Igor Elordui Etxebarria
Nekez topatuko genuen bart Euskal Herriaren luze-zabalean, sugar eta ke bako herri, auzo, baserri, txoko zein bazterrik. San Juan Bagileko, zapoak eta sugeak erreteko, artoak eta gariak gordeteko, San Juan Bagileko. Zenbat bider...
Iritzia
Ikusten ez den hori
Nerea Ibarzabal
Nola masturbatzen gara emakumeok? Zein teknika dira erabilienak, zein mugimendu gozagarrienak? Aste honetan BERRIAn idatzitako Alu izua zutabean opari txiki bat utzi digu Samara Veltek: emakumeok geure buruari plazera emateko erabiltzen ditugun moduei buruzko ikerketa landu bat —www.omgyes.com webgunean dago, baina osorik ikusteko/ikasteko ordaindu egin behar da—.
Lehen aldia da emakume bat bere masturbazio teknikak zehatz-mehatz azaltzen entzuten dudana —bideoz bada ere—, eta nahiz eta ziur badiren beste hainbat adibide Interneten atzaparretan, gaur arte ez zait begiratzea otu. Bizitza osoa hankartean alu batekin eta hankartean alu bat duten pertsonaz inguratuta, eta gaztetxotan, kasualitatez, bizikletaren jarlekuarekin, dutxako txorrotarekin, izaren marruskadurarekin deskubritutako plazer debekatu hura neure modura kudeatu eta isilpean mantendu dut, teknika berriak ezagutzeko esperantzarik eta interesik gabe. Neure teknikarekin oso gustura nagoelako izan daiteke, edo agian Interneten orrialde horiek begiratzen harrapatu nazaketela pentsatze hutsak izugarrizko lotsa ematen didalako oraindik.
Harrituta geratu naiz ezagutzen ez nituen hainbeste modu eta mugimendu ikusita; binakako sexurako —plazer onarturako— ehunka truko ezagutzen ditugu, ordea. Agian subkontzientean masturbazioa nahikoa bekatu iruditzen zaigu jada, gainetik plazer horren forma berrietan sakontzen hasteko. "Emakume askok gehiagotan ikusten dute euren dentista euren hankartea baino", dio Veltek, eta zer pentsatua eman dit esaldiak, ikusi nahi ez den horrek zail baitauka osoki existitzen. Hortik datoz bere ezaugarri naturalak kamuflatzeko nahiak, hilekoaren tabuak, usainak, ileak; masturbatu izanaren ukazio eternalak lagunarteko aitortza jolasetan, baita neska artean ere; norbaitek sexu orala egiten digun bitartean zer ikusten ari ote den pentsatu eta hasieran lotsa sentitzea.
Gogoan dut behin amak gure familiako emakume baten istorio sexuala kontatu zidala. Bere lehen orgasmoa garbigailu batekin izan zuen, zentrifugatze prozesuan sortutako bibrazioaren ondorioz —ezkondu eta lehen umea izan ondoren, datu esanguratsua—. Paradoxikoa, emakumeari ukatutako plazera emakumeari inposatutako zereginean aurkitu zuen. Pasatuko dizkiot webguneko pare bat bideo, energetikoki jasangarriagoak direnak; pozik eta balay hartuko ditu.
GabARRA
Igor Elordui Etxebarria
Ezin izan diot tentazioari eutsi. Titulua ere bera da, testuinguru berrira egokituta. Duela hiru hilabete orrialde hauexetan publikatu zidatena gogora ekartzeko beharra sentitu dut.
