Iritzia

Udazken koloretan

Igor Elordui Etxebarria

Udazkenean sartu berritan —udagoiena ere bai, mendebalde parte honetan— Benito Lertxundiren Udazken koloretan entzuten ari naizela idazten ditut berbok, hauteskunde eguneko biharamunean, heldu berri zaigun udagoienari egiten diodan ongietorri partikular gisa, eta baita hauteskundeen emaitzen harrabotsetik apur batean ihes egin nahirik. Eta ihes egiten dut, bai, baina erdizka.

Benitoren kanta aditzen dudalarik, udazken koloretan, landen lurrinak zeharkatuz, hitaz oroit eta higan nauk entzun eta gudari ibili zen aititekin akordatzen naiz, esaten zidanean, artean ume ni: "Nik ez joat ikusiko, baina hik ikusikok herri hau independiente". Hala esaten zuen aititek, ez subirano ez kristo, in-de-pen-dien-te; azken te hori indarra emanez ahoskatzerakoan.

Gogoratzen naiz heltzen delarik bigarren estrofako zuhaitz biluziaren gerizpean orpondoa, orbelaren hilobi, horiz eta gorriz dena lokarturik, dena lokarturik, aitak ere esaten zidala oraintsura arte, aititen enfasi berarekin, gainera, baina aspaldian ez diodala halakorik entzuten.

Kantak aurrera eta Benitoren ahots sakonak aitite bezala jada gurekin ez dauden beste batzuen —beste askoren— gomuta dakarkit kantatzen duelarik eskuratu hostoa xume bezain eder, hain soila bere heriotzan, zuhaitz guztiaren bizkortasunez hain betea, non erortze honen duintasunak hiri kantatzera naraman.

Baina ez naiz ari negarrez horregatik. Kontrara. Haritz zaharrari begira irudikatzen dut neure burua, momentu batez, kanta-marmarrean: Berriro zuhaitzari so natzaiok, kezkaturik ote?... Joate askearen oparotasunean, betikotasunaren irria zirudik, irria zirudik. Gatibu naukan denborak, bere baitan egositako ametsetaz isekaz bailegoan. Iruditzen zait nik ere irri egiten dudala.

Berriro ilundu zait bekokia azken ahapaldira heldu eta entzuten dudalarik udazken koloretan, landen lurrinak zeharkatuz, hitaz oroit eta higan nauk, hain soil hire heriotzan, hain xume, adiorik gabeko partitzean".

Amaitu da abestia, eta bueltatu naiz egunkarira, irratira, telebistara eta Internetera. Itzuli naiz harrabotsera eta bat-batekotasunera. Irakurri, entzun eta ikusi ditut ostera ere emaitzak, eta emaitzon gaineko politikarien zein bateko eta besteko analisten hausnarketak. Bada, zinez, ez dakit betikotasun udazkeneko edo udazken betikotasunezko honetatik ateratzetik parajeago ala asago gauden.

Nik ez diot nire alabari esan gura nire aititek behinola esaten zidana, eta jada aita esatera ausartzen ez dena. Nik egin egin nahi nuke, bizi eta gozatu, nire alabarekin, Euskal Herri in-de-pen-dien-te bat. Azken emaitzak ikusita, iritzia emateko aukeratik, behintzat, hurbilago geundeke orain. Negu bako udaberririk ez dago, ordea; udazkeneko betikotasun honetatik ateratzen ausartuko al dira/gara?

Ines

Nerea Ibarzabal

Pauso geldoz sartu da Ines eskolara, 10:32an. Dena dago prest argi fluoreszentedun krema koloreko geletan: hautetsontziak, izenen zerrendak, botopaperak… Mahai eta aulki berdeen ohiko ordena aldatu duten arren, eskoletan egon ohi den usain horrek —lixiba, janari eta paper usainaren arteko nahasteak— bere ume denboretara garraiatu du Ines.

Jakin-minez eta tentuz begiratu dute emakumea —eta sartzen den oro— hauteslekuko mahaietako herritarrek, gutun-azal batean proiektu politiko oso bat suntsi dezakeen bonba nuklear bat balekar bezala. Irribarretsu egin diote kasu A alderdiko apoderatuek, eta zalantzati —baina jator— agurtu dute Ines B alderdikoek ere. Bere adina eta janzkera kontuan izanda, A alderdia bozkatuko duela pentsatuko dute askok, baina Marijoren laguna ere bada, eta honen alabari gertatutakoak agian iritzia aldaraziko zion. Hori espero dute B-koek. Baina Inesek inoiz ez du ezer argi adierazi.

