Iritzia

Nire aitaren etxea

Igor Elordui Etxebarria

Nire aitaren etxea defendituko dut. Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen dut nire aitaren etxea. Galduko ditut aziendak, soloak, pinudiak; galduko ditut korrituak, errentak, interesak, baina nire aitaren etxea defendituko dut. Harmak kenduko dizkidate, eta eskuarekin defendituko dut nire aitaren etxea; eskuak ebakiko dizkidate, eta besoarekin defendituko dut nire aitaren etxea; besorik gabe, sorbaldik gabe, bularrik gabe utziko naute, eta arimarekin defendituko dut nire aitaren etxea. Ni hilen naiz, nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina nire aitaren etxeak iraunen du zutik.

Harri eta Herri poema liburuko olerkirik ospetsuena da hori (Nire aitaren etxea), eta baita urtarrilean emititzeari utzi zioten ETB1eko telesailaren izena ere. Aitaren etxea telesailak 1950eko hamarkadako Euskal Herriko historia kontatzen zuen, herri batean gertatzen ziren istorioen bidez. Bada, bata zein bestea etorri zitzaizkidan burura BERRIAn albiste hau irakurri nuenean: Aitaren etxea euskaraz emango du Greziako kate publikoak. Aurreneko aldia ei da euskarazko telesail bat Euskal Herritik kanpoko telebista batek erosi eta emango duena. Greziako telebista publikoak Cannesko (Okzitania) azokan erosi ditu telesailaren hamabost atalak, eta hemendik hilabete batzuetara emango ditu euskaraz, grezierazko azpidatziekin.

Gauza da irailean hasi eta, hamabost kapituluren ondoren, urtarrilean amaitu zela telesaila, ETBko zuzendaritzak atal gehiago ez grabatzea erabaki zuenean, ikusle kopurua txikia eta ekoizpen gastuak handiak zirelako; oso lan ona zela aitortu arren. "Saioa oso ondo egina dago; faktura oso ona da. Telesailak ikusle kopuru hobeak merezi zituen". ETBko zuzendari Edu Barinagaren berbak dira. Orduan, galdera berez dator: ona izanik eta ikusle kopuru hobeak merezita, zergatik ez eman ETB2n gaztelerazko azpidatziekin? Grezian bai eta hemen ez?

Bada, EITBren webgunean horrela dago idatzita: "hainbat ikerketa eta txosten kualitatibok agerian utzi dute euskal audientziak begi onez ikusten duela euskarari leihoa zabaltzea gaztelaniazko hedabideetan (...). EiTBren 2013-2016 Plan Estrategikoan euskarari dagokion lerroaren helburua, gure gizarte eleaniztun honetan, hedabideetan euskara kontsumitzeko jarrera sustatzea eta normalizatzea da. Helburu horretara heltzeko, bi proiektu zehaztu dira. Gaztelaniazko kanaletan euskarari tokia egitea da bata, eta hortxe sartzen da adierazpenen hizkuntza tratamendua. Bigarren asmoa, berriz, euskarazko kanaletan erabiltzen den euskararen gaineko gogobetetasuna handitzea da".

Baina, oraingoz, bistan da, ETB ez dago aitaren etxea defenditzeagatik —eta igarriko zenioten telesail baten izena baino gehiago dela— aziendak, soroak, pinudiak, korrituak, errentak, eta interesak galtzeko prest.

Adin hori

Nerea Ibarzabal

Bada adin bat. Adin bat, non kaxetan mimoz gorde zenituen ikastolako liburuak botatzea erabaki duzun eta koadernoetan idatzitako testuen artean gaur egun zarena bilakatu zintuen lezioaren, ariketaren, traumaren bila zabiltzan. Adin bat, zeinetan gidatu ahala negar egiteko gai zaren eta aspaldiko lagunekin geratzeko egun bat jartzea geroz eta zailagoa ari den bihurtzen. Etxeko txakurrak hiltzen hasten diren adina da.

Bada adin bat, gurasoekin behingoz harreman heldu eta orekatu bat izan beharko zenukeen arren, ezin duzuna beraiekin hiru egunetik gora egon oihuka hasi gabe. Baina aldi berean, erabiltzen dituzten eta zuk, auskalo zergatik, ikasi ez dituzun esaerei arreta jartzen hasten zaren adina da, ingurukoei gurasoak hiltzen zaizkiela ikusi duzulako. "Oben egin" da aitari entzundako azkena, "obeditu" esateko.