Zera nioen orduan, aspaldian ez dela mugimenduan gabarrarik ikusi Ibaizabaleko uretan, ez lanean, ezta Athleticen titulu bat ospatzen, eta, gainera, zurrumurruek diotenez, Athletic gabarra zaharkiturik dagoela eta, gaur-gaurkoz, titulu bat irabazita ere, ezingo litzatekeela nabigatzera atera. Baina etorriko zela debatea, eta seinale ona izango zela, Athleticek lehen postuari tinko eusten ziola eta begi-bistan zegoela Superliga eskuratzeko aukera. Hori horrela, eskatzen nien, Athleticeko bazkide eta 5 urteko alabaren aita baten partez, ligako edo Kopako txapeldun geratuz gero, bai klubari, baita jokalariei eurei ere ez uko egiteko, jende gutxi hurbilduko garen beldurrez, merezi duten horri. Alegia, gabarrari (edo haren parekoari).
Sumatzen nuen gertatu dena, Athleticek Espainiako Superliga irabaziko zuela (zorionez asmatu dut) eta, hala ere, gabarrarik ez zela egongo (tamalez, hori ere asmatu dut). Txarrena da, lerrook idazterako orduan oraindik ez dakidala zergatik. Eta entzun eta irakurri ditut gauzak, gero:
Ezin dela gabarrarena bezalako ospakizun bat egun batetik bestera antolatu. Ez litzatekeela jendetzarik bilduko. Ezin direla gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak konparatu. Profesionaltasunaren bidean aurrera egitea dela garrantzitsua, ez gabarra bera. Hobe genukeela gabarra eskatu dugun guztiok nesken partidetara joatea, eta abar.
Eta egia da, baina: Athleticek liga irabaz zezakeela aurreikus zitekeen. Ondoren, denon esku zegoen erreka bazterrak betetzea. Edozelan, jende gutxi bilduta ere, zer? Gabarra ez da helburu bat, ospakizuna baizik. Badakigu emakumeak ez direla profesionalak —uste dut, bidenabar, profesionaltasunera bidean gabarra ateratzeak kalte baino on gehiago egingo zuela—, baina horregatik ez da txikiagoa meritua. Atera kontuak, atzerritarrez osatuta dauden talde sasi-profesionalak garaitzeko gai izan dira gure neskak. Ezagutu nuen Athleticek liga edo kopa irabazten zutenean jota dantzatzen zuen amama bat; gabarrara ere ez zuen hutsik egingo, eta inoiz ez zen San Mamesera joan; futbola berarentzat niretzat fisika kuantikoa baino arrotzagoa zen. Hori da Athletic niretzat, ez harrera erlijioso-instituzionalak.
Funtsean, injustizia bat egin dela uste dut: neskei gabarra zor zitzaien; ez merezi dutelako soilik, baizik eta irabazi egin dutelako. Horrez gain, parekidetasuna bultzatzeko ez ezik, bazkide eta jarraitzaile bezala, Athletic futbol-talde bat baino gehiago dela munduari erakusteko aukera bat galdu dugula ere uste dut.
Irabaziko dute kopa eta piztuko da berriro eztabaida. Bitartean, proposamen berria egitera ausartuko naiz, aurrekoak baino arrakasta handiagoa izango duen esperantzan: Athleticen himno ederrean jar dezatela "Aupa neska-mutilak!" "Aupa mutilak!" dioen lekuan.
Ez gara berdinak
Nerea Ibarzabal
Mundu osoko 30 ipuin dakartzan liburuxka autoeditatu bat neureganatu berri dut. Hilabeterako ipuinak, proposatzen du izenburuak —berez, gaztelaniaz-, baina gau bakarrean 11 egun irentsi dizkiot liburuari, eta orain errudun eta zikin sentitzen naiz, zatitxo bat hartzera joan eta pastel osoa jaten duenaren gisara. Hainbeste ipuinondo, irakaspen eta zer pentsaturen indigestiotik, istorio hindu bat geratu zait itsatsita, lo hartu aurreko zazpi segundo horietan hausnarketa txiki-txiki bat eskaintzeko adina eman didana.
