Igor Elordui Etxebarria
Esaten da guraso zarenean bizitzaren ikuspegia aldatzen zaizula. Ar jaiotzea edo guraso ez izatea ez da oztopo, edo ez litzateke izan behar; baina eme jaio eta ama izatea ere ez denez ezeren garantia, ausartzen naiz aitortzera n...
Iritzia
Egunerokoa
Zapatak, salbamendu-jakak, motxilak, txalupak. Errefuxiatuen bizitza zatiz —eta hilotzez— betetzen doaz Egear itsasoa eta bere kostaldeak egunero. Hilabete honen hasieran, baina, arropa baino zerbait are pertsonalagoa jaso zuten Dikiliko hondartzako ur ertzetik, Turkian: eguneroko bat.
Hürriyet egunkariak zabaldu zuen albistea, egunerokoaren orrialde pare baten argazki eta guzti; tinta urdinez idatzitako hizki arabiarrak ageri dira, ur gaziaren ondorioz lausotuta eta orri ertzak erreta. Jabearen izenik ez dakar, baina neska batena dela esan dute irakurri dutenek. Eta orain, gure jakin-min eta morborik ilunenak esnatzeko falta zen datua: gerrak hautsitako maitasun baten istorioa kontatzen du egunerokoak. Dudatan egon naiz xehetasunak idatzi edo ez, pertsona baten pribatutasuna urratzea delako funtsean eta arazoa kulebroitu dezakeelako, baina hipokrita xamarra litzateke nik istorioa irakurri eta nire morboa enpatxatu ostean lezio etikoak ematen hastea.
Siriatik Turkiarako bidaia deskribatzen du hasierako orrialdeetan neskak, nola ihes egin zuten berak eta bere familiak Damaskotik eta nola zeharkatu zuten Turkiako muga. Baina, batik bat, Besil izeneko mutil batenganako maitasuna kontatzen du orrialdero; batera gurutzatu zuten muga, baina mutilak Alemaniara alde egin zuen gero. Ordutik egoerari bueltarik eman ezinda bizi izan da neska siriarra, "barrutik hilda". Sare sozialen bitartez jakin zuen Besil bizirik iritsi zela eta ondo zegoela, bizitza berri bat hasita dagoeneko; neskak, ordea, ezin izan zuen mutila burutik atera.
Turkiako kostaldera beste 31 gorpu iritsi eta denbora gutxira ekarri zuten olatuek egunerokoa. Izenik jakin gabe ezin da ziur esan jabea hildakoen artean ote zegoen, baina ziur egon gabe ere esan daitezke zenbait gauza eta oker ibili ez. Gertaera kurioso gisan zabaldu da notizi laburra Turkiako sare sozialetan, eramangarriagoa baita maitasuna darion drama, heriotza eta miseria darizkiona baino. Badirudi hildako bakoitzaren atzean istorio bat egoteak harritzen gaituela, badirudi olatuek goizero ehunka eguneroko busti bota ezean ez dugula sinetsiko pertsonak itsasoan itotzen ari direla une honetan bertan; ume txiki bakartien gorpuak, izenak, xehetasun pertsonalak behar ditugu enpatia sentitzen hasteko. Koadernoan idatzi gabe utzi zituen orri zuriez oroitu naiz, kontatu ezin izan zuen guztiaz, heriotzaz, hotzaz, beldurraz. Baina istorio hau egunerokoa da.
