Bizkaia

Bizkaiko herri arteko txapela, Gernika-Lumora

ELORRIO. Zapatuan jokatu zen Bizkaiko herri arteko pilota txapelketako finala, Elorrion. Iazko lehiakide berberak lehiatu ziren: Gernika-Lumo eta Markina-Xemein. Eta, iaz bezala, gernikarrak nagusitu ziren. Nahiz eta markinarrak aurretik hasi, norgehi...

Etxean geratzeko esaten ari zaigu udala?

EH Bildu eta Bilgune Feministako kideok kezka handiz ikusten dugu emakumeok indarkeria pairatzen segitzen dugula, baina are larritzen gaitu gizartearen egiturazko arazo horri heltzeko Bilboko Udalak hautaturiko ikuspegiak eta abian jarritako neurriek....

“Enpresetan, hizkuntzen kudeaketa ona izatea oso garrantzitsua da”

Bizkaiko lau enpresak —BATZ, Cikautxo, Ekin eta Maier— eta Gipuzkoako bik —Elay eta GKN— eskatuta, Elhuyar fundazioak Automobilgintza Hiztegia eratu du. Garbiñe Alkiza (Donostia, 1979) da proiektuaren koordinatzailea.

Zein beharrizanek bultzatu dute Automobilgintza Hiztegiaren proiektua?

Oro har, gaur egungo globalizazioaren aroan automobilgintza enpresek nazioarteko merkatura salto egin izanak bultzatu dute. Nazioartean hizkuntzekin edo hornitzaileekin harremanetan egoteko izan ditzaketen arazoei aurre egiteko terminologia bateratu bat eratzeko beharra ikusi dute sei enpresa horiek.

2.637 kontzeptu jaso dituzue 16 arlotan sailkatuta. Zelan eta zeren arabera aukeratu dituzue terminoak? Eta nola egin duzue sailkapena?

Sei enpresek euren dokumentazio teknikoa bidali digute. Guk, dokumentu horietatik hizkuntza teknologiak erabiliz, modu automatiko batean gehien erabilitako terminologia erauzi dugu. Sei enpresotako terminologiak alderatu egin ditugu; maiztasunak ateratzea deritzogu prozesu horri. Termino berbera, gutxienez, bi enpresatan agertzen bazen, hiztegian jasotzeko modukoa zela iruditu zitzaigun. Horrez gain, enpresei aukera eman diegu bakoitzak erabiltzen duen terminologiatik 250 kontzeptu aukeratzeko. Arloei dagokienez, eremu zuhaitza osatu behar genuen, arloka sailkatzeko. ACICAE klusterrak proiektuak eta teknologiak sailkatzeko daukan metodologian oinarritu dugu eremu zuhaitz hori. Ostean, moldatu egin dugu enpresa horien beharrizanetara.

Hiztegia Interneten dago.

Bai, sarean soilik dago; ez dago papereko ediziorik.

Hasieratik izan duzue argi sarean jartzea beharrezkoa zela?

Bai, hasiera-hasieratik. Iruditu zitzaigun edonork edozein lekutatik kontsultatzeko baliabide bat izan behar zuela. Eta librea; horri garrantzi handia eman diogu. Sei enpresa horiek aukera zuten hiztegia euren intranetean jartzeko eta informazioa beraien bezero eta hornitzaileekin bakarrik banatzeko. Ikuspegi orokorragoa izan zuten, ordea, eta gizartearen esku jartzea erabaki zuten.

Bertoko zein kanpoko enpresentzat izango da erabilgarria?

Bai, noski. Baita erabiltzaile arrunt batentzat ere. Automobilgintzari buruzko edozein termino kontsulta dezake tailerretako mekanikari batek, itzultzaile batek zein beste edonork.

Kontzeptuak euskaraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez, alemanez eta txineraz jaso dituzue. Zergatik aukeratu dituzue sei hizkuntza horiek?

Automobilgintza sektorea sei hizkuntza horietan aritzen delako. Merkatu horretan sei hizkuntza horiek erabiltzen dira. Enpresek beraiek ere behar hori ikusten zuten, eta hala eskatu digute.

Zaila izan al da hiztegia osatzeko prozesua?

Elhuyarrek bazituen hiztegi teknologikoak eginda honen aurretik. Guretzako berriena eta korapilatsuena, agian, izan da sei enpresagaz batera lan egitea: sei enpresotako dokumentazioa jaso, sei enpresak koordinatu...

Txinera eta alemana hizkuntzak, gainera, orain artean ez ziren ohikoak gure lanean. Beraz, lan handiagoa eskatu digu bi hizkuntza horiek gure datu basean integratzeak. Erronka ere izan da guretzat.

Pozik emaitzagaz, beraz?

Oso pozik. Guretzako pauso handia da era horretako hiztegi bat osatzea, oso teknikoa. Automobilgintza ondo doan sektorea da, eta nazioartean ondo kokatuta dago. Elhuyarrek sei hizkuntzatan argitaratu den hiztegi batean parte hartzea garrantzitsua da.

Apurka kontzeptu berriak ere jaso beharko dituzue.

Hori da. Hemen 2.637 kontzeptu sartu ditugu, baina gehiago geratzen zaizkigu. Aldiro gehiago sartuko ditugu.

Enpresetan zer-nolako garrantzia du terminologiak?

