Foru aldundiak harrera egin die asteon Bizkaian akreditatuta dauden kontsulei. Unai Rementeria Lehendakaritza diputatuak eta Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak izan zituzten zain asteleheneko ekitaldian. Euren jatorriko herrialdeeta...
Iritzia
‘Exkixufrenia’
Euskaldunon kirol nazionala etimologia da", irakurri nion behin John Ysursa historialariari. Grazia egin zidan, askotan ibiltzen naizelako ni hitzen jatorria bilatzen, asmatzen saiatzen, eta hitzen erroak hartu eta berriak sortzen. Friki puntua duela aitortzen dut, baina onartzeko lotsarik ez, friki berdintsu asko ezagutzen ditudalako, horietako asko bertso eskolan. Ez da harritzekoa, harrikada baitute horko askok. Eta Ysursaren hipotesia egiaztatuz, aurreko igandean, Murgiako bertso-saiorako bidean, kontu horiekin ibili ginen: hitz batzuen jatorria, hizkuntzalari hainbaten teoriak eta, beti lez, euskararen etorkizuna. Ondo gabiltza? Txarto? Esperantzara kondenatuak ala kondenatuak bakarrik?...
Hizkuntza politika arrakastatsuaren paradigma legez hartu ohi da hebreerarena: 150 urtetan, milioi erdi hiztun izaten hasi zirenak zazpi milioi bihurtu dira. Gainera, hizkuntza politikak, zentzu hertsian, ezin ditu 65 urte baino gehiago izan. Nola izan da posible? Bada, hiztunek gura izan dutelako. Hamaika kritika egin ahal zaizkie juduei, baina hizkuntzarekiko izan duten atxikimendua ikusita inbidia diet, ingurura begiratuta ez baitut euskara benetan maitatzen duen gizartea ikusten. Egiten ditugu gauzak, ospatzen ditugu egunak… Baina ez. Uste dut euskaldunon eskizofrenia linguistikoak kopeta eta gogoa ilundu dizkidala oraingoan.
Eta orduan, Kaliforniako lagun batek, sentimenduak irakurri izan balizkit bezala, mezu elektroniko bat bidali dit: "Txundituta nauka zelan jendarte batek maita dezakeen bere hizkuntza zuek, euskaldunok, zeuona maite duzuen bezala". Eta kopeta eta gogoak argitu zaizkit pixka bat. Eta pentsatu dut, adibidez, Algortan, Euskal Gune bat sortzeko ideia bota eta hil batzuen buruan 60 lagun batu garela, bazkide izan eta proiektua aurrera ateratzeko.
Batzuetan sinesten dugu, eta besteetan amestu, gertu dagoela geure hizkuntza, sano eta bizi hegan ibiliko den eguna, eskinosoa legetxe, exkixua bezala. Baina Txillardegik Exkixu-n irudikatutako errealitate linguistikoa ez da lar aldatu, mende laurdena joan izan bada ere. Kopeta ilun, kopeta argi, gogo oneko, gogo eskaseko. Exkixuren Gure hitza abestia danbadaka hasi zait kaskoan: Arbasoen ahotsa / otsoentzat bildotsa / gu artzain egin ezean / laster du heriotza / zer otso eta zer kristo / kantatua den hizkuntza / sekula ez da hilko. Bertsolarien harrikada sortzailearekin gozamena hartu genuen Murgian. Euskaratik eta euskaraz. Euskaldunok halabeharrez bizi dugun exkixufreniak gaurkoan eguna gogo onez bukatzen utziko didala uste dut. Gogo oneko, kopeta argi.
Conchita Wurst
Udaberrian ospatuko den Eurovision festibala dela eta, hautsak harrotu dira azken asteotan. Austriak Conchita Wurst artista transexuala izendatu du bere ordezkari, baina jende asko agertu da hautaketa horren aurka, eta zenbait herrialdek lehiaketan ez parte hartzeko mehatxua ere egin dute.
Izen artistiko femenino horren atzean, Tomas Neuwirth kantaria dago: emakumez jantzita eta orraztuta oholtzaratzen da, emakume gorpuzkeraz, emakumeek bezala kantatuz, mugituz… Baina bere izatea alboratu gabe, bizar beltz-beltza luzitzen du errimel eta karmin gorriarekin batera. Eta, noski, gizarteak eredu estandarretatik at dagoen guztiari erantzun ohi dion bezala erantzun dio: ukapenarekin. Den orok, etiketa bat behar duela dirudi. Zergatik estutzen gara horrenbeste gauzak izendatu, sailkatu, banatu, definitzen? [...] XXI.mendeko Europa homofoboa. Gabiltzan kontuz ustez gainditutzat ditugun arazoekin, zeren noizbait alfonbra altxatu eta azpian ezkutatu dugun zikinkeria guztia ateratzen bada…
Miren Amuriza. 'Anboto'.