Ingurukoen begiradapean bere pauso herrena are herrenagoa iruditzen zaio, eta izerditzen ari zaio eskua, bastoiari hain gogor eustearren. D alderdiko mutil gazte batek laguntza eskaini dio bozen paperak egon ohi diren kabinatxoan sartzeko orduan, baina gozoki errefusatu du laguntza Inesek, esku izerdituak beste inori eman beharrik ez izateko, batik bat. Kabinan sartu eta errezel beltza itxi du. Azkenean, bakarrik.

Aldagela batean dagoela iruditu zaio une batez, ispilua izan ordez, alderdien botopaperez betetako horma bat duena; bera hobekien islatuko lukeena hautatu behar du orain. Baina, bat-batean, begirada lausotu izan balitzaio bezala, pareko paper multzoa desagertzen ikusi du Inesek. Antiojoak birritan igurtzi arren, lehengo irudia ez da itzuli. Proiekzio baten gisara, bestelako formak ikusten hasi da, erdi zorabiatuta.

Bere burua ezagutu du irudietan, bozka ematen, demokraziaren jaia hasi zenetik gaur arte. Ines langile gaztea ikusi du aurrena hautetsontzira bidean; Ines bi umeren amak bozkatu du beranduago, arduratsu eta arduratu; Ines Marijoren laguna ere agertzen da, eta semea polizia batekin ezkondu zaion Ines ere bai. Bozkatu ez duen Ines eta bozkatzeaz damutu den Ines ere hor daude. Irudi-jasa berriro lausotu, eta bere egungo aurpegia ikusi du parean islatuta, zimurtua bezain nekatua, gehiegitan galdu duenaren keinuarekin. Beste behin ezabatu da irudia, eta etorkizuna ageri zaio orain begi bistan: hauteskundeen biharamuna eta datozen legealdi guztiak kamera bizkorrean.

Sekulako ilara sortu da kabina aurrean. 35 minutu igaro dira emakume nagusia sartu denetik, eta jendea marmarka dabil honezkero, azkenean andrazko batek, zakarki, errezela albo batera egin duen arte. Baina kabina hutsik dago. Lurrera eroritako bastoia eta jaka gris bat baino ez dira ageri. Herritarrek elkarri begiratu, eta, jaka hankarekin bazter batera botata, bozkatzen jarraitu dute, A, B eta D alderdietakoak irribarretsu agurtuz, edo ez.

Kanpai(n)ak

Igor Elordui Etxebarria

Diru gabeko jauna, mihi gabeko kanpaia. Euskaltegien matrikulazio-kanpainan gaude bete-betean, eta gaur bertan, oraintxe bertan, zientoka herrikide ariko da euskaltegiren batean izena ematen, euskara ikasteko ahalegina egiteko prestatzen, begiratzen... Aldi berean, ariko dira euskara-irakasleak ikasle ohiei deika, denda eta tabernetan esku-orriak banatzen, buzoietan propaganda uzten... Euskal Herrian milaka eta milaka lagun daude gure hizkuntza ikasi guran edo beharrean, eta —onartuko didazue keinutxoa— behar afektiboaz ari naiz, batez ere. Mitinetara joango diren guztiak batuta ere! Panel ofizialik ez, ordea, euskaltegietako kartelak inkatzeko; doako publizitate-saiorik ez euskaltegien eskaintza zabala ezagutarazteko.

Kanpaiak mezetara deitzen, bera ez joaten. Anjel Lertxundik idatzi zuen Kanpai(n)a-hotsei buruz BERRIAn pasa den domekan, Orixeren Urte guziko meza-bezperak liburuko hitzaurretik. Honela amaitzen zuen zutabea: "Seguru ere ez dugu nahi adina euskara entzungo plazetan, baina hipokrisiarik gabeko gaitz erdi politikariek kanpainan egingo duten euskara egiten badute legealdi osoko lau urtetan". Bada, aurten, bost hautagai nagusietatik lau euskaldunak dira (ergatiboa gorabehera). Halere, hauteskunde-kanpainan euskararen gaia ez dago, nola esaten dute, zentralitatean? Hautagai batek darabil bere diskurtsoetan euskararen gaia gehien (ergatiboa gorabehera), eta ez hain zuzen ere euskararen aldeko apologia egiteko. Oharkabean pasa ez dadin, erabili aditzaren trinkoa beren beregi darabilt neuk ere.

