gaiak

Mendeurrena, berrindartzeko urtea izateko

Mendeurrena, berrindartzeko urtea izateko

Lander Muñagorri Garmendia

Ospakizun urtea dute Portugaleteko Arraun Taldean. Mendea bete dute lehen trainerua itsasoratu zutela, eta hori nahikoa arrazoi izango da bihar ospakizun ekitaldiak egiteko. Urteurren berezi hori, ordea, inflexio puntu ere izango da era berean. Hiru urte dira klubaren gidaritza eskuz aldatu eta Karlos Belasko presidente dela, eta, orduz geroztik, egoera ekonomiko zailari aurre egin nahian ari da taldea. "Aurreko zuzendaritzak agurreko batzarra egin zuenean 4.000 euroren irabaziak uzten zituela adierazi zuen, baina gu iritsi ginenean egoera guztiz bestelakoa zela ikusi genuen", azaldu du egungo presidenteak. 260.000 euroko zuloa topatu zuten arraun taldearen kontuetan, eta, horregatik, azken urteetan gerrikoa estutzea beste aukerarik ez zaie geratu. Horregatik, mendeurren ekitaldietara egoera berezian iritsiko da arraun taldea.

Kirol lorpenak egoera ekonomikoari lotuta joan ziren iaz, eta San Miguel ligan jarraitzeko aukera galdu zuen taldeak. Aurten, baina, liga horretan aritzeko kanporaketan egoteko aukera izango du. Belaskok, ordea, ez du hortik askorik espero. "Ez dago gure helburuen artean, apurka indartzen joateko aukera baliatu nahi baitugu". Arraun eskola gero eta emaitza positiboagoak ematen ari dela nabarmendu du, eta pixkanaka hazten joatea nahiago du berak. "Aurreko zuzendaritzak zuena baino gehiago gastatu zuen, eta errealitatetik aparteko irudi bat eskaini". Horregatik, pausoak pixkanaka ematea lehenetsi du.

Arraun eskola egiten ari den urrats horien lekuko da, halaber, aurten lehenengoz emakumeek trainerua osatzea lortu izana. "Hogei kideko talde bat osatzea lortu dugu, eta ilusio handiarekin ari da entrenatzen nesken taldea". Eusko Tren ligan dagoeneko Bizkaiko hiru talde izango direla ere nabarmendu nahi izan du Belaskok, eta hori aurrerapauso bat dela azpimarratu.

Hori guztia dela eta, klubeko presidentea gustura azaldu da arraun taldea izaten ari den bilakaerarekin. "Alor ekonomikoa kenduta, kirol esparruan taldearekin oso gustura gaude, albiste onak iristen ari direlako". Arraun eskolarekin zortzi urte daramatzatela azaldu du, eta horien emaitzak jasotzen ari direla dio.

Liburua eta dokumentala

Egoera ekonomiko eta kirol arloko lorpenez aparte, Portugaleteko Arraun Taldeak ospakizun eguna izango du biharkoa. Taldearen ibilbidea kontatzen duen bideoa eta liburua aurkeztuko dituzte bihar Ballonti merkataritza zentroko zinemetan. Ospakizunetan, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun nagusia izango da, baita Mikel Torres Portugaleteko alkatea eta Jon Iriondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria ere. Film eta liburuak aurkeztuta, arraun taldearen instalazioak ezagutzera joango dira horiek guztiak.

Arnasa luzeago baten bila

Arnasa luzeago baten bila

Lander Muñagorri Garmendia

Gisa honetako makinek beste denbora batera eramaten gaituzte; baina ez soilik denbora kronologikora, baita beste erritmo batera ere. Denbora bizitzeko beste modu batera". Hori dioen bitartean, inauguratu berri duen Erredakzioa egitasmoaren lokalean dago Tania Arriaga kazetari eta EHUko irakaslea. Mende inguru duen inprenta zahar bat dago sarreran, eta, barrurago joanez gero, berunezko eta egurrezko tipoz betetako armairu bat, edo txibaletea. Iragan kutsua dario inguruari, eta horiek eramaten dute Arriaga beste denbora edo beste erritmo batera. Kazetaritzari askotan falta zaion arnasa luzeago edo pausatuago hori eman nahi dio makina horiekin, garai horietan egiten zen lanaren modua gaur egun egiten jarraitzeko. Makina badute, eta, hilabete barru inguru, erreportaje batekin osatutako Minerva aldizkaria ere argitaratuko dute, besteak beste inprentako makina zahar hori erabilita.