Bada adin bat, non adin horretarako egin nahi zenituen gauzen artean ez duzun ia bakar bat ere egin; non lau urte lehenagoko zure zu-ak imajinatzen zintuenaren oso desberdina zaren, non duela lau urteko zure zu-a askoz irribarretsuagoa iruditzen zaizun, urre koloreko azalez, etengabeko inozentzia udatiarrean.

Adin bat, urteroko parranda seinalatuek geroz eta ilusio gutxiago pizten dizutena eta nahiago duzuna bidaiatu, baina ez duzuna aski diru. Horregatik begiratzen diezu zure zuritoaren atzetik amorruz —ikus. inbidiaz- jaietan ateratzen hasi berri diren gaztetxoei, dena hain intentsuki bizi dutelako, dena hain koloretako, hain ponche-lima-cola. Fotologa lotsaz ezabatu eta Tuentira salto egin ostean, Tuentia lotsaz ezabatu eta Facebookera salto egin ostean, Facebooken jarritako gauzekin noiz lotsatuko zain bizi zaren adina izan daiteke.

Adin bat, oraindik arazoei ihes egiten harrapatzen duzuna zeure burua; bikote harreman guztien hasiera eta amaiera oso antzerakoak iruditzen zaizkizuna; "oraintxe duzu sasoirik onena" esaten dizutenek estresatzen zaituztena; agenda ertzetan dagoeneko marrazkirik egiten ez duzuna. Zure adineko jendea ere hil egiten dela ohartzen zaren adina da.

Adin bat, edozein adin izan daitekeena, zurea, nirea. Eta horrek beldurtu egiten nau, zoriontasunari eta orainari iskin egiteko joera hauek ez direlako denboraldi bateko kontua, pertsona askoren bizitzeko modua baizik.

Apirila

Igor Elordui Etxebarria

Gaur bat dauka; apirilean gaude jada. Hilabete latza da apirila euskal tradizioan. "Apirila biribilla, jarri bear etzan illa", dio atsotitzak. Ezer baino lehen, barka diezadatela apirilean urteak egiten dituzten guztiek, eta apirilari beraien bizitzan zerbait on zor diotenek. Gauza eder asko gertatu(ko) dira apirilean. Beraz, barka diezadazue, baina, era berean, jakizue fama txarreko hilabetea dela zuena. Gosearekin eta hotzarekin lotzen den hilabetea da, baita hondamendiekin eta matxinadekin ere. Horrela du izena, adibidez, Iñigo Aranbarriren eleberri batek: Apirila (Susa, 2014); eta horiei buruz ari da, hain zuzen ere. Zehatzago, 1766ko apirilean Azkoitian gertatu ziren errebolten berri ematen du, gosetea izanik, garia eta artoaren prezioa gobernatzen zuten jauntxoek berau jaitsi nahi izan ez zutelako.

Baina denboran hain atzera joan barik, 1931ko apirilaren 14an Espainiako Bigarren Errepublika proklamatu zen, eta, haren kontrako altxamendu faxistaren ondorioz, apirileko beste egun batean, 26an hain justu, euskaldunon memoria kolektiboan iltzatuta geratu den mundu mailako krudelkeriarik eta ankerkeriarik handienetakoa gertatu zen: Gernikako bonbardaketa, 1937an. Kondor Legioak Gernika suntsitu eta ehunka hildako eragin zituen. Handik bi egunera sartu ziren faxistak Gernikan, eta, besteak beste, Santa Maria elizako artxiboak erre zituzten, ezinezko eginez hildakoen kopuru zehatza jakitea.

Nik dakidala, Alemaniako parlamentuak eskatu zuen barkamena horregatik, baina Espainiakoak ez.

Bada, gaurko egunez, 1939ko apirilaren 1ean amaitu zen Espainiako Gerra Zibila. "Gaurko egunean, gatibu eta desarmaturik Armada Gorria...", zioen Francoren azken parte hark, memoria kolektiboan iraun duena hori ere. Modu horretara eman zitzaion hasiera hamarkadetako diktatura frankistari.