Memoriaren izenean
Pasa den astean, zapatuan, Larrabetzuko Urkulu mendian, CNTko miliziano baten gorpuzkiak atera zituzten Aranzadi zientzia elkarteak eta Larrabetzuko Karraderan kirol eta kultur elkarteak. Bertatik bertara bizitzeko aukera izan nuen, eta, benetan diotsuet, hunkigarria izan zen. Goizean abiatu ginen gorpua zegoen lekura haren familia, Karraderaneko kideak, Aranzadikoak, Bilboko CNTko hainbat lagun —beraien bandera gorri-beltzekin—, eta beste herritar batzuk. Heldutakoan, ezertan hasi aurretik, gorpua agertu zen tokia markatu zuten Aranzadikoek. Horren ostean, hara joandakoen errepasoa egin zuten: familia, Karraderaneko lagunak, Aranzadikoak eta gainontzekoak. Denok ipini behar izan genuen izena zerrenda batean. Esan ziguten beranduago agintariak eta erakundeetako ordezkariak joango zirela, baita kazetariak ere.
Gorpua lurretik ateratzeko beharrarekin hasi baino lehen, ordura artekoak azaldu zizkiguten: asteazken goizean topatu zuen gizon batek —Urkulu mendian hamabost egun lehenago lurpetik ateratako gudariaren arrastoari segika joanda—, hezur batzuk, eskuzorro bat —barruan orduko Jaurlaritzako bi pezetako sei txanpon—, eta identifikazio-plaka. Plakari esker jakin da, hain zuzen ere, nor den; nahiz eta, argitu ziguten, DNA probak egin behar zaizkion oraindik.
Ramon Portilla Acedo. 18 urteko gaztea. Trapagarangoa. Celta batailoiko kidea. 1937ko ekainean hil zuten Urkulu mendian, Burdin Hesiaren defentsan, frontean, frankistek tontorra hartu baino egun batzuk lehenagoko tiroketa edota bonbardaketa batean. Lubakitik metro batzuk atzerago eman zioten lur, hala moduzko eran, batailoiko lagunek. Ahuspez zegoen, hankak zabalik eta besoak batuta.
Tira, etorri ziren eguerdirako ordezkari instituzionalak eta kazetariak. Eman ziren, ostera ere, azalpenak. Egin ziren adierazpenak eta atera ziren argazkiak. Kantatu zen Eusko gudariak eta erori ziren malko batzuk.
Geroago, hedabideetan agertuko ziren izenak joandakoan, berriro goizeko intimitatea berreskuratuta, Blancak bere amaginarrebaren, denetan bizirik dagoen Ramonen arreba bakarraren, sufrimendua gogora ekarri zuen atzera ere. CNTko Iñakik faxismoaren, kapitalismoaren, Elizaren eta 1977ko Amnistiaren Legearen aurkako diskurtsoa egin zuen; halangoa, ze, pena hartu nuen aurretik egondako zenbait ordezkarik ez zutelako entzun. A las Barricadas abestu zuten gero anarkistek. Karraderaneko kideek, ostera, ez zuten ez diskurtsorik bota, ez himnorik kantatu. Halakoxeak dira, isilak eta langileak. Herri ekimenaren ordezkari finak, ze, honetan ere, herri ekimenari esker ari da egiten egiten ari dena: lubakiak eta bunkerrak garbitu, mendi eta basoak miatu, lekukotasunak bildu... Memoriaren izenean ari diren izenak: Ainhoa, Eneko, Gorka, Zigor, Roberto, Julen, Beñat, Iskander eta beste guztiak. Haietako batek, Borjak, esan zidan: "Hamar urte berandu gabiltza, lekukotasun asko galdu dira". Momentuan ez nion esan, baina pentsatu nuen: berandu beste guztiak goaz.
Zubia
Gutxietsi egiten dugu batzuetan lekuen izenek duten pisua. Hiri bateko planoa iragana irakurtzeko esku ahur perfektua izan daiteke; kaleen izenei begiratzea aski da, adibidez, inguru horri buruzko pista geografiko eta kulturalak jasotzeko: Urbitarte, Errementari, Ibaiondo, Dendari… Hala ere, sarritan ugariagoak dira pertsonen —uler bedi gizonen— izen propioak daramatzaten kale eta eraikinak, eta horiek ere asko diote lekuaren historiaz, garaileen historiaz behintzat.