Bilboko Solokoetxe auzoan dago Erredakzioaren lokala, La Taller grabatu gunearen parez pare. Hain zuzen, La Tallerren hedapena dela azaldu du Arriagak. "Maite [Martinez de Arenaza, La Tallerreko arduraduna] grabatuekin dabil, eta arte grafikoa egiten du; berak erabiltzen dituen makinak eta hau aski hurbil daude elkarrengandik", dio, inprentari erreferentzia eginez. Azken finean, bietan teknika grafikoa eta inprentaren erabilera partekatzen dute, eta horregatik daude horren hurbil elkarrengandik. "La Tallerren, teknika grafikoen bidez sortutako arte irudien ekoizpena da helburua, eta Erredakzioa, berriz, testuak ekoizteko eta hedatzeko bulego gisa pentsatu dugu". Baina, finean, kazetaritza berreskuratu nahi du Arriagak, dena presaka egin behar hori alboratu, eta patxadaz egindako lanak ekoiztu nahi ditu espazio horretan. Eta horretarako daukate gaur egun erabiltzen ez den inprenta bat.

Minerva aldizkari hori izango da gune horrek eskainiko duen lehen proiektua. XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako aldizkari ilustratuen itxura eman nahi diote aldizkariari, eta, horretarako, kazetari eta ilustratzaile bati egingo diote testua eta irudiak egiteko enkargua. Lehen zenbakia ekainaren erdi aldera argitaratzea aurreikusten du Arriagak, eta Mirentxu Purroyk AEBei eta Donald Trumpi buruz idatzi duen erreportajea izango du ardatz. Ilustrazioak egiteko ardura Higi Vandisi eman diote. Aldizkariak testu bakarra izango du, eta kazetaritza lanari berari prestigioa emateko modu bat izango da. "Produktua bera artea balitz bezala saltzea izango da asmoa, kazetariaren lanari balioa emanez". Aldizkariaren 250 ale inprimatuko dituzte; edizio mugatua, beraz.

Hala ere, aldizkaria ez dute eskuratu berri duten makinan inprimatuko. Ez, behintzat, osorik. Hala egitekotan, orri guztietako testuak eskuz osatu beharko baitzituzten, lerro bakoitza osatuz, eta letra guztiak alderantziz jarriz. Duela mende bat egiten zen bezala. "Hala egiteak lan handia eskatzen du". Azala, ordea, gisa horretan egingo dute, eta ilustrazioak ere inprenta horretatik pasatuta inprimatuko dituzte. Ilustrazio bakoitzaren fotograbatu bat egingo dute La Taller gunean, eta horiek inprenta horretan jarri ahal izango dituzte ondoren aldizkarian inprimatzeko. Testuak Deustuko Anotherpress inprentan egingo dizkiete. "Teknologia ezberdinak erabiliko ditugu aldizkari hau inprimatzeko".

Aldizkari hori izango da espazio berritik aterako den lehen egitasmoa, "baina auskalo zer gehiago eman dezakeen". Izan ere, plataforma zabala da Erredakzioa, eta inork gune hori erabili edo proiekturen bat garatzeko aukera izan dezan nahi du Arriagak. Horregatik, proiektu ezberdinei ateak irekiko dizkien espazio baten moduan definitu du Erredakzioa.

Makinak berreskuratzen

Iraganeko inprenta eta erredakzio bat sortzeko aukera aztertzen ari zirela topatu zuten makina honen erreferentzia Arriaga eta Martinez de Arenazak. "Kantabriako inprenta batean zeukaten, baztertuta eta hautsa biltzen; hori erosi, eta txibaletea eta gillotina bat ere oparitu ziguten", gogoratu du. Lokal bat alokatu, eta bertan jarri dituzte makina hauek. "Auzoko adineko pertsona batzuk dagoeneko etorri dira inprenta ikustera, eta eurek lan nola egiten zuten erakustera", dio. Arriagak ez du baztertzen etorkizunean makina horiekin dibulgazio lana egitea, kazetaritzako ikasleek ikus dezaten garai batean nola egiten zuten lan inprentetan.

Hain justu, horretarako balio dezake inprentako makina zahar horiek egungo kazetaritzako ikasleei erakusteak: beste patxada eta arnasa batekin nola lan egiten zen ikusteko. Oraingoz, ordea, aldizkari bat argitaratzen hasiko dira, "urtean bi zenbaki-edo". Aurrerago emango duena ikusteko dago.

“Ez da egin batuaren eta euskalkiaren arteko elkarbizitzarik”

“Ez da egin batuaren eta euskalkiaren arteko elkarbizitzarik”

Lander Muñagorri Garmendia

Kasik 30 urte daramatza Koldo Zuazok (Eibar, Gipuzkoa, 1956) euskalkiak aztertzen. Ibilaldi horretan, hainbat ikerketa argitaratu ditu, eta, orain Mendebaldeko euskara izeneko liburua plazaratu du. Urte horien guztien ostean, bizkaiera edo mendebaldeko euskara Araban sortu zela argitu du, eta ez Bizkaian, orain arte uste zen bezala.

Bizkaiera Araban sortu zela diozu liburuan. Zertan oinarritzen zara hori esateko?

Gaur egun ditugun datuen arabera, ematen du Araban sortutakoa dela, Gasteiz inguruan. Hori esateko frogak Nafarroako mendebaldean topatu nituen, Burunda, Amezkoa eta Lana ibarretan. Baita Goierrin [Gipuzkoa] ere. Bizkaieratzat hartu diren ezaugarri asko daude, eta eskualde horiek Bizkaiarekin ez dute harremanik izan; Arabarekin bai. Horrela azaldu daiteke leku horietan bizkaieraren ezaugarriak direla uste ditugunak topatzea.