Nik dakidala, ez da egon egiazko justiziarik Gerra Zibilean eta Frankismoan hildako, desagertutako, preso egondako... gorri —edota abertzale— haientzat. Ezta hurrik eman ere. Oraindik orain, Servini epaile argentinarra zarratutako ateak zabaltzen saiatu da. Alferrik, Espainiako Auzitegi Nazionalak ez dio hemeretzi kargu frankistari galdeketa egiteko baimenik eman.

Bidenabar diot, nonbait ahaztu egiten zaie, epaileei ez ezik, hainbat politikariri, memoria, justizia eta erreparazioaren aldarrikapena ez dagokiela soilik terrorismoarekin lotutako gertakariei. Are gehiago, 2007ko Espainiako Memoria Historikoaren legearen baitako deklarazioa dela ahazten zaie. Ez dute harago joan gura. Beldur dira. Ez zaie komeni. Jakin badakitelako batak ekarri zuela bestea. Atsotitzak ere badio: "Apirila bero, negua gero".

Edozelan ere —atsotitzak atsotitz, esaerak esaera—, apirilari jorraila ere baderitzo. Eta hilabete aproposa da apirila memoria jorratzen segitzeko.

80

Nerea Ibarzabal

Etxez aldatzeak, galdutzat ematen genituen objektuak aurkitzen laguntzeaz gain, aurreko etxean kasurik egiten ez genien gauzekiko interesa pitz dezake. Nire bizitzako egongela guztietako apalean egon den baina gaur arte ukitu ez dudan liburu potoloa hartu dut eskuetan arratsaldean, efemerideren batek bultzatuta edo, 22 urteren ondoren; Así fueron los 80, dio izenburuak. Bi kiloko liburu honek -pisatu egin dut- historiako klase gatzgabeen bidez baino ezagutu ez nuen hamarkadako gertaera nagusiak biltzen ditu argazkitan.

Orriak pasatu ahala, diapositibatan bezala agertu zaizkit Txernobilgo suhiltzaileen ospitaleko argazkiak, burusoil, plastikozko errezelen atzean. Orria pasatu, eta Hegoafrika, polizia zuriak herritar beltzak borrekin jotzen Apartheid-aren garaian. Orria pasatu, eta bi haur kurduren gorpuak lehen planoan, eta helduen gorpu gehiago pilatuta atzean; Golkoko gerran hegazkin irakiarrek Irango muga inguruko herri kurduei eraso zieten gasezko bonbekin, 5.000 hildako eraginez. 100.000 kurduk Turkiara ihes egin zuten garai horretan.

Hurrengo orrian, Yasser Arafat, estatu palestinar independentea aldarrikatzen Aljerren. Hurrengoan, Michael Jackson, bere urrezko urteez eta azal beltzaz gozatzen. Hurrengoan, otsailak 23 eta Tejero pistola bat eusten. Berlingo Harresia zatitxotan puskatuta. Parisko rue de Rennesen hildakoak eta zaurituak lurrean, haragi zartatua bistan, auto batetik botatako lehergailu baten ondorioz. Cats musikala. Aitona bat begiak erreta Indiako Bhopal hirian, milaka hildako eragin zituen produktu toxikoen ihesaren ostean. E.T. estralurtarraren filma. Dozenaka hegazkin istripu. Amazoniako oihan tropikala erreta, bazkarako larre bihurtzeko. Jane Fonda aerobik egiten, kalentadore eta traje koloretsuekin.

Denboraren makina otxenterotik erdi mareatuta atera naiz. Aspaldian -agian inoiz- ez dut ikusi hainbeste hildakoren irudi hain espliziturik, zuri europarron kontzientziak gehiegi ez astintzeko hain ondo datorren pixelaziorik gabe. Eta aspaldiko hildakoak ere deserosoak dira oraindik, ez pentsa. Ezinbestean, pentsatu dut nolakoa litzatekeen XXI. mende hasiera aldeko gertakarien liburua, zenbat kilo akats eskainiko genituzkeen, zenbat konpondu gabeko arazo zahar, zein gizon irabazlek idatziko lukeen, zenbat harresi bota ditugun eta zenbat zentral nuklear itxi, zein koloretako jendea hiltzen duten poliziek, zeintzuk tratatu ditugun estralurtar gisa, "etxea" eta "telefonoa" eskatu dituztenean. Ziur argitaratua dagoela dagoeneko, eta ez dagoela erantzun beharrik.

