Iritzia

13.400

Euskaldunak iazko Aste Nagusitik galdutako ikusleak. Jaietan 40.881 ikusle izan dituzte Euskaldunako ikuskizunek; iaz baino 13.400 gutxiago.

Satan ez da existitzen

Zineaz dakitenek diote Woody Allenek gehiago iradokitzen duela erdi irekita dagoen ate batekin zuzendari gehienek guztiz jaitsitako kremailera batekin baino. Horrek egiten ei du Allen handia. Zine onak erdizka hitz egiten baitu, ikuslea probokatzeko. Eskola berekoa zen Sidney Lumet: "Zineak, nik ulertzen dudan erara, ikuslearen inteligentzia akuilatu behar du".

Istorioak kontatzeko edozein modurekin gertatzen da hori, azken batean. Literaturarekin ere bai: beharrezkoa dena baino gehiago kontatzeak bihurtzen du liburu bat aspergarri. Irakurlea inteligente sentiarazten duena da idazle ona; irakurlea gura duen puntura eramaten duena, luma gidatzen duen eskua agertu barik. Zinema ona eta literatura ona, finean, makillaje onaren modukoak dira: zenbat eta gutxiago igarri, hobe.

Jakina, helduon prismatik ernatutako hausnarketa da hau; umeek ez dute oraindik zolitasunak behar bezala ulertzeko gaitasuna. Oraindik ez dira abilak horretan: argi agertzen ez zaiena ez dute argi ikusiko. Horregatik, nahiago dute pailazo baten makillajea aldizkarietako izarren no-makeup-a baino. Lerro-artea harrapatzeko kapazitaterik ez dute, baina, garrantzitsuena dena, lerro-artea asmatzeko maltzurkeriarik ere ez. Horretaz urteekin kutsatuko dira, ondo hezten ez baditugu behintzat.

Eta, antza, Carlos Urkijo gobernadorea kutsatuta dago. Ai, lerro-arteak! Pirritx eta Porrotxek EITBn lekurik ez izateko eskatu du, ETAren biolentzia modu distortsionatuan azaltzen omen dutelako. Bada, jar ditzagun karta guztiak mahai gainean: Aiora Zulaikak eta Joxe Mari Agirretxek (Pirritx eta Porrotx) egin dituzte aldarrikapen politiko eta sozial argiak publikoki. Kaletar lez zein pailazo bezala —sakabanaketaren kontra, adibidez—. Eta Zulaikak, zinegotzi zenean, ez zuen Froilan Elespe PSE-EEko zinegotziaren hilketa kondenatu. Dena egia. Baina zintzo, antzekorik ikusi al du inork ikuskizunen batean? Edo Ongi etorri, Pupu eta Lore-n edo Irrien lagunak-en edo Piraten DVDan? Ai, no-makeup-a! Eta ez gaitezen ziniko izan: Pirritx eta Porrotxen arrakasta ez datza ETAko presoekiko elkartasunean, Urkijok dioen bezala. Pailazo hauek, Beatlesak bere garaian legez, sold out kartela eskegitzen dute umeek ondo pasatzen dutelako. Kito. Eta Liverpoolekoak aipatzea ez da kasualitatea, bazeudelako ziotenak disko zuria atzekoz aurrera entzunda satanen ahotsa entzuten zela. Eta satan, Urkijo jauna, ez da existitzen.

BAINUA HARTZEKO, OZTOPORIK GABE

Foru aldundiak Hondartza Denontzat programa martxan ipini du, beste urte batez, mugikortasuna mugatua duten pertsonek ere bainatzeko aukera izan dezaten. Aurten, Ingurumen Sailak Mundakako hondartzan egin ditu obrak. Egurrezko arrapala eta espaloi zab...

48

Artxandako tunelak itxita egongo diren orduak. Artxandako tunelak eta Deustuko zubia konpontzeko, bihar 06:00etan hasita 48 orduz itxita egongo dira tunelak.

Kristal zaharren kolorea

Champion sound da azken boladan gehien entzun dudan kanta. Crystal Fighters talde euskaldun-britainiarrarena da, eta badauka dance alternatiboak eta indie musikak duten atmosfera bereizgarri hori, bere baitan bildu eta limurtzen zaituena. Hango eta he...

2.106

Ekainean Bizkaiko langabeen zerrendak izango jaitsiera. Maiatzean baino 2.106 bizkaitar gutxiago egon dira ekainean langabeen zerrendan izena emanda. Hau da, %2,1 egin du behera langabeziak. Iazko ekainarekin alderatuz, ordea, 8.659 langabe gehiago egon dira.

