Bizkaia

3.242

txandakako partzelakBilbon, txandaka erabiltzeko 3.242 aparkaleku daude. Egoiliarrentzat, bestalde, 16.439 dituzte.Sobera eta faltan. Hiriburuko leku batzuetan sobera daude (Euskadi plazan eta Areatzan, esaterako); Alondegian eta Indautxun, bestalde, ...

“Dinamika hau hasi baino ez da egin”

Ibilbide luzea izan du Iñaki Zarraoak politikagintzan. EITBko zuzendari izan ondoren, Getxoko alkatea izan zen 1999tik 2007 urtera arte (EAJ). Gure Esku Dago plataforman buru-belarri dabil orain. Ilusioz begiratzen dio igandeko giza kateari, eta irriz aitortu du parte hartuko ez dutenak penaz geratuko direla.

Zein da plataformari ikusi diozun garapena?

Getxon hasi nintzen plataformarekin lanean. Hasieran, oso informazio gutxi zegoen, eta uste baino gehiago kostatu zitzaigun jendea biltzea. Hala ibili ginen bi hilabetez: herritarrei azalpenak ematen eta poliki-poliki sareak sortzen. Baina fase hori bukatu da, eta aurrera egiten ari gara. Jendea askoz animatuago dago orain.

Nola dago giroa Bizkaian?

Herri bakoitzak erritmo ezberdina du, baina herrialdean 70 taldetik gora daude orain. Astiro, baina martxa hartzen ari gara, eta aurrera goaz.

Ideologia ezberdineko jendea biltzen lagundu du ekimenak?

Asko lagundu du. Helburu beragatik ari gara elkarrekin lan egiten, eta horrek besteekiko jarrera aldatzea ekarri du. Harremanak egin ditugu, eta konfiantza esparruak sortu dira.

Filosofia hori herrietan nabaritu da?

Guztiz. Sentsibilizazio ezberdineko jendea biltzea izan da ekimenaren lehen helburua, eta horretan jarraitu behar dugu, hortik iritsiko baita sinesgarritasuna. Oraindik ez gara esparru guztietara iritsi, baina lasai ibili behar dugu, poliki-poliki elkartuko baitira horiek ere. Dinamika hau hasi baino ez da egin, eta gure lana serioa eta plurala dela erakutsi behar dugu. Argi utzi behar dugu irekia dela eta inork ez duela ezer inposatzen. Adostasunez egiten dugu dena.

Zein da aurrera begirako lana?

Katea osatzea garrantzitsua da, baina erronka handiagoa da jendea biltzea, sentsibilizatzea, dinamika ezagutaraztea eta bidea bera egitea. Ekainaren 8aren ondoren ere lanean jarraitu behar dugu. Jendea gogotsu dago, eta hori nabaritu egiten da.

Aberriaren inguruko gogoetak diziplina ugaritan

Dantza garaikidea, testua, bideoa eta zuzeneko musika. Elementu horiekin ondu du Asier Zabaleta dantzari gipuzkoarrak N.A.N. ikuskizuna. Nortasunaren eta nazionalitatearen inguruko hausnarketa bat egingo du sortzaileak; aberria zalantzan jarri baino gehiago, haren balio zehatza bilatuko du. Zenbat balio du aberriak? Zenbat bizitza? Zenbat heriotza? Aberri guztiek berdin balio al dute? Bakoitzak bere erara landu dezakeen zerbait al da aberria? Galdera horiek plazaratuko ditu Zabaletak Iñar Sastre musikariaren laguntzarekin, gaur, Gernika-Lumoko Lizeo antzokian.

Etxera itzuli eta hilabetera

Hilabete eskas igaro zen Bizkaira itzuli zenetik. Apirilaren 24an Bilboko Santutxu auzoan izan zen, kontu politikoengatik 30 urtez etxetik kanpo ibili ondoren. Bakion izan zen hurrengo egunean, eta han harrera egin zioten, Itziar Imatz iheslariarekin batera. "Sekulako emozioak izan ziren, hainbeste denboraren ostean jendea ikustean", azaldu zion Imatzek BERRIA egunkariari joan den larunbatean. Ordutik, beste behin itzuli zen Bizkaira, Mungiara, hain zuzen ere. Joan den astean iritsi zen bertara, senideekin bost bat egun egoteko asmoarekin. Baina ez zen horrela izan. Zapatuan, bihotzekoak eman zion, eta 51 urterekin hil zen Aitor Renteria Txato, BERRIA egunkariko kazetari eta Baionako ordezkaritzako burua.