Nolako kanpaia, halako soinua. Alderdien webguneetara jo dut, euskarari edota hizkuntz-politikari buruz programetan zer dioten atzemateko. Kenduta EAJ eta EH Bildu, errespetu gutxi erakusten dute gainontzeko alderdiek euskararekiko, beraien webgunean, behintzat, euskarazko bertsioa eduki arren programa gazteleraz baino ez baitago (behintzat webgunean). Are asaldagarriagoa da PPren kasuan, zeinaren kasuan zuzenean programaren atala agertu ere ez den egiten euskarazkoan. Eta, azaleko irakurraldian, esango nuke atalen izenburuek laburbiltzen dutela ondoen bakoitzak nola ulertzen duen euskararen gaia: euskara eta hizkuntza bizikidetza EAJrentzat; etorkizuneko herria EH Bildurentzat; derechos lingüísticos Ahal Dugu-rentzat; cultura para la convivencia PSE-EErentzat; eta cultura y deporte PPrentzat.

Ohartxo bat, amaitzeko, euskaltegien kanpainara itzulita. Bai EAJk (B2 mailara arte, bederen), bai EH Bilduk eta bai Ahal Dugu-k euskararen ikasketan pertsona helduentzako doakotasunaren alde egiten dute. Datorren ikasturteko matrikulazio-kanpai(n)ak beste soinu bat eduki beharko luke, beraz, zeren eta Kanpairik entzun nahi ez duenak sokatik ez tira baitio beste (azken) atsotitzak.

Post scriptum: zutabea idatzi eta gerokoa da PSE-EEren bideoaren afera. Azken iruzkina, beraz, dagokionaren baimenarekin: bideoko herritar elebakarrari leku bakarra geratu zaio bisitatzeko. Euskaltegia.

Efemeridea

Nerea Ibarzabal

Azkarrago iluntzen hasi da, freskatuz doaz gauak, eta zenbait egunkari eta irakurle itxaropentsu egongo dira, asperduragatik kontzientziagatik baino gehiago, eraso sexistei buruzko notiziak pixkanaka gutxitu eta hoztuko direlako eguraldiarekin batera. Nire barruko Vocentoko editoreak ere esan dit ea beste zutabe bat eskaini behar ote zaion gaiari, ea ez ote dakidan beste ezertaz hitz egiten. Agian ez.

Ni ez nau lasaitzen udazkenak, berdin joango naizelako parrandara, eta berdin iluntzen duelako; hots, berdin-berdin pentsatuko duelako gizonen batek, bi baldintza horietan, edozer dela libre. Eta #NotAllMen (ez gizon guztiak) esaten dute askok Twitterren, eta noski, denak ez, baina geure burua zuritzen hasi aurretik jabetu beharko ginateke #AllWomen (emakume guztiok) jasan dugula noizbait eraso sexistaren bat, maila txikiagoan edo handiagoan. Eta gure barruko editoreak ez dira horren larritasunaz jabetzen, antza.

Oraindik gogoan dut parrandan ipurdia ukitu zidaten lehenengo aldia. Lekeitioko jaietan izan zen, 15 urte nituela. Tabernatik irtetean jende multzo baten artean harrapatuta geratu nintzen, eta baten batek aukera hori baliatu zuen nahi zuen eran nire gorputza ukitzeko. Atzera begiratu nuen, umiliatuta, lagunen bat txantxetan aurkitzeko esperantza txiki batekin, baina ez, noski; nire begirada ekiditen zuen jende mordoa baino ez nuen aurkitu, denak hain errugabe.

Matxismoa tratu txar fisikoetan baino ikusten ez nuen garaia zen, eta txosnetako pankartei ez nien erreparatu ere egiten. Nire katu mozorroaren praka estuegiei bota nien errua, eta ez nituen berriro inoiz jantzi.