Buda izan zen bere garaiko gizonik argiena eta bihozberena. Hain zen zintzoa, non bere ingurukoen jelosia pizten baitzuen, tartean bere lehengusu Devadattarena; edozer egiteko prest zegoen Devadatta Budaren izen ona zikintzeko, edozer, baita hura hiltzeko prest ere. Horrela, goiz batean, Buda oinez zihoala, lehengusuak muino baten gainetik harri handi bat jaurti zion gainera. Budaren aldamenean erori zen harria, eta ez zitzaion ezer gertatu; egoeraz jabetu eta irribarre baino ez zuen egin.
Egun batzuen buruan, Buda bere lehengusuarekin gurutzatu zen kalean, eta beti bezain jator agurtu zuen. Devadattak harriturik galdetu zion ea nolatan ez zegoen berarekin haserre. Budak, orduan, honela erantzun: "Zu ez zarelako jada harria jaurti zuen hura, eta ni ez naizelako jada handik oinez pasatu zena. Ez zu, ez ni, ez gara lehengo berdinak".
Une batez mundua konponduta dagoela sentitu baina berriro nire onera etorri, eta, maleziaz, aspaldiko tunikadun pertsonaia lasai horiek gaur egungo munduan irudikatu eta kondenatu ditut. Egunkarien orrietan ikus ditzaket elkarri harrika. Devadatta mordoa harriak jaurtitzen, eta gero muino atzean ezkutatzen, gertatutakoa ukatzen, errua inori botatzen, erasoak ez ikertzen. Budak harrien azpian harrapatuta, jendea aspaldi hildako Budak harripetik atera nahian, Buda ez hain zintzoak, Budak goitik behera datozen harriei begira baina ihes egin ezinda, Budak mendeku hartzen. Devadatta euskaldunak, Buda erdaldunak, Devadatta dirudunak, Buda txiroak. Kalean elkar agurtzen ez duten Buda eta Devadattak, eta elkar agurtzen ez duten Budak eta elkar agurtzen ez duten Devadattak, eta elkar agurtu arren elkar gorroto dutenak. Eta harriak izan daitezke, edo izan daitezke gomazko pilotak, balak, hesi erraldoiak, torturak, erraustegiak, eraso sexistak eta dena egun bakarreko egunkaria litzateke, hala ere. Imajinatzen dut Buda nekatu eta energetikoki guztiz desorekatu bat, iraganeko ekintza guztien zama soinean hartuta, muinora igo eta behean doan horri harria botatzen, esanez: "Zu eta ni ez gara berdinak".
Otxandion gertatu zen
Igor Elordui Etxebarria
Otxandioko denda batera sartu ziren bi euskara-irakasle erosketa batzuk egitera. Dendariari euskaraz eskatu zion, nola bestela, haietako batek. Dendariak, baina, erdaraz erantzun zion: bera kolonbiarra zela eta bere hizkuntzan egiteko, hau da, gazteleraz. Bota zion, gainera, gazteleraz ez badaki, bada, ikasteko. Irakasleak, dendariaren jarreragatik asaldatuta erantzun zion: "Ikasi zuk ere nirea, nirekin datorren hau kubatarra da, eta ikasi du". Dendaria, harroxko, ingelesez hasi zen orduan, ingelesa ikasteko aholkatuz. Baina, gauzak zer diren, gure kubatar euskalduna, euskara-irakaslea izateaz gain, ingeles-irakaslea ere bada. Bigarrenez entzun behar izan zuen dendari harroputzak, suabe-suabe eta ingeles perfektuan, euskara bertako hizkuntza dela eta ikastea komeni zaiola.
