Bizkaia

50.000 gomazko ahate ur lasterketan

Bilboko erreka gomazko ahate txikiz bete zen domekan, elkartasunezko proiektu baten bitartez neuronen endekapenezko gaixotasunen kontra dirua biltzeko. Iazko kopuruak gainditu zituen WOP Walk On Project fundazioak. Izan ere, herritarrek 50.000 ahate erosi zituzten ¬ iaz 30.000 izan ziren ¬. Gomazko ahate guztiak kamioi batetik uretara bota zituzten eta, arazo tekniko batzuk egon arren, 35 minutu igarota iritsi zen lehenengo ahatetxoa Euskalduna zubian zegoen helmugara.

600

dantzaleku eta pubetarako baimenAkBilboko Udalak gauez diharduten negozioei 600 lizentzia inguru dauzka emanda. "Ez naiz Superman, eta ezin ditut bete gauez hutsik dauden tabernak", esan du duela gutxi Ibon Areso Bilboko alkateak.

Pixkanaka amatatzen ari da Bilbon gaueko giroa

Itzaltzeko arriskuan. Halaxe daude Bilboko gaua argitzen duten taberna eta dantzalekuak. Izan ere, herritarren poltsikoak astindu dituen krisi ekonomikoak ez ezik, gauaz gozatzeko izandako eredu aldaketak ere gogor jo ditu Bizkaiko hiriburuko gaua girotzen saiatzen diren negozioak. Duela gutxi, Bilboko alkate Ibon Aresok aitortu du bera ez dela "Superman" horien zailtasunei aurre egiteko, baina tabernako barraren beste aldetik laguntza eskatzen dihardute aspalditik. Babesik izan ezean, nabarmendu dute, argia motelduz joango da, iluntasunera heldu arte.

Hori da Badulake tabernaren kasua. Bezero fidelak dituela azaldu du Elena Sarasolak, tabernako arduradunak. Baina beherakada nabari dute, eta aitortu du belaunaldi berrien falta sumatzen dutela. Hamahiru urte darama Sarasolak tabernarekin. Eta hainbat faktoreri egotzi dio hiriburuko gauaren beherakada. Tartean, aipatu du, Bilboko Udalak ezarritako ordutegien "arau zorrotzek" gaueko ostalaritzari kalte handia egin diola: "Taberna hartu genuenean, isun asko iritsi zitzaizkigun ordutegia luzatzeagatik, eta neurri hori zorrotz betetzera behartu gintuzten". Adierazi du, neurri hori betetzeko udalak abiatu zuen kanpaina "oso gogorra" izan zela: "Udaltzainak bidaltzen zituzten tabernak ixtera. Zazpikaleetako tabernek asko sufritu zuten hori dela eta". Baina urteak pasatuta presioa baretu egin dela aitortu du Sarasolak: "Iñaki Azkuna alkate ohiak, munduan ikusarazi nahi zuen Bilbo, eta momentu batean konturatu zen, hiriak ia ez zuela gaurik".

Horren ondorioz, tabernei ordu gehiagoz zabalik egotea baimendu ziela adierazi du. Baina eguneko eta gaueko tabernetan ezarri zuen neurria. Eta Sarasolaren arabera, taberna guztietan ordutegiak luzatzean ere kaltetuek berdinak izaten jarraitzen dute: gaueko tabernek. "Eguneko tabernei ordua luzatzeak eta ixteko ordua atzeratzeko baimena emateak kaltea eragin digu. Geroago etortzen baitira gaueko tabernetara". Aitortu du, jende askok, jai giroan jarraitu beharrean, etxera egiten duela: "Eguneko tabernak goizaldeko hiruretan ixten badituzte, jendea etxera joaten da, eta ez doa gaueko tabernetara kontsumitzera". Eguneko ostalaritza sustatzen ari da udala, Sarasolaren arabera, eta gauekoei, berriz, aurrera egiteko zama gehiago jartzen.

2011n ezarritako tabakoaren legeak ere eragin handia izan duela adierazi du Badulakeko arduradunak. Aitortu du tabernako erdiak kanpora joaten direla erretzera: "Erretzera ateratzen den jendeak zarata egiten du kalean, eta, hori, tabernarientzat txarra izateaz gain, auzokideentzat ere gogaikarria da". Eta kalean sor daitekeen zarataz ez ezik, barnekoaren hotsgabetzearekin ere arazoak izan dituzte lokal ugarik. Hala adierazi du Badulake tabernako arduradunak. Barruko soinua hotsgabetzeko azpiegitura lanak egin behar izan dituzte hainbat tabernak, eta horrelako neurriak ezartzeak dakartzaten gastu ekonomikoei aurre egin behar diete, gainera.