Orain arte uste izan da Bizkaian sortu, eta Deba ibarretik-eta Araba aldera zabaldu zela...

Gaur egun Arabako euskara ezagutzeko bost dokumentu ditugu. Ez dira asko, baina horietako hiru ekialdekoak dira. Dokumentu horietan guztietan betidanik Bizkaikotzat hartu ditugun ezaugarriak azaltzen dira. Zaila da Bizkaitik Araba ekialdera gauzak heltzea, eta horregatik errazagoa da pentsatzea Araban sortuak direla. Gainera, aspaldiko herri handiak Araban zeuden.

Araban sortu, eta Bizkaira zabaldu zen, beraz; izena ere handik hartua du.

Euskalkiaren hasiera izan zen Gasteiz inguruan, baina ostera erdaldundu egin ziren. Gasteiz badirudi XVI. menderako nahiko erdalduna zela. Orduan hasi ziren gauzak Bizkaian sortzen. Hor badago Durango, Zornotza, Gernika eta Bermeok osatutako ardatz bat, eta badirudi hori izan zela Bizkaiko berrikuntzen ardatza.

Zein berrikuntza mota?

Eutsi-ren adizkiak dekot, dekozu, edo dekogu dira, e hizkiarekin. Hori han sortu zen.

Uribe Kostako eta Debagoieneko kasuak bereziak direla diozu. Zergatik?

Debagoienaren kasuan, ikusten da Arabarekin lotuta egon dela. Ikusten da han egindako berritasun gehienak Debagoienera iritsi direla, eta horrek ematen dio berezitasun hori. Uribe Kosta ipar-mendebaldeko ertzean dago, eta gauza zahar batzuk gorde dira, eta zenbait berrikuntza egin dira. Esaterako, artikulua beti galdu egiten da.

Herriz herri ibili zara bilketa lana egiten. Nola ikusten duzu mendebaldeko euskararen egungo egoera?

Nahiko gaizki. Euskararen erabilera ez da ondo planifikatu, ezta irakaskuntza ere. Ez da egin batuaren eta euskalkiaren arteko elkarbizitzarik, batzuk euskalkiaren aldekoak izan direlako, eta beste batzuk, batuaren aldekoak. Batua beharrezkoa dugu, baina euskalkia ere bai. Ikusi behar dugu non eta noiz erabili behar den bata, eta non eta noiz bestea. Esango nuke askotan euskara batua lasterregi sartu dela, eta presiopean. Eskoletan haurrak lau urte dituztela hasten dira batuan, eta nik uste dut beranduago sartu beharko zela. Bestalde, egokitu gabe erabiltzen da batua. Bizkaian erabiltzen den batua Lapurdin erabiltzen denaren antzekoa da; uste dut Bizkai barruko erabileretan egokitu beharko litzatekeela, bertako hitzak erabiliz. Euskaltzaindiak batua egitean ez baitzuen esan baztertu behar direnik; alderantziz, hitz guztiak euskara batua direla esan zuen. Eta sintaxi alorrean gauza bera. Baina geuk automatikoki pentsatzen dugu Bizkaikoa txarra dela, eta hasten gara gipuzkeran erabiltzen diren formak erabiltzen.

Bizkaieraren kalitatea kaskartu dela iruditzen zaizu?

Bai, nik ikusten dut gazteek nahasketa bat egiten dutela: euskara batua, euskalkia eta gaztelania. Nire ustez, hizkuntza bakoitzak bere ezaugarriak gorde behar ditu, gaztelania erabiltzean gaztelania zuzena erabiliz, eta berdin euskara batua edo euskalkiarekin ere.

Lekuaren eta erregistroaren arteko bereizketa egitea, alegia.

Bai. Argi dago Euskal Herri osorako ari garenean batua erabili beharko dugula, baina Bizkai barruko irrati batean Bizkaiko euskara erabili beharko da. Baita udaletxeetako itzulpenetan ere, herritarrentzako direnean, eurengandik gertuago dagoen hitzak erabili behar direlako.

Azken boladan entzun izan da euskalkiek desagertu egin beharko dutela, eta batua nagusitu. Zure diskurtsotik kontrako bidean dago hori, ala?

Edozein hizkuntza bizirik dagoen bitartean, dialektoak izaten ditu. Orduan, ez du inongo zentzurik euskalkiak baztertu egin behar direla esateak. Hizkuntza bera hilko litzateke hori eginez gero. Irtenbidea beste bat da, hiztunek argi izatea euskara batua eta euskalkiak, biak, direla beharrezkoak.

Liburuan bertan, 678 hitzeko hiztegia ere bildu duzu. Bizkaiera gordetzeko bidean egindako saiakera da?

Noski. Gure hitzak zein diren jakin behar dugu, baita bakoitzaren esparrua zein den ere; non eta nola erabiltzen diren.