Arratiako AEKren asteburuko barnetegian gertatu zen. Ikaslez eta irakaslez osatutako lagun-kuadrilla ederra elkartu ginen Otxandion. Ederto pasatu genuen, eta, hiru egunez, euskara gozatu eta euskaraz disfrutatu genuen: jolasak, dantzak, txitxi-burruntzia, Oka-joko erraldoia, kantu-poteoa... Eta gehiago: herrian egin genuen ginkana baten bidez jakin genuen Otxandio XIII. mendean sortu zela; bertatik pasatzen den erreka Urkiola dela; Otxandion, garai batean, burdinola pilo bat zeudela, eta horregatik dagoela plaza nagusian Vulkanoren omenez iturria, estatua eta guzti, sua eta metalaren jainkoa delako; jakin genuen, halaber, 1936ko uztailaren 22an Otxandio bonbardatu zutela frankistek eta 57 hildako egon zirela; ikasi genuen, hori ere bai, Bittor Kapanaga otxandiarrak idatzi zuela Araban bagare kanta ezagunaren letra; hori, eta beste gauza asko. Horra hor, bere neurrian, herri txiki euskaldunentzako —euskararen erabileran beherakada kezkaz bizi den honetan—, euskararen erabilera eta turismoa sustatzeko ekintzabide polita. Baina hau idaztearen arrazoia ez da hori.
Zaila da esatea zer den kasualitatea, eta zer ez. Baina kontua da Otxandioko dendari kolonbiarrari euskara-irakasle kubatarrak erantzun ziola ingelesez. Eta Leo, gure kubatar maitagarria ez ezik, asteburuko barnetegian parte hartu zuten ikasle gehienak Euskal Herritik kanpo jaio zirela: kolonbiar bat, boliviar bi, alemaniar bat, kataluniar bat, burgostar bat... lanagatik, familiagatik, ikasketengatik, maitasunagatik edo dena delakoagatik hona etorri direnak. Eta horiekin batera gerra ostean euskara galdu zuten familietako ondorengoak.
Amparo, Txutxi, Juanra, Kathrin, Susana, Jessi, Itzi, Guillem, Nuria, Beti, Mertxe, Arantza, Yasmin... Hau zuengatik eta zuentzat idatzi dut, zuek bezala euskara ikasten ari diren guztiak gogoan; maitasunez eta, espero dut, ulertzeko moduan. Lortuko duzue euskaldun izatea, zeren ez dago euskalduntasuna neurtzeko agiri hoberik euskaldun izan nahi izatea baino. Bejondeizuela, eta eutsi goiari.
Ai ama
Nerea Ibarzabal
Karrotxoak eguzkitan, txupeteak lurrera erortzen ni albotik pasatutakoan, familiak zebrabidea gurutzatzen, eta ni autoan zain. Ezagunen tripa puztuak, "ene, horiek ere bai?"; baloi guztiak nire oinetara, "ei, pasa!". Sare sozialetan, bonbardaketa: CUPeko Anna Gabriel zaintzaren inguruan; Klitto-n ama izateaz damutu diren emakumeak; mundu osoa Porrotxekin argazkietan —nola iristen da gizon hori hainbeste lekutara?—; dona óvulos, tú puedes ayudarme a ser madre; Clearblue, creo que voy a llorar. Norbaitek amatasunaren inguruan hausnartu dezadan nahi badu, esan dezala argi!
Beranduago kudeatu beharreko gaitzat —gai, ez gaitz— hartu izan dut beti, geroago ezagutu, kritikatu edo alternatibak bilatu beharreko zerbait. Oraingoz, amatasunarekin izandako kontaktu bakarra predictorrak erantzun bat eman bitarteko minutu agoniko hori izan da, edo bikote harreman bat hasi eta segituan gure ume hipotetikoak irudikatzen ditudan unea, gero harremana moztu eta inoiz eman ez nien bizitza betirako ukatzen diedan arte. Berez, asperdura sorrarazten dit guraso berriak ikuste hutsak —ez dut friboloa izan nahi—, benetan, sekulakoa, baina ernaldu gabeko pertsonen aurpegiak irudikatzeko dudan ohitura horrek argi uzten du balantzak zein aldetarako joera duen: errazagoa da amatasuna imajinatzea amatasun eza baino. Ama ez direnen irudia askoz ahulagoa eta negatiboagoa da gure baitan.