Doluminak alde guztietatik iritsi dira heriotzaren hurrengo ordu eta egunetan. Euskal esparru ugaritatik. Izan ere, kazetari jarduteaz gain, leku gehiagotara ere iritsi zen Renteriaren jarduna: Bertsularien Lagunak elkarteko kide zen, AEKn aritua, eta iheslarien kolektiboko kide ere bazen, besteak beste. Esparru horietako eragile guztiek nabarmendu dutre euskararekin eta herrigintza lanarekin izan duen konpromisoa. Senide, lagun eta lankideek igandean eman zioten azken agurra, Bilboko La Bilbaina beilatokian. Ehunka lagunek bete zuten bertako areto nagusia, tartean baita prentsa, euskalgintza, politika eta kulturako pertsona ezagun askok ere.

Euskalgintzari lotuta

Duela hiru hamarkada ihes egin zuen Bizkaitik Renteriak. 1982an, hain zuzen ere. 1996an atxilotu, eta Espainiara eraman zuten. Aske geratu zenean, Ipar Euskal Herrira joan zen bizitzera. Bertara joan zenean, 1990eko hamarkadan, Iparraldeko AEKn aritu zen irakasle. 2001ean, Euskaldunon Egunkaria-n hasi zen kazetari, eta han jardun zuen 2003ko otsailean kazeta itxi zen arte. Ondoren sortu zen BERRIA egunkaria, eta bertan sorreratik —2003ko ekainetik— aritu zen beharrean, eta bertan aritu da beharrean hil zen arte. Ipar Euskal Herriko Hitza-ren sorreran ere parte hartu zuen, eta han ere ibili zen buru-belarri. Horrez gain, beste hedabide batzuetan ere parte hartu zuen. Besteak beste, Info7 irrati kateko eta Kazeta.info webguneko kolaboratzailea ere izan zen.

Azken urteetan, Ipar Euskal Herriko hedabideen arteko elkarlanean buru-belarri aritu zen lanean. Frantsesezko hedabideek zeukaten indarra ikusirik, euskarazkoek batu beharra zutela aldarrikatu zuen. Horren erakusle izan daiteke, esaterako, Frantziako azken udal hauteskundeetan Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako euskarazko hedabideek egin zuten elkarlana. Hilabetean behin Iparraldean egiten den Ahoan bilorik gabe elkarrizketa saioa ere sustatu zuen. Bertan parte hartzen dute Ipar Euskal Herriko Hitza, Euskal Irratiak, Kanaldude.tv, Herria eta Kazeta.info euskarazko hedabideek.

Euskararen alde lana egiteaz gain, euskal kulturaren alde ere jardun zuen urte luzez. Bertsolaria zen, eta, horrez gain, Euskal Herria Zuzenean Iparraldean urtero egiten den musika jaialdirako Arrosako zolan kanta ezagunaren hitzak ere idatzi zituen. Iparraldeko belaunaldi askorentzat oso abesti ezaguna izan da.

Ekinbide horietan guztietan aritzeaz aparte, Ipar Euskal Herriko gaurkotasunaren, eztabaiden eta auzi garrantzitsuen berriemaile ere izan zen Renteria urte luzez BERRIArentzat. Aritua eta aditua zen horretan. Politika gaiak izan ohi zituen esku artean. Iparraldean azken urteetan eman dituzten aurrerapausoen berri haren eskutik eman zuen kazetak: euskal departamendua sortzeko proiektua, lurralde elkargoari lotutako ibilbidea, alderdi politikoen gorabeherak... Eta Europako hauteskundeen jiran utzi zuen azken gogoeta BERRIAn, duela bi aste: eskuin muturraren gorakadari buruz aritu zen, eta indar abertzaleen batasunik ezarekin kezka agertu zuen. EH Bai koalizioa bozetara ez joateak mugimendua "umezurtz" utzi zuela ohartarazi zuen analisi horretan.