"Nahigabe ukitzen diogu elkarri efemeridea" abesten du Anarik, eta efemerideak ipurdia ukitu dit beste behin Lekeition, zazpi urte geroago. Buelta eman nuenean, patriarkatuak han jarraitzen zuen, baina beste inork ez. Lehenengo aldi hartan baino apurtxo bat gehiago irakurrita harrapatu ninduen arren, ez nuen jakin umiliazio hain ezagun hura nola kudeatu, zein erantzun zen egokia, zein gehiegizkoa —batez ere horrek arduratzen ninduen—, eta isilik geratu nintzen, pankarta artean. Lagunekin nire haserrea baretu eta munduaren kontra konspiratzea baino ez zitzaidan geratu, nire Vocentoko editoreak "eskerrak!" xuxurlatzen zuen bitartean, kontabilizatzea merezi ez duen eraso bat baino ez zelako izan.

Amets bat eduki dut

Igor Elordui Etxebarria
Malenkoniaren eraginez izango da, agian, bukaerara heltzen ari direlako, baina beti izaten dut sentsazio bera. Alegia, ametsak bezalakoak direla udako oporraldiak. Bidaiatzen dugunean, mendiko bide-xidorretan galtzen garenean, i...

Onak eta txarrak

Nerea Ibarzabal

Garai zailak dira iritzirik ez dutenentzat. Oinarrizkoa bilakatu da edozein gairen edo gertaeraren inguruan argudiatzeko kapaz izatea, uste eta hipotesi propioak azaltzea, oraindik inori otu gabekoak baldin badira, hobeto. Ezin da denborarik galdu, ez dago hausnarketarako edo iturrien kontrasterako tarterik: iritzia bizkor eman behar da autentikoa izan dadin, konbentzitu dezan; alferrik zatoz, berandu bazatoz.

Bizkor kondenatu behar da atentatua, bizkor bilatu behar dira errudunak, bizkor adierazi behar da babesa, gaixotasun kutsakor batez hil denaren gorpua erraustu behar den bezala, lehenbailehen. Zein iritzi duzu X gaiaren inguruan? galderari ez dakit batekin erantzutea baino axolagabekeria handiagorik ez dago egun, eta sekulako lotsaria eta egonezina sentitu beharko lituzke ezjakin horrek, Twitt(h)erritik kanporatzen duten bitartean, #IritzirikGabea traolarekin.

Adiktiboa bezain neketsua da iritzi-emailearen bizitza, batik bat norbere inguruko kontuez hitz egiteaz gain, beste herrialdeei buruz ere aritu nahi duenean; pentsa, edozein gatazkaren aurrean, ahalik arinen onak eta txarrak bereizi behar ditu lehenbizi, eta gero bereizketa hori alderantziz egin dutenak gutxietsi; behin iritzia emandakoan, ezin baita aldatu.

Baina nazioarteko politikak eskaintzen ditu zenbait momentu magiko iritzi-emailerik arituenak ere isilarazten dituztenak —tarte batez behintzat—; Turkiako joan den asteko estatu kolpea, kasu. Militar laizistak Erdo€anen gobernu gero eta islamistagoaren aurka; ustez laizistak, bai, baina militarrak, eta demokratikoki hautatua, bai, baina Erdo€an —beranduegi da aldatzeko honi buruz emandako iritzia—. Bi txar ekuazioan, eta mundua isilik.

Iritzi-emaile nagusia, AEBak, ausartu zen orduan lehenengo harria bota eta gaiztoen artean zintzoena zein den esatera; hori du ona lehendabiziko iritziak: konbentzituak izateko deseatzen dauden denak konbentzituko dituela. Tropelean iritsi ziren gainerako herrialde guztien txioak eta adierazpenak, demokratikoki aukeratutako gobernuaren alde. A ze lasaitua batzuena, berriro onak eta txarrak sailkatu ostean. Gutxiengo batek —euskaldun askok— kurduen iritzia bilatu eta bere egin zuen, bi txarrek zapaltzen duten horren alde jarrita.

Orain onek heriotza zigorra berrezarri nahi dute, milaka irakasle kaleratu dituzte eta kurduen aurkako gerra ez da etengo. Onen aldeko iritzia eman zuten estatuek aho txikiz eskatzen diote Erdo€ani bide horretatik ez egiteko, lehen inoiz errespetatu ez zituen giza eskubideak errespetatzeko, baina alferrik; oniritzia emanda, ezin baita aldatu.

Txakurreoa

Igor Elordui Etxebarria

Lasai, izenburua ez da dantza-mota baten itzulpen traketsa. Juan Luis Zabalari —idazlea eta BERRIAko kultura arloko kazetaria— hartu diot Txistu eta biok bere azken liburutik.