Aspaldi garatu nuen obsesio hau, eta oraindik irauten dit arrastoak: ahal dela, ez dut bizi nahi pertsona baten izena daraman kale edo auzo batean. Umetan pena sentitzen nuen Secundino Esnaola edo Fray Juan de Zumarraga izeneko kaleetan bizi ziren nire lagun eta lehengusuengatik, hain iruditzen zitzaidan jasanezina gizon horiek nor izan ziren jakin ez eta bertan bizi beharra! Horregatik urduritzen nau hainbeste, beharbada, jeneral frankista baten izena daraman kalean bizi denaren azalean jartzeak. Horregatik joaten nintzen gusturago Alondegira Azkuna Zentrora baino.
Hirigintza ere gerrarako tresna bat da. Boterean dagoenak nahi duen memoria historikoa izango da ondorengoek plakatxo urdinetan jasoko dutena, eta boteredunak gutxitan ohoratuko du herri xehea bere eraikin eta kale nagusietan. Orain, Istanbulen nagoela —Roncalli Aita Santuaren kalean bizitzen—, ikusi dut Recep Tayyip Erdogan presidenteak oso ondo ulertu duela hirigintzaren funtzioarena.
Europa eta Asia lotuko dituen hirugarren zubi bat eraikitzen ari dira Itsaso Beltzetik gertu, trafikoa arintzeko beharrezkoa dela argudiatuta. Izena erabakita dago honezkero: Yavuz Sultan Selim. Otomandar Inperioko sultan honek milaka alebiar hil zituen XVI. mendean, eta horra, Erdogan sunitaren mezua kolektibo alebiarentzat. Hainbat protesta egin dituzte zubiaren aurka, baita aldarri ekologistekin ere, Istanbuleko berdegune gero eta urriagoak suntsitu dituztelako beste behin. Baina zubia aurtengo udarako amaituta egongo da, eta AKP gobernuan den artean ez zaio izenik aldatuko. Paradoxikoa da: zubi honek bi kontinente elkartuko ditu, baina biztanleria bananduko du, Turkiako %25a hain zuzen; eta izena da horren arrazoi nagusia.
Ondo pentsatu behar genuke zein plano mota utzi nahi diegun etorkizuneko hiritarrei, zein izen gogorarazi eta zein bistaratu, zeinen espaloira igo eta zeinenetik jaitsi.
Bihar
Gizarte amnesiko eta miope batean bizi gara. Hori horrela da. Egunerokoan itota, atzokoa gogoratzeko ezgauza gara, eta apenas daukagu denborarik inguruan gertatzen denaz jabetzeko. Nahiko lan izaten dugu bihar zer egingo dugun pentsatzen.
Urte akabuan komunikabideek egiten dituzten jazoeren zerrendak gure amnesia eta miopia hori zelanbait arintzera datoz; bakoitzak bere erara nabarmenduz nabarmengarri zaiona, jakina. Eta eman digute oraingoan ere hedabideek, ohiko eran, iragan urtean zehar gertatutakoen berri. Jokatuko nuke "a, bai, egia da!"; "ene, aurten izan da hori, ala?"; "azkenean, zertan geratu zen hori?" eta antzekoak bota direla, galdera erretoriko gisara, etxe askotan. Eta hor geratzen da kontua. Bestela ere arrapaladan eta azaletik irentsi ohi ditugu albisteok, eta, zer espero dezakegu, bada, Gabon zaharreko edo Urteberri-eguneko horietaz? Horixe, afalaurreko edo bazkalosteko komentarioa, besterik ez. Baina aurten nire kasuan desberdina izan da, zerbaiterako balio izan dit hedabideek eskaintzen diguten amnesiaren kontrako pilulatxoa.
