Bizkaia

Elkarretaratzea bihar, homofobiaren aurka

Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak (EHGAM) eta beste hainbat elkartek elkarretaratzera deitu dute larunbat honetarako, Donostian. Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela baliatuz, elkarretaratzea egingo dute Donostiako Bulebarrean, ar...

ZEA MAYS ETA WILLIS DRUMMOND, DOAN

Zea Mays eta Willis Drummond taldeen kontzertuak doan entzuteko aukera izango da bihar, Social Antzokian. 21:00etan hasiko dute saioa. Las Tea Party, Planetaleta eta Les Alborregach DJak ere han izango dira. Kontzertuok MAZ Basauri zikloaren barruan a...

Gueñesko Udalak lursaila eskaini dio Osakidetzari ospitale bat eraikitzeko

Gueñesko Udalak 6.000 metro koadroko lursaila eskaini dio Osakidetzari Enkarterriko eskualde ospitalea eraikitzeko. Sodupeko Hurtado de Saratxo auzoan kokatuta dago udalerriak osasun erakundeari eskainitako lur eremua, futbol zelaiaren eta etorkizunean eraikiko duten Bigarren Hezkuntzako institutuaren artean. Proposamenarekin ospitalea eraikitzeko proiektua desblokeatu nahi dutela adierazi du Koldo Artaraz Gueñesko alkateak.

2008an Zallako Udalak Karmen auzoko lur eremua eman zion Osakidetzari eskualdeko osasun espezialitateetarako zentro bat eraikitzeko. Baina Ura Uraren Euskal Agentziak adierazi zuen auzo horretan uholdeak gertatzeko arriskua zegoela. Hori dela eta, proiektua geldiarazi zuten. Sei urte pasatu dira ordutik, eta, eraikuntzak aurrera egiten ez duela ikusita, Zallako Udalak Osakidetzari eskatu dio emandako lur eremua bueltatzeko.

Artarazek adierazi du egoera hori ikusita Sodupeko lurrak eskaintzea erabaki dutela udalean: "Berdin da ospitalea non kokatzen den. Kontua da eraiki egin behar dela". Gaineratu du ez duela udalen artean eztabaidarik piztu nahi, baina iruditzen zaio Zallako Udalaren geldialdiak ez duela beste aukerarik uzten: "Eskualdeko beste udalerriren batek ospitalea eraikitzeko alternatibaren bat badu aurkeztu dezala ahalik eta arinena".

Eman dituzten datuen arabera, 4.000 metro karratu beharko lituzke Osakidetzak zentroa eraikitzeko. "Lursaila hori baino handiagoa denez, etorkizunean handitzeko modua ematen du", adierazi du Gueñesko alkateak. Azaldu du ondo komunikatutako tokia dela, autobus eta tren geltokia alboan dituela eta Cadaguako lasterbidea ere 500 metrora duela.

Medikuntzako ikasleak, kexu

Basurtu eta Gurutzetako medikuntzako seigarren mailako ikasleek elkarretaratzea egin zuten martitzenean, Basurtun Medikuntza eta Odontologia Fakultatea eta Erizaintza eskola eraiki ditzatela aldarrikatzeko. Salatu dute Euskal Herriko Unibertsitateak duela sei urte agindu zuela Basurtuko fakultatea egingo zuela, "baina ez du bere hitza bete".

Leioako campuseko fakultateak "zaharkituta" daudela ohartarazi dute. Gero eta ikasle kopuru handiagoa joaten da, eta instalazioak "ez dira egokiak", ikasleen arabera. Nabarmendu dute Basurtuko egoera ere larria dela. Txapaz egindako irakaskuntza unitatea dutela azaldu dute: "Behin-behineko eraikina izango zela adierazi ziguten, lau urterako, eta gu baino zaharragoa da".

Ikasleek adierazi zuten euren atzetik etorriko diren ikasleak "fakultatea ospitale baten ondoan ez duten Espainiako bakarrak izan ez daitezen" lan egin nahi dutela, nahiz eta ikasketak aurten bukatzen dituzten.

2013ko bukaeran, ikasleek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu zioten Basurtuko fakultateko proiektuarekin zer gertatzen zen argitzeko. Ikasleak aitortu dutenez, "suminduta" daude Errektoretzak eta Eusko Jaurlaritzak agindutakoa bete ez dutelako. Azaldu dute erakunde biek EHUko lehentasunezko proiektua zena sei urtez atzeratu dutela. Baina, bestalde, unibertsitateko beste hainbat fakultatetan lanak egin dituztela.