Argitzearren: txakurreoa da liburuko protagonistak Txistu bere txakurrarekin ematen dituen, eta ideiak zalantzan jartzeko, garatzeko eta argitzeko baliatzen dituen, ibilaldiak. Hau da, honetaz eta besteaz pentsaketa betean, hausnarrean esango dugu, Zabalaren liburuko protagonistak txakurrarekin egiten dituen paseoak dira txakurreoa.

Bada, Txistu eta biok izan da egunotan oporretan, hobeto esanda, oporretara joanda, irakurri dudan liburua. Gomendatzen dizuet, bene-benetan, oporretan egon zein ez. Nire kasuan, irakurraldiaz harago, kasualitateak gura izan du Zabalaren alter egoa den (alter ego esajeratua, egin dezadan ñabardura, badaezpada), nire alter egoa ikusaraztea.

Irentsi egin nituen lehenengo egunetan orriak (esateko modu bat da, jakina), eta oporretatik bueltatzeko egunaren bezperarako gordeak nituen akabuko hogei orrialdeak, azken gozatua hartzeko. Kasualitatea, Nizako atentatuaren eguna. Beste komentariorik ez zen egon kanpinean goizean. Inori ez nion entzun, ordea, aurreko astean Bagdaden 250 lagun hil zituen atentatuaren gomutarik. Asaldatu plantak egin ditut hasieran, nire ikuspegi ideologiko hiperkoherenteari dagokion legez. Baina geroago, eguneroko liturgiari jarraiki, lehen bainua eta gero, liburua hartu dut, gustura, Nizakoak, Bagdadekoak eta denak ahaztuta.

Zabaldu dut liburua, beraz, eta hasi naiz irakurtzen: ... barregura ematen didate intelektual ezkertiar hiperkoherente batzuek mendebaldar guztioi hipokritak izatea leporatzen digutenean —beren buruak ere sartuz gu horretan, harroegi agertzeko beldurrez edo—, zergatik eta Europa edo AEBtako edozein hilketa edo sarraskirengatik larritzen garelako baina Asia edo Afrikako sarraski askoz gogorragoak ez digutelako ikararik txikiena ere eragiten... Nola izango da ba hori hipokresia? Mesedez! Hori ondo bizi nahi izatea da, aizu!, norberaren gertuko inguruaz kezkatzea, norberaren zoriontasuna babestuta eduki nahi izatea, ondo sentitzeko... Aitor dezagun: mundu hobe bat nahiko genuke, baina ondo bizitzeko ez dugu behar mundua ondo egotea.

Ederra kolpea. Igerilekutik irten berritan; eguzkitako antiojoak jantzita; bero zapaletik ihesi, palmondo eskas xamar baten gerizpean; umeen barre-algaren durundien eta eguzkitako kremaren usain iradokitzailearen giroan; etzaulkian erdi etzanda, toalla koloretsuaren gainean, amaitu dut irakurtzen. Bista altxatu dut. Nire burua halako eszenarioan ikusita, gutxienean ziniko hutsa naizela begitandu zait. Eta nire txakurreo partikularrean, akordatu naiz, behinola, etikako klasean ikasi nuela ziniko berba greko klasikotik datorrela, eta txakurra esan gura duela. Eta horrela idatzi dut, sentitu bezala, txakurraren eguna omen den batean.

Adarkadak

Nerea Ibarzabal

Sonatua izan da Espainian —eta honantzago ere bai— iragan asteko toreroaren heriotza. Horrelako notizien ostean hedatzen den poz makabroa, justizia edo mendekua —edo biak— lortu izanaren sentipena eta ahapekako izorrai hori konpartitu nituen neuk ere. Eta are gehiago, nire morboa asetzeko argazki eta bideo bila aritu nintzen, giza-bizitzari zor zaion errespetuaren muga-mugan; baina zer erremedio.

Plaza bat jendez gainezka, bi ar elkarri begira, bietako bat odoletan; ustekabeko mugimendu bat, garrasiak eta adar-punta birika zulatzen. Irabazle behar zuenaren odola, lurrean. Irudiak ikusteak ez ninduen batere ondo sentiarazi, egiari zor, eta benetan gogorra egin zitzaidan gizonaren azken begirada, hiltzera doala dakienaren begirada hori. Baina uste dut antzekoa litzatekeela sentipena, denek espero bezala zezena izan balitz plaza hartan hildakoa.