Horrez gain, Jon Anzaren kasua lantzea ere egokitu zitzaion. Lehen lerrotik aztertu zuen auzia, eta azken denboran lurralde elkargoaren gaiak hartu zizkion ordu eta hizki asko.

Hala ere, euskarak arduratzen zuen gehien Renteria, eta aurrera egin ezinak kezkatzen. Seaska, prefeta, Hendaia, Falloux legea... Iritzia ere eman zuen gaiari buruz, orain hilabete eskas, BERRIAn bertan: oztopoa ez zela legea edo egoera administratiboa, ez zela arrazoi Seaskaren bidea trabatzeko. "Borondate politikoa da muga bakarra". Zehatz aztertu zituen prefetak ordubetez emandako azalpenak. Bereziki tentuz landu zuen gaia, larritasuna ikusirik. Ekarpen handia egin du Txatok bere bizitzan, baina asko utzi du ere egiteko.

“Gure ahotsari eztarria jartzea eskatu nahi diegu erakundeei”

Euskal Herrian "zutik" mantentzen den azken egurrezko atun-ontzia da Antxustegi. Sabin Antxustegi (Ondarroa, 1963) eta Xabier Lakaren (Ondarroa, 1954) aitonak eskatu zuen hura eraikitzeko, 1958an, eta ordutik hamaika istorio bizi izan ditu ontziak. Bizi gogorra zuten bertako arrantzaleek, txitxarro, antxoa eta hegalaburretara urrun joaten zirelako. "Nire aitak, esaterako, ni jaio nintzen egunean —abuztuaren 19an— txalupa hartu eta Kanarietarantz joan behar izan zuen. Hiru hilabete nituela ezagutu ninduen lehenengoz", gogoratu du Antxustegik, hartako Sabin Antxustegi patroiaren semeak.

Orain, ordea, antxustegitarrentzat horren berezia izan daitekeen ontzia desagertzear egon liteke. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan dago atunontzia, eta aspalditik usteltzen hasita dagoela ere salatu dute behin eta berriro. Eta hori gutxi balitz, azken albisteen arabera, museoak erakusketa iraunkorrean dituen Antxustegi eta Gavilan II ontziak kendu egingo ditu. Horren aurka borrokan ari dira bi lehengusuak.

Ontziaren patua ez zen museo batean egotea, berrogei urtez arrantzan ibili ostean atunontzia desegiteko asmoa baitzeukaten antxustegitarrek. Baina museoa era horretako ontzi baten bila zebilen, eta haiei ematea erabaki zuten 1997. urtean. Antxustegi-k zuen diseinua gustatu zitzaien museoko arduradunei, eta lanean ziharduen azken egurrezko atunontzia ere bazen, gainera. "Aste eta erdi itsasoari utzi, eta bertara eraman genuen itsasoz. Nik neuk eraman nuen, gainera, Ondarroatik Bilbora. Txalupa zegoen bezala utzi genuen hantxe". Eta horrela jarraitzen du. Izan ere, atunontziari ez diote inolako mantentze lanik egin, antxustegitarrek salatu dutenez. Ondorioz, ontzia usteltzen lagatzen ari direla salatu dute. Atunontzia zaharberritzea diru asko kostatzen dela argudiatu diete behin eta berriz museokoek, eta horregatik ez dute konpondu.

Azken urte hauetan guztietan museoaren usteak guztiz aldatu direla salatu dute familiako bozeramaileek. Bertara eraman zutenean maila horretan irauten zuen bakarra eta azkena zela esan zieten. Orain, hura kentzeko maila horretako gehiago daudela argudiatu dute. Horregatik, Antxustegi kentzeko dituzten arrazoiak ez dituzte ulertzen Lakak eta Antxustegik. Museoak familiari bi argudio eman dizkio atunontzia kentzeko. Alde batetik, haren erakusketa zikloa amaitu dela. "Txalupa hartu zutenean behin betiko erakusketan edukiko zutela esan ziguten, eta, orain, haren erakusketa zikloa amaitu dela. Ulertezina da urte gutxian nola aldatu duten erabakia", dio, haserre, Lakak. Bestetik, ondare balio urria duela. "Lehen balio handia bazuen, nola liteke orain balio eskasa izatea? Ez dugu ezer ulertzen", gaineratu du Antxustegik.

