ditugu". Honi buelta-bueltaka ibili naiz, lehengoan esan zidatelako udaletxean antolatutako ezkontza zenbait bertan behera gelditzen direla. Uler dezazun ondo: ezkontzea erabaki duten bikote batzuek azken unean ez ezkontzea erabakitzen dute. Bertan behera utzi, ezkontza ala maitasuna? Ba, biak esango nizuke. Zein arrazoi indartsu izan lezake bikote batek azken unean udaletxera deitzeko eta ezkontza bertan behera uzteko? Ezkontzaren olatuan surf egiten ari zarela, bikotekideetako batek besteari esango dio, "aizu, laztana… zuk benetan… ezkondu nahi duzu?". Edo, agian, gordinagoa da kontua: "Begira, laztana, konturatu naiz ez dudala zurekin bizitza osoa eman nahi". Edo ezin latzagoa dena: "Dagoeneko ez zaitut maite". Kontuak kontu, horrelako erabaki bat barru barrenean zaudela hartzea gogorra iruditzen zait, errusiar mendian behera zoazela galgari ematearen antzeko zerbait. Berria eman zidanari galdetu nion ea arrazoirik eman behar ote duten. Ezetz esan zidan, ez dute arrazoirik eman behar. Ez ezkontzea erabaki duen bikoteak elkarrekin jarraitzen duen ere ez dakite. Hemendik gora dena da irudimena. Zuk zeuk eta biok asma genezakeen istorioa, hamaika aukeretatik, bat.

%41

Ekoizpena gutxitu zaien Bizkaiko enpresak. Bizkaiko enpresen %41ek dio martxoan eta apirilean ekoizpena jaitsi egin zaiela; %31k, ordea, hazi egin zaiela adierazi du.

1.895

Bizkaiko Enplegu Planak iaz lagundutako gazteak. Bizkaiko Foru Aldundiak iaz indarrean jarritako 2012-2015 Enplegu Planak 1.895 gazteri lagundu zien lehen urtean lanpostua aurkitzen. Ekonomia Sustapenerako Sailak 15 milioi inbertitu zituen.

BIZKAIKO TXAPELA, SUEDIARA

Joan den domekan bukatu zen aurreko eguenean hasitako 26. Emakumeen Bizkaiko Bira. Fruizen hasi eta Gatikan amaitu zuten laugarren eta azken etapa. Emma Johanson suediarrak eroan du aurtengo txapela etxera. Urtea hasi zenetik sasoiko dagoela erakutsi ...

Agur, San Mames

Bilbo existitu aurretik, bazegoen itsasadarreko bi bazterrak lotzen zituen zubi bat. San Antongo zubi zaharra hiribilduko paisaiaren parte izan zen bostehun urte luzez, 1870ean Udalak uholdeen kontra borroka egiteaz aspertuta, berri batekin ordezkatu zuen arte. Bilboko, Athleticeko eta Txileko Constitucion hiriko armarriek ageri duten zubia, orain dela mende bat baino gehiago desegin zuten. Ondarearen suntsiketa tatuatuta daramagu armarrian.

Sustrai sakonak dituen ohiturari jarraikiz, ehun urte luzez gurekin egon den eta nahitaez gure bizitzen parte bilakatutako estadioa eraisten hasi dira. San Mames obra-hondakin bihurtuko da San Mames Barriarekin ordezkatua izan arte. San Mames zaharrean 39.750 ikusle sartzen ziren, San Mames berriak, ordea, 53.332 pertsonarentzako tokia izango du. Halere, leku guztiak batuta ere, ez litzateke toki nahikorik egongo Bizkaian egun diren 100.188 langabeentzat.

Diru publikotik 121 milioi euro aterako dira, enpresa eraikitzaile gutxi batzuen eskuetan jartzeko. Pozez zoratzen daude beren sozio politikoek, alegia PNVk, PSOEk eta PPk babestutako operazioari esker, oraingoan abertzaletasun zuri-gorria erabili dutenak enpresari euskañolen poltsikoak betetzeko. San Mames zaharraren lurperatzaileak AHTaren lanak egiteko —aberatsentzako tren hori, pobreek ordainduta— azpilanetan aritutako berberak izan dira, instituzio publikoetatik hiru milioi euro baino gehiago xahutuko dituztenak eta euren kontu korronteetan pilatzeko. Haren izenak Balzola, Cycasa, Exbasa, Acciona, Altuna eta Uria, Viuda de Sainz edo Murias dira. Azken hiruak, Ester Koplowitzen FCCrekin batera, otoitz egiten dute egunen baten Bildu Gipuzkoatik jausteko eta, azkenik, Zubietako erraustegia eraiki eta kudeatu ahal izateko, 263 milioi euroren truke.

Enpresa horietako batzuk batzokiko partaide ospetsuak dira, baita aurkezten diren lehiaketa publiko guztien irabazle susmagarriak ere. Viuda de Sainzek, adibidez, ez du Bizkaiko lan handietako bat bera ere galdu: BEC, Supersur edota Bilboko Metroak euren irabazien curriculuma osatzen dute hainbat eskandalu ezagunekin batera: esaterako, Karrantzako minda plantaren eraikuntzatik 10 milioi euro desagertzea edota Leioako Pinosolo polikiroldegiaren iruzurrezko esleipena, 58 milioi euroren truke.