Zezenketak onartezinak dira, zezenketak kaka. Ez artea, ez kultura: tortura. Ez ditugu nahi gure hiriburuetan. Denok ados, guai. Bitartean, uda heldu da gure herri antitaurinoetara eta udarekin batera festak, eta festekin, festak ospatu beharra, nola ez, tradizioen bitartez. San Ferminetako goizeroko entzierroa, arratsaldeko korridak —u, kanpora, zezenketarik ez!-, bigantxekin sokamuturrak, idi, asto eta zaldi probak, antzarak…

Askekintza bezalako animalien eskubideen aldeko taldeek egin izan dituzte protestak horrelako ospakizunen aurrean, eta irainak eta eraso fisikoak jasan izan dituzte trukean. Ondorengo mehatxu hau irakurri nuen behin beraien sare-sozialetan, mutil batek idatzia: "Ez zarete ausartzen Nafarroara edo horrelako leku batera sartzen. Lau neska eta tipo bat pankartarekin… Neskek ez dakit, tipo horrek errekan bukatuko luke". Berak uste baino askoz gehiago esaten dute hitz horiek biolentziaren erabilerari buruz.

Isiltasun orokortu bat sumatzen dut gaiaren inguruan, isilik egon beharko ez liratekeen sektoreengandik ere bai, herrietan hausturarako beste arrazoi bat ekidin nahi delako beharbada. Tradizio sakratua guztiz ez desagertzeko alternatibak badaude —giza-probak, plastikozko antzarak…—, baina uko egin izan zaie maiz.

Tradizioa gure identitatearen parte izan daiteke, eta argi dago kosta egiten dela zalantzan jartze hutsa; idi, akuilu eta uztarri artean hazi den batek diotsue. Baina ez du balio zenbait tradizio tortura gisa definitzeak, norberarenei ez ikusiarena eginda edo pisua kenduta. Zergatik ez ditugu gure ohitura hauek zezenketak adina gorroto? Ez direlako aski krudelak, edo ez direlako aski espainolak?

Bizimina

Igor Elordui Etxebarria

Hau ez da minbiziari buruzko beste artikulu bat. Ez, behintzat, sensu strictu. Bizitzak, bere joanean —bizitza joan egiten baita, egunero apur bat, etorririk gabeko bidaian; komeni da gogoratzea—, sortzen dituen min horiei buruzkoa ere izan nahi du. Egiari zor, irakurle, minbiziaren gaia badakarkizu gogora izenburuak, ez zara, ez, oso oker ibiliko. Baina hitz-joko bat baino gehiago izan nahi du; minbizi eta bizitzako min guztien gainetik bizitzeko gogoa baitago. Hori da bizimina.

Gure aitak beti esaten du bizitza oztopoz beteriko lasterketa bat dela, oztopo-lasterketa bat, alegia. Oztopoak gainditzen goazela, etorri ahala, azkenean betiko erortzen garen arte. Izan daiteke maratoia, distantzia erdiko lasterketa ala abiadura-proba. Ezin jakin. Datorren moduan hartu behar.

Aitaren berbak gogoratu nituen pasa den astean Terry Foxen berri izan nuenean. Hogeita hamar urte bete dira ekainaren 28an hil zenetik, eta jaio zenetik berrogeita hamabi beteko dira hil honen 28an. Kontuak atera: 22 urterekin hil zen Terry Fox.

Gazte kanadar horrek eskumako hanka galdu zuen, minbiziagatik, hamazortzi urte zituenean. Horregatik ez zuen kirola utzi —saskibaloira jokatzen zuen—, eta gurpil aulkian Kanadako hiru saskibaloi-txapelketa irabazi zituen. Baina bere balentria, ospetsu egin zuena, 1980ko apirilean hasi zen: Ternuan lasterka hasi zen, maratoi baten besteko distantzia (42 bat kilometro) eginez egunero protesi batekin. Bere asmoa irailerako Kanada gurutzatzea zen, 8.000 kilometro inguru, eta minbiziaren ikerkuntzarako dirua batzea. Itxaropenaren Maratoia deitu zion. 143 egun eta 5.373 kilometroren ondoren, lasterketa utzi behar izan zuen. Gaitza birikietara hedatu zitzaion, eta handik bederatzi hilabetera hil zen. Ordurako, lortua zuen hedabideen arreta baino askoz gehiago: ikerkuntzarako diru asko eta herri oso baten errekonozimendua.