Bizkaia prekarioa eraikiz
Aste osoan atsedenik gabe lan egitea, astelehenetik igandera; 12 lanorduko egunak; orduko 5 edo 6 euroko soldatak, noski, ordu estrarik gabe. Ez, ez da industria iraultzari buruzko Charles Dickensen liburu bat; ezta 29ko krisiari buruzko analisia; ezta Estatu Batuetan kotoia biltzen zuten esklaboen lan baldintzen argazkia ere. Gurean gertatzen ari den zerbaiti buruz ari gara, munduko alkaterik onenaren hirian. Oraintxe gertatzen ari da, XXI. mendean, enpresen diru-gosearen ondorioz eta instituzio publikoen laguntzarekin.
Aipaturikoa San Mames Barriaren eraikuntza lanetan gertatzen ari denaren laburpen soil bat da. Han, hainbat enpresak horrelako lan baldintza lotsagarriak ezarri dituzte, sindikatuek azken hilabeteotan salatu dituztenak. Eta horiek ez dira gertakizun bakanak. Izan ere, enpresek Eraikuntzaren Hitzarmenak behin eta berrito urratzen dituzte, bai obra pribatuetan eta bai publikoetan, eta eraikuntza enpresa handiek bere etekinak handitzeko beharrezkoa den guztia egiten dutela azaleratzen du, baita lan eskubideak urratu ere.
Egoera tamalgarria da. Baina oraindik lotsagarriagoa da diru publikoarekin finantzatutako lanetan onartzea, instituzio publikoek sustatutako obrak segurtasun eta lan baldintzei dagokionez eredugarriak izan ordez.
Baina errealitatea oso bestelakoa da; prekarietatea eta esklabotzatik gertuko lan-baldintzak. Langileriaren aurkako erasoa osatzen duten azken urteotako lan erreforma guztiak —PP, PNV eta PSEk babestutakoak— aski izango ez balira bezala. Orain, instituzioen arduragabekeriaren bidez, legea ekidin nahi dute, horrek dakarren injustizia babestuz.
Horrela, eta San Mameseko lanak 2010eko ekainean hasi ziren arren, aurtengo irailera arte, 3 urte alegia, ez da ikuskapenik egin. Orain, hilabeteetan salatu izan den errealitate bat azaleratu da; hau da, hainbat enpresa legez kanpo jokatzen ari direla, eta ez dutela Bizkaiko Eraikuntza eta Obra Publikoko Hitzarmena betetzen, lan baldintzak murrizten dituzten bestelako itunak baizik.
Gauza bera gertatuko al da Deustuko Kanala irekitzeko lanekin? Bilboko Udalak neurriak hartuko al ditu hori ekiditeko? Hori nekez gertatuko dela dirudi, oraingoz ez baita ezer egin. Are gehiago, San Mames Barrian gertatu dena jakinda ere, udalak alde batera uzten du instituzioek langileen eskubideak babesteko duten betebeharra. Kanala zabaltzeko lizitazioaren baldintza pleguetan klausula sozialak sartzeko aukera galdu zuen, zeinen arabera, enpresa adjudikaziodunek, kontratek eta azpikontratatuek Bizkaiko Eraikuntzaren Hitzarmena derrigorrez bete beharko zuten. Baina udalean klausula sozial horiek ezartzea guztiz ezeztatu du PNVk, eta azken osoko bilkuran Hirigintza zinegotziak baieztatu bezala, lege esparruaren arabera, ezin omen da inor derrigortu hitzarmen hori betetzera.
Berriro, eskubideak ukatu eta urratzeko ohiturari jarraikiz, PNVk Bizkaiko Batzar Nagusietan ere, obra publikoen kontratazio baldintzen pleguetan enpresa adjudikaziodunek Bizkaiko Eraikuntza Hitzarmen Kolektiboa betetzeko derrigortasuna sartzea eskatzen zuen EH Bilduren mozio bat baztertu du, betebehar hori bermatzen zuten neurriak zehazten zituenak, hain zuzen. Jeltzaleentzat, inoiz ez da une egokia behekoen alde jokatzeko.
Edonola ere, errealitateak erakutsi du posible dela langileen eskubideen alde egitea. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusiek uztailaren 17ko 4/2013 Foru Araua onartu dute, zeinaren arabera lan eta soldata baldintzei buruzko klausulak kontuan hartzea edota hitzarmen kolektiboak obra publikoetan aplikatzea posible izango den. Horrek frogatzen du egingarria eta guztiz legezkoa dela.
Eta ez badute egiten, nahi ez dutelako da. Ez diote hainbat enpresaren diru-goseari mugarik jarri nahi. Eta, bien bitartean, prekarietatearen hazkundearen ondorioz hiltzen den langile kopurua, azpikontratazioa, aldi baterakortasuna eta segurtasun neurrien eskasia handituz doaz. Azken buruan, hiltzen badira, hala nahi dutelako da.
Gabardina bako exhibizionistak
Hirian badira kale eta bazter ilunak, bertatik pasatzean barrena erne egotera pizten zaituztenak. Gaztetan, etxera heltzeko parkea gurutzatu behar nuen. Egunez zoragarria zen leku hura, gauez zuhaitzen itzalekin leku beldurgarri bezain misteriotsua bi...