BERRIA Taldeko hedabideek bat egin dute dekalogoagaz

Lurralde historikoko 25 bat hedabidek bat egin dute Bizkaiko Foru Aldundiak proposatutako dekalogoagaz. Tartean daude BERRIA eta Bizkaiko Hitza. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Pilar Ardanza Gizarte Ekintza diputatua "oso pozik" agertu d...

Gazteentzako literatura lehiaketa, EHGAMen eskutik

Gazteentzako IV. Literatura Txapelketa antolatu du Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak. 14 eta 25 urte bitarteko gazteentzat izango da, eta epea urriaren 31 artekoa da. Gaia librea izango da, baldintza bakar batekin: homosexualen, bisexual...

Zarzuela eta opera saioak herritar guztien eskura

Opera, piano eta zarzuela doan entzuteko aukera eskainiko du gaur Karrantzako Udalak. Hain zuzen, Kultur Etxeak Alfredo Kraus musika elkarteagaz elkarlanean, aria, opera bikote eta zarzuela kontzertua prestatu du. 20:00etan emango diote hasiera emanal...

Poztasunak atzean dituen itzalak

Sestaoko Naval ontziolak bi urterako lortu duen lan kargak iritzi kontrajarriak sortu ditu Ezkerraldean. Navaleko zuzendaritzak ferry bat eraikitzeko kontratua lortu berri du. Joan den barikuan eman zuten haren berri; albiste ona da, lana erregulatzek...

“Argiñetak Goi Erdi Aroko herritarrak noiz eta nola bizi ziren jakitea ahalbidetu du”

Baskonia. Bitarteko lurra erakusketa bisitatzeko aukera dago, maiatzaren 30era arte, Elorrioko kultur etxean. Iñaki Garcia Camino erakusketako komisario eta Bizkaiko Arkeologia Museoko zuzendariak (Muskiz, 1958) eman ditu Argiñetako azterketetan egiten ari diren aurkikuntzei buruzko xehetasunak.

Zer ondorioztatu duzue baskoien bizimoduari buruz Argiñetan eta beste indusketa batzuetan aurkitutakoagaz?

Erakusketa sortu dugu, hogei urte hauetan arkeologiak ezagutza eta informazio ugari ahalbidetu dituelako. Erdi Aro aurreratura arte, Elorrio XIV. mendean sortu arte, esaterako, herrialde honetako bizilagunak ia aurrehistorian bezala bizi zirela uste izan da.

Sistema ekonomikoaren oinarria abeltzantza ibiltaria zela uste zen. Euskal herritarrek gizarte atzeratu eta marjinal baten ereduari jarraitzen ziotela uste genuen eta erritmo historiko europarretatik aldendutako gizarte bat zela.

Eta ez al zen horrela?

Ez. Iturririk ia ez zegoelako uste genuen hori. Idatzitako iturri gutxi batzuk bazeuden; frankoen eta bisigodoen kronikak matxino baskoiei buruz egiten zuten berba, eta bortitz eta kulturarik gabe modura deskribatzen zituzten. Egia da, noizean behin, goseteetan murgilduta zeudenean, iraupena arriskuan zegoenean, Akitaniako zein Ebroko haranetara jotzen zutela elikagai bila, erasoan.

Baina iturri arkeologikoek ez zuten inongo informaziorik ematen. 1987an, ordea, dena aldatu zen: Aldaietako nekropolia aurkitu zen, Araban. Bertan aurkitutako materialek ez zuten zerikusirik ordura arte Iberiar Penintsulan ezagututakoagaz, ezta historiaurrekotzat jotako gizarte horietan aurkitzea espero genuenagaz ere.

Zer aurkitu zenuten?

Besteak beste, Alemaniatik inportatutako beirazko edalontziak, brontzezko lapikoak, frankoen artean ohikoak ziren borrokarako aizkorak, Akitanian presente dagoen teknika bategaz dekoratutako gerrikoen belarriak eta lantza punta ugari.

Aurkikuntza horiek aldarazi egin digute baskoiei buruz geneukan irudia. Gizarte dinamikoa zen, Europatik etor zitekeenari zabaldutakoa eta modu aktiboan parte hartzen zuena Europako historian.

Arabako aztarnategi horretan jasotako informazioa berresteko modurik izan al duzue Argiñetan?

Aurkitu zenean, Aldaietakoa kasu bakarra zela uste izan zen. Han ehortzitakoak gudu batean hildako frankoen armadako kideak zirela uste izan zen. Handik gutxira, ordea, aztarnategi gehiago atera ziren. Bizkaian, adibidez, Finaga inguruan, Basaurin; baita Santimamiñen ere, Kortezubin, ermita inguruan.