Hogeita hamar urte geroago, minbiziaren kolpe latza modu batera edo bestera jaso bako gutxi egongo gara gaur egun, zoritxarrez, adin batetik gorakoon artean. Nik neuk ere galdu dut ama; galdu ditut izekoa, osaba, lagunak...

Zu liburua argitaratu berritan —zeinetan bere emaztearen minbiziaren karira bizitakoak kontatzen dituen—, Euskadi Irratiko elkarrizketa batean betiko iltzatuta geratu zaidan esaldi bat entzun nion Andu Lertxundiri: jada egin beharreko galdera ez da "zergatik niri", baizik eta "zergatik ez niri".

Eta minbizia da, baina izan daiteke bai beste gaixotasun bat, bai auto-istripu bat... Izan daitezke horrenbeste gauza!

Mina, minaren adiera guztietan, harriz kargatuz doan motxila da. Motxilak eta motxilak daude, hori egia da. Nork berea darama, ezin dugu aukeratu. Terry Fox asko dago munduan, eta miretsi egiten ditut, hain zama astuna aldean, nolako indarraz, duintasunaz eta alaitasunaz egiten dioten aurre bizitzaren oztopo-lasterketari. Bizimina hori da.

Ez

Nerea Ibarzabal

Udalekuetan gaztetxoekin lantzeko, generoarekin zerikusia duten ariketak eta jolasak bilatzen aritu naiz. Interneten aurkitu ditut batzuk, eta Ernai-ren urrats feminista barne-lanketarako materialetan beste zenbait. Espero baino zerrenda luzeagoa atera zait azkenerako, neskekin, mutilekin eta elkarrekin lantzeko ariketa interesgarriz osatua.

Ezetz esaten ikastea —eta horregatik gaizki ez sentitzea— da jolas horietako baten helburua; nesken artean landu beharrekoa bereziki; ezetza ezetza dela aldarrikatzen dugu, baina maiz geu gara geure buruari ezetz hori ukatzen diogunak. Jolasean, hori sentitu izan dugun egoerak papertxotan idatzi eta horien inguruan hausnartuko genuke, gero borobilean jarrita, banaka oihu egiten amaitzeko: EZ!

Justu ariketa hau transkribatzen nabilela, justu une horretan, bekain bat altxatuta 'ea zu zertarako gai zaren' diostan patuaren erronka bat balitz bezala, mezu bat jaso dut mugikorrean: "X eguneko X bertso-saioan neska bat behar dugu, animatuko zinateke?". Oholtza gaineko bizipenen flashback uholde batek harrapatu nau, eta oroitu ditut guztiz lekuz kanpo sentitu izan naizen saio arraroak, neska eta gaztea sentitu izan naizen saioak, bertsolari sentitu aurretik; jaietako eraso sexistei buruzko gaia egokituko zaidala hasieratik dakidan saioak, edo agurrean aldarri hori egiteko beharra sentituko dudala dakidanak. Nik ezetz erantzunez gero, kopiatu/itsatsi eginda beste edozein neska gazteri bidaliko dioten mezua da, emakume guztien ordezkari garenez, ordezkagarriak ere bagarelako.

Oroitzen saiatu naiz —alferrik— gutxienez beste bi bertsolari emakumerekin kantatu dudan azken aldia, martxotik haratagoko hilabeteetan edo saio ez-berezituetan; oroitu dut behin bertso munduko emakumeen artean honelako saioei boikota egingo geniela esan genuela, umorez, eta pentsatu dut ea gutako inork bete ote duen bere hitza; oroitu dut honela sentitu izan naizela aitortu nuela behin, eta gizonezko batek, bere asmorik onenarekin, hori ez zela horrela esan zidala, eta ni isildu egin nintzela.

Baina, egia esan, beti ez naiz arraro sentitu eta… baliteke azkenean ondo pasatzea. Baliteke ni entzutearren deitzea, eta ez neska naizelako soilik. Agian ni naiz aski autoestimu ez duena, beti bezala. Aukera hauei uko egiten badiet, beharbada ez didate berriro deituko eta… berez ez nintzateke kexatu behar.

Ea udalekuak laster iristen diren.