Garrantzitsua da zientzia terminologiak enpresetan sartzea. Argitu behar da terminologiak ez direla bakarrik hizkuntzalarientzat, itzultzaileentzat... Agerian geratu da enpresetan ere baliagarriak direla. Are gehiago, enpresek eurek ikusi dute behar hori. Hiztegi honek beraien eguneroko lana erraztuko du.

Zuei ere beste bide bat zabaltzen zaizue era honetan.

Bai. Guk aspaldi ikusten genuen bide hau, eta gure diskurtsoetan esaten dugu terminologia oso garrantzitsua dela: bezero zein hornitzaile bategaz aritzeko eta elkar ulertzeko, salerosketa prozesuak gauzatzeko edo lanean jarduteko hizkuntzen kudeaketa on bat izatea oso garrantzitsua da. Terminoak bateratzea oso baliagarria da horretarako, komunikazioa eraginkorragoa izateko.

Hizkuntzak, osasunerako mesedegarri

Programak helburu bi izango ditu: euskaldunak ugaritzea eta ikerketa zientifikoa laguntzea. Txorierriko Udalen Mankomunitateak eta Donostiako BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroak hitzarmena sinatu dute, eskualdean Garuna proiektua garatzeko. 60 urtetik gorako erdaldun elebakarrei euskara irakatsiko diete, eta, horren bitartez, ikertuko dute elebidun izateak gaixotasun neurodegeneratiboei aurre egiteko benetan babesa sortzen duen edo ez.

Orain arteko azterlan batzuen arabera, hizkuntza bat baino gehiago jakiteak halako eritasunak saihesten laguntzen du. "Besteak beste, Alzheimerraren aurka lagungarri dela diote zenbait ikerlarik. Gainera, arreta fokalizatzen eta distrazioak alde batera uzten ere laguntzen du. Eta, horrekin batera, hainbat gaitasun kognitibo hobetu egiten dira", azaldu du Jon Andoni Duñabeitia Garuna proiektuko ikerlari nagusiak. "Bi hizkuntzak luzaroan erabiltzearen ondorioz, arlo kognitiboan sor daitezke ezberdintasunak, eta zahartzaroan ager daitezke nabarmenago". Sinetsita daude elebidunen kasuan gaixotasun kognitiboen lehen sintomak elebakarretan baino beranduago agertzen direla. Batez beste, aurretik nazioartean egin diren ikerketek ondorioztatu dute ezberdintasun hori lau eta bost urte artekoa izan daitekeela. Uste dute bi hizkuntza erabiltzeak arretan dakarren ahalegin handiaren ondorioa dela atzerapen hori. Hala, hizkuntza gehiago jakiteak atzerapen handiagoa esan nahiko luke.

Hori hala dela egiaztatzeko, BCBLko ikerlariek banakako jarraipena egingo diete parte hartzaileei. Bakoitzaren garunen osasun egoera orokorra eta hobekuntza progresiboa baloratuko dituzte. Duñabeitiagaz batera, zientzialari taldea gidatzen ibiliko dira, besteak beste, Manuel Carreiras BCBLko zuzendaria eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Itziar Laka.

Urrian ekingo diote, euskara ikasleen ikasturte berria hasten denean. Parte hartu gura duten adinekoek Txorierriko Mankomunitatearen egoitzara edo kide diren sei herrietako —Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio— udaletxeetara jo dezakete informazioa eskuratu eta izena ematera.

Biztanleriaren laurdena

"Hirugarren adinean bigarren hizkuntza ikasteak ondorio zuzena izango du euren komunikatzeko gaitasunean, erreserba kognitibo handiagoa emango dielako". Ikastaroak urte osoa iraungo du, eta doakoa izango da. Euskara eskolak Eusko Jaurlaritzak Derion daukan Helduen Hezkuntzako Ikastetxean jasoko dituzte. Irakasleak komunikazioan eta ikaskuntza naturalistan adituak izango dira, baita adinekoen heziketan espezializatuak ere.

Lander Aiarza Txorierriko Mankomunitateko presidentearen esanetan, bestelako onurak ere ekarriko dizkie programak adinekoei. Adibidez, azaldu du ikastaroetara joateak bizitza sozial aktiboagoa izaten lagunduko diela. "Luzaroan iraun dezaketen hartu-eman eta loturak sor daitezke parte hartzaileen artean. Eta etxetik ateratzeko beste aitzakia bat ere izan daiteke".

Adinekoentzat izateak animatu zituen mankomunitateko kideak programan parte hartzera. "Biztanleria sektore hori zaintzea gustatzen zaigu bereziki. Hain zuzen, herritarren laurdenak dira".

Bizkaia-Durango Italiako Giroan dabil asteon

ERROMA. Joan den barikuan hasi zen Italiako andreen Giroa. Bizkaia-Durango taldea da lehian dabilenetako bat. Etzi bitartean, Italiako errepideetan ibiliko dira. Talde lehiakorra eroan dutela iragarri dute arduradunek. Anna Ramirez izango dute burua, ...

24.500

BILBOKO KALEALDIAK ERAKARRITAKO IKUSLE KOPURUABilboko XV. Kalealdiak 24.500 ikusle erakarri ditu aurten, iaz baino %10 gehiago. Udalak nabarmendu du ikuskizunak kalitate handikoak izan direla. Hortzmugak, adibidez, ikuskizun bat estreinatu du. Arriaga...