Iritzia

6,3

milioi euro hondartza denboraldia abiatzekoEguraldiak laguntzea besterik ez da falta. Gainerakoan, Bizkaiko hondartzak prest daude bisitariak jasotzeko. Ekaina hasi denetik dago zabalik denboraldia, eta berau prestatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak 6,3 mi...

Gurutzontzien gezurrekin nazkatuta!

Badirudi modan jarri dela gurutzontzien turismoa. Azken hilabeteotan medioetan eman dioten bonboa ikustea besterik ez dago: Euskadirako atea garela, mapan kokatu gaituztela, munduko handienak datozela… Maiatzaren 28an gurutzontzi kai berria inauguratu zuten Getxoko Kirol Portuan. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldunak eta EAJko beste zenbait ordezkarik argazkiak ateratzeko aprobetxatu zuten. Getxoko PPko Arrue anderea haserretu egin zen gonbidatua izan ez zela jakitean eta, hala ere, bertaratu zen, argazkian merezi zuen lekua aldarrikatzera. Edozer argazkian egoteagatik!

Bildukook ez genuen inolako interesik, baieztapen faltsu eta iragarkietan oinarritutako argazki horretan parte hartzeko. Nazkatuta gaude Getxoko udalak, EAJren gidaritzapean, PP, PSE eta kai honen gauzapenean parte hartu duten erakunde guztiekin batera, ustezko gurutzontzien turismo aberasgarriaz egiten ari diren distrakzio estrategiarekin.

Ez dugu munduko gurutzontzi erraldoien sarrera izan nahi, etxebizitza eskubidea bermatua ez duten gazteen, lokalak itxi behar dituzten tabernarien eta merkatarien, eta galtzen den ondarearen irteera nagusia garen bitartean.

Itsasora porlan gehiago botatzea suposatu duen proiektu honen sustatzaileek kontsumo parametrotan neurtzen dute aberastasuna: gurutzontzi handiak datoz = milaka turista datoz = kontsumo gehiago. Pertsonak eurotan baloratzen dituen logika kapitalista gezur batean oinarrituta dago: gurutzontziek ez die aberastasun ekonomikorik ekartzen Getxori. Itsasontzitik autobusean Guggenheimera doazen bidaiariek ez digute ekarpenik egiten; pakete turistiko bereziak eskainita ere, ezer gutxi emango diote, denongatik jakina baita gurutzontzien turismoa aurretik bideratutakoa dutela. Kontrara 21 milioi euro xahutu dira kaian, alokairuzko etxebizitza sozialean, La Galeako Fortea edo Punta Begoñako galeriak konpontzen edo herriko merkatari eta ostalariak laguntzeko erabili ez diren 21 milioi euro espainol (Estatuak jarri baitu dirua, turistak "España grande y libre" bisitatzera etor daitezen). Eta horrekin batera, kutsadura gehiago Kantauri itsasora, trafiko gehiago herrira...

Kontziente gara gure herriak bertokoak zein kanpokoentzat dituen doai turistikoez; harrotzen gaituzten labar, hondartza, paisai, kultura herrikoia eta auzoak ditugu. Goazen ba horietan inbertitzera, getxoztarrentzat herri bizigarriago bat egiteaz batera, bisitan datozenak goza dezaten. Babestu dezagun itsasoa (Dragarik ez!), zaindu ditzagun hondartzak, babestu ditzagun natur guneak (Andra Mari, Larrañazubi...), balioan jar dezagun herri ondarea (Portu Zaharra, Malakateak...), sustatu ditzagun jai herrikoiak eta auzo bizitza, aukerak eman diezaizkiogun herriko sortzaileei... Turismoak ekarpen interesgarria egin diezaioke herri honi, herri ekonomia sustatzeko tresnaz gain, hartu-eman eta errespetu kultural eta sozialaren parametroetan ulertzen badugu.

41.026

Iaz odola eman zuten bizkaitarrak. EAEko Odol Bankuak iazko odol emateen balantzea egin du. Bizkaian, 41.026 lagunek eman zuten odola. Hiru herrialdeetan, osotara, 95.465 izan ziren; %4,5 gutxiago.