Ama Naturak nire gogoeta goiztiarren berri jakingo balu bezala, kafe baten bueltan elkartu nau aste honetan bi ertz interesgarrirekin, eta oharkabean atera da gaia: batetik, amatasuna izugarrizko debozioz eta zoriontasunez bizi duen emakume bat; bestetik, bere inguruko guztiek bai, baina berak haurrik izan ez duen emakume bat. Aitziber Garmendia bezala sentitu naiz bat-batean, Batek daki saioan. Jule Goikoetxeak esandakoak errepikatuz saiatu naiz adituarenak egiten.
—Baina zergatik nahi ditugu gure haurrak izan? Gureak direlako maite ditugu, propietate pribatu bat izango balira bezala. Pentsa zenbat ume dauden guraso beharrean…
—Ba nik instintu baten gisa sentitu nuen, guztiz animalia sentitu nintzen. Ume bat nahi nuen, ume bat nahi nuen… eta segituan geratu nintzen haurdun.
—Bai, emakume batzuek haurrak nahi izateaz gain, sentitzen dute haurdun egoteko behar hori, sabela haztea, botaka egitea, estriak, erditzea bera… gauza zoragarri horiek guztiak.
—Niri haurra lehen aldiz besoetara eman zidatenean, beste bat nahi izan nuen segituan…
—Ba ni izorratzen nauena da nire adinean ez zaituztela serio hartzen haurrik ez baldin baduzu, zure arazoak aski arazo ez balira bezala. "Klaro, baina zuk ez daukazu umerik". Ba nahi baduzu emazkidazu zure umeak, eta nik emango dizkizut nire arazoak, ea nola konpontzen zaren.
Elkarrizketa amaitu bezain pronto erabaki dut existitzen ez den jendea abortatzen jarraituko dudala, oraingoz. Amatasunak eta amatasunik ezak asko aldatu beharko dute, oraindik, ni konbentzitu nahi banaute.
Hogei urte ez da ezer
Igor Elordui Etxebarria
—Egun on.
—Egun on, Koldo. ¿Solo, no?
—Bai, sakarinarekin.
—Hoy viene cambio. Ya sabes, el fin de semana.
—Sí....
Kafeari sakarina bota, koilaratxoarekin eragin, eta lehenengo zurrupadarekin zabaldu du BERRIA. Bigarren orrialdean gelditu da. 'Eta hemendik aurrera zer?' dokumentua osatu du Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 taldeak:
Euskara gaztelaniaren parean egotea jarri dute hizkuntz politikaren oinarri... Nahi duenak nahi duen hizkuntza hautatu ahal izatea... Euskaraz ikasteko hasierako mailak doakoak izatea... Aurrerapen nabarmena egin du euskarak azken hamarkadetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nola segituko duen, proiekzio bat egin dute 2036ra begira...
Bigarren zurrupada eman dio kafe beltzari. Artean kikarari atzamarrekin eutsiz segitu du irakurraldia:
Hiru herrialdeetako biztanleen ia erdiak euskaldunak izango dira. Gazteen artean, %80 baino gehiago... Euskararena auzi politikoa da, zentzurik zabalenean. Euskarak politika behar du, baina etsairik handienetako bat politikakeria du ... Jomuga da herritar guztiek eduki dezatela modua zein hizkuntzatan aritu nahi duten hautatzeko... 2036rako iragarpenak gogoan hartuta, baldintza soziolinguistikoak hobetu egingo direla nabarmendu dute... Erabilerara jauzi egitea da erronka...
Hirugarren zurrupadarekin utzi du kikara platertxoan. Bildu du egunkaria besapean, eta irten da tabernatik.
—Agur.
—Agur, Koldo, hasta el lunes.
—Astelehenera arte, bai.
Bulegora bidean, hogei urte barruko egoera irudikatu du:
Hogei urte barru, tabernako zerbitzaria euskalduna izango da, edo, behintzat, orain baino euskara gehiago egingo du.
Hogei urte barru, tabernetan egoten diren egunkarien artean BERRIA egongo da. Gainera, agian, beste egunkarietako edukien heren bat edo euskaraz izango da.