Dudarik gabe, Balzola beste munstro jeltzaleetako bat da: Guggenheim Museoa, Iberdrola Dorrea edo BEC bere eskuetatik pasatu dira. Lezamako instalazioen berritze lanak ere bere gain egon ziren. Marcelo Bielsa entrenatzaileak berak lan hauek "engainu, lapurreta eta iruzurtzat" jo zituen, ondoren Athleticeko zuzendaritzak ohar bat bidali zuela, bere entrenatzailearen aurka eginez eta enpresa eraikitzaileari babesa emanez.

Eta estadio berria eraikitzen duen aldi baterako enpresa elkartearen buruan Acciona dugu, Ibex 35ean dagoena eta zeinaren zuzendaritza Jose Manuel Entrecanalesek 2004an jaso zuen bere aitaren eskutik. Entrecanales Espainiako Vodafoneko presidente izandakoa da 1995 eta 2007 bitartean, Endesako presidente 2007tik 2009ra, eta 2012an Familia-enpresen Institutu (IEF) deritzon enpresarien lobbyaren presidentzia hartu zuen. Era berean, Lehiakortasunerako Enpresarien Kontseiluan (CEC) parte hartzen du, 2011an sortutako beste lobby batean, alegia, Espainiako hamazazpi enpresa boteretsuenetako arduradunek osatutakoa, aberriko inbertitzaileen izen ona garbitzeko asmoz. Accionako presidenteak 2012an 4,2 milioi euroko diru-saria jaso duela jakin dugun egun berean, CEC-ek irmoki adierazi du "krisiaren txarrena pasa dela".

Bielsak bere azken prentsaurrekoan esan zuen: "futbolak gero eta gutxiago du zaleen antza eta enpresariena gero eta gehiago hartuz doa". Beharbada, horregatik erotzat jotzen dute.

Agur, San Mames; agur, Bielsa.

Konplexuak

Bada asko gustatzen zaidan esaera zahar bat: "Latinez, nahiz eta jakin ez". Alegia, ez dakizun horretaz, ez zaren horretaz, harro agertzea; badakizun, bazaren plantak egitea. Ez al da hori konplexu sakon baten ondorioa?

Zahar-hitz zuhur-hitz, atsotitzak iraungigaitzak dira garaietara moldatzen direlako, errealitateen funtsera apuntatzen dutelako. Eta hizkuntzetara mugatuta, argi dago gaur egungo latina ingelesa dela. Bizitzako arlo guztiak dauzkaugu ingelesaz blaituta, munduan kokatzen gaituelako. Eta faktu hori kritikatzeko orduan, ingelesak balio erantsi gisa ematen digun erakargarritasun zapaltzailea aipatzen da gehienetan; inoiz gutxitan analizatzen da estali nahi dugunaren, lotsarazten gaituenaren angelutik.

Euskara traba bat da bizi dugun globalizazio motan. Jon Sarasuaren hitzetan, geure hizkuntza "nekez txertatzen da gaur egungo kultur inperioen eta mundu globalizatuaren egoera honetan". Eta inork ez dituenez trapu zikinak eguzkitara atera nahi, ingelesak ematen duen neutraltasun faltsu horrekin estaltzen dugu maiz geure egoera linguistikoa.

Udako jaiak hemen ditugunez kasik; iaz Bilboko Aste Nagusian ikusi nuen zerbait ekarri nahi dut gogora. Alderdi politiko abertzale baten txosnaren leloa I am Basque zen. Interesgarria litzateke jakitea txosnako kideen artean zenbatek zekiten ingelesez. Baina are interesgarriagoa litzateke jakitea zenbatek zekiten euskaraz, horretara baitzihoan ingelesaren erabilera makurra: ba al dago basque baino hitz lausoagorik? Batzuentzat basque EAEn bizi dena da, beste batzuentzat EAEn jaiotakoa, edo Euskal Herriko edozein lurraldetakoa, edo euskal arbasoak dituena… Gaztelaniaz vasco eta frantsesez ere basque. Baina euskaraz? Euskaldun? Ai, ai, ai… horrek hizkuntzari egiten dio erreferentzia zuzena. Baskoa? Ai, ai, ai… ez al dauka horrek maketo hitz iraingarriaren antz handiegirik?

Ez dut nik inor hizkuntzen zigorrarekin umiliatuko. Sekula! Familiako batzuek pairatu baitzuten maketo etiketaren zaplada eta, gerora, hurrengo belaunaldia eleaniztun eta erabat euskaltzalea sortzeko indarra izan baitzuten. Baina bai kritikatuko ditut, ozen, gizarteak behar duen eztabaida linguistikoa ekidin gura dutenak.

Euskaldun izatea edo ez izatea jarrera bat da, hautu bat. Esfortzua eskatzen duena askotan. Basque izatea, ostera, patuaren gorabehera bat baino ez. Eta banderak eta esloganak inarrosi beharrean al gaude geuretzat ere ulergaitza den definizio batekin identifikatzeko? Zergatik ez dugu hausnartzen txosnetako pankartak diseinatzen hasi aurretik? Reflexionemos, bada, réfléchissons.