Nekropoli horietako harrigarriena da hildakoak jantzita eta euren gauzekaz lurperatu zituztela: gerrikoak, eraztunak, armak zein ofrenda batzuk, besteak beste, brontzezko kaikuak, beirazko edalontziak... Horrek guztiak ez zuen zerikusirik Iberiar penintsulan ohikoa zenagaz.

Hildakoak zein objektuekaz ehorzten zituzten, bai; baina jakin al daiteke zergatik egiten zuten hala?

Teoriak badaude: prestigioa, boterea eta autoritatea erakusteko modu bat zen. Hildako guztiak ez zituzten ehorzten objektu horiekaz guztiekaz; familia garrantzitsuenetako kideekaz izaten zen ohitura hori. Ehorzteko unea komunitate osoari hildakoaren gizarte maila erakusteko erabiltzen zuten. Boterearen eszenifikazioa egiten zuten.

Nondik zetorkien botere hori?

Mugen arteko lur batean bizi ziren garai hartan. Hortik datorkio izenburua erakusketari. V. mendean desagertu egin zen Erromatar Inperioa. Haren hondakinetatik erreinu berriak sortuz joan ziren. Erreinu frankoa eta bisigodoa ziren boteretsuenak. Lur eremurik handiena lortu zuten. Baina beste erreinu batzuk ere izan ziren, sarri ahazten diren arren. Zergatik? Justifikatu egin gura dutelako Espainia nazio gisa bisigodoen erreinuaren barruan.

Erreinuen artean proiektu batzuek arrakasta izan zuten eta beste batzuek porrot egin zuten. Baskoiak bor-borrean zeuden testuinguru horretan.

Emakumeen zeregina zein zen argitzerik izan duzue, esaterako?

Zaila da. Argi dago lan garrantzitsua zutela. VI. eta VII. mendeei buruz dokumentazio gutxi dago. Andre batzuk azaldu dira apaingarriekaz, beraz, gizartean esanguratsuak ziren. IX. eta X. mendeetako agirien arabera, egiteko garrantzitsua zuten; hurrengo garaietan izango zutena baino garrantzitsuagoa.

Bizkaiko Arkeologia Museoan zein ikerketa edo indusketa garrantzitsu darabiltzazue?

Argiñetakoa da garrantzitsuena. Joan den astean hasi genituen indusketok. Ekaina bukaerara arte ibiliko gara. Beraz, oraingoz ezin dugu aurreratu ezer.

Hirugarren kanpaina da hau. Azkena izango dela uste dugu. Aurrekoetan lehenengoz dokumentatu ahal izan ditugu Bizkaian VIII. mendeko herrixka bateko etxebizitzak. Hilerria ezagunagoa zitzaigun. Hain zuzen, ondo baino hobeto genekien Goi Erdi Aroan herritarrak non ehorzten zituzten; euren bizimoduari buruz, ordea, ezer gutxi. Argiñetak herritarrok non bizi ziren jakitea ahalbidetu du. Non bizi ziren jakinda, errazago ezagut dezakegu horien bizimodua.

Zer esan dezakezue bertako bizi ohiturei buruz?

Etxeak egurrezkoak ziren. Labeak zituzten. Garia biltzeko siloak erabiltzen zituzten. Garai hartako gizartea abeltzaina zela uste bazen ere, indusketa honek erakusten du nekazaritza ere ezagutzen zutela.

Ondorio horiek ateratzeko baliagarria izan da Argiñeta. Hala ere, beste indusketa batzuk ere baliagarriak izango ziren, ezta?

Argiñetakoaz gain, Bizkaian ezagutzen den herrixka bakarra Gorlizkoa da, eliza inguruan sortutakoa da. Gehiago egon dira, baina indusketa arkeologikoa bertan baino ez da egin oraingoz. Argiñetakoa ez bezala, gaur egunera arte iraun du herrixka hark. Argiñetaren kasuan, San Agustin Etxebarriak bereganatu zuen, XI. mendean.

Onarpenetik begirunera

Onarpenetik onespenera arteko urratsa. Pauso hori egin beharko da, LGTBI kolektiboaren aurkako fobia desagertzea nahi baldin bada". Inmaculada Mujika Aldarteko zuzendaria da, eta gay, lesbianei, transexualei, bisexualei eta intersexualei laguntza psik...