Hogei urte barru, euskaltegiak euskara ikasteagatik ezer ordaindu behar izango ez duten etorkinez beteta egongo dira.
Hogei urte barru, Eusko Legebiltzarrean euskararen erabilera sustatzeko neurriak onartuko dituzte, aldibereko itzulpenaren beharrik gabe.
Hogei urte barru, ikasketa guztiak euskaraz egin ahal izango dituzte gazteek, berdin lanbide-heziketan zein unibertsitatean.
Hogei urte barru, ez du derrigorrean gehiena erdaraz egin behar izango kuadrillako guztiak elkartzen direnean.
Hogei urte barru, euskaraz egin ahal izango du medikuarenean, epaitegian...
Hogei urte barru, hogei urte barruko Afrika Baeta euskaraz arituko da (oxala baita Nafarroarako).
Semantika kontuak aparte, hogei urte barrurako helburuak hogei urte lehenago ere ezar zitezkeela iruditu zaio. Baina, halere, esan ohi den bezala: "Non sinatu behar da?". Irribarrea atera zaio. Erretiroa, behintzat, euskaraz gozatu ahal izango du.
Gardelen tango batekin akordatu da, hogei urte ez dela ezer dioen harekin, eta horixe txistukatzen sartu da lanera.
Bask
Nerea Ibarzabal
Otsailean, Turkiako Parlamentuan, telefono bat gerturatu zuen mikrofonora HDP alderdi kurduko kide batek. Ahots beldurtu bat entzun zitekeen, Cizretik deika —Turkia hego-ekialdeko hiri kurdua— , soldadu turkiarrek suntsitutako eraikin batean ezkutatuta zeudela esanez. Laguntza eskatzen zuten, militarrek eraikina inguratuta zeukatenez ezin zutelako handik ihes egin. Egun gutxira bizirik erre zituztela zabaldu zen hedabide txiki eta alternatiboetan. HDPk lortutako datuen arabera, 2015eko uztailetik 282 zibil kurdu hil ditu Turkiak Cizren, horietako 177 bizirik erreta. Hamar bat gorpu identifikatzea lortu dute momentuz.
Hala kontatu digu etxean astebetez izan dugun lagun kurduak. Berez egun lasai batzuk pasatzera etorri arren, mugikorrari heldu eta wifira konektatuta egon da ahal izan duen guztietan, tankera horretako albiste gehiago etorriko diren ziurtasunarekin. Lekeitioko faroan kafe bat hartu bitartean esaten zuen, "bi mutil kurdu ospitalean daude larri, parke batean kurdueraz hitz egitearren eraso egin dietelako". Edo Zarautzen pintxo batzuk jan ahala erakuts zitzakeen Turkiaren menpe dauden hiri kurdu nagusietako bideoak, non bandera zuriekin kaleko gorpuak jasotzera ateratzen ziren zibilak tiroz hiltzen dituzten soldadu turkiarrek.
Euskal Herriko hiriak ezagutu ahala zerrendatu dizkigu dagoeneko guztiz suntsituta eta hutsik dauden Kurdistango hirien izenak. Guk hormetako pintaden itzulpena egin bitartean, bonba batek eztanda egin du Diyarbakirren. Maiatzaren 1a poliziaren eta herritarren arteko gerra izaten da Turkiako hirietan, eta guk, manifestazioaren zain, Sestaoko herrikoan kafe bat eskatu dugunerako, lau hildako daude han. Astebete igaro eta itzuli da laguna Istanbulera, eta berarekin batera joan da Turkiak eta Europak ezkutatu nahi duten informazioa, aurrerantzean hona distortsionatuta edo beranduegi iritsiko dena.