Protesta eta mobilizazioak

Ontzia kentzeko asmoa orain eman duten arren, antxustegitarrek urtebete daramate ontziaren egoera "tamalgarria" salatzen. Museoaren webgunean itsasontziaren egoera "negargarria" erakusten duten argazkiak bidali zituzten. Horrez gain, haren egoera salatzen zuten kexa bat baino gehiago ere idatzi zuten, baina horietako asko ezabatu ere egin zituzten museokoek. Bide hori agortuta, irailean bertako zuzendariarekin batu eta euren eskakizun formalak jasotzen zituen idatzi bat eman zioten. Inongo erantzunik ez, eta bigarren batzarra egin zuten azaroan. Erantzun bera. Horregatik, museoko zuzendariari eta bertako patronatuko kide guztiei txosten bat bidali zien. "Ondarearen egoera profesionala eta legala jaso dugu bertan. Museo baten betebeharra zaintzarena baita, eta Antxustegi-ren kasuan hori ez da betetzen. Haien porrotaren ispilua bihurtu gara. Ondarea zaintzen zelako lan txarra egin duten ikusteko balio du", gaineratu du Lakak.

Martxoan bidalitako txostenaren erantzunik jaso ez, eta ate-joka hasi dira. Esaterako, erakundeekin hainbat bilera egin dituzte. Hortik jasoko dituzten erantzunen arabera, Arartekora, Espainiako Kultura Ministeriora edota ondarea babesteko Europa mailako erakundeetara joateko asmoa dute. Eta paradoxikoa badirudi ere, inoiz baino indar gehiagorekin sentitzen dira egun, Antxustegi onik gordetzeko mugimendua bizitu egin delako, euren hitzetan. Borroka horretan jarraitzeko, beraz, erakundeen bitartekaritza ezinbestekoa dela argudiatu dute. "Gure ahotsari eztarria jartzea eskatzen diegu erakundeei", eskatu du Lakak.

Konponketa lanak zenbat eta gehiago luzatu, ontziaren egoerak okerrera egingo du, baina antxustegitarrek bere horretan jarraitzen dute. Edozein aukera txiki baldin badauka ere egurrezko azken atunontzia konpontzea merezi duela diote. Esperantza izpi bat ere badaukatela baieztatu dute bi lehengusuek, "gauzak lehenbailehen eta berandu baino lehen" egiten badira behintzat. "Txalupa errespetu pixka batekin tratatzea nahiko genuke, berreskuratzeko aukeraren bat dagoen bitartean behintzat", azaldu du Antxustegik.

Era berean, Antxustegi ez ezik, museoaren toki berean dauden beste hainbat itsasontzi egoera okerrean daudela ere salatu dute. "Legatzetan aritzen zen Beti Salada, esaterako, bertan usteldu zen, eta ezer egiten ez bada, Antxustegi-k ere bide beretik jarraituko du". Jakin badakite berreskuratzeko aukerak oso urriak direla, baina, era berean, erantzuleak zein diren esatea beharrezkoa dela uste dute, etorkizunean horrelakorik berriro gerta ez dadin. "Guk, beharbada, ez dugu berreskuratuko Antxustegi, baina bere izpiritua hor geldituko da. Hori da guretzat garrantzitsuena. Horrek salatuko du, kasuan kasu, etorkizunean nortzuk izan ziren honen guztiaren errudun. Eta baita zergatik izango duten etorkizunean izango duten ondare urria ere".