Gabarra

Igor Elordui Etxebarria

Euskal berba da gabarra, jator-jatorra. Hala onartzen du RAEk ere (Espainiako Errege Akademia) bere hiztegian. Wikipedian begiratuta, bere definizioaz gain —ibai edo kanal batean merkantzia astunak garraiatzeko erabiltzen den ontzia—, beste aipamen hau dakusagu: "Athletic futbol-taldearentzat gabarrak esanahi berezia du. Talde honek txapelketaren bat irabazten duenean garaipena ospatzeko erabiltzen du Nerbioi ibaian zehar nabigatuz".

Aspaldian ez da mugimenduan gabarrarik ikusi Ibaizabaleko uretan, ez lanean, ez Athleticen titulu bat ospatzen —irabazi arren—. Gainera, zurrumurruek diotenez, Athletic gabarra —non joan baitziren laurogeiko hamarkadan Liga eta Kopa txapelketak irabazi zituzten jokalariak—, zaharkiturik dago, eta, gaur-gaurkoz, titulu bat irabazita ere, ezingo litzateke nabigatzera atera. Hori ikuskizun dago. Hala eta guztiz ere, etorriko da debatea. Oxala, seinale ona izango da!

Hamaika partida geratzen zaizkio Athletici. Asko dira hamaika euskal imajinarioan. Kontrarioak ere, latzak. Lesioak tarteko, taldea arean gutxituta dago. Baina, zorionez, harrobitik datozen gazteen ekarpena handia izaten ari da eta, jokalarien esfortzu eta konpromisoari esker, tinko eusten dio Athleticek. Artean, lau puntu azpitik daude Bartzelona zein Atletico Madril, bigarren eta hirugarren sailkatuak, hurrenez hurren. Hortxe dago, beraz, begi-bistan, Athleticek Superliga eskuratzeko aukera. Eta, adi, Athleticeko mutilek ere ekar dezakete eta UEFA Europa Ligueko kopa —lerrook idazteko unean Valentziaren kontrako itzuliko partida jokatzea falta zaie final laurdenetara igarotzeko—.

Zein ederra litzatekeen jokalari guztiak, Athleticeko neskak eta mutilak batera, gabarran ikustea! A zer irudia!

Edozelan ere, mutilekin zein ez, ligako —edo gero jokatuko den Kopako— txapeldun geratuz gero, gabarra ateratzeko ausardia izateko eskatzen diet, bai klubari, bai jokalariei eurei. Athleticeko bazkide eta bost urteko alabaren aita baten partez.

Ez dezagun ahaztu: aitzindaria izan da Athletic, gizonezkoen futbolean bezala, emakumezkoenean ere bai. Ikusi besterik ez dago nola jarraitu dioten bere ereduari orain arerio diren beste hainbat talde handik. Aitzindari izan ginen, halaber, zaleok, emakumezkoen futbol partida bat ikusteko San Mames bete genuenean. Eta, ostean, titulua ospatzeko Bilboko kalera atera ginenean. Gabarrarik ez zen egon orduan.

Pasatu dira hamar urte baino gehiago. Oraingoan, jokalariek zelaian erakusten duten adorea eta kemena edukitzeko eskatzen diot Athletic Clubi; eta Athletic EFTko jokalariei, seguru bainago irabaziko dutela, ez diezaiotela uko egin, jende gutxi hurbilduko garen beldurrez, ez baita hala izango, merezi duten horri. Alegia, gabarrari.

Eta zurrumurruek diotena egia bada, hau da, lehengo gabarra zaharkituta dagoela eta ezin dela atera, aterako da beste ontzi bat. Akaso, garai berrien erakusgarri. Bidenabar, museoan gordeko ditugu, gabarra zaharrarekin batera, zenbait iritzi zaharkitu.