Zein duzu nahiago?

Garai batean ugariak ziren gure inguruetan kea botatzen zuten tximinia luzeak. Etxe alboan genituen fabrikak. Egun garai horiek gogorarazteko tximinia luzeak baino ez dira geratzen, eraitsi zituzten eraikinak eta fabrika zegoen lekuan, langileen hotsa...

BERRIKUNTZAREKIKO ATXIKIMENDUA

Erandioko Tamoin enpresak jaso du aurtengo Marcelo Gangoiti saria. Elizbarrutiaren Muskizko Somorrostro ikastetxeak, SPRIk, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Cebek patronalak banatzen dute urtero, Bizkaiko kooperatibismoa bultzatu zuen Mungiako apaizaren izena duen saria. Antonio Barrenetxeak jaso zuen garaikurra, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiaren eskutik. Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, "berrikuntzarekiko duten konpromisoagatik" saritu dituzte.

107

Barakaldoko Udalaren aurrekontua, milioitan. Barakaldoko udal gobernu sozialistaren aurrekontua onartu da asteon, jeltzaleen babesarekin. 107 milioi euro izango dira; iaz baino %5,4 gehiago.

Erabaki ala izan

Politikaz hitz egiten aritu ginen lehengo egunean kuadrillan; ez da euskaldunon artean ohikoa, baina erabakitzeko eskubidearen alde Gure Esku Dago ekimenetan parte hartzeko gogotsu zegoen lagun batek atera zuen gaia, bero-bero zegoelako. Berehala zapuztu zuen beste lagun batek haren zirrara: "Erabakitzeko eskubidea ez da existitzen". Eta kristoren erretolika bota zigun erdi haserre: "autodeterminazio" eskubidea dela Giza Eskubideen Nazioarteko Gutunean (GENG) jasota dagoen antzeko eskubide bakarra eta herriek/nazioek determinatutakoa independentzia izan daitekeela, baina baita beste aginte modu batzuk ere (federazioa, autonomia… eta asimilazioa ere bai).

Giza katearen ilusiotik asimilazioaren hautura pasatu ginen zast batean; euskaldun izatetik borondatez espainiar izatera, alegia. Ezjakintasunak eraginda, isilik egon nintzen, eta, gerora, hariari tiraka ibili naiz. Argi dut eskubideak Nazioarteko Zuzenbidean jasota egoteak ez duela esan nahi beti eta edonon betetzen direnik (lan egiteko eskubidea ere jasota dago GENGn, eta begira non gauden!), ezta interpretazio ezberdinak eta hutsuneak ez daudenik ere. Izan ere, the right to self-determination horrek talka egiten du estatuaren lurralde-osotasunaren aldeko printzipioarekin, eta, orduan, "autodeterminazio eskubidea" kolonien kasuan edo estatuarekin ados jarriz gero baino ezin omen da lortu… eta, noski, gehienetan, adostasun hori ez da erdiesten. Ez al zarete ohartu nazio/herri gehiago dagoela munduan estatuak baino? Begi bistakoa da ez dagoela arauturik, nazioen nahiaren arabera, estatuen mugak nola aldatu behar diren.

Eta, orduan, nola da posible Kosovo independente izatea? Han, ez zen albaniarren eta serbiarren artean adostasunik egon; independentzia aldarrikapen unilaterala izan zen. Horrelakorik Nazioarteko Zuzenbidean jasota ez dagoen arren, haren kontrakoa ere ez da, antza. Dudarik ez espainiar araudia urratuko lukeela (izan ere, Espainia da Kosovo estatu gisa onartzen ez duten estatuetako bat). Baina forma aldetik dauden zalantzak edukien bidez gainditu daitezke; batzuek onartu ez arren, Kosovo hor dago. Beraz, eman diezaiogun edukia, formaz haratago: independente gisa autodeterminatutako herriak/nazioak estatuaren ezaugarriak eta egiturak garatuak baditu, nola ez da burujabe izango?