Katea, sarearen parte

Pertsona bakarrak, bi esku. Eta bi esku horiek, milaka lagunez biderkatuta. Esku horiek guztiak Iruñea eta Durango arteko 123 kilometroak kate bakarrean elkartzeko erronka du Gure Esku Dago-k igandean. Baina katea osatzetik harago, sarea ehuntzen ari dira herritarrak erabakitzeko eskubidearen inguruan. Hilabete luzez, lan horretan aritu dira hainbat herri, auzo eta eskualdetan. Bizkaian 70 herri batzorde inguru eratu dira azken hilabeteetan. Eta, igandean, herrialdeko 22.000 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katean.

Ez da lan erraza izan ekainaren 8ra bitarteko bidea. Hamaika izan dira Gure Esku Dago plataformak Bizkaian zehar hedatzeko eta atxikimenduak biltzeko egin dituen ekimenak: hitzaldiak, flashmob-ak, giza kate txikiak, jaialdiak, askotariko lehiaketak... Eta funtsezko elementu bi daude horien guztien oinarrian: lana eta ilusioa. Duela urtebete Irungo Ficoban egindako aurkezpenean iragarri zuten giza katea osatzeko bi egun falta diren arren, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika hasi baino ez da egin: "Ekainaren 8an ez da ezer bukatuko. Herritarren sare erraldoia osatzeko abiapuntua izango da". Hala adierazi zuen Josu Herrero plataformako kideak Bizkaiko herri batzordeak biltzen dituen herrialdeko bileran.

Zornotzako Zelaieta zentroan elkartu ziren, maiatzaren 30ean. Berezia izan zen bilera, igandeko giza katea iritsi bitarteko azkena izan baitzen. Mobilizazioaren inguruko azken zalantzak argitzeko, argibideak jasotzeko eta bitartekoak banatzeko erabili zuten. Azken astearen urduritasunak nabaritzen ziren herritarren artean. Autobusak antolatzeari eman zioten tarte gehien. Herrika edo eskualdeka aterako diren kopurua esanez altxatzen ziren herriko ordezkariak banan-banan. Lekeition, adibidez, hemeretzi autobus bete dituzte, Mungian hamabost, Portugaleten zortzi eta Barakaldon 21. 300 baino gehiago zerrendatu zituzten Zornotzako bileran. Azken orduan izena emango duten herritarren aurreikuspena egin dute gehienek. Horientzat ere tokia gordetzeko ahaleginak egin dituzte.

400 pertsona behar dira, gutxienez, kilometro bakoitza betetzeko. Eta Bizkaiko herri gehienek erraz gainditu dute zifra hori. Metroa erosi duten herritarren kopurua ikusita, autobusetan joateko dei berezia egin dute azken asteetan antolatzaileek. Dena ondo ateratzeko, 10:00etan bakoitzari egokitu zaion kilometroan egotea nahi dute.

Hilabeteetako lana

Zornotzako bileran zegoen Onintze Furundarena Enkarterriko Gure Esku Dago-ko kidea da. Elorrion osatu behar dute kilometroa, eta oraingoz zazpi autobus bete dituztela adierazi du. Baina bederatzi betetzeko esperantza dutela aitortu du, irriz: "Betiko legez, azken momentuan jende gehiago animatuko da". Aitortu du eskualdean dinamika zabaltzea ez dela erraza izan. Gueñesen abiatu zuten, duela bederatzi hilabete: "Han hasi ginen Gure Esku Dago pizten. Iñaki Zarraoa eta Zelai Nikolas etorri ziren hitzaldia ematera". Ordutik bizikleta martxak, mendi igoerak eta argazki herritarrak egin dituztela adierazi du: "Duela bost hilabete, gainontzeko herrietara hedatzen hasi zen. Balmaseda eta Galdamesen taldeak sortu ziren, besteak beste". 456 pertsonak erosi dute metroa, baina adierazi du oraindik ere metroak erosten ari direla asko.

Txorierrin ere arrakastatsua izaten ari da Gure Esku Dago plataformarekiko atxikimendua. Arkaitz Arbuluk azaldu du abenduan hasi zirela eskualdean lanketa egiten: "Herriz herri lantaldeak sortu genituen, sentsibilitate ezberdineko kidez osatuta". Azpimarratu du herri bakoitzeko sei lagun biltzen zirela hasieran, eta, gaur egun, bikoiztu egin dutela kopurua. Hainbat ekimen egin dituzte erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika eskualdean zabaltzeko. Horietako bat izan zen plataformak egindako bideokliparen bertsio pertsonalizatua: "Txorierriko musikariak hartu eta eskualdeko herritarrekin muntatzea egin genuen". Adierazi du egin zuten bideoak 12.000 bisita baino gehiago jaso dituela eta horrek sekulako bultzada eman diola plataformari.