Txistua, dagokion lekuaren bila

Iaz abiatutako lanari jarraituz, 2. Txistulari Eguna ospatuko dute bihar, Portugaleten. Batetik, txistularien udal banda berreskuratzeko aldarrikapena aterako dute kalera. Bestetik, txistuari dagokion presentzia eman diezaiotela eskatuko dute. Goizean hasi eta arratsaldera bitartean txistuaren doinuek hartuko dituzte herriko kaleak.

Jon Iñaki Carnicero da biharko jarduera antolatu duen Portugalete Txistu Zaleak taldeko kideetako bat. Gogora ekarri duenez, XVII. mendeaz geroztik egon dira udalean txistulariak. "1996an erretiratu zen azkena. Orduz geroztik, udalak ez du berreskuratu banda". Hain zuzen, 1653tik 1996ra egon zen udal banda. Egun, behar denerako, txistulariak kontratatzen ditu udalak, baina ez dago banda formalik.

Hori horrela, duela bi urte talde bat elkartu zen Portugaleten udal banda berreskuratzeko aldarrikapenari bultzada emateko. Hainbat jarduera jarri zituzten martxan. Lehenengoetako bat izan zen Portugaleteko eta ondoko herrietako txistulariak elkartzea egun batean. Modu horretan sortu zen Txistulari Eguna.

Jakin badakite egoera ekonomikoari erreparatuz gero "garai txarrak" direla, baina udal banda berreskuratzeko aldarrikapen eta nahia ez dute alde batera utziko. Hala ere, txistua ezagutaraztea eta zabaltzea dute beste helburuetako bat; hau da, txistua kalean egon dadila.

Harreman sarea hedatuz

"Apurka-apurka bagabiltza gure kontaktuak handitzen. Alboko herrietako musika eskoletakoekaz, Muskiz, Ortuella, Portugalete eta Santurtzikoagaz harremanak baditugu. Txistulariak eta txistua jotzen ikasten ari direnak bilduko dira jaira". Iaz, 60 inguru elkartu ziren. Aurten ere aurreikuspenak onak direla dio.

Egitarauari dagokionez, goizean egin dute txistulariak elkartzeko hitzordua. "Zutabeetan antolatuta ibiliko gara herrian zehar". San Rokeko metro geltokian elkartuko dira guztiak. Handik, batzen den txistulari kopuruaren arabera, bi edo hiru zutabe antolatuko dituzte eta herriko kaleetan zehar abiatuko dira.

Guztira, bi orduko kalejira egingo dute. Topaketari bukaera emateko, udaletxe aurrean elkartuko dira txistulari guztiak. Han, 14:00 aldera, ordu erdi inguruko kontzertu xume bat egingo dutela iragarri du. Bukatzeko, eta indarrak berreskuratzeko, mokadu txiki bat prestatu dute.

Argi daukate udal banda berreskuratzeko arazo nagusia ekonomikoa dela. Hala ere, Portugaleteko Txistu Zaleak taldeko kideak gogora ekarri du iazko maiatzean lehenengo Txistulari Eguna egin ostean, Portugaleteko jai guztietan presente egon zirela: Guiako Amaren egunean eta San Roke eta San Nikolas santuen omenezko jaietan. "Txistua atera dugu kalera, jaia girotzeko, baina baita aldarrikatzeko".

Horrez gain, hainbat jarduera egin dituzte txistuaren ikusgarritasuna bermatzeko. "Berbaldi bat egin genuen joan den urrian, Portugaleteko historian txistulariek izan duten presentziari buruzkoa. Martxoan Jose Inazio Ansorena ekarri genuen hitzaldi bat egiteko". Jarduera biek arrakasta handia izan zutela azaldu du.

Borrokan jarraitzeko asmoa

Txistularien taldeak udal talde guztiei eskatu zien aurrekontuetan diru kopuru bat gordetzeko, haren bitartez udal banda berreskuratzeko. "Ezezkoa jaso genuen. Ez omen dira garai onak kulturan dirua inbertitzeko. Hala ere, aurrera jarraituko dugu".

Antolatzaileek iragarri dutenez, adin guztietako txistulariak elkartuko dira biharko festa eta aldarrikapen egunean. Hasi ikasleetatik, eta urte mordoa txistulari dabiltzanetara arte. Carnicero bera, adibidez, 40 urtetan dabil musika tresna horren inguruan. Guztiak, gainera, helburu berari jarraikiz ariko dira.

EGITARAUA

11:30. Txistulariak elkartu eta kalejiran abiatuko dira.

14:00. Ordu erdi inguruko kontzertua emango dute, udaletxe aurrean.

Ostean. Jaialdiari bukaera emateko, mokadu txiki bat antolatu dute.