Aitortzen dut egunotan konplexu moduko bat sentitu dudala euskaldunok pairatzen ditugun injustiziez hitz egin diodanean. Badakit konparatze hutsa absurdoa dela, bai, baina espero baino zuriago eta mendebaldekoago sentitu naiz, zapaltzaileago, adiskide zapaldu baino. Turkiaren menpe dagoen Kurdistango zatiaz ari gara, errefuxiatuak mantentzeko Europaren dirua jaso duen Turkia horretaz, giza eskubideak sistematikoki urratzen dituenaz, gure baimenarekin.
Kurdueraz txorien hegalei bask esaten zaiela kontatu digu, eta milaka esaldi sentimental bururatu zaizkit ordutik bi herrien askatasunaren inguruan. Baina ez dakit legitimitaterik dudan honi buruz poesia egiteko, aste honetan behintzat.
Maiatzaren lehena domeka da
Igor Elordui Etxebarria
Egoera ekonomikoa hobetzen doala diote, bagoazela burua ateratzen, apurka-apurka. Baina ez da hori dendetan, fabriketan, tabernetan, finean, etxeetan sumatzen dena. Badaukat lagun bat: 46 urte, bi seme eta hipoteka bat. Bere lantegia itxiko dute (BERRIAko ekonomia orrialdeei erreparatu badiozue jakingo duzue zein den ere). Gurean ere, anaiak bost urte egin ditu langabezian, curriculumak bidali eta bidali, ikastaroak egin eta egin. Berak ere seme-alaba bi eta hipoteka; egunero bazka eman behar zaion etxeko apopilo madarikatua. Topatu du, azkenean lana, bai, baina nolakoa? Soldata eskasa, ordutegi eskasagoa, oporrik apenas ez. Aita, jada jubilatuta, autonomo izandakoa, pentsio miserable batekin bizirauten. Neuri buruz ere, zer esango dizuet, bada? Soldata urri baten truke euskalduntze lanean —gustuko lanean eta gustuko lekuan, eskerrak horri—; heltzekotan, 67 urterekin helduko den erretiro prekario batera bidean. Eta gaitz erdi! Zeren eta, zer esango dute gurasoen etxean bizitzera kondenatuta dauden ikasle-langabetu beti gazteek? Senarraren soldataren edota pentsioaren pentzuan bizi diren emakumeek? Beste diru-sarrerarik ez eta gizarte-laguntzen baitan dauden familiak? Esango digute gura dutena, baina, gaur-gaurkoz, inguruan dakusagun errealitatea hori da, nahiz eta, hauteskundeak hurbildu ahala, langabezia arean jaitsi dela gogoraraziko diguten etengabe zenbaitzuek.
Eta horrela gauzak, heldu da, beste behin, maiatzaren lehena. Etzi izango da, domekaz. Ohiko liturgia izaten da askorentzat —niretzat ere bai-, maiatzaren lehenean manifestaziora joatea, poteoa egitea eta lagunekin bazkaltzea. Aurten, baina, maiatzaren lehena domeka da, eta, noski, igandea izanik, gerta zitekeen hori gertatu da: Athleticen partida garrantzitsu bat dago eguerdiko hamabietan Bilbon. Sindikatuek mobilizazioetara deitzen duten ordu eta leku bertsuan, gainera. Aitortuko dizuet: litekeena da San Mamesera joatea, futbola herriaren opio berria bada, ni yonki totala bainaiz. Seguru asko ezingo dut ekidin halako ondoez bat, halako damu bat; batez ere, zelaira bidean banderola, pegatina eta megafoniadun sindikalisten artean sigi-saga joatean, eta, behin barruan, zelai berriko VIP palko dotoreei begiratua egiten diedanean. Baina, aitorpena bezain gordin: liturgia bat beste liturgia batengatik aldatu baino ez dut egin.