Akorduan neukan, lerrook idazterako, euskal preso eta iheslarien alde egin ohi den urte hasierako manifestazioa. Baina akorduan, gehiagorik ez; harik eta BERRIAk 2015ean gehien irakurri ziren albisteen zerrenda publikatu zuen arte. Halako aupada bat sentitu nuen gehien irakurri ziren albiste horietako baten berri izatean, ez bainintzen horretaz gogoratzen: iaz, euskal presoen eskubideen aldeko ohiko manifestazioa egin eta bi egunetara, aldarri horren aurkako polizia operazioa izan zen. Hamasei lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, gehienak abokatuak, eta presoen alde bi egun lehenago egindako manifestazioan bildutako dirua eraman zuen. Era berean, albisteari tiraka jakin dut, gaurko egunean —urtarrilak 8—, baina duela bi urte, egin zuela Guardia Zibilak euskal presoen abokatu askoren aurkako operazioa. Eta gogoratu dut, Xake jarri ziotela izena duela bi urtekoari, eta Mate iazkoari. Bada, amnesiaren kontrako ariketak eman dit, zeri buruz idatzi ez ezik, zer idatzi.
Seguru nago polizia operazioaren biharamunean beste manifestazio bat egin izan balitz, are jende gehiago bilduko zela Bilboko kaleetan. Baina 365 egun pasa dira harrezkero, nahiz eta izan diren 365 egun presoen urruntze eta sakabanaketekin, isolamendu eta bakartze egoerekin, preso gaixoekin, familia eta lagunekin errepideetan. Horregatik, ez dago txarto gogoratzea duela urtebete zer gertatu zen, egunero gertatzen denaz ohartarazteko. Edozelan ere, zer predikatzetik urrun nago ni, ez pentsa. Kontrara, ni ere egunerokoan itota dabilen horietakoa naiz, ez naiz ez ezeren ez inoren eredu. Gura nuke sarriago amnesiaren eta miopiaren aurka egin. Hala ere, bihar zer egingo dudan argi daukat. Bihar, urteroko zitara gogoberrituta joango naiz. Bihar Bilbora joango naiz presoen eskubideen alde, eta peoi bat gehiago izango naiz guk jokatu gura ez genukeen xake partida honetan.
Nola bete Durango
Erdi beteta edo erdi hutsik egin daiteke balantzea Durangoko Azokak mende erdia bete duen urtean. 50 urte joan dira frankismopeko gizarte estuan Gerediaga elkarteko kideek euskal liburuari eta diskoei azoka bat eskaintzeko ametsa izan zutenetik, eta e...
Agendak
Umetan eskolako agendaren azken orrira iristea oporren seinale zelako edo, oraindik ere isilpeko gozamena sorrarazten dit urte osoan zehar erabilitako agenda amaitzeak. Berri usaina guztiz desagertuta, tapa ertzak gastatuta, orriak puztuta euri zaparradaren batek harrapatu ostean, sarrera, tiket eta udazkeneko hosto gorri ugari aste eta aste bitartean ezkutatuta, agenda are gehiago lodituz… Bizitzak bortxatu dituen abenduko agendak gustatzen zaizkit.
Amaitzen diren gauzei zor zaien nostalgia momentua errespetatuz, aurtengo agenda horixka eskutan hartu, lehenengo orritik zabaldu eta egun bakoitzean idatzitakoa irakurtzen hasi naiz berriro, amaitu berri duen etxerako lan astuna gurasoei erakusten dien haurraren harrotasunarekin. Kolore urdinez, gorriz zein arkatzez zirriborratutako oharrez beteta dago, dagoeneko oroitzen ez ditudan betebeharrez; "inprimatu", "itzuli pen drive-a", "bazkaria", "ama". Azterketen datak eta bertso saioenak biribilduta, urtebetetzeak tarta baten marrazkiz adierazita, medikuaren txandak harridura markekin. Orri batzuei ertzak falta zaizkie, momenturen batean beste zerbait idazteko paper txatalen bat beharko nuelako; horregatik, orain ez dakit zer egin nuen martxoaren 15ean, ezta falta den paper zatia zertarako erabili nuen ere.