Martxistak

Nerea Ibarzabal

Deseroso egiten zait martxoa. Batxilergoko ikaslearentzat selektibitate astearen parekoa iruditzen zait; plaza gehiago lortu nahi dituen bertsolari gaztearen presioz jositako txapelketa da, astronomoarentzat 76 urtean behin pasatzen den Halley kometa erretratatzeko momentua bezalakoa. Orain edo inoiz ez. Ikaskideek bullying egiten dioten haurraren urtebetetze eguna da martxoaren 8a, denek abestu eta zorionduko dutena. Urte osoan kale bazterrean manifestatzen egon diren langileei entzungor egin eta egun batez hamar mikrofono eta kamera gerturatzea da. Eta langile horiek bezala, bat-batean, neuk ere ez dut jakiten zer esan, zein aldarri den azpimarratu nahi dudana, zer errepikatu behar dudan hamaikagarrenez. Tira, esan bizkor, esan orain, fokua urrundu aurretik… kito, amaitu da zure hilabete morea. Deseroso egiten zait martxoa, susmagarriki erosoegia delako emakumeontzat.

Badakit askotan esaten dela eta errazena dela horrelako datetan jendartearen hipokrisia kritikatzea, are gehiago emakume feminista erretxinduok, non soilik guretzat diren lasterketa, tailer eta ekitaldi baztertzailez betetako ia hilabete oparitu diguten eta halere kexu garen. "Egunero da martxoaren 8a" esan dezakegu, baina, arren, argi izan ez dela egunero. Martxoaren 8a bera ere ez delako martxoaren 8a.

Ikusten ditut martxoan saioz betetzen diren emakume bertsolarien agendak, ikusten dut askorekin martxoko saioetan baino ez dudala kantatu —gainerako saioetan emakumearen papererako bakarra aski delako-. Ikusten dut ETBko albistegia, martxoan gogoraraziz EAEn emakumeek urtean 10.000 euro gutxiago irabazten dutela oraindik. Hori ekiditeko neurririk ez dator martxoan. Ikusten ditut sagardotegi garaian piztientzat zabaldu beharreko ligoteo sanoaren aldeko mezuak —eta aitortzen dut parranda lasaiago bota nuela-.

Baina aste moreenean Irunen neska bat bortxatu dutela ere jakin dut, eta beste neska bati epaileak ea "hankak ondo itxi zituen" galdetu diola ere bai. Matxoan ikusten ditut (matxoan esan al dut? Ui…) ertzetatik bat-batean bortizki lehen orrietara ekarritako super emakumeak, suhiltzaileak, haurrik ez izatea erabaki dutenak, kirolariak, esateko zerbait duten espezimen arraro horiek, titular bilakatu eta apirilean desagertzen direnak. Ba, astuna izango naiz agian, baina ez da aski.

Dudatan egon naiz aste honetan gaiari buruz idatzi edo ez, beharbada ausartagoa litzatekeelako neska izan eta martxoko iritzi zutabea beste edozein gairi eskaintzea, horrela, apirilean eta maiatzean feminismoa aipatu eta "berriro gai berari bueltaka ari al da?" esan dezaten. Baina fokuaren azpian zerbait esan beharra sentitu dut, ardura heredatu bat, urte osoan zehar esandakoa laburbildu behar bat, eta… eh, itxaron, ez dut amaitu, ez zaitez joan!

Onena zer den

Igor Elordui Etxebarria

Nire lagun min batek esaten duen bezala, batzuetan, onena, isilik geratzea da. Ezinezkoa da guztiaren gainean iritzia edukitzea, eta zaila edozeren gainean berau ematea. Beraz, hori horrela izanik, eta sinistuta nire iritziak munduari ekarpen oso mugatua egiten diola, beste era bateko ekarpena egitea ebatzi dut oraingoan.