Baina hori ez da egin duten gauza bakarra. Arbuluk adierazi du eskualde mailako bi ekitaldi handi antolatu dituztela azken hilabeteetan, eta 600 pertsonatik gora bildu direla horietan. Horien artean, Sondikatik Larrabetzura egin zuten Txori-martxa eta Lezamako pilotalekuan antolatutako ekitaldia. Igandean eskualdeko 1.600 pertsonak parte hartuko dute giza katean. Sakana eskualdeko (Nafarroa) Uharte Arakil herrian elkartuko dituzte eskuak txorierritarrek.

Balorazioa egin eta aurrera begirako lanketa zehazteko elkartuko dira Bizkaiko herrietako ordezkariak hurrengoan. Bitartean, 123 kilometroko ibilbidean sakabanatuko dira bizkaitarrak.

Eraikin berria du Durangoko Ibaizabal ikastolak

Azken urteetan gora egin du ikasleen kopuruak. Eta mila metro koadroko eraikin berria egin dute behar horiei erantzuteko. Hamar ikasgela berri egokitzeaz gain, bulegoak eta jantokia handitu dituzte. Ikastola "aro berri batean" sartu dela adierazi du I...

“Itsasadarrari begira ezagut daiteke Bilbo hiriaren bilakaera”

Itsasadarra jarraituta Bilboren historia ezagutzea. Horixe proposatzen du Zenbat Gara elkarteak Bilbo, itsasoari begira izeneko ibilbidearekin. Itsasoak baldintzatu du hiriburuaren jarduera mendeetan, eta haren inguruan eraiki da. Hiribildu titulua ematean herri arrantzalea sortzea zen Don Diego Lopez Harokoak duela zazpi mende izan zuen helburua. Baita lortu ere: hiriaren sorreratik hiri modernoaren eraikuntzara bitarteko urteen aztarnak gordetzen ditu oraindik itsasadarraren bazterrak.

Iraia Biteri Zenbat Gara elkarteko kidea da ibilbidea egin duten kideetako bat: "Esanguratsuak diren zortzi geraleku prestatu ditugu ibilaldian zehar". Antzinako arrantzaleen zamalanak, merkatarien joan-etorriak eta industria garaian hiriburuak izan zituen aldaketak aztertzeko aukera ematen da horietan: "Erdi Arotik Aro Modernora igarotzen den Bilbo ezagut daiteke, Ibaizabalen ertzetik oinez".

Erdi Aroko hiribildutik abiatzen da ibilbidea, San Anton elizaren albotik. Horren azpian aurkitu baitziren hiriko lehen biztanleen aztarnak: "Hiri gutuna zergatik eman zitzaion azaltzea da helburua", adierazi du Biterik. Hiru kale zituen Bilbok titulua jasotzean. Eta populazioak gora egin ahala eratu ziren gaur egun ezagutzen diren alde zaharreko zazpi kaleak: "Hirira sartzeko atea zuen kale bakoitzak". Adierazi du, baita ere, Atxuritik sartzen zirela Laudio eta Urduña inguruetakoak, eta Zamudio plazatik Txorierri eskualdekoak. Ate horiek guztiek San Anton zubiko gotorlekurako bidea zabaltzen zuten.

Baina Bilbo gotortzeaz harago doan funtzioa zuen harresiak: zergak jasotzea. Horien lekukotza gordetzen dute ibaiaren bazterrean dauden eraikinek, Biteriren arabera: "Erreka bazterretik jarraituz familia aberatsen etxe dorreak ikus daitezke". Azpimarratu du hirira sartzeko ordaindu egin behar zela: "Baita animaliak eta elikagaiak sartzeko ere. Erdi Aroan asko aberastu egin zirela erakusten dute eraikin horiek".