Agendak gordetzen hastea erabaki nuen behin, nagusitan zabaldu eta urteotan gertatutakoak gogoratu ahal izateko, nire gurasoek 1900etapikuan egindakoa deskribatzen duten zehaztasunarekin deskribatzeko 2015a. Baina ez dakit ba, ideia ona ote den. Agenda horixka honek hogei urte barru esango dit urtarrilaren 10ean Bilbon egon nintzela, agenda guztietan enkistatutako zitan, eskuan argitxo fluoreszente bat hartuta, baina ez dit emango gerora izandako abokatuen atxiloketen berri; esango dit martxoaren 1ean Donostian egon nintzela Lilatoian, eta martxoaren 5ean, 6an eta 13an emakumeon eskubide eta askatasunaren inguruan kantatu nuela Usurbilen, Larrabetzun eta Anoetan, baina ez dit esango zenbat emakume bortxatu edo eraso zituzten martxoa ez diren gainerako hilabete matxoetan; esango dit apirilaren 18an Errekaldeko gaztetxean kantatu genuela Kukutza defendatu zutenen alde, baina agian ez dit esango Kortxoenea eraisten hasi zirela udazkenean, eta Iruñean gaztetxe berria okupatu zutela abenduan. Paradoxikoa izango da ilea urdintzen zaidanean agendan idatzitako ezertaz ez gogoratzea eta idatzi gabekoaz gogoratu nahi izatea. Amnesia tomoak artxibatzen nabil orduan, agendak gordetzen ditudanean.
Dena den, neure burua imajinatzen dut etorkizunean guraso plantak egiten, eta gaurdanik dakit mahai bueltan aurtengo urteari buruz emango dudan zehaztasunezko datu bakarra (eta eternoki errepikatuko dudana) honakoa izango dela: "nik 2015ean gidabaimena atera nuen, lehenengora".
Egutegiak
Lan-egutegia, egutegi txinatarra, txertoen egutegia, eskola-egutegia, egutegi gregorianoa, ilargi-egutegia, poltsiko-egutegia, futbol-ligako egutegia, Sehaskaren egutegia... Zein inportanteak diren egunak antolatzeko sistemak; hau da, egutegiak!
Egutegiak eta nire umetako oroitzapenak banandu ezinak dira; batez ere, Eguberri sasoi honetan: amamaren baserriko azuleju zurian, apenas hilabete lehenago egin eta ontzen utzitako txorizoen artean, azaltzen den Caja Laboral Popular-Lankide Aurrezkiaren almanaka: pilotari, baserritar bikote zein Iparragirre hura. Gurasoen etxean, atondoko mahaiaren gainean, giltzekin eta gutunekin pilatzen diren Caja de Ahorros Vizcaína-Bizkaiko Aurrezki Kutxaren poltsikoko egutegiak: Bizkaiko itsaso, mendi, baserri eta eliza haiek.
Egutegiek, baina, gomutatzeko baino askoz gehiagorako balio digute; atzokoa gaurkoarekin eta gaurkoa biharkoarekin lotzeko balio digute. Hizki eta zenbaki multzo horri esker dakigu, adibidez, noiz joan behar dugun lanera edo noiz jai hartu; noiz ospatu urtebetetze bat edo negar egin urteurren batean; noiz utzi botika hartzeari edo noiz joan medikuarengana.
Hala, aurtengo egutegiari begiratuta dakigu martxoaren 29an amaitu zela 19. Korrika Bilbon; Durangoko Azokak aurten mende erdia bete duela, eta horrexegatik, hain justu, omendu zuela Korrikak; abenduaren 6an -Azoka egunetan, beraz-, bete direla 25 urte Euskaldunon Egunkariaren lehenbiziko zenbakia argitaratu zenetik; Udal eta Foru hauteskundeak maiatzaren 24an izan zirela, eta handik hilabete eskasera, ekainaren 21ean, Gure Esku Dago ekimena San Mames betetzen saiatu zela; berebat, San Mames egunean, abuztuaren 17an, lortu zuela Athleticek, 31 urteren ostean, titulu bat irabaztea.