%7

Bizkaiko merkatarien salmentek izandako beherakada. Bizkaiko Merkatarien Elkarteak jakitera eman duenez, aurtengo lehen seihilekoa "beltz-beltza" izan da herrialde historikoko merkatarientzat. Krisiak eta eguraldi txarrak salmentek behera egitea eragin dute. Batez beste %7 jaitsi direla diote; ekaineko azken datuak falta dira. Haien esanetan, egoera aldatu ezean denda "mordoa" itxiko da, sektorea "egoera larrian, hilzorian" dagoelako.

Kolorezko galtzerdiak

Etxerako bidean dago Hontza. Gogoan duzu? Oroimenak lekua bete ohi du, bai, eta, sarri, garrantzi bakoak ezabatu egiten ditugu. Agian ez dakizu zer ote den, aspaldi Bilbon jazotako lotsaunea izan baitzen. Nik, ostera, egunerokoa dut. Etxeratzen naizenero akorduan izaten dut duela urte batzuk Hontzak zer buruhauste eta protesta eragin zituen. Zenbat albistegi minutu. Drogazaleentzako tokia da, bertara doaz gauetan abaro bila. Inork ez zituen nahi etxepean; erraustegiak, beilategiak edo edozein —tegi nahi ez dugun modura. Ondo bizi bai, baina lohikeria beste batzuen etxepeetan nahi dugu. Zikinkeria, baina, gu geu gara eta ez dago etxepetik urruntzerik. Esaten nihoakizun lez, etxe bidean ikusten ditut Hontza beharra duten pertsonak dagoeneko zubia edo itsasertza bezala paisaiaren zati. Gizonezkoak izaten dira normalean. Lantzean behin, baina, emakumezkorik ere agertzen da. Latza da emakumeen kalerik kalekoa, baina hori beste baterako utziko dugu. Asteon kolorezko pinportadun galtzerdiak zeramatzan emakumea ikusi dut. Lurraren gainean eserita. Apurtua. Hontza noiz zabalduko zain. Arrakalak begietan, ezpain inguruetan, ariman, ziurrenen; saldu bako arima zatirik gelditzen bazaio. Kalea gorria da emakumeentzat (esan dizut, bai; baina ahantz ez dezazun errepika egin behar dut… eta errepika) baina kalean bizi diren emakumeentzat gorriagoa. Behearen gainean jesarrita zegoela gizon bat hurbildu zitzaion. Marrantadun ahotsa zuen gizonak eta zerbait esan zion nik oso ondo aditu ez nuena. Kolorezko galtzerdiak zituen emakumea baztertu egin zen alboan jesar ziezaion. Ez dakit zer ziotsan gizonak. Ez zelan. Emakumeari seguruen bost inportako zitzaizkion esaten zizkionak baina behin behineko bidaia-laguna ez zen jabetu. Edo baliteke emakumeak pentsatu izana egun osoa zeramala solasaldi ganorazkoa izan barik, eta hizketari jarraitu zion berea ez zen beste bozik badela sentitzeko. Ez, ez nuen nire burua bere lekuan sentitu. Urrun nengoen zentimetro batzuetara egon arren. Pausoa mantsotu nuen eta urratsaren pisua gainera etorri zitzaidan ondo bizi garenon norberekeriaz. Pentsatu nuen kolorezko pinportak galtzerdietan zeramatzan emakumeak pisu hori aspaldi galdua izango zuela. Biziaren gailentzea zela garrantzia zuen bakarra. Pisu hori errutina bilakatu zitzaiola akorduan ez duen momenturen batean. Eta agian inoiz denarekin amaitzea pentsatuko zuela. Ez poema batek edo kantu batek egin lezaketen bezala. Benetan. Hemen zegoen, baina. Hezur haragizko poema. Hontzan. Abaro bila. Momentuz, bizitzan gelditzeko asmoz.

700.000

Alkateen foroak Bilbon sortutako dirua. Bilboko Udalak ezagutzera eman duen azterlan baten arabera, Munduko Alkateen Foroak 700.000 euro pasatxoko diru sarrerak ekarri dizkio hiriari. Horietatik ia 300.000 bisitariek egindako gastuak izan dira. Udalaren azterlanaren arabera, ostalaritzan igarri dute gehien munduko hainbat alkate Bilbora etorri izana, %28ko igoera nabaritu baitute diru sarreretan. Bilera antolatzeko, 500.000 euro erabili ziren.

ARAZTUTAKO URAK, ITSASO ZABALERA

Gorliz, Plentzia eta Barrikako ur zikinak garbitu ostean itsasora botako dituen hodia martxan dago. 53.000 herritarrek erabilitako ura araztegitik ateratzeko erabiliko da. 2009tik lehorreko zatia martxan zebilen, eta asteon, itsaspetik doana ireki dut...