Duela egun batzuk asko zabaldu zen sare sozialen bidez pediatra batek bere kontsultako ohar-taulan ipinitako manifestuaren testua. Lo mejor eres tú (Onena zeu zara) da bere izenburua, eta honela dio gutxi gorabehera (badakizue, traduttore traditore):

"Onena ez da bularra ematea, ezta biberoia ematea ere. Onena ez da besoetan hartzea, eta besoetan hartzeari uztea ere ez. Onena ez da horrela etzatea, ezta beste modu horretan egitea ere. Onena ez da era honetan tapatzea, eta ez beste erara egitea ere. Onena ez da honekin janztea, baina beste horrekin janztea ere ez. Onena ez da pureak ematea, eta onena ez da, ezta ere, zatitxoak ematea. Onena ez da zure amak dioena, eta zure lagunak dioena ere ez. Onena ez da umezain batekin egotea, ez haurtzaindegira joatea, ez aitona-amonekin egotea. Onena ez da hazkuntza eredu hau segitzea, ezta beste hura segitzea ere. Badakizu zer den, benetan, onena? Onena zeu zara. Onena da zeuri ondoen sentiarazten dizuna. Onena da senak agintzen dizuna egitea. Onena da zeuri ere ondo egoten laguntzen dizun hori. Onena da zeure familiarekin zoriontsu izatea ahalbidetzen dizuna. Zeren, zu ondo bazaude, beraiek zeure onena hartzen dute. Zeren, onena zeu zara. Zu seguru sentitzen bazara haiek ere seguru sentituko direlako. Zeren, ondo egiten ari zarela uste baduzu, zeure lasaitasuna eta zoriontasuna beraiei heltzen zaie. Onena zeu zarelako, utz diezaiogun esateari gurasoei zer den onena. Onena, bene-benetan, zeure seme-alabentzako zeu zarelako".

Manifestua Jaione Yabar bilbotarrarena da. Urrian idatzi omen zuen bere blogean, biberoiaren erabileraren gaineko polemika baten ingurumarian, eta, orduan ere zabalkunde apur bat izan bazuen ere, biral bihurtu da pediatrak taulan ipini eta gero. Tira, argi dago Jaioneren testuak ez duela saririk irabaziko, ezta nire itzulpena birala bihurtuko. Beharrik ere ez, egia esan. Gustatu egin zait manifestua, erdaraz egon arren, ezin uka (papaokeria galanta bestela itzultzea), eta hortik dator euskaratzeko eta partekatzeko nahia. Besteak beste, guraso estreinatu berri nintzeneko sasoia dakarkit gogora: orduko zalantzak eta galderak, orduko beldurrak eta kezkak. Eta oraintsu guraso izan diren, zein laster izango diren hainbat lagunekin akordatu naiz: Enararekin eta Juankarrekin, Iratirekin, Maiderrekin eta Aitorrekin... Baliagarria izango zaien esperantza eta, agian, pediatraren batek bere iragarki-taulan euskarazko bertsioa jarriko duen ilusioa badaukat. Halako inozoa naiz ni, bai, baina batek daki. Azken batean, askotan, sinpletasuna da onena.

Exotismo kontrolatua

Nerea Ibarzabal

Interesgarria da aztertzea zein jarrera hartzen ditugun pertsonok gure herrialdeetan ez gaudenean. Gure habitatean egin ezin dezakeguna egitea da aukeretako bat, gure habitatean egiten ez duguna egiten dugula esatea beste bat, eta gure habitatekoak garela ezkutatzea edo gure habitatean sentitzen ez dugun gure habitatarekiko maitasun esajeratua erakustea ere ohikoak dira. Erasmusen ezagutu ditut une oro bella ciao kantatzen zuten italiarrak, beraien azentua disimulatzen saiatzen ziren frantsesak, leku guztietara berandu iristen hasi ziren alemanak… baina bereziki zortedun sentitzen naiz azkenaldian bere burua desagertzeko arriskuan ikusten duen espezie bat gertutik aztertzeko aukera izan dudalako: Euskal Herrian bizi den erdaldun elebakarra.

Jarrera deigarri asko identifikatu ditut espezie honen migrazio prozesuan, baina beharbada sinestezinena zera da, gainerako hizkuntzekiko errespetua eta (adi!) interesa erakusten dituela kanpoan dagoenean. Hizkuntza bakarra jakitea bi jakitearen maila berean dagoela dioen horrek klase partikular asko ordaindu osteko ingeles perfektua darabil jendaurrean, eta turkierazko hitzak apuntatzen hasi da koadernoan lehenengo astetik, bertakoekin haien hizkuntzan aritzeko, errespetuagatik.