Hiri modernorako jauzia

Erreka bazterretik aurrera jarraitzearekin batera, aurrera egiten da denboran ere. Aro modernoan hiriburua eraldatu zuen eragile batekin egiten baita topo: Bailen kalean dagoen Konkordiako tren geltokia, alegia. "Karlistadak pasata XVIII. mendean industrializaziorako jauzia nola ematen den ikus daiteke". Hala azaldu du Biterik, eta nabarmendu egurrezko ontziolak nagusi zituen paisaia irauli egin zela garai hartan: "Lurrunezko makinak etorri ziren Errsuma Batutik, eta 1863an lehen trenbidea eraiki zen hiriburuan".

Arriaga eta Areatza ikus daitezke tren geltokitik, Bilbo hiriaren hedapenaren lekukoak biak: "Areatza sortzearekin batera, bigarren portuaren eraikuntzari ekin zioten", adierazi du Zenbat Gara elkarteko kideak. Industrializazioarekin batera burdinaren eskariak gora egin zuen Europan XIX. mendean. Eta hiriburuan berebiziko garrantzia hartu zuen horren ustiapenak: "Merkatu horretara egokitu zen Bilboko itsasadarra ere".

Baina industriaren garapenaz gain, garai hartan izandako euskal kulturaren pizkundearen aztarna gordetzen du Areatza plazak. Balentin Enbeita bertsolariaren eskultura dago han. Eta horri ere erreparatu nahi diotela azpimarratu du Biterik: "Pizkunde kulturalak garrantzia izan zuen hiriburuan. Eta horren kontakizuna egiteko aukera paregabea ematen du Enbeitaren irudiak". Hiriburuan euskarak eta bertsolaritzak izandako garapenari garrantzia eman nahi diote horrela. Sukaldaritza tradizioa ere azaldu nahi izan dute. Bakailaoaren pil- pil saltsa nola egiten den azaltzen dutela adierazi du Biterik, irriz: "Askok ez dute ezagutzen oraindik".

Hiria hazi ahala Ibaizabalen alde biak elkartzeko zubiak eraiki zituzten Bilbon, eta hamahiru ditu gaur egun. Horien garrantziaz aritu da Biteri: "Udaletxeko zubiari, adibidez, perretxiko zubia deitzen zioten lehen, Abando errepublikara joateko ordaindu egin behar zelako". Zubi Zuri azpiegitura ere aipatu du —garaikideagoa da hura—. Han ematen diote amaiera antolatu duten ibilaldiari: "San Anton zubia haitz zuri baten gainean eraiki zuten, eta hortik datorkio Atxuri izena. Polita iruditu zitzaigun ibilaldia hitz joko horrekin bukatzea". Malmasin mendixka ikusteko aukera dago zubitik, eta "handik etortzen ziren inguruetako nekazariak errekako ura hartzeko".

Joan den ostiralean hamaika herritarrek egin zuten ibilaldi hori, eta irriz aitortu du Biterik Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleak izan zirela gehienak: "Horiek dira fidelenak". Baina edozeinek du ibilbidea egiteko aukera enkargua eginez gero. Zenbat Gara elkartearen webgunean dago horretarako behar den informazioa.

Ez da Zenbat Gara elkarteak osatzen duen lehen ibilbidea, ezta azkena ere. Biterik aurreratu du hiru hilabete barru beste bat egiteko asmoa dutela: "XXI. mendeko Bilbo azaldu nahi dugu horrekin".

3.200

Elorrioko igerilekuetako obretako kalteen zenbatekoa. Elorrion egiten ari diren igerilekuetako lanetan zenbait kalte egin dituzte. Udalak emandako datuen arabera, 3.200 euroko kostua izango dute kalteok.

Plaza zelan berrantolatu aztertzen ari dira orozkoarrak

Orozkoko erdigunea eta, bereziki, Zubiaur plaza etorkizunean zelakoa izango den erabakitzeko prozesuan murgilduta daude herrian. Udalak herritarren parte hartzea eskatu du obrak hasi aurretik. Bihar dute hurrengo zita. "Interesgarria da udalak herrita...