Egutegiak diosku Gabonak direla, eta, jada, 2016ko egutegia ipini behar dugula sukaldeko horman, izozkailuan, bulegoko mahaiaren gainean, aldagelako armairuko atean... Besteak beste, zera salatzen digu 2016ko egutegiak: UEFA Europa Leagueko finala maiatzaren 18an izango dela (batek daki); Ibilaldia ere, non eta Durangon, maiatzean ospatuko dela; eta irailean beteko dituela 10 urte Hamaika Telebistak. A! eta bisurtea dela.
Iluntasuna
Ez gaude ilunpetan bizitzera ohituta, eta ez naiz zentzu metaforikoaz ari, iluntasun objektiboari buruz baizik, erabateko argi faltari buruz. Begiak lau aldiz itxi eta ireki, eskuekin igurtzi eta oraindik dena beltz ikustea, itzal orokorra. Zentzumen maitatuenaren 75 minutuko suizidioagatik ordaindu nuen iragan larunbatean, Dialogue in the dark (elkarrizketa ilunpetan) izeneko esperientzia baten baitan. Proiektu horren bitartez, pertsona itsuek beren egunerokotasunera gerturatzen dituzte bisitariak, eta hiriaren itxurako plato ilun batean zehar mugitzen laguntzen diete, kasu honetan Istanbulen zehar. Benetan bizipen "ikusgarria" da, hitzaren zentzurik beltzenean.
Hamar pertsona inguru elkartu ginen labirinto bat zirudienaren atean. Sarrerako mutilak itsuentzako makila bana eman zigun, eta bata bestearen atzetik murgildu ginen korridore estuan. Ohartu orduko, dena zen iluntasuna. Ustez erditze traumatiko batek eragindako klaustrofobiaren zantzuak nabaritzen hasi nintzen bat-batean; begi niniak argi bila, hankak zabalik, eskuin besoa aurpegia babesten, ezker eskua hormari eutsita, igerian ez dakien haurrak igerileku ertzari eusten dion moduan. Galduta eta salduta sentitu nintzen. Baina bat-batean gizon jator baten ahotsa iritsi zen gugana: "Kaixo, ni Yunus naiz; zein da zure izena?". Eskua eman zigun banan-banan, azkar eta zehatz, guk gure eskua non geneukan ere ez genekienean.
Bere ahotsari jarraika mugitu ginen platoan zehar, haztamuka, aurrekoak gure makilarekin estropezu egin ez zezan saiatzen. Parke batera iritsi ginen lehendabizi, belarra eta errekasto baten freskotasuna eta marmarra sentitu baikenituen. Tranbian eta ferryan ibili ginen gero; jendearen oihuak, musikariak, mugimendua, kaioak, itsasoa… benetakoa zirudien denak.
Yunusenganako dependentzia erabatekoa izan zen uneoro, baina lasaitu ahala, begiek ikusten uzten ez dizkidaten xehetasunez jabetu nintzen. Esaterako, nire inguruan ukitzen nuen jendea neska ala mutila zen igar nezakeen arropen ehundurari esker; neskon arropak (ere) goxoagoak eta leunagoak izan ohi dira. Konturatu nintzen ordubete lehenago H&M-ko aldageletan bi soineko kabitu ez izanak eragindako haserrealdia alferrikakoa litzatekeela mundua ilunpetan balego. Eta nire aldamenekoaren eskuak eta nireak ustekabean topo egin eta minutu batez elkar laztandu zutenean, konturatu nintzen pertsona horrekin oheratuko nintzatekeela, berari buruz beste ezer jakin beharrik gabe.