Eta dudarik ez dut Euskal Herrian herria/nazioa badagoela, Nazioarteko Zuzenbidean herri kontzeptuaren definizio bateraturik ez badago ere. Argi dago formei eta arauei kasu egin behar zaiela, baina arauak sortu eta eraldatu egiten dira edukien eta ekintzen ondoren.

418

Madariaga dorretxean bildutako jostailu kiloak, iaz. Busturiako Madariaga dorretxean 418 kilo jostailu eta erabilitako 135 kilo arropa bildu zituzten iaz. Rezikleta-Kooperari eman dizkiote guztiak.

Einsteinek esan zuen

Goiz ederra egin zuen joan den larunbatean Los Angelesen, baina ez nintzen etxetik atera. Facebook, Twitter eta hainbat hedabidetako webguneetan publikatzen zirenak irakurtzen eman nuen egun erdia. Bilbon, 100.000 lagunetik gora batuta zeuden Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea defendatzeko. Egunero berotzen du eguzkiak aingeruen hiria, baina 100.000 lagunek ez dute egunero gaua argitzen Bilbon.

Zirraragarriak ziren irudiak, oilo-ipurdia jartzen dizutenetakoak. 100.000 lagunetik gora zeuden botxoan, baina askoz gehiago ginen lelo horren atzean arima, bihotza eta ilusioa jarri genuenak. Nekatuta gaudelako urte lar irauten ari den marmotaren egun eternal honetaz. Betiko leloen betiko leloez.

Manifestazioan hutsuneak bazeuden ere —joan ez ziren alderdi, sindikatu eta plataforma guztiak, hain justu—, ikusgarriagoak ziren horien inguruan batuta zihoazen eskuak eta esku horiek zizelkatu gura zuten etorkizuna: giza eskubideetan eta bakean zutarritako konponbide batetik bakarrik ailegatuko den gero itxaropentsua.

EAJ eta ezker abertzalea batu ziren, azkenik. Baina ez ziren eskutik joan, gogoa zutelako batak besteari mokoa begian sartzeko. Baina betiko leloen betiko gogoak ez du herria gogolelotuko. Halere, ez diezaiegun politikariei geure akatsik leporatu: herriak ere zerbait egin zuen txarto.

Manifestazioak isila behar zuen, eta ez zen horrela izan; ez une eta zonalde denetan, behintzat. Betiko keriak. Baina bide berriak jorratu beharrean baldin bagaude, betiko negar eta kexuetan ibiltzea antzua da. Emaitza desberdinen bila baldin bagabiltza, behin eta berriz ekuazio bera errepikatzea estupidoa den moduan, Einsteinek esan zuen lez. Eta beti geratzen da ondo nazioarteko izenak aipatzea honelako kontuetan, etxekoegia ez emateko.

Eta etxeko aireaz aparte besterik arnasteko ere, hona hemen manifestazioaz atzerrietan esan zutena: "Hamarnaka mila lagun batu dira Espainian ETAren aldeko manifestazioan" (The New York Times); "ETAren aldeko manifestazioa Bilbon" (Al Jazeera). Hurrengo egunean titulua aldatu zuen Qatarreko hedabideak: "Giza eskubideen aldeko manifestazioa Bilbon". Mina emanda zegoen, baina. "Independentziaren aldeko manifestariak batu dira Bilbon" (AP).

Onar dezagun, eta konpondu, herri bezala egindako akatsa. Eta alderdiek eta alderdikoiek elkarri mokoka jarraitzen duten bitartean, saia gaitezen, gainontzekook, hobeto egiten hurrengoan: "Gauzak ondo ateratzeko aukera gutxi daudela badakit, baina saiatzea dut obligazio". Hori ere Einsteinek esan zuen.

56

Portugaleteko aurrekontu proiektua, milioi eurotan. Portugaleteko 2014rako aurrekontua aurkeztu du udalak: 56 milioi. Iaz baino %5,7 gehiago. Mikel Torres alkatearen esanetan (PSE-EE), bere alderdiak eta EAJk beste erakundeetan lortutako akordioak "posible egin dezakete" proiektua onartzea.