Baina gau giroari jartzen zaizkien neurriez gain, gazteen artean ohitura aldaketa ere sumatzen du Sarasolak. Adierazi du datozen belaunaldiak lokaletan edo kaleko edanean aritzen direla gaur egun. Eta festa egiten dutenean, taberna txikietara joan ordez, diskoteka handietara joateko ohitura izaten dutela gehienetan: "Taberna txikietako jai ereduaren beherakada ekarri du horrek".

Gau Zuriari kritikak

Gaueko ostalaritzaren egoerarekin udaletxeak zeregin handia duela adierazi du Badulakeko arduradunak. Aitortu du instituzioak antolatu edo bultzatzen dituen jarduerek eragin zuzena dutela. Joan den ekainaren 14an egindako Gau Zuria, adibidez, ostalaritzarentzat urteko egunik onenetakoa izan dela adierazi du Bilboko Udalak. Baina Sarasolarentzat, ekitaldi horrekin sektore konkretu bat bultzatzen dute berriro ere. Gau Zuriaren eta makina-erremintaren azoken adibideak jarri ditu horretarako: "Nahi dutenean, luzatu egiten dute ordutegia". Baina azpimarratu du familiari begirako ekintzak bultzatzen dituela gehienbat udalak, eta horrek zuzenean eragiten diola gaueko ostalaritzari: "Gaua hiltzen ari da". Aurrera jarraitzen dute, hala ere, aitortu du Sarasolak, irribarretsu: "Irekita dugu, oraindik, eta gure bezeroak leialak dira". Baina sektoreko langileen artean, arduraz begiratzen diote etorkizunari. Adierazi du gero eta gehiago direla beren lokaleko pertsiana jaitsi behar izan dutenak.

La Granjako arduradunak ere beherakada nabaritu du gaueko ostalaritzan. Eta ez dio krisiari egozten, soilik, sektoreak sufritzen ari den gainbehera. Aitortu du hiriburuan eskaintza handiegia dagoela gaur egun: "Kate multinazional askok ireki dituzte lokalak Bilbon. Eta eskari berdinari aurre egiteko gero eta taberna gehiago dago". Baina lehiarik handiena kaleko edanean ikusten duela adierazi du tabernako arduradunak: "Gaur egun, oso hedatuta dagoen kalean edateko ohitura, eta oso berandu etortzen dira gazteak tabernara". Aitortu du belaunaldi berrien artean gero eta gutxiago baloratzen dela, kristalean edatea, edota tabernan antolatzen diren ekintzetan egotea. Arazo hori, baina, taberna edo gaueko lokalen arteko lehiatik kanpo dagoen faktorea da, La Granjako langilearen arabera, eta kalte ikaragarria eragiten du.

Azpimarratu du udalak abiatzen dituen ekintzek lagundu egiten dutela ostalaritza bultzatzen. Eta bat dator Sarasolak esandakoarekin. Egiten diren ekintzetan, egunekoa sustatzen da gehien: "Familiarteko ekintza hori ari da gehien indartzen udala, eta horrek eguneko ostalaritza gehiago sustatzen du". Gauekoa, berriz, bere horretan geratzen dela aitortu du: ia hutsik. Aitortu du urteetan gauekoan asko nabaritu dela jendearen joan-etorrietan izan den beherakada: "Gero eta jende gutxiago dator, eta arinago ixten dugu taberna". Baina mezu baikorra eman nahi izan du: "Aurrera jarraitzen dugu, eta jarraituko dugu".

Euskal eskulturaren erakusketa handia

Arte Kalea artearen aire zabaleko jaialdian murgilduta dago Balmaseda. Eskultura abiapuntu hartuta, erakusketa handi bat inauguratu berri dute han.Hain zuzen, Euskal Herriko panorama artistikoaren eskultore adierazgarrienen lana izango da lehenengo ja...

Arriaga barrutik ezagutzeko bisitak

Arriaga antzokia ezagutzeko bisita gidatu eta antzeztuak egingo dituzte bihar eta etzi. Bi saio prestatu dituzte horretarako: bata, 11:00etan, eta bestea, 12:30ean. Helduen sarrerek bost euro balio dute; umeenek, bi.Txantxak eta abestiak tartekatuta, ...

Arautu osteko lehen lehia

Joan den larunbatetik abian da katxete motako bola jokoaren denboraldia. Enkarterrin eta Ezkerraldean soilik jokatzen den kirolaren aurtengo denboraldiak berezitasun bat dakar, ordea. Izan ere, Trueba Enkarterriko dokumentazio eta dibulgazio zentroak jaso berri du kirol mota horren araudia. Beraz, jokoa arautu denetik egingo den lehen txapelketa izango da aurtengoa.