Ibilbidea amaitu eta berriro argitan utzi gintuzten, libre. Bizkor alde egin nuen handik, eta metroko jendetzaren artean galdu nintzen arduratuta, ikusmena berreskuratu izanagatik espero adinako pozik sentitu ez nuelako.
Buru-jana
Usain goxo-goxoa iristen da sukaldetik nire logelara Laurak eta Mariek kozinatzen duten aldiro. Elikadura beganoa hartzen du batak, eta begetarianoa besteak, nerabezaroan irmoki erabaki zutenetik beraien erruz ez zuela animalia gehiagok sufrituko. Mariek, barazkiez gain, esnekiak eta arrautzak ere gordetzen ditu bere hozkailuko apalean, Laurak ez, ordea; barazki, fruta, lekale eta zerealez elikatzen da. Elkarrekin bizitzen hastea erabaki genuenean, nire barruko euskaldun belarri-zabal musugorria "ze bizitza tristea, neska!" esaka hasi zen bere baitan, eta ziur naiz ahots altuan ere ihes egingo ziola "txoriek bezala jaten duzue"-ren tankerako sagardotegikeriaren batek, inork iritzirik eskatu ez arren.
Gogoan dut hirurok elkarrekin egin genuen afari bat (elkarrekin jan bai, baina bere kontura kozinatu zuen bakoitzak berea). Mariek erremolatxa eta patata purea prestatu zuen, gaztarekin; Laurak, arroza kurri erara eta algen zopa; nik, berriz, ikaskide espainiar bati familiakoek Turkiara ezkutuan ekarritako txorizoa eta hirugiharra, arrautza frijitu batekin. Inork epaitu gabe, inork ezer esan beharrik gabe, une horretan jakin nuen nire ideien eta ekintzen artean disonantzia edo kontraesanen bat dagoela (idisonantzia eta kontra, nire barruko itzainaren alabak eta harakinen ilobak esango luketen moduan). Bat-batean noizbait izandako ume animalista hasi zitzaidan plateretik oihuka, ordura arte hirugiharraren azpian lozorro koipetsuan egona zena.
"Ei! Nolatan jaten duzu haragia, animalien sufrimenduaren aurka bazaude? Txikitan ez zenituen jan nahi izaten baserrian hazten ikusitako untxi eta bildotsak". "Bai, badakit, baina zaporea gustatzen zait, eta orain ez dugu etxean animaliarik hiltzen". "A, hortaz, zure plazera ikusten ez duzun baina existitzen dela dakizun sufrimenduaren gainetik dago. Ba al dakizu supermerkatuan erosten duzun haragia nondik datorren? Eta nola tratatu dituzten animaliak haztegi horietan?". "Ez, baina aizu, aukera merkeena da, ez daukat dirurik belar-denda garestiei oparitzeko, eta, gainera, seguru bitamina edo mineralen baten faltan daudela begeta denak!". "Zuk uste? Ikusi al duzu Laurak zenbat gauza prestatzen dituen? Sojazko enpanadillak, pizzak, sushia, irabiakiak… eta zuk, kebab bat janda mineral denak dituzulakoan al zaude?". "Ez, baina etxetik ere ezin dira atera, zer jango dute kalean?". "Ohitura zabalduko balitz aukerak ere ugarituko lirateke, eta ba al dakizu zenbat kutsatzen duen ingurumena haragi ekoizpenak, ekologista?". "Ba… bai, baina nik animaliarik ez jateak ez du hori aldatuko". "Ui, eta zu feminista izate hutsak patriarkatua suntsituko al du ba?". "Ez, baina ikusten? Badaude animaliena baino borroka garrantzitsuagoak". "Bai, gauza bera esango dute askok feminismoari buruz, bigarren mailako borroka dela, beste ideal guztiak bete eta gero egin beharrekoa… baina badakizu zer?". "Zer".
"Pribilegio egoeran dagoenarentzat beti da bigarren mailako borroka bere mende daudenen askatasuna".