Ez dut nire burua zuritu nahi, baina gizartearen gehiengoarentzat domeka izango da, ez besterik, etziko eguna. Horrez gain, maiatzaren lehena ospatzeko motibo gutxi dago. Apropos darabilt ospatu aditza, euskaraz ez baita gauza bera ospatzea eta egitea. Xeheago esanda: bizi dugun egoerak egiten duguna baino askoz gehiago egitea eskatzen du. Denok. Baina horretarako, nork bere poltsikoari, bere lanpostuari, bere enpresari, bere sektoreari, eta bere sindikatuari soilik begiratzeari utzi beharko lioke. Hori egin ezean, maiatzaren lehenak domeka izaten jarraituko du eta in sæcula sæculorum.
Maitasunaren hiriak
Nerea Ibarzabal
Goizaldeko ordu bata eta errepidean, kamioiak, eta bide ertzeko atseden-guneetan, kamioiak, kabinetako argiak piztuta. Ilargia lainoen atzean, kotxeko argiak, gasolindegiak, txokolatinak eta kafea. Irratian, esatariak frantsesez, eta autobideko ordainlekuetan, langilerik ez; euroak saskira bota ditugu hirunaka, eta pentsatu dut Frantziako ordaintokiak diseinatu zituenak kontzienteki eman ote zien zakarrontzi itxura, gidariek dirua harrokeriaz zakarretara botatzen dutela senti dezaten etengabe, eta gero umiliatu daitezen bueltako 10 zentimoak hartzera kotxetik aterata, leihotik ez direlako iristen. GPSaren ahotsa gazteleraz, 190 kilometro Bordelera iristeko, eta, bat-batean, Mikel Urdangarinen kantu bat irratian, eta irribarre absurdo bat, oraindik Xorroxin harrapatzen duelako.
Parkinga hutsik eta tren geltokia hotz, goizegi edozertarako. Jendea parrandatik bueltan, eta eskale bi. Bonjour, Bordeaux. Inguratzen gaituen guztiak diost guri ez dagokigula hemen egotea, gure kabuz etorri garen arren. Trenean argitu du egunak, zelai berdeak, soro horiak eta aire girotua. Hiru ordura, Paris-Montparnasse geltokia ageri da gure begi gorrituen aurrean. Trenak Disneyra, trenak Versaillesera, zenbat Paris ezberdin. Eiffel dorrearen zatitxo bat ikusten da leihotik, Bois-d'Arcyko kartzelara bidean.
Dentista koloreko itxarongela bat eta emakume asko, amak, alabak, emazteak. Umeak garrasika, azal ilunkarak, buruko zapiak, ile kizkur luzeak, kafe urtsua plastikozko basotan. Apaletan, Kate Moss ageri den aldizkari zaharrak daude, horoskopoa zaharkituegi dutenak. Izen-abizenak plastikozko poltsentzat eta erloju zatar bat horman, denbora hemen zein bizkor eta zein astiro joan daitekeen gogoraraziz. Kartelak eta oharrak ulertzen ez dudan baina ikasi ez izanagatik errudun sentiarazten nauen hizkuntzan idatzita, hain gertu izanik Frantzia… Alanbre kiribilduak eta bandera bat dantzan.
Bisita aurreko urduritasuna eta bisita osteko isiltasuna, eta beste behin bide berbera egin beharra, baina oraingoan kamera geldoan, nekearen besarkada sumatuz atzealdetik, pixkanaka. "Nola ikusi duzu?" galderarentzako erantzuna ondo aukeratu, eta trenak eragindako lepoko minez autoa gidatu, leihoa erdi irekita, loak ez hartzeko.
Zorionez, ez dut gertuko lagun edo seniderik barruan, eta askorentzat ezagunegia den irudi hau lehengo astean bizi izan nuen estreinakoz, lagun bati bidaian konpainia egitea erabaki nuenean. Ziurrenik, sakabanaketak kondenatu dituen senideentzat ez dago poesia zantzurik kartzeletan, ohituta daude gastu ekonomiko eta fisiko izugarriari aurre egiten, eta Cadiz, Madril, Huelva, Valentzia, Paris eta halako hirien bertsio ezberdin hori ikusten. Maitasunaren beste hiri horiek.