Interesgarria, era berean, injustiziak detektatzeko eta kritikatzeko garatzen duen bat-bateko gaitasuna (berari eragiten ez diotenean ere bai). Kazetarien atxiloketak, biolentzia poliziala, estatu totalitario baten ekintza bidegabeak, kurduenganako zapalkuntza… denak salatzeko gai da, justifikazio saiakerarik gabe.

Migrazio aldian Euskal Herriko erdaldun elebakarra euskaldun elebidunarekin batera sailkatzen dute espainolek los vascos azpitaldean, noski. Eta, zer diren gauzak, horrek ez du erdaldun elebakarra mintzen, alderantziz, euskarazko hitz solteak esatera ausartzen da maiz, gure jatorri ezezaguneko hizkuntza exotikoaz harro. Eta zein politak diren baserritar jantziak, eta ze ona 8 apellidos vascos eta gure Idiazabalgo gazta, eta, benga, kanta dezagun euskal kanturen bat! Oso kukia baita gure kultura, folklorera, kondairetara eta galtzen ari den hizkuntza zahar bat mirestera mugatzen den bitartean.

Baina amaitu da migrazioa, eta erdaldun elebakarra itzuli da bere habitatera. Lehen azpitalde berean batzen gintuenak banandu egiten gaitu orain. Exotismoa bai, baina kontrolatua. Izututa sumatzen dut sare sozialetan "inposatu" eta "behartu" bezalako hitzak erabiltzen, euskara mendi puntetako herri basatietatik hiriko eskoletara jaisten hasi delako, gaztelaniaren eskubide berak eskatzera ausartu delako, ez duelako Ken Zazpiren Ilargia-ra mugatu nahi.

O, txantxangorriak

Igor Elordui Etxebarria

Txori ezin zen eta izan ginen sator, ezkutua uzteko garaia badator". Horrelaxe zioen Andoni Egañak idatzi zuen Korrikako 10. edizioko abestiaren letrak, Gozategik musika jarri zion kanta hark, alegia.

Bada, tamalez, eta pasatu dira kasik hogei urte, erdibidean gabiltza oraindik, ez txori ez sator: txantxangorria —horixe da Eusko Jaurlaritzak eta EAEko diputazioek eta Eudel udalen elkarteak aukeratu duten sinboloa euskararen erabilera sustatzeko kanpaina berrian— zerura hegaz egitera bidaltzen dugun bitartean, "euskararen gaineko diskurtso partekatutako zoru komunari" begira gaude. Horrela izan beharko du, agian, atsotitzak dioen legez ondo eta arin usoak egiten duelako hegaz.

Baina, ez al da, txoriez eta hegaldiez ari garela, zoru komunak ez ezik, zeru komunak partekatzeko garaia? Duela aste bi azaldu ziren Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren (EGOD) azken txostenaren emaitzak aintzat hartuta, EAEn, behintzat, nahiko zoru dago abiada hartu eta hegoak astintzeko. Noski, horretarako papargorri "ahul eta hauskor" baten hegaldia baino zerbait gehiago beharko da; euskaldunoi euskaraz egiteko eskatzen digun kanpaina bat baino zerbait gehiago, alegia.

Hilabete pasatxo izango da kanpainaren aurkezpena egin zenetik. Hau da, txantxangorriaren irudia zabaltzen hasi zirenetik. Dakienak euskara erabiltzera dei egiten du ekimen berriak. Euskaldunon sorbaldan, txioka, paratzeko agindu diote papargorriari, beraz. Beste behin. Bada, beharrezkoa izanda ere, errazena egin dute. Hori sarri-sarri egiten dugu euskalgintzan jarduten dugunok. Bale. Egia da. Hizkuntza bat galtzen da dakitenek erabiltzen ez dutelako. Baina ez da egia osoa. Artzeri kontra egitera ausartuko naiz: hizkuntza bat galtzen da, baita ere, ez dakitenek —eta ikasi behar dutenek— ikasten ez dutelako. Eta hor dago koxka, zeren, konplikatuagoa eta garestiagoa da, zentzu guztietan, erdaldunei euskara ikasteko eskatuko dien kanpaina iraunkorra egitea, doakotasuna bilatuko duen eta euskara ikastea sarituko duen politika bat garatzea, euskaltegiei dagokien estatusa onartzea, euskal hedabideak sustatzea, eta abar.