Ricardo Santamaria dokumentazio zentroko zuzendaria da, eta jokoa bera arautzeko beharraz hitz egin du: "Jokoa garatzeko eremuaren neurriak eurak ere zenbaitetan ezberdinak izan dira". Xehetasun horiek guztiak bateratzeko saioa egin dute, praktikotasunagatik. "Gainerakoan, zelan jo daiteke, esaterako, bola federaziora zerbait eskatzera?", galdetu du. Araudi bateratu hori idazteko garaian, katxete jokoan dabiltzanen aktetatik atera dituzte informazio eta arauak; "kirolaren historian, garai ezberdinetan onartutakoak", hain zuzen ere. Hori dela eta, bolarien artean oraindik ez da polemikarik sortu, Santamariaren esanetan. "Oraingoz", zehaztu du. Halere, araudia idazten ari dira oraindik, eta aurreikusten du uztailean argitaratuko dutela.

Joko berezia da katxetea; Bizkaian eta inguruko lurraldeetan ez dago horretan jokatzeko tradiziorik. Etorkizuna ere badu, gainera, gazteak ere inguratzen hasiak baitira, Santamariak azaldu duenez. "Bai, kirolak bizirik eusten dio, harrigarria badirudi ere. Jokorako eremuak daude, baita lehiaketan aritzeko bolari eta egutegi bat ere. Txapelketa bat antolatzen den bakoitzean, 90 lagun inguruk ematen du izena".

Bizkai osoan, Enkarterrin bakarrik jokatzen da katxetea, baina zein berezitasun du joko horrek? "Tire deritzon lekutik jaurti behar da hiru kilo inguru dituen bola". Guaia arbolaren zuragaz egiten da bola hori, eta, Santamariak zehaztu duenez, 1910 aldera hasi ziren Euskal Herrian egur hori erabiltzen. Birlak, bestalde, arte zurezkoak dira, eta haritz zurez egindako mokor baten gainean jarri behar dira. Sei birlak hor gainean kokatzen dira, eta bolak katxete eran jaurtitzen dira, hau da, erdi alboz. Birlak jotzean, horiek lekualdatu egiten ditu, eta lerro batzuk gainditu behar dituzte. Azaletik azalduta, hori litzateke jokoaren funtzionamendua. Askoz xehetasun gehiago ditu, ordea. Besteak beste, "birlez gain, bolak berak ere lerro bat gainditu behar du. Lehenengo marra hori gainditu ezean, tiraldia hutsa izango litzateke", azaldu du Santamariak. Birlek gainditzen dituzten marra kopuruaren araberakoa izango da, beraz, puntuazioa.

Katxete motako bola jokorako sei eremu daude martxan egun, Enkarterrin eta Ezkerraldean, eta lehiaketako egutegian parte hartzen dute denek. Barakaldoko Errekatxo auzoan dago bat, Trapagaranen —han hasi zen lehiaketa, joan den zapatuan—; Ugarte eta Durañona auzoetan ere bana; Ortuellan, Urioste auzoan; Abanton, Sanfuentes auzoan; Zierbenan, bestalde, bana dute Aldapan eta Arenan; eta, gutxi barru, Santurtzin, Cabieces auzoan, beste bolatoki bat zabalduko dute.

Irailaren 20ra arte, lehian

Denboraldia hasi berri dute, eta egunotan hiru bolatako lehiaketa dago martxan. Irailaren 20ra arte, katxete jokoak hamalau lehia izango ditu. Bestalde, eguaztenean Bizkaiko IV. Txapelketa jokatu zuten. Uztailaren 12tik 20ra bitarterako, Euskadiko XXIV. Txapelketa antolatu dute, eta, bitartean, txapeldunari desafio egiteko lehiaketa ere egin ahalko da: Herri Arteko XVII. Txapelketa eta Beteranoen Euskadiko XXXIV. Bestetik, Nene katxetelariaren omenezko partida ere egingo dute uztailean eta abuztuan.

Baina dena ez da lehia, ikastaroak ere emango baititu Trueba zentroak. Martitzen eta eguenetan, 18:00etatik 20:00etara bitartean emango dituzte, Zierbenako Aldapan. Katxeteen kirol eremuan eta kiroldegian ariko dira. Jose Angel Fernandez Cantalapiedra Kanta-k emango ditu eskola horiek. Parte hartu gura duenak izena eman eta bost euro ordaindu beharko du. Diru horregaz, beharrezko kirol materiala euren esku izango dute parte hartzaileek. Ikastaroa hilaren 31n amaituko da, ikasle denek Arenako eremuan egingo duten erakustaldiarekin. Gainera, dominak eta diplomak banatuko dituzte egun horretan.

150

ETXEBARRIN IZANGO DIREN ABELBURUAKEtxebarriko IX. Ganadu Azoka egingo dute bihar. Han, 150 abelburu inguru egongo dira: tartean, zaldiak, astoak, behiak, ardiak eta ahuntzak. Galartza inguruan egingo dute azoka. Animaliez gain, ortuariak, gazta, ogia ...