Hala eta guztiz ere, lagunduko diogu txantxangorriari, nahiz eta inozo xamarra izan, kukuak bere habian jartzen dituen arrautzak txitatzen baititu, eta, kuku parasitoaren erruz, bere arrautzak galtzen. Maiteko dugu bera, askoz maiteago izanik ere Laboaren txoria, edo Bai Euskarari kanpainarekin jaio eta harrezkero suaren gainean dantzan dabiltzan uso zuria eta uso gorria. Hauspotuko dugu bere hegaldia, jakin badakigun arren hego laburrak dauzkala, eta bere e birbilduaren arrastoa Euskal Herriko hiru herrialdetara mugatzen dela. Eta akordatuko gara Itoizekin. "O txantxangorriak gelako sapaian...".

Kontraesan Valentin

Nerea Ibarzabal

Mirenek ikasi du San Valentin gorrotatzen. Izugarrizko nekea eragiten dio asteburu honetan La Perla nola beteko den imajinatze hutsak, eta furgonetan asteburu pasa joango diren bikoteek, eta jatetxeetako eskaintza erromantikoek. Ikasi du harreman monogamo, menpeko eta, batez ere, heterosexualak goraipatzen dituen maitasun eredua ez dela osasungarria. Dagoeneko ez ditu jasaten Women'secret-eko eskaparate gorriak, bikote arrarentzako ezin sexiago egon behar duela agintzen dioten sujetadore estuak, inozentzia eta hauskortasuna iradokitzen dituzten pijama laburrak. Ikasi du munduko hiri ezagunenetako zubietan bikoteek lotzen dituzten giltzarrapoak ezin direla izan maitasunaren sinbolo, hain itxi eta zurrun, hain betirako. Peluxezko hartzak, koloniak, bihotz erdidun lepokoak… opari denak inozoak bezain arriskutsuak iruditzen zaizkio, emakume eta gizonen rolik estereotipatuenak indartzen dituztelako.

Mirenek deseraiki ditu umetan hogeina aldiz ikusi eta buruz ikasi zituen Disneyko pelikula guztiak, aztertu ditu printzeen eta printzesen jarrerak, nork aldatzen zuen bere gorputza, etxea, bizitza noren ondoan egotearren, irakurri ditu iritzi zutabeak, idatzi ditu iritzi zutabeak, parte hartu du maitasun erromantikoaren inguruko tailerretan.

Mirenek kritikatu ditu kuadrillakoen harreman toxikoak, eta penaz eta nagusitasun puntu batekin ere begiratu izan die ingurukoei, jarrera ez-osasungarri horiek identifikatzeko gai izan ez direnetan. Egun osoa lanean pasatzen duten eta etxera iristean ere lanean jarraitzen duten bere gurasoei ere saiatu da klase langileari eta feminismoari buruzko lezioak ematen. Mirenek argi dauka berak noizbait haurrak izanez gero hasieratik transmitituko dizkiela berak hain berandu jaso dituen ideia hauek.

Mirenek ere hitz egin du, arduratuta, bat-batean pisu asko galdu duten inguruko neskez, berak ere ez jatearen jolas makabroan maiz parte hartu duen arren. Salatu du arropa marka ezagunek eta beraien neurriek sustatzen duten edertasun eredua, baina egin izan du negar Zarako aldageletan bere gorputzari begira. Atzeratu ditu lagunekin kafeak eta elkarrizketak, bere bikote harreman monogamoari are denbora gehiago eskaintzeko. Ezetza ezetza dela badaki Mirenek, baina zenbat aldiz esan duen "bai", benetan "ez" esan nahi zuenean. Nola kritikatu dituen gainerakoen jelosiak eta nola erre dizkion barrenak bere bikotea besteren batengandik gertuegi sumatzeak. Mirenek ez du San Valentin ospatuko, eta pentsatuko du berriro egin diela ihes maitasun erromantiko eta patriarkalaren atzaparrei, berriro libratu dela mundua den bihotz formako bonboi kaxa erraldoi honetatik. Baina Disneyk oso ondo egin zuen bere lana.